Martxoaren 16an hil zen Maïté Lafourcade historialaria, Euskal Zuzenbidearen ikerlari garrantzitsua eta Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Saria jaso zuen lehen emakumea.
Zuzenbidean lizentziatua, 1978an Zuzenbidearen Historian doktoretza lortu zuen Bordeleko Unibertsitatean, Luis XVI.aren erregealdian Lapurdiko ezkontza kontratuen alderdi juridiko eta soziologikoei buruzko tesi batekin.
Urte askoan Euskal Zuzenbidea irakatsi zuen, eta horren aitzindari izan zen Baiona-Angelu-Miarritzeko Diziplina Anitzeko Fakultatean, non 1992an Euskal Ikasketen Ikerketa Zentroa sortu eta zuzendu zuen.
Maïté Lafourcadek modu eraginkorrean lagundu zuen Eusko Ikaskuntza eratzen eta sendotzen Iparraldean, bertako lehendakariorde izan zelarik. 2006an Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Saria jaso zuen, sari hori lortu zuen lehen emakumea izanik, eta hamar urte geroago Eusko Ikaskuntza-Baiona Hiria Saria. Gainera, RIEV aldizkariko Erredakzio Kontseiluko kidea izan zen 2002etik 2012ra arte, eta Batzorde Zientifikoko partaide 2013-2025 bitartean.
