Solasaldiak ikus-entzunezko formatuak Euskal Hezkuntza Sistemaren gaia landu du martxoan.
“Hezkuntza sistema zalantzan jarri behar dugu eta hiritar guztiak inplikatu eztabaidan”. Ondorio nagusi hori lortu dute esperientzia zabala duten Gemma Zabaleta eta Aitor Etxartek.
Lehen zatian, hezkuntzak egungo gizartean jokatu behar duen rolaz aritu dira eta Euskal Hezkuntza Sistema batentzako markoa definitu dute. Elkarrizketaren bigarren partean, Eusko Ikaskuntzak bultzatzen duen “Etorkizuna elkarrekin lantzen” proiektuaren helburu eta lehentasunei buruz hitz egin dute.
Gemma Zabaleta Filologia Hispanikoan lizentziaduna da eta Bigarren Hezkuntzako katedraduna. Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza Pedagogokoko zuzendari izan zen 1988 eta 1990 urteen artean eta Gizarte Gai eta Enplegu sailburu 2009tik 2012ra bitarte.
Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan lizentziatu den Aitor Etxartek hezkuntza berrikuntza alorreko proiektu ugari landu ditu aditu eta formatzaile gisa; Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakari da eta Estatuko Eskola Kontseiluan parte hartu du.