Jose Ignazio Ansorena. Musikaria: Ez naiz inoiz txistulari izateaz damutu

2010-12-03

ASURMENDI, Mikel

Donostiako Alde Zaharreko txistulari ipurterre eta kaxkariña: Piter Pan euskalduna. Zeharo hazi gabe, sen handiko pailazo eta musikaria. Hamaika abordatzetan aritutako pirata. Serio ganberroa.

Donostiarra zara. Baina, donostiarra esatea nahiko al da zure nortasuna azaltzeko?

Donostiarra sentitu naiz beti eta horrek ez dit bizitzan eragozpenik ekarri. Aita Hernanin eta hernaniar familia batean jaioa izan arren, oso umetan etorri zen Donostiara bizitzera eta hemen eman ditu bere urte gehienak. Ama Donostian sortua da, oraindik bizi den Konstituzio Plazako etxe berean eta neroni ere bertan etorri nintzen mundura.

Donostiarra naiz neure habia hemen dudalako, Donostiak bizitzeko eta hazteko (oso gutxi hazi ere) inguru atsegin eta abegikorra eman didalako, ez baina inorengandik bereizteko beharrez. Alegia, Albazeten jaio izan banintz eta bertan hezi, Donostian gertatu den eran, ziur aski oso albazetetar sentituko nintzatekeen. Maite dut neure jaioterria, hori beste leku eta pertsona taldeak maitatzeko irakaspen egokia delarik.

Donostiak badu hainbat auzo, bakoitzak nortasuna ematen dio norberari. Zu Alde Zaharrekoa zara. Nolako donostiarra zara zu?

Txikia eta oso arrunta. Baina Alde Zaharrekoa, noski. Egun ere, baina gure umetan gehiago, Alde Zaharra herri txiki baten antzekoa zen. Harri koskorrak ere ezagutzen genituen eta harri koskorrek ere ezagutzen gintuzten. Kaleetan, kaian eta Gazteluan txikitandik bizitzeko aukera handia eman digun auzoa da Alde Zaharra, auzoko pertsonak gertutik ezagutzeko bidea erraztu diguna. Jolasteko, bihurrikeriak (batzuetan zerbait gehiago ere baziren) egiteko eta ondo-ondo pasatzeko, itsasoa eta mendia beti eskura genuelarik, auzo aparta izan da. Azken urteetan horrekin guztiarekin batera, bestelako kalamidadeak gertatu zaizkio Udal agintarien axolagaberiarengatik (hori bakarrik?) eta ostalaritzako hainbaten diru gose neurrigabearengatik.

Argazkia: Judith Fernández.

Donostiarrak kaxkariñak deituak zarete. Ontzat ematen al duzu izena?

Polita da, txantxazkoa da eta umoretsua. Eta beste herri guztiek duten antzeko bereizgarrien sailean kokatzen da. Gainera, neu izatez nahikoa kaxkariña naizela uste dut.

Ñoñostiar adierak berriz zer iradokitzen dizu?

Azken orduko topikoa eta izen hori asmatu zuenaren inozokeria. Baita euskal senaren galera ere. Bilintxek ez zuen horrelako hitz zatarrik sortuko.

Zein inguru sozialean hazi eta hezi zinen?

Gure familia eta ingurukoak pobreak ginen. Aita kontularia zen eta ahal beste lan egiten zuen, bere zortzi ordutako lanaz gainera beste hainbat enpresa txikitako kontuak eramaten. Hala ere, bazuen tarterik bere zaletasun nagusia garatzeko: musika. Koruen zuzendari ibiltzen zen gure haurretan.

Ama, etxekoandrea izateaz gainera, jostun maixtra ere bazen eta zigarroak egiten zituen amona Generosaren bezeroei saltzeko. Generosa birramona hau eta amona Euxebi etxean bizi genituen. Izeba Korito eta osaba Jose Luis ere bai, gerora bere etxe propiora joan ziren arte. Auzokoak ere ez ziren gu baino aberatsagoak. Batzuk nahikoa pobreagoak, ganbaretan bizi zirenak esaterako. Baina duintasun handiko pobrezia zen hura, eta alaia. Kontu guztiak aiseago konpartitzen ziren egun baino. Pixkanaka, geure garaiko gehienek bezalaxe, hobera, zentzu estandarrean, joan ginen. Etxeak txukundu, telebista erosi, bakoitza berean bizi...

Bestetik, gure inguruko gehienak gerrako galtzaileak ziren. Aita oso gazte zelako ez zen gerrara joan, baina adiskide gehienak Trabajadores Konpainietan ibilitakoak ziren. Ale gutxi batzuk situaziokoak ziren eta ederki bereizten irakatsi ziguten: “Kontuz horren aurrean zer esaten duzuen”. Alde horretatik beldur eta konplizidade handiko giroan hazi ginen.

Euskara ez zen entzuten, ez bazen etxe azpian saltzaile jartzen ziren baserritarren artean. Gure bi amonak euskaldun beteak ziren arren, ez zuten euskaraz egiten. Gurasoek ez zekiten euskaraz. Eguneroko jardunean euskal jatorriko esamolde eta hitz asko erabiltzen genituen (bertan txulo, abiadura...), baina gaztelaniaz mintzatzen ginen.

Familiaren testuinguruan, berriz, zein izan da zure heziketa?

Zentzu betean familia zintzoa izan da gurea. Aitari zorroztasuna zegokion, beti ere neurrian. Nolabait, bizitza sozialerako zuzentasunaren eredu izatea. Amari batez ere samurtasuna. Inork ez zuen esklusibarik hala ere, biek bazuten bestearen aldeko zerbait, proportzio eta era desberdinetan ordea. Probetxuzko pertsonak izan behar genuen, horixe zen helburua, probetxuak gure poltsikoekin zerikusirik ez zuelarik. Denontzako probetxugarri izan behar genuen.

Familia erlijiosoa zen, baina ez oso klerikala. Nahiz eta osaba kaputxinoa dudan eta bi izeba moja, apaizek eta mojek ez zuten botere handirik gurean. Otoitzak, eta Izpirituak batez ere, bai, ordea. Ez zen gurea otoitz luzeetan denbora galtzeko komunitatea, jardunean aritzekoa baizik. Eta batez ere, egoera txarrean zeudenei dena barkatzeko eta laguntzeko asmo sendoa zuena.

Isidro Ansorena Eleizegi, Hernaniarra, txistulari-konpositorea, aitona eta aitapontekoa izan zenuen. Nor izan zen aitona zure bizitzan?

Ume mokoa nintzela, igandero etxeko balkoitik ikusten nuen jai goizetan argi soinuan txistulari eta, geroago, eguerdiz eta arratsaldez, jai egun ia osoa ematen baitzuen jotzen, musu ematera ere joaten nintzaion, plazara jolastera jaisten nintzenean. Ni, ttattar bat izanik, jendearen hankartean hurbiltzen nintzaion eta ondo-ondo hartzen ninduen, irribarretsu. Gustatzen zitzaidan harengana joatea, oso harrera ona egiten zidalako. Jendez inguratuta, ni hurreratzean, dena uzten zuen eta inportantzia ematen zidan. Jontxo, norbait banintzen.

Hala ere, guretzat urruti bizi zen (umeen distantziak!), Hernani kalean, eta egunero nirekin bizi zirenak amona Euxebi eta amona Generosa ziren, amaren aldekoak. Sarri joaten ginen aitona Isidro eta amona Kontxaren etxera, baina normalean anaia Javirekin (Jokinek hamar urte gutxiago dauzka) eta beste lehengusu askorekin batera. Gurea orduan jolastea zen beste kontu guztien gainetik. Beraz ez nion kasu handirik egiten.

Gazte garaian hasi nintzen harreman handiagoa izaten aitona Isidrorekin. Batetik ia jaiero mendira joan eta arratsez menditik jaitsitakoan plazara joaten ginen dantzara. Eta bestetik txistua ikasten hasi nintzen. Hasieran ezkutuan, neure kasa, baina igande batean Isidro etxera bazkaltzera etorri eta amak bazkalondoan haren aurrean jotzera atera arazi (lotsaren lotsaz) zidan. Ez zuen baloraziorik egin, irribarretsu, esaldi bakarra bota zuen: “Aste honetan etor dadila Kontserbatoriora nigana eskola hartzera”. Eta horrela hasi nintzen bere ikasle eta apopilo musikala izaten.

Amona Generosa anaia Javi eta nirekin umetan.

Jose Ignazio zara batailoz, baina Piter, Mirri, Mixki... ezizenekoa. Izen bakoitzaren jatorria edo zergatia azalduko al zenuke?

Aita Ignazio denez, garaiko ohiturari jarraituz josegehizerbaitarren (Jose Mari, Jose Luis, Jose Javier, Jose Andres...) zerrendan sartu ninduten. Hala ere, txikitandik ezizen ugariak izan ditut. Ume garaiko argazkiak ikusten ditudanean, iruditzen zait itsusia nintzela, baina txikitandik zaletu asko nituen. Amak jostun tailerra zeukan eta bertara lanera etortzen ziren guztiak niretzat izebak ziren eta beraien artean sekulako arrakasta neukan. Garbancito de la Mancha esaten zidaten eta ni gustura, musukatzen nindutelako (hori ez zitzaidan asko gustatzen, kolonia usain sarkorra beti gorrotatu izan dudalako) eta goxokiak eta oparitxoak ematen zizkidatelako.

Piter beste bide batetik dator. Ni hamahiru urte izan arte gure auzoan bertan ikasi nuen. Auzoko familia pobreen haur guztien gisan, aurrenik Gazteluko (Urgull mendiko) Eskola Nazionaletara joan ginen anaia zaharrena eta biok. Zazpi urteekin handik atera eta banatu egiten ziren bideak. Bertako familiakoak Los Ángeles ikastetxera joaten ginen, Parrokiako ikastetxea zen, lasalletar fraideek zuzendua. Kanpoko jatorrizkoak gehienetan ondoan zegoen Ensancheko Eskola Nazionalera pasatzen ziren. Garai haietan haur asko zeuden eta fraideen eskolan sartu ahal izateko, abuztuko goizetan “kurtsilllo” bat egin behar izaten zen, goizero, kaian edo plazan ibili beharrean, eskolara. Anaia zaharra han hasita zegoen eta aita-osabak bertako ikasle ohiak ziren. Familia begi onez ikusten zen alegia. Baina nik bihurrikeria batzuk egin nituen eta ez ninduten hartu. Abuztuan sufritu arazi eta gainera kalera.

Bihurrikeriak ez ziren beste mundukoak ere. Fraide potolo bati, “potolo” deitu nion eta tripa laztandu nion, asmo onez. Baina errespetu falta iruditu omen zitzaien, benetan potolo-potoloa zen arren. Eta batez ere ez zidaten barkatu Hermano Tomás izeneko pederasta bati, haurrak egurtzeko zeukan kainabera luze-luzea puskatu izana. Berritsuak ginenak aurreneko lerroan jartzen gintuen (ni lehendabiziko egunetik) eta bere mahaitik mugitu ere egin gabe, zanga ematen zigun kaskarrekoa pitilinberde zale hark. Ni kokoteraino nengoen neure kokotea egurtzeko ohitura horrekin eta, jotzeko asmotan zegoen batean zain nengokion, kainabera harrapatu nion eta kriskras puskatu gela osoaren aurrean. Hura matxinada neurrigabea iruditu omen zitzaien eta Anxorenita, hasi baino lehenago, kalera bidali zuten.

Horren ondorioz, Don Eugenioren ikastetxera joan behar izan nuen. Don Eugenio mal genio esaten zitzaion hau (txiste erraza zen, umore handiko pertsona zelako), fraide izandakoa zen eta oso pertsona berezia. Scola Cantorum-eko presidentea, aitaren laguna beraz, musikazalea, oso pertsona erlijiosoa, baina itxurakeriak batere maite ez zituena, oso euskaltzale eta abertzalea, intuiziozko pedagogoa eta senaz matxinoa, insurgentea. Haren eskolan, ikasi bezainbeste bestelakoak egiten ziren: Urgullera jolastera joan eguzki printza gozoak agertu orduko, danborrada jo pupitre zaharretan, kantatu asko,... Aitak eskatu zion ni bere eskolan (etxebizitza bat besterik ez zen) hartzea eta honek esan omen zion:

—“Inork nahi ez dituen kondar guztiak etortzen zaizkit niri”— egia zen hori.

Aitak erantzun:

—“Gogor egiozu. Etzazula beldurrik izan, behar badu, ondo astintzeko”.

Ez zuen beldurrik izan. Lehendabiziko egunean zaplazteko markakoa jaso nuen. Eta aurrerantzean maiz hartuko nituen. Hala ere, huraxe zen hango egoera, gerra etengabea. Guri ganberroarena egitea zegokigun. Maisuei ordena jartzea. Zentzu guztietan asko ikasi nuen eskola berezi honetan: denbora ondo aprobetxatzen, lagunak egiten, bihurrikeria tamaina berezikoak prestatzen eta ondo borobiltzen, komeni zenean ihes egiten, eta denbora galdu gabe kontu inportanteak ikasten, tarteka liburuetan ere bai. Jolasten ere ederki ikasi nuen, asko jolasten baikinen.

Mundaizen hasi nintzen gero, Don Eugeniorenean bezalaxe, egunero neure hamaiketakorako ogitarteko ederra eramaten nuen. Eta Mundaizko señoritoei atentzioa eman zien neure ogi pusketaren tamainak, beraiek normalean, sanguitxak, natazko bolloak edo litxarreriak jaten zituztelako ordu horretan. Bati bururatu zitzaion Piter PAN izengoitia jartzea, ogiaren tamainarengatik noski. Eta berehala, ogia janda, Piter geratu nintzen. Egun kuadrilako guztiek, lankideek eta jende askok horrelaxe deitzen dit. Ederki dago.

Larramendi ikastetxean irakasle ibili nintzenean ere hainbat ezizen jarri zidaten. Topito, satortxo, agian graziosoena. Txikia eta potxolo samar, antiojo handiak erabiltzen nituen. Ondo asmatua. Baina berehala Mixki neure lehenengo pailazo izena erabiltzen hasi ziren. Niri ondo iruditu eta ikasleei ere bai, horretan konformatu ginen. Egun ere, inork etxera deitzen duenean eta Mixki-rengatik galdetzen duenean, seme-alabek badakite: “Aita, ikasle ohi bat”. Mirri, aldiz, antzeztokitik kanpo eta noizean behingo ume bat edo besteez gainera, ez dit inork deitzen. Atzetik ere, bestelako izenak jarriko dizkidate, baina ahapeka eta ez ditut entzuten.

Garai bateko Mixki.

Nortasun anitzeko pertsona, Showman hitz batez. Ondo hartzen duzu adiera?

Egia da txikitan izan nuela antzeztokian agertzeko aukera. Gure aita Schola Cantorum eta Euskal Bilera abesbatzetako zuzendaria zelako, ume garaian, gu haien entseguetara edo saioetara maiz joaten ginen. Horrela izan nuen antzeztoki batean lehenengo agerpena. Bi ume behar ziren emanaldi batean eta horrela bota gintuzten, baserritar jantzita, anaia Javi eta biok, bost eta hiru urte genituela, Victoria Eugenia Antzeztokira. Ez dut gogoan zertarako zen, bai, ordea, ikuskizun berean Sorgin dantza burutzen zutela eta kaka eginda egon nintzela. Baina ez dakit horrek markatu ote ninduen. Anaiak ez baitu ezer egin antzerkian.

Antzezpena eta telebistaren ibilbide guztia guri ustekabez etorri zaigu. Horregatik ez gara sentitu aktore beste batzuk sentitzen diren moduan. Niri egokitu zait, hainbat alorretan, halako egoera batzuei erantzun beharra eta saiatu naiz ahalik eta ondoen egiten.

Don don kikilikon programa lau urtez Euskal Telebistan eman ondoren, mundu hori uzteko erabakia genuen, nekatuta geundelako. Eta gure lagun guztiak agurtzeko, azken grabazioaren ondoren, Miramongo biltokian bertan, festatxo bat prestatu genuen, show antzeko bat. Hori ikusita, Mikel Lejartzak, geroago Espainiako telebistetako gurú-etako batek, ETBn show bat prestatzeko erregutu zigun. Azkenean, ameto eman genion eta Funtzioa programa burutu genuen. Oso oroitzapen ona dugu programa hartaz. Ez dut uste antzekorik ezta gertutik ere, egin denik geroago Euskal Telebistan. Inori harrokeria irudituko bazaio ere, garbi ikusten dut. Horren ondorioz ere beste hainbatetan egokitu zaigu showak egin beharra. Nik ez nuke esango showmanak garenik, ordea, ganberro lotsagabeak baizik. Musikari eta txistularia

Nondik nora txistularia izatea?

Txistulari profesionala izatera txiripaz iritsi nintzen. Saltsero izateagatik txistuarekin hasi nintzen eta aitonak gonbidatu ninduen bere eskoletara. Ordurako Kresala dantzari talde sortu berrian hasi nintzen, baina dantzari. Denbora pasa-eta, saioak egin behar genituenean txistularia behar eta neroni tartean nengoenez, niri egokitzen zitzaidan jotzea. Aitonarekin hobetuz joan nintzen eta bera erretiratu zenean, Kontserbatorioan oso egoera nahaspilatsua gertatu zen bere ondorengoak ere utzi zuenean. Orduan, halabeharrez, beste hainbat txistulari adiskideekin Kontserbatorioko arazoari aurre egin behar izan genion eta, errebotez, prozesu luze baten ondoren, Katedradun bukatu nuen. Aitak besterik ez zigun etxean esaten: “Musika landu nahi baduzue, zaletu gisan egin, baina ez zaitezte musikaren profesionalak izan”. Izan ere, berak milaka miseria zituen ikusita eta sufrituta musikari profesionalen kontura. Bizitzak aitari ez obeditzera eraman ninduen.

Donostiako Txistulari Taldean eta Musika Kontserbatorian diharduzu edo jardun duzu. Zehaztu pixka bat zure lana eta bi erakunde hauen zeregina?

Katedrari errenuntzia jarri nion aspaldi, Kontserbatorioa utzi eta ia ez dut harremanik berarekin. Gorabehera asko izan dituztela badakit, baina ez naiz zehazten ausartzen. Bete-betean Donostiako Txistulari Taldeko zuzendaritzan ari naiz azken hamabost urteetan. Eta osasun ona dugula esango nuke. Gure eremua ez da musika komertziala, ez gara Berri txarrak ezta La Oreja de Van Gogh ere. Irrati, telebistak eta hedabideek jasotzen ez badute ere, top-mantatik, 40 principalestik, eta antzekoetatik aparte bada bizitza musikalik. Munduan jende soil eta xume asko dago gure musikarekin gozatzen duena. Ez zait iruditzen hori laster batean bukatuko denik.

Gu aritzen garen arloak desberdinak dira. Batetik jaiero argisoinua edo alborada jotzen dugu Donostiako erdiguneko kaleetan barrena. Batzuetan beste auzoetara joaten gara, festak direnean eta horrelakoetan, baina gehienetan erdigunean aritzen gara. Oso harrera ona duen ekitaldia da.

Jai eguerdietan kontzertua jotzen dugu Konstituzio Plazan. Kale giroko kontzertua da, baina maila onekoa eta publikoa atseginez bertaratzen da. Hori aurpegietan eta txaloetan igartzen dugu noski. Han ibiltzen dira umeak gure inguruan bueltaka. Horrek ematen digu poz berezia, haurren poztasuna guri ere igarotzen zaigu.

Egun seinalatuetan kontzertu berezia izaten da, dela Gabonetako doinuei eskainia, iñauteriko dantzak, edo beste edozein aitzakia. Eta erromeriak ere jotzen ditugu, jendeari dantza egin araziz. Hori plazerra!

Taldeak Udalaren behar heraldikoak ere betetzen ditu. Alegia, zeremonietan eta protokolo ekitaldietan, antzinatik dagoen ohiturari jarraituz, geure musikaz hornitzeko funtzioa dagokigu. Gure herrian eginkizun honek arazo asko eman izan dizkigu, edozein txotxolo ezjakinak edozer esan eta egin dezakeela uste duelako politika salbatzailearen izenean bada. Hala ere, badakigu herri baten bizitzan alderdi honek garrantzia duela eta ondo zaintzen dugu. Maiz udal agintarien borondatearen kontra ere.

Horretaz gainera, Udalaren Patronatoen zerbitzuan ere bagara. Gehientsuenekin kolaboratzen dugu: Mugikortasuna, Euskara, Kultura, Festak, Zorroaga... Batek lehiaketa bat antolatu duela, Zorroagako Zahar etxean jaialdia dutela, edozein momentutan ikus eta entzun daitezke Donostiako txistulariak bazterretan soinua jotzen.

Eta, estu begiratuta, alderdi musikalena, bestelako moduan ere kontzertuak ematen ditugu: Ganbera Musika alegia. Donostiako abesbatza askorekin aritzen gara elkarren arteko lanean, kanpora ere ateratzen gara kontratatuta, ... Horretaz gainera, beste hamaika elkarte eta antolaketetan kolaboratzaile ibiltzen gara: Kantu Jira, hondartzako futbola, Dantzarien Biltzarra, Etxe erregionalen Federazioa, elkarte kultural eta gastronomiko asko... Benetan lan asko eta gustagarria egiten dugu Donostiako txistulariok.

Argazkia: Diario de Noticias. Iban Aguinaga.

Zein egoera bizi du txistuak? Txistulariek, berriz? Zuk zeuk?

