Berri korporatiboak

2010/06/01

Udalak

Bayoneta, 5. zk.

Maiatzaren 11n, Tolosako Kultur Etxeko Aretoak Bayoneta (5), Napoleonen aurcaco aldizcariaren 5. alearen aurkezpena hartu zuen. Zehazten zerbitzu enpresak argitaratzen du aldizkari hau Tolosako Udalaren eta Eusko Ikaskuntzaren babesaz. Hiri horretako Udal Artxiboak Napoleonen gerrari buruz (1808-1813) gordetzen duen dokumentu ondarea ezagutaraztea da aldizkari honen helburua. Ale berriaren aurkezpen ekitaldi gisa, Jurgi Kintanak "Euskara ezkutatua: Tolosa 1810ean" izenburuko hitzaldia eman zuen. Xabier Alberdi Lonbidek egin zuen sarrera.

Aiton-amonekin blagan

Hondarribiko Udalarekin sinaturiko hitzarmenaren esparruan, Aiton-amonekin blagan izenburuko proiektua gauzatu da azken hilabeteetan. Gipuzkoako herri horretako XX. mendearen lehen erdialdeko bizitzari buruzko lekukotasunak biltzea du helburu proiektu honek. Pío Pérez bazkide eta ikertzailearen zuzendaritzapean, 25 hondarribitar adinduni egindako 30 ordutik gorako elkarrizketen grabazioa bildu du lan honek, bertan haurtzaro eta gaztaroko oroitzapenak gogora ekartzen dituztela. Maiatzaren 27an, proiektuan parte hartu dutenei eskerrak emateko ekitaldi publiko bat egin zen Hondarribian.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp