Sarean da Barandiaran Bildumaren 23. zenbakia

Berri korporatiboak

2023/12/13

Sarean da Barandiaran Bildumaren 23. zenbakia

Arkeologia arloko 2022ko Barandiaran Beka eskuratu zuen Iñaki Intxaurberen ikerlanaren emaitza da.

Arkeologia arloko 2022ko Barandiaran Beka eskuratu zuen Iñaki Intxaurbe bizkaitarrak eta 'Ilunpeetako sekretuak argiztatzen' izenburua duen ikerlanaren emaitza da Barandiaran Bildumaren 23. zenbakia. Santimamiñe, Altxerri eta Etxeberriko kobazulo apainduen ikerketa arkeologiko espaziala eta zabalkuntza egitea izan da helburua, 3D erreplika birtualen bidez.

Euskal Herriko Unibertsitateko Geologiako departamentuko doktoratu aurreko ikerlari Iñaki Intxaurbe Alberdik jaso zuen Jose Miguel de Barandiaran Fundazioaren ikerketa beka 2022an. Urte horretan zehar Diego Garate, Martin Arriolabengoa, Olivia Rivero eta Maria Angeles Medina doktoreak laguntzaile izan zituen eta lan horren fruitua da Barandiaran Bildumaren 23. zenbakian jasotzen dena; hain zuzen ere epaimahaiak bikaintasunez baloratutako lana.

"Proiektu honen helburua, on Jose Migel Barandiaranek duela mende erdi baino gehiago aztertu zituen Santimamiñe, Altxerri eta Etxeberriko kobazuloak ikertzea izan da. Madeleine aldiko (duela 13.500 eta 16.920 urte artean) labar artea gordetzen duten hiru kobazulo euskaldun hauek, beraien sektore apaindu batzuetara iristeko duten zailtasunengatik bereizten dira”.

Besteen artean, Etxeberriko karbiaren 3D eredua egin da (irisgarritasun arazoak tarteko). Santimamiñe (Bizkaia) eta Altxerri (Gipuzkoa) ere ikertu dira, aurretik zeuden 3D modeloak erabiliz eta azterketa geomorfologikoez eta dokumentu historikoen kontsultaz baliatuz, Paleolito garaian zuten itxura birtualki berreraikitzeko eta Informazio Geografikoko Sistemak erabiliz ikertu ahal izateko. Horri esker, Paleolito garaiko gizarteen ezagutzan sakondu ahal izan da, eta kobazuloen alde sakonen esplorazioa eta jabetza nola egin zuten ikertu.
 

Digitalki eskuragarri

Jose Miguel de Barandiaran Fundazioaren weborrian eskuratu daiteke Ilunpeetako sekretuak argiztatzen liburua, doan.

Horrez gainera, ikerlariek “emaitza aipagarrien artean, kobazulo hauetan aurkitu dituzten labar irudi berriak aipatu ditzakegu, bereziki zaldi baten grabatua Etxeberrin (Zuberoa) eta emakumeen irudi estilizatuak Altxerrin (Gipuzkoa). Gainera, irudi hauetako batzuk esteka honetan jarri dituzte ikusgai”.

Informazio gehigarria eta liburua.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp