Ibon Martín Álvarez. Txangozalea eta aisia zein bidaietan espezializatutako kazetaria: Gure lurraldeko ingururik egiazkoena Ipar Euskal Herria da. Bertan bai nabari dela, eta oso modu berezian gainera, Euskadin gaudela

2006-07-28

SILLERO ALFARO, Maider

Ibon Martín, zaletasuna ogibide bihurtu duen donostiar bat dugu. "Aisia eta bidaietan espezializaturiko" 30 urteko kazetari honek, Euskal Herriko ibilbide eta herrixkei buruzko laugarren liburua plazaratu berri du, Álvaro Muñozekin batera. Elkarrekin, gure geografia emankorrari begiratu bat eman, eta uda partean ikusteko hainbat lekuren izenak hartuko ditugu gogoan.

Donostian zaude uneotan. Kasualitatez, ala hauxe duzulako ohiko egonleku?

Egia esateko, uda partean hemen izaten saiatzen naiz, eta urteko gainerako hilabeteetan bidaiatzen.

Ez da gauza makala ogibide gisa gainerakoentzat hobby dena izatea, eta zuk hain gustukoa izanik gainera...

Egia esateko, hala da. Kazetaritza ikasketak egin ditut, eta mendizale eta bidaiazalea naiz. Beraz, hori guztia bildu eta bidaiatzen, mendian ibiltzen eta idazten aritzea, aparta da benetan. Pentsatzekoa da egunen batean amaitu egingo zaidala pagotxa hau, eta orduan beste zerbaitetan hasi beharko dudala, baina oraingoz primeran doakit.

Nondik datorkizu mendira joateko eta bidaiak egiteko zaletasun hori?

Betidanik daukat zaletasun hori, inguruotako beste jende askok bezala. Astia izatean, beti joan izan naiz sendiarekin edo lagunekin mendira. Bidaiatzen, berriz, geroago hasi nintzen, diru gehixeago izatean. Europan barna batez ere. Aukera izan dudan guztietan, Interrail egitera joan naiz.

Europari buruzko gidarik ere idatzi al duzu?

Bai. Álvaro Muñozekin batera, Interraili buruzko gida bat prestatu dut, 1.000 orrikoa, garraiobide merke horren bidez nola mugitu erakusteko.

Zerk bultzatu zintuen ibilbideei buruzko liburuak idaztera?

Kazetaritza amaitutakoan, zer egin ez nekienez, mendian ibiltzera joaten hasi nintzen. Halako batean, mendian ibiltzeko edo ibilbide xumeak egiteko liburu onik ez zegoela ikusi, eta lehenengoa atera nuen. Sekulako arrakasta izan zuen, eta begira, dagoeneko laugarrena argitaratu dugu.

Zein faktore izaten dituzu kontuan ibilbide on bat prestatzeko orduan?

Lehenik eta behin, paisaia eta ingurua politak, interesgarriak edo atseginak izatea. Inguruak balioa izan dezala, baina ez paisaiaren aldetik bakarrik, baizik eta historikoki ere bai: errota, gaztelu, gotorleku edo harresi zahar baten aurriak ere egon daitezela... Alegia, xarma pixka bat izan dezala, eta baita kontatzeko moduko zerbait ere. Ezin dira liburuak deskribapen fisiko hutsekin bete; inori ez litzaizkioke gustatuko.

Hor ote dago, apika, zure liburuen arrakastaren giltza?

Asmoa behintzat hori da, ibiltzeaz gain, ikasi ere egitea. Horma edo aurri jakin batzuen inguruan, garai batean, bataila bat izan zela jakitea, edo errota batean ogia egiten zutela, edo gerra zibilean ezkutaleku bat egon zela. Hau da, ibiltzen joan ahala gure historia ezagutzen joatea.

Álvaro Muñozekin batera idatzi duzun azken liburuan, “70 pueblos para descubrir Euskal Herria”, zer izan duzue ardatz? Zein irizpideri heldu diozue herriak aukeratzeko orduan?

Euskal Herri osoko herriak hartu ditugu. Kontua da eguna igarotzeko aproposak izatea. Ez aberastasun historiko edo mitologikoak dauzkatelako bakarrik, baizik eta inguruan eguna osatzeko gauza interesgarriak dauzkatelako ere bai: parke natural bat, itsasoa, ibaia... Beraz, herriak ikusi bai, baina ingurunea ere ezagutuz. Hori da jendeak txangoak egitean bilatzen duena: egun osorako plana izatea.

Zer nolako jendea animatu ohi da gisa horretako txangoak egitera?

Ikusi ahal izan dudanaren arabera, sendiak batez ere, haurrak dituztenak gehienbat, eta lagun taldeak. Baina edonorentzat modukoak dira ibilbide hauek.

Inork Euskal Herria ezagutu nahi duela esango balizu, nondik hastea gomendatuko zenioke?

Iparraldetik. Eta, Iparraldearen baitan, Nafarroa Beherea ingurutik, Donibane Garazin (Saint Jean de Pie de Port). Euskal Herriaren ezaugarriak ondoen biltzen dituen ingurua dela iruditzen zait: muino txikiak, eliza baten inguruan antolatutako herrixkak, gazteluren bat edo beste, mahastiak, laboreak, belardiak... Hegoalderago, goi mendiak hasten dira: Pirinioak, Orreagarako bidea... Gure lurraldeko ingururik egiazkoena izango da. Bertan bai nabari dela, eta oso modu berezian gainera, Euskadin gaudela. Agian, industria gehiegirik ez dagoelako, eta dena oso lasaia eta bukolikoa delako. Halakoa izango zen garai batean Euskal Herria.

Ezberdina oso gure hirietan egunero ikusten dugunarekin alderatuz...

Bai. Hegoaldean bereziki, gure bailarak askoz ere industrializatuagoak daude, eta litekeena da kanpotik datorren batentzat ez izatea Iparraldeak bezainbesteko xarmarik. Nafarroa Behereak, txikia izanagatik, oso xarma berezia du, iparraldetik hasi eta hegoalderaino.

Zein urtaro atsegin duzu gehien bidaiak egiteko?

Udazkena, zalantzarik gabe. Udan bero gehiegi egiten du, eta zelaiak itzalita egoten dira, triste. Neguan, berriz, dena hila egoten da. Udaberriak eta udazkenak, aldiz, kolore asko izaten dituzte, kontrasteak, bizi handia, eta pagadi, harizti zein irasailek oso tonalitate ezberdinak hartzen dituzte. Kolore ugaritako pinturaz janzten da dena. Nire iritzian, horixe da Euskal Herria bisitatzeko arorik politena.

Udazken partean egiteko txangoren bat?

Arabar Errioxako mahastietan barna, adibidez. Garai horretan kolore gorrixka zoragarria izaten dute. Edo pagadiren batean, Artikutzan, Iratiko basoan edo Arbailan, Iparraldean.

Paisaia horrek berak sentimendu ezberdinak piz al ditzake urteko beste garai batean?

Bai, paisaia erabat aldatzen delako. Oso pertsonala bada ere, esan daiteke udazkena koloreen aroa dela. Neguan, inguru asko geruza zuri batek estalita gelditzen dira, zuhaitzek hostoak galtzen dituzte, eta dena askoz ere monotonoagoa bihurtzen da, baina lasaiagoa ere bai, turistarik ez dagoelako. Oso atsegina izaten da. Udaberrian, berriz ere kolore guztiak lehertzen dira.

Eta uda, garai egokia al da txangoak egiteko?

Uda, negua bezala, monokromo samarra da, baina orlegia. Garai ona da bidaiak egiteko, egunak oso luzeak izaten direlako eta oso ilunabar ederrak ikus daitezke. Gainera, sasoi bikaina da gure kostaldean barna ibiltzeko, turistez beteta egon arren, oraindik egon badaudelako ezezagunak diren kala batzuk: gehienbat Bizkaian, beste batzuk Gipuzkoan, Deba eta Zumaia artean, eta beste asko Iparraldean. Badago kala horietara jaisteko bidexkarik, eta uda horrenbeste turista eta jendetzarik gabe igarotzeko modurik.

Turistez hitz egiten jarrita, zer du Euskal Herriak? Zer da erakargarri bihurtzen duena?

Miniaturazko kontinente batean aurrean garela. Kostalde bikaina daukagu. Eta baserriz zipriztindutako muino orlegiak. Gune menditsuak ere bai: Gorbea, Aralar, Pirinioak... Hegoaldera joz gero, zereal eta ardoaren inguruak ditugu, eta Bardeak bezalako desertuak. Paisaiari dagokionez, oso aberatsa da gure herria.

Eta paisaiaz gain?

Leku guztietan aurkitzen ez den tasun bat daukagu guk hemen: Euskal Herriko jendea oso abegitsua dela. Eta, hori, gastronomia eta klima ahaztu gabe. Horrelako gauza txikiek potentzia turistiko bihurtzen gaituzte. Gainera, beste inguruabar batzuk direla-eta, egunetik egunera turismo mailako potentzia handi bat bihurtzeko bidean goaz.

Hemen daukagunaz jabetzeko, kanpoaldean bidaiatu beharra al dago?

Agian bai. Beste lekuetan ibili ondoren, gehiago baloratu ohi dugu etxean daukaguna. Bidaia batetik itzulitakoan, leku zoragarriak ikusi ditugula esaten dugu, baina, bizitzeko, nahiago dugula geurea. Bidaiatzeak aberastu egiten gaitu, beste ikuspegi bat ematen digu, eta daukaguna gehiago baloratzen laguntzen ere.

Askotan, itsutu egiten gara atzerrira joateko beharrarekin, gertuen daukaguna ezagutu ere egin gabe.

Hori askotan gertatzen da. Urrutira joateko joera daukagu, hurbileko lekuak ezagutzen ez ditugula. Harrigarria da, baina oraindik jende asko dago San Juan de Gaztelugatxe ezagutzen ez duenik. Eta beste hamaika adibide jar nitzake. Pena da. Asteburuak aprobetxatu eta etxean egin beharko genuke turismoa. Izango dugu kanpora joateko astirik.

Inguruetan barna bidaiatzea, diru gehiegi xahutu gabe lekuak ezagutzeko aukera on bat izan al daiteke?

Bai. Eta, gainera, etxetik gertu egotean, merke mugitzeko trikimailuak ezagutzen ditugu. Leku asko eta asko dauzkagu merke jan eta lo egiteko, landaturismo eta landetxeak adibidez, eta, gainera, izadiarekin harremanetan egoteko aukera ematen digute. Nire ustez, alternatiba ona da hondartzetako turismoarentzat, eta ekarpen handiagoa egin diezaguke.

Ondo pasatzeko lekuren bat?

Praga. Oso giro berezia dago hango kaleetan, eta jendea oso belatza da. Txekiarrek hemengo jendearen antza handia daukate: alaiak dira, edaleak, eta aire zabaleko leku asko dauzkate festak egiteko.

Eta Euskal Herrian?

Asko gustatzen zaizkit Iruñeko festak, Irungo San Martzialak, Algortako inauteriak... Festa herrikoien zalea naiz.

Atseden hartzeko leku bat?

Hendaia eta Ipar Euskal Herriko kostaldea oro ohar, baina uda sasoitik kanpo batez ere. Hain da lasaigarria Hendaian barna ibiltzea, Hondarribia eta Irundik pauso batera...

Zein da egin duzun azken bidaia?

Egiptokoa. Barkatu, ia ahaztuta neukan: Vietnamekoa izan da azkenekoa.

Eta zein izango da hurrengoa?

Suitzara egingo dudana. Oraingoan nahiko gertu.

Eta oraindik egiteke daukazun bidaia hori? Hilabete batzuetarako Vietnam eta Indotxina aldera joatea, eta Thailandia, Lagos, Kanbodia, Txinako zati batean zehar presarik gabe ibiltzea, bertako kultura ikasten... Ibon Martín Álvarez Ibon Martín Álvarez Donostian jaio zen, 1976ko irailaren 5ean. Euskal Herriko Unibertsitatean Gizarte eta Komunikazio Zientzietan Kazetaritzan lizentziatu ostean, hainbat hedabidetan aritu zen lanean. Duela zenbait urtetik hona, bidaiatzeari eta bidaien inguruan idazteari eman dio, eta lau liburuko bilduma osatu du Euskal Herria ezagutzeko: “Rutas para descubrir Euskal Herria 1”, “Rutas para descubrir Euskal Herria 2”, “Rutas para descubrir Euskal Herria en coche”, eta argitaratu berri duen azkena, “70 pueblos para descubrir Euskal Herria”, azken biak Álvaro Muñozekin batera. Horrez gain, “txangozale eta aisia zein bidaietan espezializatutako kazetari” hau -horrela definitzen baitu bere burua- oporretarako gida ugariren egilea da.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Enrique Echeburúa Odriozola. EHUko Psikologia Fakultateko Psikologia klinikoan katedraduna: Maitasunak giroa goxotu eta indar positiboak sortzen ditu. Kontsumismo ergelean erori beharrean, gauza txikien aurrean hunkitzen erakusten digu. Bizipozaren iturri da

 

Irakurri

Joxean Muñoz. CICC-Tabacaleraren zuzendaria: Tabacaleraren gidoia idazten ari gara

 

Irakurri

Thierry Malandain. Koreografoa Biarritzen: Koreografo batentzat bere lanean jardutea garrantzitsua da bizirik irauteko eta, bestalde, toki bateratzea lortu behar du

 

Irakurri

Patxi Juaristi Larrinaga. Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate Zuzendaria: Boloniako prozesua gainean dugu, eta horrek aldaketa garrantzitsuak eskatzen dizkigu. Alegia, gure unibertsitateak Europakoekin homologatu behar ditugu

 

Irakurri

Teresa del Valle. Antropologoa: XXI. mendeak gizartearen mendea izan behar du: biztanleriaren %10ak ezin du gizateria osoari dagozkion baliabideen %90 kontsumitu

 

Irakurri