Azaroaren 19an ospatu zen bileran, urtearen nondik norakoez berba egin zen, jarduera planaren gauzatzearen berri eman zen eta etorkizunera begira ere ipini ziren patronatuko kideak.
COVID-19aren ondorioz bizi diren baldintzek ez zuten aurrez aurreko bilerarik egitea baimendu eta online elkartu ziren Fundazioko patronatuko kideak, 2020ko bilera guztietan bezalaxe. 2020ko ekimen nagusiak zeintzuk izan diren aipatu zen; horri dagokionez, azpimarratu gura izan zen, nahiz eta egoera sozialak bultzatutako atzerapenak izan ekintza askotan, fundazioak bere jardunari heldu diola. Horren adibidea da Eusko Folklore Urtekariaren 54. zenbakiaren ekoizpena eta Barandiaran Beka 2020ak bere bidea jarraitzen duela. 2021eko Barandiaran Beka deialdia hilaren 30ean itxiko dela ere adierazi zen.
Etorkizuneko erronkak ere zeintzuk izango diren aipatu zen, 2021ean Eusko Folklore Urtekariak 100 urte egiten dituela eta efemeridea ospatzeko zer edo zer antolatu nahi dela ere iragarri zuen Ixone Fernandez de Labastida Fundazioko presidenteak.