Gazteak-euskara binomio dinamikoa: erabilera sustatzeko gakoak
Araban euskararen ezaguerak gorakada handia izan du azken hiru hamarkadetan, aldiz euskararen erabilera motz gelditzen da. Ezaguera eta erabilera oso desberdinak dira adin taldeka eta zonaldeka.
Euskara jakinda ere, gazteek zein egoeretan erabiltzen dute eta zeinetan ez? Zerk eramaten gaitu euskara erabiltzera? Zergatik? Zer egin genezake egoera hau aldatzeko?
- Eremu tematikoak
- Euskararen etorkizuna
- Kategoria
- Ikerketa
- Egoera
- Bukatuta
- Denboraldia
- 2017-01-01-2018-12-31
Gazteen artean euskaldun kopurua handia den arren, euskararen erabilera ez da nahi genukeena. Kezka horren aurrean, hizkuntzan eragin zuzena duten faktoreak identifikatzeko mintegi bat antolatu zen 2017ko martxoaren 31n.
Hausnarketa horretan bi ikerketa lerro lantzeko konpromezua hartu zen, ondorioz Unibertsitateko Master Ofizialeko ikasleentzat zuzendutako deialdia egin zen.
Atal honetan ’Gazteak-euskara binomio dinamikoa: erabilera sustatzeko gakoak’ egitasmoaren emaitzak jasotzen dira.
mintegia
Euskararen erabileran eragin zuzena duten faktoreak identifikatzeko, izaera desberdineko eragile, aditu eta gazteak bildu ziren, 2017ko martxoaren 31n Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean, egin zen mintegian.
Aurrena, gaian kokaketako bi hitzaldi eskaini ziren:
- Asier Etxenikeren ”Euskararen erabilpenari buruzko datuen aurkezpena: diagnostiko laburra”.
- Enrique Zuazuaren “Bizidunen eta gizakien talde portaera”.
Ondoren, erabileraren faktoreak identifikatzeko dinamika tailerra egin zen. Lan saio horretan jasotako emaitzak bi ardatzetan bildu ziren: batetik, eragileentzat ekintza proposamen bi identifikatuz; bestetik, bi ikerketa lerro identifikatuz. Ikerketa lerroetako batek 'gazteen harreman sareak' gaia aztertzeko beharra jasotzen zuen, eta besteak 'euskararen erabileraren aldeko motibazioak' aztertzea eskatzen zuen.
Mintegi horren txostenean biltzen dira lan saioaren emaitzak. Ikusi hemen
ikerketa lerroak
‘Gazteak-euskara binomio dinamikoa: erabilera sustatzeko gakoak’ mintegian hartutako konpromezuari erantzunez, Unibertsitateko Master Ofizialeko ikasleentzat zuzendutako deialdia egin zen.
Landu beharreko gaiak
- Gazteen harreman SAREAK euskararen sozializazioan.
- Euskararen erabileraren aldeko MOTIBAZIOAK gazteengan.
Onuradunak
- 2017-2018 ikasturteko Unibertsitateko Master Ofizialeko ikasleak.
- 2017-2018 ikasturterako laguntza bakoitzaren zenbatekoa 6.000 eurotakoa (gordin).
- Bi edo disziplina gehiagoren zuzendarikidetza zuten lanak lehenetsi ziren.
Libe Alvarez Iruguenpagate eta Joseba Fernandez de Landa izan ziren deialdi horretako irabazleak.
Master Amaierako Lanak
Libe Alvarez Iruguenpagatek, motibazioaren alorra aztertuz, gazteek euskara erabiltzeko edo ez erabiltzeko arrazoiak identifikatzea izan du helburu. Horretarako, Bilboko Begoñazpi ikastolako eta Gasteizko IES Mendebaldea Bigarren Hezkuntzako laugarren mailako ikasleengana jo zuen. Lagin hori hautatzeko arrazoiak hiru izan ziren: batetik, euskaldun-dentsitate baxua duten zonaldeak aukeratu ziren; bestetik, D ereduko ikasleak izango ziren, gaitasun-maila altuena izateaz gain, euskara/gaztelania hautua zalantzakor dutelako; eta, azkenik, hainbat ikerketek jasotzen duten bezala, 15-16 urte bitarteko gazteen artean euskararen erabilera okerrera egiten du. Ikerketa honetan erabilitako tresnak (galdetegiak, focus-groupak eta elkarrizketa sakonak) emaitza aberatsak eskaini dizkio egileari. Adin-tarte honetako gazteen jarrerak gizarteko aurreiritzi eta arau sozialek baldintzatzen dituztela ondorioztatzen du ikerlariak, eta horri aurre egiteko, etorkizunerako proposamen batzuk planteatzen ditu ikerketa honetan.
Joseba Fernandez de Landak, euskal txiolari gazteengan zentratutako ikerketa burutu du. Sare sozialetan euskal hiztun gazteek dauzkaten harreman sareen eta jorratzen dituzten gaien analisia egitea izan dira lan honen helburuak. Egileak dioen bezala “sareetan egiten den euskararen erabilera ezagutzea oso interesgarria da”, euskara garai berrietara moldatzeko daukan ahalmena ikusi, eta belaunaldi berrien espazioa diren sare sozialetan nola gauzatzen den ezagutzeko aukera ematen baitu. Twitter sare soziala aukeratu du ikerlariak, identifikatutako euskal komunitate bat daukan sarea delako, eta baita, informazioa erauzterako orduan erraztasunak ematen dituelako, orokorrean jarioa publikoa delako. Aipatutako informazio iturri berriak irekiz eta ikerkuntza teknika aurreratuak erabiliz, ikerketa honen metodo zein teknika berritzaileak aplikatzeko ikerlariak EHUko IXA taldearen laguntza izan du.