Ongizate Ereduak Euskal Herrian
Liburu Zuriak dioen bezala, hiritar guztiok babestuko gaituen Ongizate Eredu baten alde lan egitea herri proiektu moduan uler daiteke Euskal Herrian, lurraldea eta gizartea kohesionatuko lukeen herri-proiektua alegia.
Egun esan daiteke hiru Ongizate Eredu ditugula (EAE, Nafarroa eta IEHkoa). Proiektu honen bidez errealitate guzti horien ezagutza eta lanean diharduten agenteen arteko elkar ezagutza sustatu nahi da. Honetarako ekimen desberdinak planteatzen dira.
Proiektu honen funtsa Ongizate ereduaz, politika publikoetaz eta zerbitzu sozialen inguruko analisirako eta berrikuntza sozialerako laborategi bat sortzea da, Euskal Herriko lurraldeetara aplikatua, EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herrira alegia.
Helburuak
- Agente eta erakunden espezializatuak harremanetan jartzea, baita lurraldeetako herritarrak ere, bakoitzaren errealitatea, esperientziak, praktika onak eta politika publikoen gaineko konparaketak egiteko
- Ongizatearen inguruan, lurralde bakoitzaren errealitateak ezagutzea eta ezagutzera ematea
- Ikerketa espezifikoak egiteko beharrak identifikatu eta horiek aurrera eraman, edo egin daitezen sustatu
- Ongizatearen inguruan, lurralde arteko lankidetzarako aukerak identifikatu
Gaiak
- Biztanleriaren zahartzea eta zaintzarako komunitateak
- Familia politikak, Haur eta gazteria politikak, gazteen prekarietatea
- Biztanle berriak, migranteak
- Gizarte inklusioa helburu duten gizarte zerbitzuak eta politika publikoak
Ekintzak
Lurraldea, Gizarte Politikak eta Zaintzen Krisia Nazioarteko Mintegia
Gizarte-politikak tresna baliagarriak izan dira nortasun kolektiboa eraikitzeko eta gizarte-kohesioaren maila handiagoak lortzeko. Horren adibide dira Europako zenbait erregio, gizarte-politika propioak garatzeko eskumen-maila nahikoa dutenak, bai eta nortasun kolektibo berezituak dituztenak ere. Hala ere, lurralde horiek guztiek ez dituzte modu berean inplementatu gizarte-politiken arloan dituzten eskumenak. Testuinguru horretan, Eusko Ikaskuntzak eztabaidarako foro izan nahi du, gizarte-politikek nortasun kolektiboan eta lurraldeetako gizarte-kohesioaren hobekuntzan duten zereginari buruz hausnartzeko. Horretarako, zaintza-krisiari erantzuteko erabili diren eskualde-politikak aztertu dira Bilboko Euskalduna jauregian egindako nazioarteko mintegian.
Zahartzeari eta mendekotasunaren arretari buruzko txostena Euskal Herriko lurraldeetan
Programa honen esparruan egindako lehen txostena zahartzeari eta mendekotasunaren arretari buruzkoa da, kontuan hartuta adinekoak eta mendekoen zaintzak gizarte-zerbitzuen esparruan duen garrantzia, baita biztanleria osoaren bizi-kalitateari eta gizarte-kohesioari dagokionez ere.
Hausnarketa horretatik abiatuta, egindako lanak Euskal Herria osatzen duten hiru administrazio-esparruetan mendekotasuna duten adinekoen beharrei erantzuteko dagoen gizarte-zerbitzuen sistema deskribatzen eta alderatzen du. Zentzu horretan, lanaren helburua hirukoitza da:
- Adinekoentzako edo mendekotasuna duten pertsonentzako gizarte-zerbitzuen sistemak lurralde bakoitzean duen oinarrizko funtzionamendua deskribatzea, sistema hori zehatz-mehatz ezagutzen ez duten pertsonek ezagutu dezaten.
- Datuak eta adierazleak ematea, lurralde bakoitzean politika horien irismena dimentsionatu eta erlazionatu ahal izateko, artatutako pertsona-kopuruaren, eskainitako zerbitzuen, okupatutako langileen edo egindako gastuaren ikuspegitik.
- Hiru lurraldeen artean dauden antzekotasun, desadostasun nagusiak eta erronka komunak identifikatzea – baita lurralde bakoitzaren berariazko erronkak ere – eta aztertutako hiru lurraldeetan zerbitzuak hobetzeko zenbait gomendio proposatzea, ateratako ikaskuntzetatik abiatuta.
Txostena administrazio publikoei aurkeztu eta kontrastatuko zaie.
Jardunaldi bikoitza antolatu da txostena aurkezteko, kontrastatzeko eta gomendioak egiteko, Mugaz gaindiko II. Mintegian.
Ongizate-politiken Mugaz gaindiko II. Mintegia: zahartzea eta mendekotasunari arreta ematea
Mintegi honen helburua da "Zahartzea eta mendekotasunaren arreta Euskal Herriko lurraldeetan" txostena aurkeztea, gizarteratzea eta proposamenak egitea. Era berean, maila tekniko eta politikoko administrazio publikoen, akademiaren eta lurralde ezberdinetako gizarte-eragileen arteko topagunea izan nahi du. Parte-hartzea errazteko, mintegia bi egunez goizeko saioetan egingo da, maiatzaren 7an eta 21ean.
BURUTUTAKO EKINTZAK
Mugaz Gaindiko I Mintegia
EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriaren lurralde eremuan hiru Ongizate Eredu desberdin aurkitzen ditugu, kontzeptu, politika eta eskumen maila desberdinekin. Beharrak eta arrisku sozialak antzekoak badira ere, behar horiei ematen zaien erantzuna oso desberdina da aipatutako eremu geografiko horietako bakoitzean. Zentzu honetan, mugaz gaindiko eremua babes sozialeko politiken inguruan azterketa, ikasketa eta berrikuntzarako laborategi arras interesgarria bilakatzen da.
Lehen Mintegi hau akademia, administrazio publikoa eta gizarte agenteen arteko bilgune bat izan nahi du, aipatutako eremu geografikoan. Honela, agenteen arteko elkar ezagutza eta harremanak sustatu nahi dira, baita lankidetzarako aukerak, desafioak, eta erronkak identifikatu, proposamen berritzaileak ezagutu eta gizarte berrikuntza ereduak ezagutzera eman nahi ditugu.
Dokumentuak
![]() | ![]() | |
![]() | ![]() | |
![]() | ![]() |
Solasaldiak
PROIEKTU KUDEATZAILEA:
Garapen Iraunkorreko Helburuekin bat datorren proiektua: