Eusko Ikaskuntzak Belaunaldien arteko Elkartasunari buruzko Mugaz Gaindiko I. Topaketan parte hartu zuen otsailaren 5ean Gasteizen, Transis Lab 2 europar proiektuaren esparruan.
Topaketan, gaiari buruzko ikuspegi orokorra eta erreferentzia-esparruak zehaztu ziren, baita programaren helburu espezifikoak ere. Halaber, esperientzia pilotuen eragina ebaluatzeko eta neurtzeko irizpideak, transferentzia- eta komunikazio-faseak eta esperientzia kapitalizatzeko eredu posiblea eta programan sortutako tresnak aurkeztu ziren. Eusko Ikaskuntzak bere ezagutza eta esperientzia eskaini zituen gizarte dinamizazioan eta mugaz gaindiko lankidetzan, ikaskuntza eta ekintza bateraturako espazioak sortzen laguntzeko.
Transis Lab II. Belaunaldien arteko Elkartasunerako Mugaz Gaindiko Lankidetza belaunaldien arteko zubiak eraiki nahi dira, eta egun dauden distantzia horiek lankidetza, elkarrekiko ikaskuntza, aukera berriak eta komunitate-bizitza bihurtu nahi da. Planteamendua premisa argi batean oinarritzen da: ezin zaie gizarte-erronka konplexuei heldu politika sektorial edo zatikatuetatik; aitzitik, erantzun partekatuak behar dira, adin desberdinetako pertsonen arteko aukera-, baliabide- eta erantzukizun-banaketa bidezkoago batean oinarrituak, bai oraingo belaunaldientzat, bai etorkizunekoentzat.
Proposamena ez da hutsetik abiatu. Transis Lab I: Landa-eremuetarako bizitza-luzeraren gizarte-berrikuntzako mugaz gaindiko Living Lab-en esperientzia eta ikaskuntzak ditu oinarri. Egoera zaurgarrian dauden adinekoei laguntzeko modu berriak aztertu zituen, bereziki landa-inguruneetan. Oinarri sendo horretatik abiatuta, proiektu berriak bere begirada zabaldu eta gazteria erdigunean txertatzen du, belaunaldien arteko elkartasuna gizarte eta lurralde berrikuntzaren ardatz gisa kokatuz.
Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko Saila da proiektuaren buru, eta 14 erakundek osatutako partzuergo bat biltzen du. Administrazio publikoek, unibertsitateek eta gizarte-erakundeek elkarrekin lan egingo dugu, belaunaldien arteko elkartasunaren erronkei irtenbide berritzaileak diseinatzeko, esperimentatzeko eta finkatzeko. 2026ko otsailetik aurrera eta hiru urtez (2026–2028), mugaz gaindiko programa honek lankidetza modu berriak bultzatuko ditu Euskadin, Nafarroan, Pirinio Atlantikoetan eta Pirinio Garaietan. Ekimena Europar Batasunak kofinantzatzen du FEDER funtsen bidez, INTERREG POCTEFA 2021-2027 programaren esparruan. Horrez gain, Transis Lab Belaunaldien arteko Elkartasunerako Mugaz Gaindiko Lankidetza Europar Batasunak eta Eusko Jaurlaritzak Europa sozialago, inklusiboago eta kohesionatuago baten alde hartutako konpromisoaren barruan kokatzen da, berrikuntza teknologikoa izatetik harago, soziala eta gizatiarra ere izateko.
