MARIA BAYO JIMENEZ Fiteron (Nafarroa) jaio zen, 1958ko maiatzaren 28an. Iruñeako Pablo Sarasate Kontserbatorioan egin zituen musika ikasketak, eta Detmoldeko (Alemania) Hochschule für Musik Westfalen Lippe delakoan jarraitu zuen bere ikasketekin. Lieder, oratorio, eta opera interprete gisa, Europa, Amerika, eta Japonen abestu du.
Nazioarteko eszenatoki garrantzitsuenek gonbidatzen dute: Milango Sacala, Berlineko Staatsoper, Bruselako La Monnaie, Londreseko Covent Garden, New Yorkeko Metropolitan, Salzburgeko Jaialdiak, Bastilleko Opera, Pariseko Palais Garnier, Viena, Lyon, Ginebra, Marsella, Montpellier, Montecarlo, Lisboa, Bologna, Erroma, eta Florentziako Opera, Bartzelonako Liceu, Madrileko Zarzuela, eta Teatro Real, Sevilla, Bilbo, Tel-Aviv, San Francisco, Los Angeles, Houston, eta abarretan zenbait konposatzaileren operak interpretatu eta munduko zuzendari handienekin lan egin du.
Kritika espezializatuak, lehenengo momentutik, bere karisma distiratsua, bere tinbrearen argitasuna, ahoskera perfektua, eta hartzen dituen opera pertsonaiak psikologia eta bokalitate zorroztasunez jokatzeko trebetasuna azpimarratu ditu.

Gainera, arreta berezia eskaini dio lieder eta oratoria errepertorioari, bai errezitaldi, bai munduko areto garrantzitsuenetako kontzertuetan ere. Bere diskografiak 35 grabazio baino gehiago biltzen ditu.
Nabarmentzekoa da baita, musika ondarea berreskuratzeko egindako lana, XVIII. mendeko zarzuela barroko eta klasikoetatik XIX eta XX. mendeetako "género chico" deitutakoetara bitarte. Kontzertuetarako abestien zabalkundean ere lan egin du eta lan horren baitan, Arambarri, Guridi, Canteloube, eta abarren abestiak grabatu eta eskaini ditu.
Hirugarren Munduan emakumeek bizi duten egoeraren inguruko sentsibilizazio kanpainetan ere parte hartu du, konkretuki, UNICEFek Indian egindakoan.
Aurrez, Nafarroako Principe de Viana Saria jaso zuen.
Maria Bayo Zientzia, Arte eta Letretako Jakiunde Akademiako kide da.
Informazio gehiago: www.mariabayo.net.
