Mugako espazioek Europako bizikidetzan eta garapenean duten balioa berretsi dute

Hitzaldiak eta Jardunaldiak

2021/09/24

Mugako espazioek Europako bizikidetzan eta garapenean duten balioa berretsi dute

Eusko Ikaskuntzak eta Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluak gizarte zibila mobilizatzeko proiektu bateratu bat bultzatzeko asmoa iragarri dute, mugaz gaindiko estrategia eta dinamika berrien garapena errazteko.

Ostiral honetan, Nafarroako Parlamentuaren atarian, Iruñean, gaur egungo errealitateei eta mugaz gaindiko lurraldeen etorkizuneko erronkei buruzko hausnarketa-, azterketa- eta esperientzia-trukerako jardunaldia egin da. “Mugako espazioak: Europako aukera-lurraldeak eta bizikidetza” izenburupean, Eusko Ikaskuntzak eta Nafarroako Parlamentuak antolatutako jardunaldiak EBko mugako espazioen ekonomia-, gizarte- eta lurralde-kohesio handiagoa lortzen lagundu nahi izan du, baita eskualdeen arteko lankidetza sustatu ere erronka globalen aurrean.

Foroan parte hartu dute erakundeen, akademiaren eta hainbat euroeskualderen kudeaketaren arloko adituk eta Europako Batzordeak berak, Euskal Herriko lurraldeetako administrazio publikoekin batera.

Inaugurazioa honako hauek egin dute: Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko Hiritarrekiko Harremanetarako sailburua; Mathieu Bergé, Akitania Berriko eskualde-kontseilaria; Marian Elorza, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia; Unai Hualde, Nafarroako Parlamentuko presidentea; eta Ana Urkiza, Eusko Ikaskuntzako lehendakaria.

Urkizak  XXI. mendeko Europako mugaz gaindiko lurraldeen potentzial handia nabarmendu du bere hitzaldian. “Europa gero eta hurbilago, gizatiarrago eta eraginkorrago bat nahi badugu, funtsezkoa da lurralde transnazionalen garapen orekatua eta bizitasuna babestea”, esan du Eusko Ikaskuntzako lehendakariak, eta EBren “erakunde-egituraren barruko euroreskualdeei bultzada berria ematearen” alde egin du. Bestalde, Hualdek Nafarroak autogobernua garatu eta zabaltzearen garrantzia azpimarratu nahi izan du, baita mugakide diren gobernuekin sinergiak bilatzearen garrantzia ere, “besteak beste, Errioxarekin eta Aragoirekin eta, noski, Euskadirekin eta Akitaniarekin, haiekin lotura asko ditugulako: gure hizkuntza, euskara, gure kultura", gaineratu du Nafarroako Parlamentuko presidenteak.

Lanak bost ataletan banatu dira. Lehenengoak, “Mugaz gaindiko lurraldeetarako Europako politika eta estrategiak” izenekoak, Europako Batzordeko, Pirinioetako Lan Komunitateko eta Arku Atlantikoko Batzordeko profesionalen ikuspuntua izan du. Profesional horiek EBko mugaz gaindiko lurraldeen etorkizuna eta sistemak bere herritarren desafioei erantzuteko nola egokitu behar diren aztertu dute. Interreg programaren lanen balantzea ere egin dute. Nazioan eta eskualdean mugaz gaindiko lankidetzara bideratuta dago, eta 2020an 30 urte bete zituen. Azkenik, Europako makroeskualdeen estrategiak aztertu dituzte.

Mugako espazioak

Bigarren atalak, “Euroeskualdeen zeregina”, Akitania Berria – Euskadi – Nafarroa Euroeskualdearen eta Maas-Rhein Euroeskualdearen ordezkariak bildu ditu. Horiez gain, hirugarren atalean, “Mugaz gaindiko lankidetzarako esperientziak eta tresnak”, PAMINA Eurobarrutiko eta Europako Mugaz Gaindiko Eskualdeen Elkarteko profesionalak daude, eta Europan mugaz gaindiko lankidetzarako tresna nagusiak eta lurralde horiek sortzen ari diren aukerak aztertu dituzte.

Laugarren atalak, “Mugaz gaindiko lankidetzarako eskualde- eta lurralde- politikak” izenekoak, Nafarroako Gobernuaren mugaz gaindiko lankidetzarako estrategiak ezagutzeko aukera eman du. Ondoren, mahai-inguru batean, erakundeetako ordezkariek mugaz gaindiko gobernantza eta bizikidetza aztertu dituzte. Nafarroako Gobernuko, Eusko Jaurlaritzako, Akitania Berriko Eskualde Kontseiluko, Pirinio Atlantikoetako Departamentuko, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Euskal Hirigune Elkargoko ordezkariek adierazi dute beharrezkoa dela mugaz gaindiko lurralde publikoen berezitasunei eta beharrei erantzutea.

“Eusko Ikaskuntza eta Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseilua eztabaidarako eta mugaz gaindiko elkarbizitzarako tresna gisa” gaiari eskainitako azken blokean, bi erakundeek proiektu bateratu bat sustatzeko asmoa agertu dute, mugaz gaindiko gainerako eragileei irekia, mugaz haraindiko harremanetan sakondu ahal izateko.

Gaurko jardunaldia Eusko Ikaskuntzak 1918an sortu zenetik abian jarritako komunitateen arteko elkarrizketaren eta lankidetzaren alde sustatzen dituen zereginetan oinarritzen da. Jarduerak ikuspegi pluralarekin eta parte-hartze irekiarekin antolatzen dira, eragileen arteko lankidetza eta elkarlaneko gobernantza sustatuz.

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp