Mancisidorrek Giza Eskubideak sustatzen egindako lanagatik jaso du aitorpena, Otxoa de Alaizak eta Gurrutxagak berriz Xabier Leteren inguruko proiektu batengatik eskuratu dute Gazte Saria.
Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa 2020 saria eman zitzaion azaroaren 4ean Bilboko Azkuna Zentroan Mikel Mancisidor de la Fuente Nazioarteko Harremanetan doktore eta Giza Eskubideen sustatzaile aktiboari (Bilbo, 1970). Aldi berean, Alexander Gurrutxagak eta Joana Otxoa de Alaizak Gazte Saria jaso zuten "Txori Kantazale. Xabier Lete Berrezagutzen".
Ekitaldia hertsiki mugatua eta ikus-entzunezko bitartekoen bidez zabaldua izan zen, eta honako hauek hartu zuten hitza: Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk, Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkizak eta LABORAL Kutxako lehendakari Txomin Garciak.
Ana Urkizak gogorarazi zuen aurten Nazio Batuen Erakundearen sorreraren 75. urteurrena ospatzen dela, eta horrek sari emate honi "oinarri esanguratsu eta interesgarria" eta "are zentzu osoagoa" ematen diola. Mikel Mancisidor "mundu mailako Giza Eskubideen aurrerabiderako erreferentziazko figura" gisa definitu ondoren, Eusko Ikaskuntzako lehendakariak eremu instituzional eta akademikoetatik kanpo aktibista gisa duen alderdia nabarmendu zuen, Eusko Ikaskuntzaren beraren adierazpide den gizarte zibilaren inguruan.
Bestalde, Txomin Garciak Mikel Mancisidorren ibilbidearen garrantzia azpimarratu zuen, "egindako eskubideen defentsaren bidez benetako giza aurrerabidea lortzeko". Eta bere miresmena adierazi zuen "René Cassinen ondoren Giza Eskubideen nazioarteko zuzenbidearen garapenean eraginik handiena izan duen euskal herritartzat" hartu izan denarekiko. Era berean, LABORAL Kutxako presidenteak eta Eusko Ikaskuntzako bere homologoak positibotzat jo zuten Gazte Sariaren proiektu irabazlea, "egungo formatuak erabiliz euskal ondare musikala eta poetikoa belaunaldi berrien artean zabaltzeko modu berriak planteatzen asmatzen duelako", Ana Urkizak laburbildu zuenez.
Ekitaldia Iñigo Urkullu Lekendakariak itxi zuen nabarmenduz Mikel Mancisidorrek mundu akademikoari, ekimen sozialari eta nazioarteko esparru politiko-instituzionalari egindako ekarpena, baita ekarpen horiek giza eskubideen defentsan eta babesean izan duten isla praktikoa. Gazte Sariaren inguruan, Alexander eta Joanak egindako lan sakona azpimarratu zuen “bere artxiboa aztertzen eta bere ekarpena gaurkotzen, ikertu eta sortu egin duzue, belaunaldi berriei Xabier Lete ezagutzeko aukera berri bat eskainiz”.