Eusko Jaurlaritzako Lehendakari txit gorena Gipuzkoako Diputatu Nagusi txit gorena Agintari txit gorenak Jakiundeko kide ohoretsuak Jaun-andreak
Ohore handia da zuei guztioi, Eusko Ikaskuntzaren izenean, ongi etorria ematea Jakiunde (Zientzia, Letra eta Arteen Akademia) eratzeko ekitaldi honetara. Jakiundek gaurko egunez ekingo dio bere ibilbideari, Gizartearen zerbitzura lan emankorra egiteko nahiak eraginda.
1919an, Euskaltzaindia, Euskararen Akademia, sortu zen, Eusko Ikaskuntzaren ekimenez. Eta erakunde horrek jorratutako bideak harrotasunez betetzen gaitu. Orduan bezala, gaurkoan ere proiektu berri bati emango diogu hasiera. Gure proiektua gizartearen beharretara egokitua dago, haiekin bat datorrela. Izan ere, egungo garai historikoak egituren eraldaketa sakonak ditu ezaugarri, zientzia- eta teknologia-aurrerapenen ondorioz. Horrela, Eusko Ikaskuntzak bere bokazio sustatzailea bete du, eta erakunde sortu berriak ibilbide luzea eta joria izatea espero du.

Gaurko ekitaldiarekin, ERAKETA ALDIARI emango diogu hasiera. Jakiunderen hasierako osaera finkatzeko, jatorrizko Arautegitik abiatu gara, baina aurrerantzean, erakundeak autonomia osoz garatu eta mamituko du zeregin hori, azken urratsa eman arte, alegia, erakundea formalki eratu arte, estatutuak eta izaera juridikoa finkatuz. Ildo horretan, erakundeko kide hautatuek zehaztu eta erabakiko dituzte Jakiunderen edukiaren eta jarduteko moduaren nondik norakoak, erakundeak dagokion zeregin handia bete dezan. Eusko Ikaskuntzak, berriz, laguntza eskaini eta sustatu egingo du hasierako eraketa-aldia. Gerora, ordea, "organo aholkulari" izango denez, harreman horren oinarrik finkatuko ditu, Jakiunderen jarduerak sustatzeko eta bultzatzeko.
Trebakuntzarik handieneko pertsonak, oso sari garrantzitsuak irabazitakoak, aukeratu ditugu Jakiunderen hasierako kide izateko. Hain zuzen, Eusko Ikaskuntzaren Saria, Ikerkuntzako Euskadi eta Viana Printzea Sariak eskuratutako kideek osatzen dute erakunde berria. Horiez gain, Eusko Ikaskuntzako Bikaintasun Batzordeak eta Batzorde Akademikoak ibilbide bikain egiaztatua burututako kideak aukeratu dituzte. Kide horietako bakoitzak nazioarteko ospea du bere lanbide-alorrean, eta beraz, ikuspegi osagarrietan oinarritutako konponbideei helduz jorratu ditzakete arazoak.
Hizpide izan dudan eraketa-aldian zehar, Eusko Ikaskuntzako Lehendakariak Jakiundeko Lehendakaria aukeratuko du. Ildo horretan, kide hautatu guztiei galdetu zaie, eta adostasuna erabatekoa izan da: Pedro Miguel Etxenike jauna aukeratzea gomendatu dute denek. Etxenike jaunari, ikerkuntza-lanetan murgildurik dagoenez, hasieran kostatu egin zitzaion egungo egoera aldatzeko erabakia hartzea, eta bere denbora horrelako organo bat sortzeko zereginetan ematea. Baina Jakiunderen garrantzia kontuan hartuta, eta hain maila handiko erakunde bat sortzeko beharra dagoela ikusita, azkenean, hasierako zalantzak uxatu eta eraketa-aldian laguntzeko prest dagoela adierazi zigun Etxenike jaunak. Eta erabaki horretan, jakina, bere eskuzabaltasunak eta gizartearen alde etengabe lan egiteko gogoak eta eskuzabaltasunak ere izan dute zerikusia.
Nire eskerrik beroena eta sentikorrena eman nahi diet kide hautatuei, eta bereziki Etxenike jaunari, gure proiektuan gogo biziz parte hartzea erabaki dutelako. Arautegiak hasierako kidetzat hartzen dituen guztiei ere, eta batik bat Unibertsitateetako Errektoreei, eskerrak eman nahi dizkiet, eraketa aldi honetan laguntza eta babesa emateagatik. Horrela, Jakiunderi gure sare akademiko eta zientifikoan sarbidea ematen lagunduko digute.
Azkenik, Tormeseko Itsu-mutilaren hitz batzuk ekarri nahi dizkizuet gogora: "Hazi egin zaitut, eta jaun on baten morroi jarri. Orain, moldatu zaitez zeure kasa". Esaldi horrek gure erakunde berriaren bizitza autonomoa ematen digu aditzera, baina jakinekoa da, noski, EI-SEVen laguntza izango dutela, bereziki eraketa-aldi honetan.
