Juan Mari Beltran Argiñena, 2024ko Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria

Sariak

2024/11/05

Juan Mari Beltran Argiñena, 2024ko Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria

Golardoak Soinuenea-Herri Musikaren Txokoaren sortzailearen lana goraipatzen du, musika ondare tradizionala berreskuratu, babestu eta transmititzeagatik.

Eusko Ikaskuntzak ezagutzara eman berri du 2024ko Manuel Lekuona Saria: Juan Mari Beltran Argiñena (Donostia, 1947) musika interpretatzaile, ikertzaile, sustatzaile eta irakaslea.

Saria 1983an sortu zen, euskal kulturaren alde lan egindako pertsonak goratzeko eta Beltranen kasuan, epaimahaiak adierazi duenez, “Bere lana dibulgazio multidimentsionala izan da, txikitik unibertsalera joan da. Izan ere, instrumentu-familia desberdinak Europako ingurune kulturalean barneratzen eta kokatzen laguntzen du”. Gainera, “ondareari abanguardiako itxura ematen asmatu du eta, prestigio gabeko musika-tresnei merezi duten errekonozimendua eman die”.

Haurra zelarik, Juan Mari Beltranek Etxarri Aranatzen hasi zuen bere musika ibilbidea klarinete eta txistulari gisa, eta 16 urterekin Argia — Donostiako Euskal Dantzari Taldean sartu zen. Irakasle gisa, Hernaniko Musika Eskolan eman zituen lehen urratsak alboka, dultzaina, txalaparta, txanbela eta txistua irakasten.

1960ko hamarkadan, musika herrikoiari buruzko materialak biltzen hasi zen, formatu eta modalitate guztietan. Bilduma partikular hori Soinuenea-Herri Musika Txokoaren ernamuina izan zen, 2002. urtean Oiartzunen ateak ireki zituen folklore tradizionalaren inguruko dokumentazio, sustapen eta topaketarako zentroarena. Euskal Herrian bakarra da museoa eta jarduera gune garrantzitsu ere bada, bertan instrumentuak, partiturak, diskoak, ikus-entzunezkoak eta grabazioak biltzen dira, etnomusikologian espezializatutako liburutegi batekin batera. Soinuenea kultur transmisioaren esparruan egindako lan sendo eta iraunkorrenetako bat da.

Duela mende erdi baino gehiagotik, Juan Mari Beltranek musika-ondarea berreskuratzen, zaintzen eta transmititzen lan egiten du, bai alderdi materialean, bai ez-materialean. Batetik, desagertzeko bidean zeuden musika tresna tradizionalak berreskuratu, eguneratu eta belaunaldi berriei ezagutzera ematea ahalbidetu du. Bestetik, euskal herri errepertorioko konposizioak berreskuratu eta zabaldu ditu, bertako testuinguruen eta kultur erabileren azterketarekin batera.

Ikerketari dagokionez, 2024ko Manuel Lekuona Sariak herri-musikari eta folkloreari buruzko azterlan ugari garatu ditu Euskal Herrian eta nazioartean, eta, horrela, musika-tresnen familiak Europako kultura-ingurunean integratzen eta globalki ulertzen lagundu du. Horrekin batera, musika tradizionalaren eta garaikidearen arteko zubiak eraikitzen inplikatu da. Zeregin hori guztia dozenaka argitalpen bibliografiko zein diskografikotan gauzatu da, baita Euskal Herri osoan bakarka edo taldeekin egindako musika emanaldietan ere.

Manuel Lekuona Sariaren 2024ko erabakia

2014az geroztik, Lekuona Saria ebazteko, Euskal Komunitate Globalaren iritzia eskatzen da bozketa ireki bidez eta bazkideena ere biltzen da. Ondoren, epaimahai instituzional batek balioztatzen du emaitza. Aurten, epaimahai hori, Eusko Ikaskuntzaz gain, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, Eresbil-Musikaren Euskal Artxiboa, Barandiaran Fundazioa, Euskal Kultur Erakundea, UN Etxea, Etxepare Euskal Institutua eta Euskarabidea erakundeetako ordezkariek osatu dute. Hau da, bere izaerari fidel, lurraldetasuna zaintzen du Eusko Ikaskuntzak, ez bakarrik botoen eskaera bazkideei eta Euskal Komunitate Globalari eginez, baizik eta epaimahaian Euskal Herriko lurralde guztietako ordezkari adituak deituta ere. 

Remigio Mendiburuk sortutako brontzezko eskultura, Manuel Lekuona saria irudikatzen duenak, ekitaldi publiko batean emango zaio, 2025ean, ziurrenik udaberrian.

Juan Mari Beltran Argiñena, 2024ko Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp