Iñaki Ibarra Unzuetak gidatzen du Eusko Ikaskuntzaren zuzendaritza apirilaren hasieratik.

Urte hasierako lurralde bileretan bazkideei iragarri zitzaien bezala, Eusko Ikaskuntzak badu zuzendaritza figura berria.Ibarra Unzuetaren lanak aurreko zuzendaritza kolegiatuaren ardura asko gain hartzen ditu. Iñaki Ibarra Zornotzan (Bizkaia) jaio zen, ezkondua da, bi seme-alaba ditu eta Donostian bizi da. ICAIko goi-mailako industria-ingeniaria da, baita Euskal Hizkuntzan eta Kulturan lizentziatua ere. Era berean, MBA masterra du Madrilgo Carlos III Unibertsitatean.Haren lanbide-ibilbidea, funtsean, industriari lotuta dago, ULMA kooperatiba-taldean. Era berean, kontsultoretzan ere jarduten du. Hala, Arthur Andersen kontsultoretza-etxean ekin zion bere lanbide-ibilbideari; ondoren, Consultores Hobest sortu zuen; 2011z geroztik, LKS S. Coop.en aritu da. Tartean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako eta Jakintzaren Gizarteko zuzendaria ere izan da.Iñaki Ibarrak lotura estua du, halaber, irakaskuntzarekin eta unibertsitatearekin. Izan ere, 1980ko hamarkadaz geroztik irakaslea izan da Mondragon Unibertsitatean, Deusto Businees School-Deustuko Unibertsitatean, Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Pau eta Pays del Adourreko Unibertsitatean eta Biarritzeko Estian. Liburu eta artikulu ugari argitaratu ditu.
Ibarra Unzuetaren zeregina Eusko Ikaskuntzaren birdefinizioak eragindako jarraibideak koordinatu eta bultzatzea izango da. Birdefinizio-prozesua 2013an hasi eta iaz amaitu zen, Entitatearen zientzia- eta dibulgazio-jarduerak ardatz izango dituen bost lan-esparruak zehaztuta.
