Eusko Ikaskuntzak atsekabea adierazi nahi du José Antonio Arana Martijaren (1931-2011) heriotzagatik. Arana Martixa gaur hil da, 80 urte zituela.
Eusko Ikaskuntzako bazkide 1978an berrezarri ondorengo lehen momentutik (266. zenbakia zuen), José Antonio Arana Martixa Musika Saileko lehendakari izan zen 1987 eta 1990 urteen artean.2008ko ekainean, Bilbon, erakundeak merezitako omenaldi publikoa egin zion, eta bere ibilbide eta lanari eskainitako Musiker. Cuadernos de Música alea argitaratu zuen.
Pasa den abenduan, Eusko Ikaskuntzako Batzar Iraunkorrak Manuel Lekuona Saria 2010 eman zion José Antonio Arana Martijari XX. mendeko bigarren erdialdeko euskal musikaren ikerketa eta zabalkundean irudi aktiboenetako bat izan delako.
Hori dela eta, Pruden Gartziak eta Josune Olabarriak idatzitako bio-bibliografia editatu da, lan honen aurkezpena Manuel Lekuona Saria 2010 emateko ekitaldiarekin zen egitekoa udaberrian.
Eusko Ikaskuntzak estimu eta miresmenez agurtu du konprometitutako bazkide, animatzaile eta kolaboratzaile nekaezina, euskal kulturaren aldeko zehaztasun, lan eta konpromisoaren adibide.
Euskonewseko elkarrizketa