Agenda

ArabariSOlasaldiak. Urbanismoa, migrazioa eta euskara: elkarbizitzarako guneak

Foroak eta Mintegiak

ArabariSOlasaldiak. Urbanismoa, migrazioa eta euskara: elkarbizitzarako guneak

Ordutegia eta data:
2026/06/11 18:00 -19:30
Tokia:
Izaskun Arrue Kulturgunea (Errementari kalea 30-32). Gasteiz

Eusko Ikaskuntzako Arabako BET taldeak sustatutako saio honek urbanismoa, migrazioa eta euskara uztartuko ditu solasaldi ireki batean. Topaketak hiriaren eraldaketak eta migrazio-prozesuek gure komunitateetan duten eragina aztertuko ditu, hirien hazkundea, espazioen antolaketa eta behar sozial berrietara egokitzeko moduak hizpide hartuta. Aldi berean, euskararen erabilera, identitate kolektiboa eta komunitatearen eraikuntza izango dira gogoetaren ardatz. Hitzaldi akademiko tradizional bat baino gehiago, esperientzietan eta ibilbide pertsonal zein profesionaletan oinarritutako elkarrizketa sakon eta gertukoa izango da.

Horretarako, Iñaki Martínez de Luna soziologoa eta Eusko Ikaskuntzako Manuel Lekuona Saria 2023; eta Oihana Santolaria del Campo arkitektoa eta EHUko irakaslea izango dira solaskide. Biek ala biek ibilbide luzea eta erreferentziala dute hizkuntza, identitatea, hirigintza eta komunitatearen inguruko gogoetan.

Saioa BET taldearen aurkezpenarekin hasiko da, ondoren solasaldi nagusiari bide emateko. Amaieran, bertaratutakoekin elkarrizketa eta eztabaidarako tartea izango da, eta jardunaldia modu informalean amaituko da, Eusko Ikaskuntzaren eskutik eskainiko diren edari eta mokaduekin.

Ekitaldi hau Eusko Ikaskuntzako bazkideei zuzenduta dago batez ere. Bazkide ez den pertsona batek lagunduta joan ahal izango da ekitaldira, betiere bazkidearen eskutik baldin badator (izen-ematean, bazkide ez den pertsonak, parentesi artean, lagundutako bazkidearen abizena adierazi beharko du).

Izena eman