Berri korporatiboak

2007/02/01

Saria andereñoentzat

Urtarrilaren 28an, hamaika andereño beteranok osaturiko talde batek Sabino Arana Saria jaso zuen, izen bereko Fundazioak emanik.

Horren bidez ezagutzen zitzaien "geure kultur nortasuna eta geure hizkuntza, euskara, biziberritzea bezain esparru garrantzitsuan klandestinitate eta jazarpen erregimen hartan frankismoaren aurka" borrokatu izana.

Saria jaso zuten hamaika andereñoek horren sinboloa den urrezko txanpona Eusko Ikaskuntzaren zainpean gordailutzea erabaki zuten, harik eta euskal ikastolaren historia jasoko duen oroitzapenezko Museoa edo Zentroa eraiki arte.

Eusko Ikaskuntzak historian zehar euskarazko irakaskuntza berreskuratzean izan duen esanahia publikoki aitortu nahi izan dute keinu horrekin saritutakoek.

Urtarrilaren 30ean, Sabino Arana Fundazioak emandako Sari hori hartu zuen Javier Reteguik eta opa izan zuen, lehenbailehen, duintasunez, dagokion lekua har dezan. Argazkian, ezkerretik eskuinera: Itziar Arzelus, Nekane Auzmendi, Javier Retegui, Karmele Esnal eta Kontxita Beitia.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp