UNED-Bergara Ikastetxe Elkartuak, euskaraz emango diren doako lau ikastaro eskainiko ditu urrian zehar eta irekita jarraitzen duten gainontzeko formakuntzetan izena emateko epeak.
Doako ikastaroak Eusko Jaurlaritzak babesten ditu, euskaraz dira eta Asmoz Fundazioak kolaboratzen du horien koordinazioan. Ikastaro guztiak online bidez emango dira.
Honakoak dira urrian hasiko diren doako ikastaroak:
- Epaile antolaketa eta epaitegien jarduera: Zuzenbide prozesaleko berezko terminologia euskaraz. Ixusko Ordeñana Gezuraga EHUko Zuzenbide Prozesaleko irakasleak (Katedradun akreditatua) emandako ikastaroa.
- Arkeologia gertu-gertutik: iraganaren ezagutza berritzen duen diziplina batera hurbiltzea. Mertxe Urteaga arkeologoak eta historian doktoreak emandako ikastaroa.
- Euskal eszena kulturala. Euskal dantzaren, antzerkiaren eta inauterien berpizkundeen historia: XIX. mendetik gaur egunera arteko euskal eszenaren berrikuntzak, testuinguru sozial, politiko eta artistikoetan kokatuta. Beñat Urrutia dantzariak emandako ikastaroa.
- Euskal Herriko artzaintza: lurra, ardia, herria. Aritz Ganboa artzain eta gaztagileak emandako ikastaroa.
Prestakuntza horiez gain, zabalik da Xabier Ezeizabarrena irakasleak zuzendu eta EHUk antolatutako Ingurumen Zuzenbideko Online Masterraren XXIX. edizioan izena emateko epea. Horretaz gain, irekita dago UNED-Bergara Ikastetxe Elkartuak antolaturiko Aduana Ordezkaritza online formakuntzaren IX. edizioaren izen-emate epea, baita Liburutegi Laguntzailea online ikastaroaren XXIII. edizioarena ere.
Bukatzeko, UNED-Bergara Ikastetxe Elkartuak formakuntza berri bat eskainiko du, azaroaren 27an hasiko dena: Gatazkak kudeatzeko eta auzibidetik kanpoko metodoei buruzko formakuntza (GEBE). Formakuntza hau Isabel Gil Marrodán, Izaro Briones Aramendi eta Sara Gil Marrodán abokatu eta irakasleek emango dute.
