Montxo Armendariz zinemagile nafarrak Manuel Lekuona saria jaso du. Eusko Ikaskuntzak euskal kulturan eragina izan duten pertsona esanguratsuen lana saritzen du 1983tik eta kasu honetan Montxo Armendarizen obra guztia saritu nahi izan du. Armendariz Olletan jaio zen 1949an. Iruñea eta Bartzelonan elektronika ikasi zuen, izan ere, alor honetan irakasle lanak egin ditu. Zinemagintzan egindako lehen laburmetraiak, Berregarriaren dantza, Bilboko Dokumental eta Laburmetraien Nazioarteko Zinemaldiko bi sari jaso zituen 1979an, baita Kultura Ministerioko "Kalitate Berezia" saria ere. 1984an, Montxo Armendarizek bere lehen luzemetraia egin zuen, Elias Querejeta gipuzkoarraren produkzioarekin. 1986an, Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko Zilarrezko Maskorra lortu zuen 27 horas filmarekin, eta lau urte beranduago Urrezkoa Las cartas de Alou lanarekin. Azken lan horrek Gidoirik Onenari Goya saria ere lortu zuen.
Gazteen nihilismoari buruzko gupidarik gabeko Historias del Kronen (1995) lanari esker, inoiz baino diru gehiago biltzeaz gain, kritika eta lankideen oniritzia jaso zuen, izan ere, azken horiek bere bigarren Goya saria eman zioten, oraingoan gidoilari onenari. Secretos del corazón filmak Berlineko Zinemaldiko Europako filmik onenari saria jaso zuen 1997an eta Oscar saritan parte hartu zuen, Atzerriko Filmik Onena sailean. 2001ean, maki espainiarrean girotutako istorio bat pantailara eraman zuen: Silencio Roto. Escenario móvil dokumentala egin ondoren, Bernardo Atxagaren Obaba lana egokitu eta New York-eko Ikuskizuneko Zinemagintzako Kronikagileen Elkarteak eskaintzen duen Urteko Filmik Onena saria jaso zuen (2005). 1998an, Montxo Armendarizek Vianako Printzearen Kulturako Saria eta Zinemagintzako Sari Nazionala jaso zituen.