Musika aldetik, gure taldeko guztiak musikari osoak dira. Txistulariak bai, baina ikasketa musikalak osatuta dauzkate, Donostiako Musika Eskolako irakasleak dira eta hau lanaren atal bat da, beste tresnak ere jotzen dituzte (teklatua, baxu elektrikoa, tronpetak, perkusioak...) eta horrek gure taldeari oso egitura aldakorra izateko aukera ematen dio. Batzuetan txistulari tradizionalaren egituran jotzen badugu ere, besteetan herri orkestratxo bihurtzen gara eta edozein tresna jotzaile, dantzari talde edo kantari laguntzeko gauza gara. Gure errepertorioan ere oso musika berritzaileen ondoan, antzinako doinuak elkartzen dira.

Lan handia ematen du gure jardunak, baina merezi du. Asko eman behar da. Beste hainbeste edo gehiago jasotzen da.

Gure aitona Isidrori Donostiako musikaren jauntxo batek behin honela galdetu zion:

—“Isidro, usted con el sentido musical que tiene y sus dotes, ¿cómo no se ha dedicado al violín o al clarinete? ¡Qué pena haber desperdiciado así sus posibilidades!”—Isidrok unean bertan ez zion erantzun. Baina handik egun batzuetara, berriro jauntxo babalorearekin topatzean, honela esan zion:

— “Comenté con mis compañeros de la Banda lo que me dijo usted el día pasado”.

— “¿Y qué le respondieron?”

— “Me contestaron: ¿quién es el majadero que te ha dicho eso?”

Neuk ere horixe esan beharko nuke. Ez naiz inoiz txistulari izateaz damutu. Pailazoa (Txirri, Mirri eta Txiribiton)

Nondik nora pailazo izatea? Zer izan da Txirri, Mirri eta Txiribiton esperientzia zure bizitzan?

Txistulari nola, bada, pailazo ere bizitzak egin nau. Gu euskararen aldeko eginkizunetan murgilduta genbiltzan Kresala Elkartean eta horien artean haurrentzako jaialdiak antolatzen genituen. Antzerkiak, lehiaketak, jolasak, txokolatadak,... denetarik euskal giroa pizteko 1970.aren inguruan, arlo horretan basamortu ematen zuen Donostian. Giro horretan sortu zen pailazo talde bat eratzeko ideia. Xabier listoarena egiteko aukeratu genuen, ziur asko dotoreena zelako. Ni txiki, trakets eta bihurria nintzenez, lehenengo tontoa izateko. Eta potolo eta lasaia zen Andoni Ezeiza, Pottoki, bigarren tonto mutua jarri genuen. Arrakastatsu gertatu zen, leku guztietatik deika hasi zitzaizkigun eta horrela burutu genituen hamahiru urte Kixki ta Mixki ta Kaxkamelon taldearekin. Urte guzti horietan ez genuen xentimorik eraman gure poltsikoetara. Gratis et amore, doi-doi gastuak estaltzeko kobratzen genuen. Eta zerbait sobratzen bazen, garai hartako euskalgintzaren beharretara eskaintzen genien.

Txirri, Mirri eta Txiribiton taldeak 25 urte bete zuen iaz Euskal Telebistan. Zer balantze egiten duzu hedabide horretan egindako lanez?

Hamahiru urte eta gero, krisian geundenean, Euskal Telebistaren eskaintza suertatu zen, beste euskal pailazo talderik ez baitzen artean. Horrek batetik krisia areagotu egin zuen eta bestetik taldea eraberritu, Andoni Ezeizak taldea utzita eta Txema Vitoria gurekin hasi zelarik. Orduan sortu ziren Txirri, Mirri eta Txiribiton. Guretzat esperientzia paregabea izan da. Euskal kulturaren proiektu garrantzitsu horretan, euskarazko telebistan, kolaboratzaile izan gara urte askotan lehendabiziko lerroan. Intentsitatez bizi izan dugu eta gure sormenak ere bertan eragina izan duela ausartzen naiz esaten. Pailazoen programaz hasi, baina bestelako asko ere egin ditugu: Funtzioa, Balinda, Txiskola, Sikofonia... Lekutxo bat badugu Euskal Telebistaren historian.

Telebistan jarduteak herri honen egoera xestratsuaren erdian ere kokatu gaitu. EAJkoak ginela eta horregatik geundela hor, entxufatu batzuk ginela... Batzuk ederki aprobetxatu dute gezur hori gure kontra egiteko. Eta beste batzuk ez digute mingaina aske erabiltzea barkatu. Allakuidaus! Pailazo izateak hori dena umorez eta distantziaz ikusteko bidea ematen du. Pailazoarena egiten hasten zara eta azkenean pailazo bihurtzen zara. Alegia, pailazo izatea jardun arriskutsua da. Izatez pailazoa matxinoa delako: harropuzkeriaren kontrako iraultzailea, iraultzaile dogmatikoaren burlatzailea, burlatzaile hutsen zirikatzailea eta batez ere handi-mandikien xaxatzailea. Pailazotza droga gogorra da. Gu dagoeneko menpean gaitu.

Orain gure seme-alabak hor dabiltza herriz-herri. Gure fotokopiak omen dira. Jarraitzen badute, noizbait beraiek izango dira Txirri, Mirri eta Txiribiton (orain erabiltzen duten junior kenduta) eta gu seniorrak izatera pasako gara. Bizitzaren legea da. Oraindik, hala ere, falta zaie. Urteek ajeak ekartzen dituzte, baina eskarmentua ere bai. Eta gure urteak horretan ez dira alferrik igaro.

Ez dakit etorkizunik duen pailazotzak gure artean. Pailazo jantzita mengelarena egiten duten ugariak ikusten ditut bazterretan. Baina pailazo kategoriazko batzuk ere badira. Itxaropena ez dugu galdu behar.

Argazkia: Judith Fernández. Hedabideak eta komunikazioa

Hedabideen mundua ezagutzen duzu, modu batez edo bestez. Zer iritzi duzu oro har egungo komunikazioen bitartekoez?

Zoritxarrez, egun hedabide estandar gehienak (egunkariak, telebistak, irratiak...) jabearen ahotsa besterik ez dira, boteretsuen morroiak. Libertatearen aldeko jardunak zirrikituak bilatu behar izan ditu beti handik bere argiaren printzak ager daitezen. Beti kosta izan da zirrikitu horiek aurkitzea eta topatu direnean oso estuak izan dira. Izpiritu libreak ohituta daude horretan eta zailduta, inoiz ez baita erraza izan botere gose dabiltzanen artean mugitzea. Azken boladan areago, konformidade sozial apatiko denboraldian gaudelako. Hala ere, gero eta indar handiagoa hartzen ari dira hedabide berriak, oraindik kontrolatzeko modurik asmatu ezin zaienak: blogariak, internet sarearen bitartez zabaltzen diren aldizkari txikiak...

Zer da zuretzat komunikazioa?

Komunikatzea izango da, beharbada, pertsonok dugun eginkizunik zailenetakoa. Besteei zerbait adieraztea, eduki intelektuala dela, sentimentala, emoziozkoa... Zaila. Aurreneko lana, nor bere buruarekin komunikatzea, ez da makala. Nik neuk berrehun mila ahots kontrajarri aurkitzen ditut neure baitan edozein arazoren aurrean. Alde guztietatik astintzen naute etortzen zaizkidan ideiak, burutapenak, sentimenduak. Maiz nahastura horretatik guztiz ateratzea ezinezkoa zait. Pentsatuz eta batez ere pentsamendu eta sentimenduaren arteko oreka ahaleginetan bilatu izaten dut irtenbidea. Horrela ikusten ohi dut argi pixka bat, nondik joan daitekeen kontua. Ia inoiz ez erabateko ziurtasunez, baina bidezidorraren arrasto txikia somatzen dudala iruditzen zait. Hortik abiatzea izaten da, beldurrik gabe baina tentuz, aurreko intuizioaren frogantza antzekoa izateko era.

Horrela helduta, besteei konplexutasun hori azaltzea erabat ezinezkoa da. Niretzat behinik behin. Saiatzen naiz neure kezka abiapuntu zein izan diren agertzen eta nolako zurrunbilotan sartu naizen adierazten. Baina beti geratzen zait nahaspila handia antolatu dudan sentsazioa eta inork ezer gutxi entenditzea lortu dudan mingostasuna. Espero dut gutxienez, neure komunikazio ekitaldietan, entzuleak, ikusleak edo irakurleak saiakera ondratuaren gonbitea sentitzea. Besterik eskaintzeko ez dit mainak ematen.

Nire ustez zuzeneko komunikazioan ibiltzen naiz iaioen. Jendearen aurrean, nire jarduna begietara zuzenduz eta gorputz osoa lagungarri dudala, nire mezuak sinesgarriago gertatzen direla iruditzen zait. Ahots hutsez ez horren ondo, ahots txiki eta traketsa dudalako. Eta idatziz are okerrago agian, ez baitut nahikoa trebezia neure burmuinetako eltzean egosten dena plateretan ondo zerbitzatzeko. Zerbait idazten dudan hainbatetan seme-alabei pasatzen diet eta galdetzen: “Ulertzen al da?”. Beraiek normalean baietz esaten didate eta niri gupidaz edo aita plastamari hori gainetik kentzeko esaten didaten sentsazioa geratzen zait.

“Alde Zaharrekoa naiz, noski. Egun ere, baina gure umetan gehiago, Alde Zaharra herri txiki baten antzekoa zen. Harri koskorrak ere ezagutzen genituen eta harri koskorrek ere ezagutzen gintuzten”.

“Euskara ez zen entzuten, ez bazen etxe azpian saltzaile jartzen ziren baserritarren artean. Gure bi amonak euskaldun beteak ziren arren, ez zuten euskaraz egiten. Gurasoek ez zekiten euskaraz. Eguneroko jardunean euskal jatorriko esanmolde eta hitz asko erabiltzen genituen (bertan txulo, abiadura...), baina gaztelaniaz mintzatzen ginen”.

“Igande batean Isidro aitona bazkaltzera etorri zen etxera eta amak bazkalondoan haren aurrean jotzera atera arazi (lotsaren lotsaz) zidan. Ez zuen baloraziorik egin, irribarretsu, esaldi bakarra bota zuen: ‘Aste honetan etor dadila Kontserbatoriora nigana eskola hartzera’. Eta horrela hasi nintzen bere ikasle eta apopilo musikala izaten”.

“Telebistan jarduteak herri honen egoera xestratsuaren erdian ere kokatu gaitu. EAJkoak ginela eta horregatik geundela hor, entxufatu batzuk ginela... Batzuk ederki aprobetxatu dute gezur hori gure kontra egiteko. Eta beste batzuk ez digute mingaina aske erabiltzea barkatu. Allakuidaus!”.

“Gero eta indar handiagoa hartzen ari dira hedabide berriak, oraindik kontrolatzeko modurik asmatu ezin zaienak: blogariak, internet sarearen bitartez zabaltzen diren aldizkari txikiak...”. Jose Ignazio Ansorena Miner (Donostia, 1953) Mixki, Mirri eta Piter ezizenez ere ezagutua. Txistulari, pailazo eta showman gipuzkoarra da. Euskal musikarenganako zaletasun handiko familia batean jaioa, Isidro Ansorena txistulari maisu ospetsua irakasle, aitona eta aitaponteko izan zuen. Berarekin burutu zituen txistu-danbolin ikasketak Donostiako Kontserbatorioan bestelako musika arloekin batera. Filosofia eta Letretako Lizentziatura lortu zuen Deustuko Unibertsitateko EUTG donostiar ikastetxean, Filologia Erromanikoaren arloan. Bederatzi urtez gazteen irakasle izan zen Hizkuntza, Literatura eta Dramatizazio arloetan Donostiako Manuel de Larramendi ikastetxean. Txirri, Mirri eta Txiribiton hiruko famatuaren partaide. Donostiako Txistulari Taldeko Zuzendaria. Bertako Kontserbatorio Nagusiko Txistu Katedradun ohia. Txistulari nahiz pailazo lanetan, hamaika lanaren egilea. Saritua musika alorrean. Felipe Arrese-Beitia poesia lehiaketa irabazi zuen 1982aan
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Lucía Lacarra. Ballet-dantzaria: Lanbide honetan, ez da kontuan hartzen nor zaren, nola egiten duzun baizik

 

Irakurri

Susana Serrano Abad. Ikertzailea: Nire ustez, Bilbo ez da aisia- eta turismo-hiria soilik. Berrindustrializazioari ekitea ezinbestekoa da

 

Irakurri

Pablo Muñoz. Kazetaria: Ez dago ikerketa-kazetaritzarik, materiala biltzeko kazetaritza baizik

 

Irakurri

Gustav Henningsen. Folklorista eta historialaria: Jazarpena hedatu aurretik, sorginkeria satanikoa ezezaguna zen euskaldunen artean

 

Irakurri

Juan Jose Agirre. Lazkaoko Artxiboaren sortzailea: Artxibo lanari ekin aurreko nire senak esaten zidan esfortzuak merezi izango zuela

 

Irakurri