Jasone Salaberria eta Jean-Mixel Larrasquet omenduak Baionan

Berri korporatiboak

2024/09/22

Jasone Salaberria eta Jean-Mixel Larrasquet omenduak Baionan

Mintzalasai festibaleko ostiralean omendu dira Jasone Salaberria eta Jean-Mixel Larrasquet, euren izena duen plazabaratzean Baionan.

60 pertsona baino gehiago bildu dira irailaren 20 ean Jasone Salaberria eta Jean-Mixel Larrasqueten oroitzapenez. Familia, lagunak, eta lankideak bilduz.

Jasone Salaberria Fuldain Baiona, euskal linguista eta irakaslea izan zen. Euskara irakasle izan zen Seaskan eta urte anitzetan IKER Euskara eta euskal testuen ikerketa-zentroko ikerketa-proiektuetan partaide. Baionan zendu zen 2021eko apirilaren 8an.

Jean-Mixel Larrasquet Baionako Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko irakaslea izan zen, baita Eusko Ikaskuntzako Ipar Euskal Herriko lehendakaria ere 2012tik 2018 arte. Baionan, zendu zen 2018ko martxoaren 19an.

Omenaldia Laka bertsolariarekin hasi da bertsoz bi ikerlarien ibilbidea eta haien heriotzak sortutako hutsa aipatuz. Ondotik Oihana Beteluk (Iparraldeko dantzarien biltzarreko lehendakaria, Begiraleak taldeko dantzaria) agurra dantza eman du. Jean-Claude Larrasquetek (Jean-Mixelen anaia) ondoren hitzartze labur bat egin du plazaren egitasmoa aipatuz, omentzeko gogoa azpimarratuz eta egitasmo horretan parte hartu dituztenak eskertuz. Txintxilak abesbatzak segida hartu du Xiberoko bi kantu emanez eta Manex Pagolaren kantu batekin bukatuz. Estiako (École supérieure des technologies industrielles avancées) lankideek, Iban Lizarralde ordezkari gisa zonbait bertso eman dituzte Jean-Mixelekin lan egitearen oroitzapena aipatuz. Omenaldia bukatzeko Argitxu Camus Etxecoparrek birmoldatutako Zazpi Euskal herriak batera kantatu dugu ekitaldia kantuz itxiz.

Plazaren estreinaldia berantago antolatuko du Baionako herriko etxeak.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp