Lurralde burujabetza gatazkak Europan: praktika onak eta ebazpen-proposamenak

Eusko Ikaskuntzak 1931ko maiatzean ezarri zuen euskal autogobernuaren lehen mugarria. "Euskal Estatuaren Estatutu Orokorra" eskaini zion euskal gizarteari, Lizarrako Estatutua izenez ezaguna. Gaur, mendeurrenaren ondoren, ikusmolde eguneratua eskainiz, erabaki-ahalmena sendotzeari eta berau garatzeari helduko dio elkarlanean oinarritutako gobernantzatik abiatuta.

Ebazpen-jardunbide egokietan eta irizpide akademiko sendo eta kontrastatuetan oinarrituta, gure helburua lurralde burujabetza gatazkak Europan konpontzeko protokolo bat gauzatzea da. Nazioarteko, Europako eta estatuko erakundeek onar dezaketen balizko "argitasun tresna edo araua".

Lankidetza-metodologia aplikatuko da, nazioarteko, estatuko eta euskal-kataluniar esparruko adituen parte-hartzearekin. Eztabaida kolektibo horren emaitza azaroaren 11-12 eta 13an egingo diren nazioarteko jardunaldietan aurkeztuko da.

Eremu tematikoak
Egituraketa sozio-politikoa
Kategoria
Hausnarketa
Egoera
Indarrean
Denboraldia
2020-01-01-2021-12-31

 

JUSTIFIKAZIOA

Azken bi mendeetan, estatuetako konstituzioek eta estatuaz gaindiko beste tresna juridiko batzuek gero eta eskubide eta askatasun gehiago bildu dituzte beren baitan, eta, horrela, zuzenbide demokratikoko estatuak eta nazioarteko ordendua herritarren eskaeretara eta beharretara egokitzeko gaitasuna erakutsi dute. Hala ere, defizit nabaria dago estaturik gabeko nazioen edo subjektu politikoen borondate kolektiboa demokratikoki kudeatzeari dagokionez, beren burua demos/demoi bereizi gisa aurkezten baitute eta demokratikoki erabakitzeko gaitasun propioa aldarrikatzen baitute. Europak iraganean era horretako hainbat gatazka ezagutu ditu, eta horietako batzuk konpondu egin dira; beste batzuk, ordea, aktibo jarraitzen dute. Ordendu juridikoek gatazka horiek kudeatzeko duten joerak muga bikoitza planteatzen du, eta muga hori gainditu egin beharko litzateke.

Alde batetik, gatazka horiek estatuen "barne-arazotzat" hartzen dira, eta, beraz, gatazka horien kudeaketa egokia bakoitzaren kultura demokratiko partikularraren mende dago. Hala, Europako erakundeek joera dute irizpide demokratiko unibertsalen arabera tratatu beharko liratekeen gaietan ez sartzeko. Beraz, ekimen honen lehen helburua da, hain zuzen ere, gatazka horiek ez direla estatuen barne-arazoak, "Europako gaiak" baizik, eta, beraz, Europako erakundeek prozedura arrazionalak arautu ditzaketela eta arautu behar dituztela gatazka horien kudeaketa demokratikorako. Hau da, subiranotasunaren lurralde gatazkak ez dira barne auzi bat. Giza eskubideekin gertatu zen estimazio aldaketa bera esperimentatu behar dute, adibidez.

Bestalde, estatuen baitan subiranotasunaren inguruan dauden gatazka horiek eta autodeterminazio eskaerak Europako proiektuarentzat arrisku gisa aurkezten dituzte zenbaitetan. Kasu honetan, hemen planteatzen dugun proiektuak kontrakoa erakutsi nahi du: hasteko, uste dugu litekeena dela 50 unitatez osatutako Europa bat 6 edo 8 herrialde nagusi dituen Batasuna baino dinamika federalizatzaileago batek gidatuta egotea. Azpimarratu behar da ezen, estatu kide batzuen gobernuek edo alderdi nagusiek EBtik irtetea defendatzen duten bitartean (Italia, Hungaria) edo jada irten diren bitartean (Erresuma Batua), autodeterminazio-eskubidea gauzatu nahi duten estaturik gabeko nazioek Batasuna mantendu eta indartu nahi dutela (Eskozia, Katalunia, Euskal Herria …). Oso litekeena da barne-zabalkuntza batek Batasunaren integrazio eta sendotasun handiagoa ekartzea, eta, nolanahi ere, esparru arautzaile edo esku-hartze bat – Jardunbide egokien protokoloa – egoteak ez du berez gatazkarik sortzen — ez eta kutsatze-ondoriorik ere —, eta, nolanahi ere, haren kudeaketa bidezkoa eta demokratikoa ahalbidetzen du.

Nolanahi ere, oinarrizko ideia hauek oinarri hartuta ekin nahi zaio gaiari:

  • Giza eskubideen errespetu zorrotza dugu abiapuntu, ezinbestekoa baita lurralde-gatazkak konpontzearen aldeko testuinguru demokratikoa izateko, sistema demokratiko aurreratuenen garapen-mailarekin bat etorriz.
  • Oinarri demokratikoen gaineko Europako integrazio-prozesua areagotzea bilatzen dugu.
  • Ekimen honek gatazken kudeaketa justu eta demokratikoan eta gure gizarteen garapen orekatuan laguntzen duela uste dugu.
  • Uste dugu ekimen honek egonkortasun sozioekonomikoari eta giza garapen iraunkorrari ere laguntzen diela, bizikidetza justu eta oparoa arriskuan jar dezaketen baliabideak eta energiak desbideratzen dituzten zalantzak eta eztabaidak ezabatzen baititu.

HELBURUAK ETA ARDATZ TEMATIKOAK

Ekimen honekin honako helburu hauek planteatzen dira:

  • Europako estatuetako burujabetza-gatazken konponbide demokratikoari buruzko eztabaida publikoa bultzatzea.
  • Gaiari buruzko hausnarketa akademikoa sustatzea eta elkar ezagutzea eta sinergiak indartzea, bereziki nazioarteko adituen artean.
  • Akademiatik eta lankidetzan, lurralde-gatazka aktiboak konpontzeko ekarpen bat egitea, nazioarteko, Europako eta hainbat estatutako agenda politikoan eragina lortuz.

Ekimenaren helburu nagusia hau da:

  • Subiranotasunaren lurralde-gatazkak konpontzeko jardunbide egokien kode bat prestatzeko oinarriak gauzatzea.

Nazioarteko, Europako eta/edo estatuko erakundeek, hala badagokio, har edo onar lezaketen “estandar” bat.

Hausnarketa ardatz hauen inguruan garatzen da:

I. Zer da subiranotasunaren lurralde-gatazka bat? Praktika onen kodearen xedea eta helburua

Helburua: Atal honetan, subiranotasunaren inguruko lurralde-gatazken ezaugarriak eta baldintzak zehaztuko dira, baita gatazka horiek demokratikoki ebazteko esparru orokorra ere.

Europa eraikitzeko prozesuaren ekarpen nagusietako bat estatu subiranoen arteko lurralde-eztabaidak gutxitzea izan da. Hala ere, Europako esparru komun bat sortzeak oraindik ez die konponbiderik eman subiranotasunaren inguruko estatuen barneko lurralde-gatazkei. Estatuz azpiko komunitatetan Estatuan nagusi den gehiengoarekin bat ez datorren borondate kolektibo garrantzitsua dagoenean, eta bere estatus politikoa askatasunez eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea erabiltzea aldarrikatzen duenean –estatu subiranoetan eratzeko aukera barne–, pizten dira halako gatazkak. Horrelako gatazkak konpontzeko Europako praktika onen kode batek, lehenik eta behin, inplikatutako aldeen eta haien nahien legitimitatearen karakterizazio egokia ahalbidetu behar luke. batetik, Estatua, eta, bere lurralde-formarekin eta subiranotasuna ulertzeko moduarekin zerikusia duten eztabaidak aztertu beharko lirateke: estatu bateratu, federal eta/edo plurinazionalen aukerak deskribatuz; eta, bestetik, beraien lurralde-subiranotasuna aldarrikatzen duen subjektua ere aztertu beharko litzateke: herriak edo nazioak. Bigarrenik, kode horrek zenbait printzipio orokor ezarri beharko lituzke, gatazka horien kudeaketa bidezkoa eta demokratikoa ahalbidetzeko: printzipio demokratikoa, gutxiengoen eta oinarrizko eskubideen errespetua, zuzenbidezko estatua eta segurtasun juridikoa, besteak beste.

Atal honetan ez da xehetasunez aztertu nahi horrelako kode batek ekar ditzakeen argitasun baldintza zehatzak, baizik eta konponbiderako esparrua, balioak, printzipioak eta definizio orokorrak.

II. Zergatik hartu behar du parte Europak? Jardunbide egokien kodearen interesa, arrazoiak eta pragmatika

Helburua: Subiranotasunaren inguruko lurralde-gatazkak demokratikoki kudeatzeko kode bat prestatzeko eta proposatzeko Europako erakundeek, zentzu zabalean, hartu beharko luketen arduraz hausnartzea izango da atal honen helburua.

Kasu horietan estatuek erantzun konstituzional askotarikoa ematen dutenez, Europako eremu demokratikoak berak gomendatuko luke esparru partekatua edo jardunbide egokien kodea sortzea, egungo eta etorkizuneko gatazketan oinarrizko prozedura-estandarrak ezartzeko. Gatazka horietan, maila anitzeko prozedura-koherentzia bilatuko litzateke, eta, beraz, atal honetan garrantzitsua da estatuko eta Europako ordendu juridikoen arteko artikulazioari erantzutea. Gatazkan dauden aldeentzat barne-pizgarriak argiak dira –egonkortasun soziala, politikoa eta ekonomikoa–, eta kanpo-pizgarriak, Europa mailan, zerikusia izango lukete Europako sakontze demokratikoarekin, etorkizuneko ereduaren inguruko eztabaida irekitzearekin eta Europako proiektua indartzearekin. Era berean, Europako esku-hartzearen egokitasuna eta balizko justifikazioaren baldintzak zehaztu ondoren, egungo edo etorkizuneko legezko aukerak, esku hartzeko esparru instituzionala eta Europako protokolo bateratua ezartzeak ekar ditzakeen ondorioak aztertu beharko lirateke.

III. Nola parte hartu behar luke? Praktika onen kodearen edukia

Helburua: Atal honetan, estatuen barruan subiranotasun gatazkak demokratikoki kudeatzeko praktika egokien kode baten edukia proposatu beharko litzateke.

Lehenik eta behin, lehen eztabaida-mahaian jasotako gogoeten harira gatazka horien konponbide demokratikoaren oinarri den esparru juridiko eta politologiko orokorraren inguruan irekitako eztabaidetan sakondu beharko da, hala nola Autodeterminazio-eskubidea, erabakitzeko eskubidea eta/edo sezesiorako eskubidea. Ondoren, gatazka horien konponbide justu eta demokratikoa ekar dezaketen baldintza formal eta material zehatzei buruz hausnartu beharko litzateke. Hau da, “argitasun-baldintzak” deitu izan dena, besteak beste: subjektu erabakitzaileen eta erabaki-esparruen definizioa, deliberazio-, kontsulta- eta berrespen-prozesuen konbinazioa, parte hartzeko quoruma eta eska daitezkeen gehiengoak, planteatu beharreko galderaren baldintzak, erabakiaren itzulgarritasuna eta prozesuen errepikakortasuna, gerora aldeen arteko aurretiazko eta a posteriori bermeak, etab. Azkenik, Europan esku hartzeko zenbait eredu proposatzeko aukera ere azter liteke, kasuan kasuko lurralde-gatazkaren ezaugarrien arabera: kasu bakoitzean eskumena izango duen Europako erakundea zehaztea, laguntza, bitartekotza edo ebazpenerako tresna posibleak, lurralde-estatus berezien definizio hipotetikoa edo Europar Batasunaren balizko barne-zabalkuntzaren baldintzak, etab.

METODOLOGIA

2019an egindako prestakuntza-lanen ondoren, ekimena 2020an garatuko da, azaroan egingo diren nazioarteko jardunaldiak antolatzeko.

Estatuen baitan burujabetzaren inguruan dauden lurralde gatazkak konpontzeko protokolo baterako oinarriak modu kooperatiboan landuko dira.

Helburu horrekin, Katalunian eta Euskal Herrian dagoeneko osatuta dauden lantaldeek metodologia ireki bat adostu dute, kanpoko adituen ekarpenak – horretarako prestatutako galdetegi baten bidez – eta barnekoak uztartuko dituena, elkarrekin lan egiteko hiru mintegirekin. Mintegi horiek, prozesuan zehar kontraste-mekanismo desberdinekin osatuta, azaroko jardunaldietara adostutako oinarri-dokumentu batekin iristea ahalbidetuko digute.

Jardunaldiak/kongresuak protokoloaren proposamena (arau juridikoaren proiektua) aurkezteko zerbitzura jarriko dira, eta erreferentziazko ekarpenak parte hartzeko saioekin osatuko dira, eragile sozial eta politikoekin.

PROIEKTUAREN FASEAK ETA EKINTZAK

2020

  • URTARRILA: galdetegia prestatzea.
  • OTSAILA-MARTXOA: galdetegia bidaltzea eta adituak lankidetza-prozesura erakartzea.
  • APIRILA: galdetegia jasotzea.
  • MAIATZA-EKAINA: protokoloaren lehen zirriborroa idaztea eta kontrasteak.
  • UZTAILAK 20: 1. Mintegia (Bilbo) eta protokoloaren bigarren zirriborroa idaztea.
  • UZTAILAK 20: Mahai-ingurua: Europa, etorkizun federala edo konfederala?


 

2021

  • Zabaltzea, sakontzea eta Europako erakundeekiko harremanak.

DOKUMENTAZIOA

 Subiranotasun lurralde-gatazkak konpontzeko praktika onen kodea garatzeko oinarriak dokumentua  

Subiranotasun lurralde-gatazkak konpontzeko praktika onen kodea garatzeko oinarriak dokumentua

 

ANTOLAKUNTZAKO LANKIDETZA

Ekimenaren garrantzia kontuan hartuta, ezinbestekotzat jotzen da proiektuaren kaudimena, bideragarritasuna, inpaktua eta independentzia bermatuko dituen gobernantza-eredu bat diseinatzea. Bere izaera dela eta – gizarte zibil independentearen antolaketa –, erakunde sustatzaileak Eusko Ikaskuntza eta Institut d 'Estudis Catalans izango dira. Berehalako maila batean, ekimenari babesa ematen dioten erakunde gisa, EHUko eta Deustuko Unibertsitateko ikerketa-taldeak ditugu, baita Bartzelonako Unibertsitateko, Bartzelonako Autonomia Erkidegoko eta Pompeu Fabrako ikertzaileak/irakasleak ere. Euskal Herriko eta Kataluniako beste unibertsitateen inplikazioa kudeatzen ari gara. Erakundeen arteko lankidetzaren esparruan, Eusko Jaurlaritzaren mendeko Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) eta Kataluniako Generalitatearen mendeko Institut d'Estudis de l’Autogovern erakundearen laguntza dugu. Harreman oso itxaropentsuak hasi ditugu hainbat erakunde eta fundaziorekin, proiektuari babes eta ikuspegi desberdinak gehituz.

 

PROIEKTU KUDEATZAILEA:

Beatriz AKIZU AIZPIRI