Bajo la presidencia de Pedro Miguel Etxenike, al frente de una destacada nómina de personalidades de la investigación y de la creación, Jakiunde nace para contribuir al progreso y la vertebración cultural y científica de las comunidades vascas
Gipuzkoako Foru Diputazioak Jakiunde, Zientzia, Arte eta Letren Akademiaren eratze ekitaldia hartu zuen Donostian, urriaren 25ean. Ez zen ustekabekoa horren hotsandiko ekitaldirako hautaturiko tokia. Eta hartaz ohartarazi zuen bere hitzaldian Imanol Olaizola Ohorezko Bazkideak: "Eusko Ikaskuntzaren oroimenean oihartzun historikoak gorde dituen Foru Jauregi honetan bildu gara. Hemen eratu zen elkartea 1918ko azaroaren 22an, eta orobat hemen, 1976ko martxoaren 29an, hartu egin zuen Gipuzkoako Diputazioak elkartea lehengoratzea bultzatzeko erabakia, 40 urteko letargia behartuaren ondoren. Orduan ere, gaur bezalaxe, harrera eskuzabala eskaini zigun, eta (...) etxe honetan bildu zen Elkarte zientifiko hau biziberritzeari ekin zion behin-behineko Batzordea".

Oraingo zeremonia honetan, Juan Jose Ibarretxe Lehendakaria buru, eta Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusiak eta Xabier Retegi Eusko Ikaskuntzako Lehendakariak parte hartu zutelarik, Jakiundek bere eraketa ekitaldia egin zuen domina egiaztagarriak ipiniz bere Lehendakari Pedro Miguel Etxenike fisikariari eta kide diren 26 pertsonei, ereduzkotzat hartzen direnak zientzia, arte eta letren alorretan.
Herrialdearen zerbitzura
Jakiundeko lehen Lehendakariak nabarmendu zuenez, gisa honetako erakunde batek "bide erakusletzat balio izateko gai, zorroztasunez eta ezagupenez gizartearentzat onuragarri" izan behar du, "erreferentzia segururik gabeko ingurune konplexu batean, bere ekinez eta aholkuez bide egokiak aurkitzen lagungarri" izateaz gainera. Akademia berriak "zentzurik izango badu, guztiz herrialdearen zerbitzura egon beharko du" adierazi ondoren, Jakiundek "zientzia eta arte komunitatearen eta gizarte orokorraren erronka handi eta berriei buruz (kultura, hezkuntza, ikerketa alorrean" gogoeta egingo duela esan zuen, "ezagutzaren maila goreneko informazioa bermatuz".
Era berean, "erabaki egokienak hartzea" laguntze aldera, erakunde publikoek eta interesaturiko entitate pribatuek planteaturiko proposamen eta egitasmoen kalitatea zaindu eta aholku emateko eginkizuna duen erakundea defendatu zuen. "Bikaintasun zentrifugagailu gisa ikusten dut nik Jakiunde, hala gauzak egiteko eran nola jakintzaren alor guztietan gertatzen diren aurrerabideen berri gizarteari helaraztean, gizartea hobetu informatua eta, beraz, askeagoa izan dadin lagunduz", adierazi zuen Etxenikek.
Kontsultako erreferentzia
Xabier Retegik, bere aldetik, Lazarillo de Tormes-en sortzailearen esaldi bat erabili zuen -"Criado te he, e con buen amo te he puesto. Válete por ti" (Sortu haut, eta nagusi ona eman diat. Heurez balia hadi)- Jakiundek bizitza autonomoa hartu beharko duela adierazteko, baina Eusko Ikaskuntzaren etengabeko laguntza izango du beti ere.
Juan Jose Ibarretxe Lehendakariak itxi zuen ekitaldia, zientzia, teknologia eta berrikuntza etorkizunerako funtsezko ardatza direla azpimarratuz. "Soilki kultura, zientzia, teknologia, berrikuntza euskarri dituen proiektuak bermatzen digu nortasuna politikaren aldetik, eta garapen gizatiarra eta iraunkorra ekonomiaren aldetik", nabarmendu zuen euskal lehendakariak. Ibarretxek akademiakideengana zuzendu zen esa-teko gaurdanik badirela "erreferentzia bat euskal herriarentzat" eta "kontsultako" erreferentzia euskal erakundeentzat.
