Sariak eta omenaldiak

Gure bazkideak

2025/06/20

Sariak eta omenaldiak

Idazle bat, musikari bat eta antropologo bat omendu dituzte hil honetan beren ibilbideengatik.

Aurelia Arkotxa omendu zuten ekainaren 7an, Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokaren irekiera ekitaldian; idazle, ikerlari eta euskaltzaina, Eusko Ikaskuntzako bazkidea izateaz gain. Eskerrak emateko hitzaldian, Aureliak adierazi zuen: “Neuk jasotzen dut sari hau, baina eskerrak eman nahi dizkiet euskal komunitate osoari, Argiari, Baltsan elkarteari eta, inurriek bezala, urtez urte isilean lan egiten duten Azoka honen antolatzaile guztiei”.

Ekainaren 21ean Antton Valverde bazkideak Adarra Saria jasoko du, Donostiako Udalak euskal artista edo taldeek musika arloan egindako lana saritzeko urtero ematen duena. Kantu herrikoiak eta bertso tradizionalak berreskuratu eta euskal poeta klasikoen lana ezagutzera eman duen artistari omenaldia egin nahi zaio sari honekin. Meritu horiek bat egiten dute emakumeen poesiarekiko sentiberatasunarekin eta “bere estilo pertsonal, zaindu eta dotorearekin”.

Teresa del Valle ikertzaile eta antropologo feministak hil osteko saria jaso du, Jaizkibel konpainiak urtero berdintasunaren alde nabarmentzen diren herritar eta erakundeei ematen dien Hondarribia Berdintasuna Hiria saria. Horrela, Jaizkibelek eskerrak eman nahi dizkio Euskal Herrian antropologia feminista sartu zuenari, baita EHUko Antropologia Feministako Ikerketa Taldeko kideei ere, 2018ko Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Sariaren ondarea zaindu, zabaldu eta aberasten jarraitzen dutelako.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp