Juan Luis Moraza. Eskultorea: Artea da dagoen jarduera demokratikoena, kulturaren gainetik edonor edozer izan baitaiteke

2009-06-12

SALABERRIA, Urkiri

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Madrilera joan gara, Juan Luis Moraza egungo artista handienetakoa bisitatzera. Eguna argitsu dago, eta eguzki epelak aurpegialdea laztantzen digu Prado Museotik gertu paseoan goazela. Buen Retiro Parketik metro gutxira dauka Morazak estudioa. Gizaki gehienentzat oso zaila da artisten estudioetan sartzea, artistek arretaz gordetzen dituztelako beren arimen gordeleku horiek, alkimista estetikoen eskuetatik sortzen den magia gauzatzen direneko lekuak. Morazaren estudioa mugarik gabeko eremua da, artista bera bezala.

Zure testu bat bereziki ederra iruditu zait. Bertan diozu Vals bat dantzatzen dugunean denboran atzera egiteko gai garela. Dantzatuko gara zure haurtzaroraino? Zer oroitzapen dituzu? Familiako aurrekariren batek eraginik izan al zuen zure ibilbide artistikoan?

Denborak aurrera egin ahala jakin nuen aurrekariak nituela. Parisen beste Moraza bat egon zen, margolari inpresionista. Beste margolari bat, Ángel Moraza, Pajarita taldekoa izan zen 50eko hamarkadan, eta amaren aldetik beste margolari bat ere izan zen, Inocencia Asarta, XIX. mende amaierakoa, Iruñekoa. Eta dirudienez, bi anaia irudigile italiar, Morazza anaiak, Gasteizera joan ziren XVII. mendean eta bertan sortu zen leinua. Baina familiako erreferente horiek orain dela gutxi ezagutu ditut. Horregatik, nire Arte-zaletasuna haurtzaroko indar batetik sortu zitzaidan batez ere, begiratzeaz gain gainerakoei nire begirada eskaintzera eraman ninduena.

Gogoratzen al duzu indar hori agerian jarri zeneko uneren bat, ala besterik gabe sortu zen?

Beste artista batzuei galdetuz gero, guztiek esango dizute haurrak zirela egoera bereziren bat bizi izan zutela, eta bizipen horrek beren ibilbidea baldintzatu zuela. Nik neuk gogoan dut lau urte nituela bazkalostean biaoa egitera behartzen gintuztela haur guztiok, baina nik gorroto nuen biaoa. Halako batean, bolalumaz zezen-plaza bat marraztu nuen burkoan. Oso-osorik marraztu omen nuen, hainbat zezenekin. Hainbat uneren jarraipena marraztu nuen; alde batean zenbait toreatzailek banderatxoak jartzen zizkieten zezenari, bestaldean pikadorea zegoen... eta zirkulu sakratu horren inguruan ikusleak ageri ziren.

Zer dela-eta marraztu zenuen zezen-plaza hori?

Ez dakit, baina marrazki hura egin baino aste batzuk lehenago, etxera telebista bat ekarri zutela uste dut. Zuri-beltzekoa zen, baina nik koloretakoa dut gogoan. Garai hartan oso ohikoak ziren zezenketa-emanaldiak. Baina zerk harritu dezake lau urteko haur bat horrenbeste, bere marrazkietan behin eta berriz agertzeko?

Behin eta berriz?

Bai, urte hartan bertan eskolan hasi nintzen eta zezen-plaza bera marraztu nuen berriz ere. Irakasleak harrituta eta liluratuta zuzendariaren bulegora eraman ninduen.

Eta etxean, nola erantzun zuten burkoan marrazkia ikustean?

Etxean eskandalua izan zen burkoa “hondatu” nuelako, eta esan zidaten burkoaren estalkia lixiban busti zutela, marrazkia ezabatu ahal izateko. (Barrezka) Baina gerora, damutu egin ziren gorde ez izanaz.

Horrenbestez, alde batetik lehen erantzuna eskandaluarena izan zen, baina beste alde batetik lilurarena ere bai, irakasleak trebetasun lan bikain gisa erakutsi baitzion marrazkia zuzendariari. Egia esan, nire lanek beti jasotzen dute erantzun bera: bikoitza, anbibalentea.

Zer oroitzapen duzu eskola-garaiaz? Zein eskolatara joaten zinen?

Gasteizen, Samaniego Eskolara joan nintzen. Eskola mistoa zen. Eskolara joatea nire mundu bereko jende askorekin bat egitea izan zen niretzat, adin bereko jendea, jolastea gustuko zuena. Nire eskolaren alderdi onena zen eskolaz kanpoko jarduera asko zituela, besteak beste, antzerki-taldea eta abesbatza genituen, eta eskolan izan nintzen denboran bi talde horietan hartu nuen parte. Eskolan, marrazteko nuen gaitasuna, begiratzeko eta begirada finkatzeko gaitasuna oso konplexua zen, eta eragin handia zuen nigan eta besteengan. Pribilegiatua nintzen, ikaskideek ikasgaia ikasten zuten bitartean, koloretako klarionaz marrazten bainuen nik, digestio-aparatua esaterako, eta marrazkia amaitzean horren ondo ezagutzen nuenez ez nuen ikasi behar. Abantaila handia zen niretzat. Horregatik, diskurtsoan baino gehiago, zentzumenen pertzepzioan hezi nintzen.

Zer da zentzumenen pertzepzioan heztea?

Zerbait marrazten edo margotzen duzunean, zeure egiten duzu irudikatzen duzun hori, gauzarik txikiena ere zure barrenetik igaro da arkatz edo pintzelera iritsi aurretik. Trebetasun horri esker, ikasketa espediente bikaina izan nuen. Azterketetan marrazkiaz oroitzen nintzen, eta marrazki horretatik ateratzen zen gainerako guztia.

Hezkuntza-sistema diskurtsiboaren ordez zentzumenetan oinarritutakoa ezarri beharko litzateke zure ustez?

Zorionez hori ere aldatzen ari da, esaterako, eskolaurretik plastikaren bitartez ikasten dute haurrek irakurtzen eta idazten. Plastika pixkanaka beste ikasgaien ardatz bihurtzen ari da, baina ez behar beste, askok bigarren mailako ikasgaitzat hartzen dutelako oraindik. Seguru nago arlo kognitiboan hori dela logikoena. Modelatuz, marraztuz edo eraikiz sortzen den jakituria plastikoa, ikusizkoa, ukimen-jakituria ezin hobea da edozer ikasteko. Nik neure iritzia daukat hezkuntza-sistemari buruz... (irribarrez) baina oso luze joko luke osorik azaltzeak!

Mesedez.

Esaterako, nire ustez, bost urteko haurrek nerabezaroaurrean dauden hamabi urteko gazteek baino gaitasun gehiago dute erlatibitatearen teoria ikasteko.

(Isilunea) (Elkarri begiratu eta irribarre egin dugu)

Ondo baderitzozu, jarrai dezagun zure ikasketa-ibilbidea aztertzen.

Batxilergoan, egun osoa marrazten igarotzen nuenez, gurasoek akademia batera eraman ninduten. Bertan, irakasle gor-mutua izan nuen. Gonzalo Bilbao zen eta zorte handia izan nuen berarekin. Egunero joaten nintzen bertara, bi edo hiru ordu egunean, urte askoan. Baina nola elkar ulertu hitz egiten eta entzuten ez duen irakasle batekin? Begiradetan, keinuetan eta ukimenean zegoen ulermena. Irakasleak gure eskuan marrazten zuen, edo guk haren eskuan. Horixe da zer gertatzen den jakiteko bide zuzenena. Horregatik, zientzien batxilergoa amaitu nuenean Arte Ederrei ekitea erabaki nuen.

Eta etxean?

Egia esan ez zitzaien asko gustatu. Izan ere, espediente akademiko bikaina nuen, eta guztiek espero zuten joera artistikoari lotutako ikasketa teknikoak egingo nituela; Arkitekto izatea zen nire patua, baina nik ez nuen halakorik nahi. Arte Ederrak ikasi nahi nituen.

Nolakoa zen garai hartako Arte Ederren Eskola?

1942ko plana zuen eskolak, Euskal Herrian liskar politiko txiki baten ondorioz sortua. Lanbide artistikoak eta beste zenbait proiektu ikasteko (inoiz gauzatu ez zirenak edo gauzatu zirenean azkenean okertu egin zirenak), Oteizak ikastetxe bat sortzeko eginiko proposamenari Frankoren gobernuak emaniko erantzuna izan zen. Irakasleak onak ziren, Kataluniatik zetozen asko, eta horiei esker geroago posible izan ziren beste hainbat gauza, baina ni ikastetxean sartu nintzenean, artearen irakaskuntzak ez zeukan zerikusirik orduko artearekin. Ikastetxeak alde on eta txarrak zituen, irakaskuntzak hemeretzigarren mendeko kutsua zuen. Gauza naturalak marrazten ziren eredu bizidunak erabiliz, antzinako jantzien ikasgaiak genituen, eta esaterako, burkoen tolesdurak irudikatzen ikasi behar genuen. Beste zenbait ikasgai ere bagenituen; kristau liturgia esaterako, identifikazio ikonografikoko ikasgaia, eta halakoetan, emakume baten irudia ageri da, erretilu bat eskuetan eta bi bularrak ebakita dituela... Agata Santua da.

Edo Katalina Santua...

Baina Katalina Santua izateko, gurpila ere ikusi behar da. (Barrezka)

70eko hamarkada amaieran, Arte Ederren Eskola nolakoa zen esaten ari ginen: batetik, garai hura oso bizia zen, eta bestetik, nazioarteko artean zer egiten zuten jakiteko sena eta gogoa zuen jendeak. Izan ere, oso gutxi genekien nazioarteko arteaz, eta hala, kezka bera zituzten ikasleekin egin nuen bat lehenengoz, solaskideak ziren niretzat. Ni bezain jende arraroa edo are arraroagoa, eta pasio bera zuena: artea. Jasotzen ari ginenarekin ase ez eta bidaiatuz hezi ginen neurri handi batean, artisten tailerrak bisitatuz, hitz eginez, erakusketak eta bestelakoak ikusiz.

Nortzuk dira solaskide horiek?

Nire ikaskideak, nire belaunaldikoak ziren, besteak beste, Txomin Badiola, Darío Urzay, Jesus Mari Lazkano, Marisa Fernández, Elena Mendizábal, Inés Medina eta egun Bilbon, garaiko artean lanean indartsu ari diren hainbat artista. Roscubas anaiek, Morquillas eta Iñaki de la Fuentek izan zuten gugan eragin handiena, oso talde garrantzitsua zen.

Nola igaro zinen Eskolatik Fakultatera?

1979an, Eskolak Fakultate bihurtzeko lege dekretu bat onartu zen. Orduan, ikasketen erdian nengoen ni. Ondorioz, plan zaharra osorik egin nuen. Marrazketa-irakasle aritzeko gai nintzen, baina ez nintzen lizentziaduna eta horrenbestez, tesina egin nuen lizentziatura eskuratzeko. Aldaketa hori itxaropeenez bizi izan genuen, denok geundelako horren zain. Tartean gertakari dibertigarri bat ere izan zen; garai hartan Oteiza ezagutu genuen, Begoña Intxaustegiren bitartez. Hainbat lagunek Arte Ederretan interesa genuela ikusita, Oteizak keinu histrionikoa eginez ETAren komando batekin mehatxu egin zuen, Eskola errotik aldatu ezean. Une hartan ekitaldi aretoan biltzeko dei egin zion ikastetxe osoari, purua eskuan, lurrikara bailitzan. Ikasleek, irakasleek eta Eskolako zuzendariak berak “ados” esan zuten. (Irribarrez) Ez, ordea, beldurrez, bagenekielako txantxa zela... Orduko zuzendari Pedro Guaschek eta zenbait irakaslek Oteizaren proposamenarekin bat egin zuten, ikasketa-planak aldatu eta artista euskaldunak integratzeko, titulaziorik izan ez arren, Eskolaren eta gizartearen arteko harremana indartzeko. Eta horrelaxe sortu zen ikasketa-plan berria, eta Iñaki de la Fuente, Javier Morrás, Agustín Ibarrola eta beste zenbait artista sartu ziren zentroan, lehen Eusko Jaurlaritzaren kontratuarekin. Oso prozesu aberatsa izan zen. Bat-batean Unibertsitatean geundela sentitzeak beldurtu egiten gintuen, ikasgai ez artistikoez gainezka egongo ginela uste baikenuen, artistikoak ez diren protokoloak eta moduak exijituko zizkigutela. Baina harro ere bageunden, lan handia geneukalako egiteko.

Garrantzitsua da Arte Ederrak Unibertsitate-ikasketak izatea?

Arte Ederren Fakultateek hogeita hamar urte bete dituzte eta oso urte emankorrak izan direla uste dut. Era guztietako lan egoerei aurre egiteko artista prestatuak sortu dituztelako. Ildo horretan, Arte Ederretako lizentziadunak dira lana errazen aurkitzen dutenak, aldakorrak direlako, artista izateko prestatuta daudelako, ez edozer egiteko prestatzen dituztelako, tailerraren sentsibilitateak aldakortasun intuitibo eta praktiko garrantzitsua ematen duelako baizik. Unibertsitateko ikasle izateak artearen berezko dimentsioa egiaztatzeko gaitasuna eman digu ikasle eta irakasleoi. Objektuen fabrika izateaz gain, mundua ikusteko modua ere badelako artea, begiratzeko modu berezia, bizia ikusteko modu berezia, esperientzia antolatzekoa, ingurukoekin harremanetan jartzekoa, eta abar. Bestalde, Unibertsitateak behartuta, Arte Ederrek beste diziplina batzuekin jarri behar izan dute harremanetan, eta hori oso baikorra izan da guretzat. Batetik, Oteizaren ideietatik abiatuta, eta bestetik arte kontzeptualaren ideietatik abiatuta, bat-batean fenomenologia, estrukturalismoa, antropologia, semiologia eta abar ikasketa faktore gisa sartu ziren. Hau da, aurretik artea aztergai zuten diziplina osagarriak, baina Fakultatean erantzunak bilatzeko gai zirenak. Artea ez zen beraz antropologiaren aztergai, arteak eskaintzen duen ikuspegi antropologikoa baizik.

Ikasketak amaitu zenituenean Bilbon geratu eta zure tailerra sortu zenuen?

Ez. Ikasketak amaitzean, Gasteiza itzuli eta marrazketa akademia bat sortu nuen Marisa Fernandezekin. Nire lankidea zen CVAn. Gure akademiak arrakasta handia izan zuen, bi ikasle bikain izan genituelako. Xake txapelduna izan zen bat eta publizitate arloko sortzailea bestea. Azken horrek kontratatu egin ninduen agentziarentzat marrazkilari aritzeko. Horrenbestez, akademiak izan zuen arrakastaren ostean aldatzea erabaki nuen, eta bitartean idazkari aritu nintzen Gizarte Segurantzan. Urtebeteren ostean, Pedro Manterolak berriro gomendatu zidan Fakultatera itzultzea, irakasle plazak zeudela eta.

Egun irakaslea zara Vigoko Unibertsitatean. Nolakoak dira egungo gazteak?

Urtero, lehen eskola egunean, oinarrizko hiru printzipio ditudala esaten diet ikasleei. Lehenengoa, garapenaren printzipioa: Darwini arrazoia emanez gero, ni neu gertuago nago eukariototik edo primatetik haiek baino, ni baino garatuago daudelako, eta ondorioz hobeto prestaturik daude etorkizunari aurre egiteko. Garapenaren teoria horretatik, ezinezko ahalegina egitean datza irakaskuntza, nik haiengandik ez dakidana haiek nitaz ez dakizkiten hitzez itzulita. Horixe da lehen printzipioa, belaunaldien arteko komunikazio-eremu baterako denbora eta espazioa finkatzea, noski bi aldeek ikasteko.

Eta zein da bigarren printzipioa?

Gozamen-printzipioa. Masaien esaera baten arabera, inork ez du Lurra arbasoengandik jasotzen, ondorengoengandik maileguan hartzen du. Horrek esan nahi du jakituriak ez duela jaberik, gozatu egin dezakegu baina ondorengoena da. Ez dago Unibertsitateak kontserbatu eta transmititu behar duen jakituria-gordailurik, ez dago asmatu gabe kontserbatzerik, horixe da ondarea kontserbatzeko bide bakarra. Izan ere, artistak ondare sortzaileak dira oinarrian. Eta ikasleei ematen diedan hirugarren printzipioa teoria iraungikorrarena da. Hau da, ni irakasle ona banaiz alferrikakoa naiz, nik ematen ditudan baliabide guztiak (materialak, sentsibleak, pertzeptiboak) hartzaileak barneratzen dituenean baino ez dira existitzen, eta hartzaileak barneratzen dituenean, ni ez naiz beharrezkoa.

Baina, nolakoak dira zure ustez egungo gazteak?

Beti bezala gertatzen da (irribarrez). Gutxi batzuek interes gutxi dute, ziur dakizu ez dutela arteari emanda bizitzeko gogorik, ez dutela ez ardurarik ez gaitasunik, beste edozer gauza laudagarritan aritu daitezke; irakasle, zinema kameralari... Baina pena pixka bat ere sorrarazten dizute. Bestalde, apatikoak ere badaude, axolagabeak, eta azkenik oso jende bitxia ere badago. Ez da egia gazteei ez zaiela ezer interesatzen, ez da egia. Mundua ikusteko begiradak sortutako ikusizko efektua baino ez da hori.

Irakasle izateaz gain, ordea, artista ere bazara...

Nik neuk alderantziz esango nuke, baina horretaz hizketan hasi garenez, bai, hala da. Eskultorea naiz, eta ondoren irakaslea.

Nola uztartzen dituzu bi jarduerak?

Enplegu-aniztasun interesgarria da. Irakasle lana transmititu-nahiaren arloan kokatzen dut. Artean beti behar da joan-etorria. Artea zer den galdetu zidaten behin, eta dama batek erortzen uzten duen zapia dela erantzun nuen nik, gizonezkoren batek jasoko duen zain. Ezin diozu errua gizonari leporatu, zapia jasotzen ez badu. Dama da erantzulea berak hasi duelako jolasa, artistak obra bat hasten duenean bezalaxe. Enplegu-aniztasuna interesgarria da, bi jardueren oinarrian transmititzeko asmoa egon arren, muskulu ezberdinak direlako. Tailerra eremu erabat zalantzazkoa da. Ia hogeita hamar urte daramatzat erakusketak egiten eta tailerrera sartzen naizenean ez dut inoiz jakiten zer gertatuko den, ikaratuta egoten naiz. Diskurtsoaren eta transmisioaren arloa, berriz, bigarren mailako kontua da. Testuak, hitzaldiak, eskolak ondotik datoz eta gero eta gutxiago hitz egin dezaket tailerrean egiten dudanaz, ez baitakit egiten ari naizenean nola egin. Horregatik, irakaskuntza atsedena ere bada neurri batean. Zalantzazko zopa horretatik ordena kontzentratuak sortzen direla dirudi. Hozkailuak, termodinamikaren arabera, ordena kristalinoa sortzen du barnean, baina kanpora energia-desordena jariatuz, beroa alegia. Tailerra hozkailuaren erabat kontrakoa da, barnetik presio-eltzea da, beroa eta arraroa, baina kanpotik ordenatua dirudi. Artea “negentropikoa” da, ez dakar nahasmendurik mundura, hala ulertzen dut nik artea, arnasa hartu eta botatzea, sartu-ateratzea, alegia.

Nolakoa da zure sortze prozesua? Baduzu metodologiarik? Inspirazioaren zain egoten zara?

Inspirazioaren zain egoteak ez du zentzurik. Inspirazioak guztion telefonoa du eskura, baina zuk ez duzu harena. Lanean zaudela harrapatzen bazaitu ere ekin egin behar diozu. Koaderno txiki bat eramaten dut beti aldean, sentsibilitatetik eta burutik igarotzen diren ideiak oso azkarrak direlako, eta idatzi ezean litekeena delako desagertzea, eta inoiz ez dakizu garrantzitsua izango den. Bilatzen ditugun datuak baino ez omen ditugu hartzen, beraz, hobe da ez bilatzea. Asian Zen begirada esaten diote horri: begira zaude, baina ez diozu ezeri makulaz begiratzen, ikusgai duzun eremuan dagoen edozeri begiratzen diozu, ez zarelako ezer bilatzen ari. Halakoa izan daiteke prozesua, “eskuak lanean eta burua argi”. Horixe zen 80ko hamarkadako joko hezitzaile haien eslogana. Eskuez lan egiten dugunean, espiritua laztantzen dugu.

Baduzu material kutunik?

Ni ez naiz materia lantzen duen eskultorea. Zenbait eskultorek material jakin bat lantzen dute, bikain ezagutzen dutena. Baita irudi eta forma sortak ere. Baina nik ez dut material bakarra ezagutu nahi. Material eta prozeduretan sustrairik ez duen artista naiz ni. Gauza asko egin ditut, oso ezberdinak.

Zer berezitasun dute Morazaren lanek?

Materialak gainditzen eta eragiten dituen zerbait dute. Ez naiz ezertan aditua, ez dut materialik bikain ezagutzen. Ezezagunak zaizkidan zereginetan murgiltzen naiz.

Arte bakoitzak zentzumen bat al du? Musika eta belarria, pintura eta ikusmena...

Diziplina bakoitza adimen mota batean indartu dela esan genezake. Baina horrek ez du esan nahi adimen bakoitzak besteak biltzen ez dituenik. Musikagile edo interprete bikaina izateko ez da aski belarri ona izatea, bestelako ezaugarriak behar dira musika kulturaz gain. Hau da, musikaren kulturak gizarte-kultura, literatur kultura eta piktorikoa ere behar ditu, eta sortzeko, gainerako guztia ere behar dugu. Konposatzeko, gorputz esperientzia hartzen da abiapuntu, eta esperientzia hori ezberdina da instrumentu bat edo beste bat ezagututa, nork bere hurbilketa egiten baitu. Ezin diogu gorputzari ihes egin. Gorputza muga bat da, bestelako mugak sortzen dituen muga batean eragiten duelako. Diziplina bakoitzak besteak biltzen ditu, eta hala, pinturak ukimena behar du, muskuluen ehundurak, gastronomia.

Gastronomia arte bat da?

Aipatzen ari naizen ikuspegitik bai. Gaizki-ulertuak erraz sortzen direla, horixe da arazoa. Batzuetan, arteari balioa ematean, balioa eta artea nahasi egiten dira, zerbait oso baliotsua dela esan nahi denean artea dela esaten da. Lagunarteko hizkeran askotan erabiltzen dugu “arte” hitza “trebetasuna” adierazteko: “hori bai artea erratzaz garbitzeko!”. Adiera horretan, arteak merituarekin du zerikusia, birtuositatearekin, birtuosismoarekin, ongi egindako gauzak egiteko gaitasunarekin, egiten jakitearekin. Hori guztia giza jarduera orotan gerta daiteke, elektronikan nahiz politikan, baita etxeko garbitasunean ere. Artearen beste pertzepzio bat ere badago, sofistikatuagoa, kategorien sistemaz gainezka dagoen kultur eremu bat sortzearekin zerikusia duelako, pentsamendu-sistemak, esperientzia moduak. Eremu hori ez da materiala, baina materia alderdi bat ere badu, kultur eraginkortasunez askotariko eremuak (pinturaren eremua, eskulturarena, musikarena, gastronomikoa) sortzeko taldekatzen diren objektuak ere biltzen dituelako. Eremu bakoitzak berezko arte formak ditu eta arte bakoitza berezko neurketa-sistemen bitartez neurtzen da. Ez da beharrezkoa arte bat beste baten eremuan neurtzea. Hain zuzen ere, litekeena da nahasmendua horrek sortu izana, orain bi urte Ferrà Adriàk Dokumenta de Kasselen parte hartzeak sortu zuen eztabaidan, esaterako. Nazioarteko gastronomia lehiaketa batean margolari bat Chef gisa aurkeztearen parekoa izango litzateke, baina noski, sukaldatu gabe; segur aski, gertakari horrek ezinegon handiagoa eragingo luke gastronomian arte plastikoekin zerikusia duen eremu artistikoan sortu dena baino, egungo arteari jarraiki, existitzen den eremu abegitsuena bihurtu baita.

Arte abegitsua?

Bai. Gastronomia onartzen dugu, antzerkia ere bai, inork non kokatu ez dakien zirrikitu horiek guztiak onartzen ditugu, antzerkiaren eta gastronomiaren ertzean daudenak. Horrenbeste onartzen ditugu, nahasita gaude. Artearen eremua zenbat eta aberatsago, orduan eta ahulago, ia ezin delako mundutik bereizi. Hain zuzen ere, oso eskuzabala eta abegitsua izan delako ezin da mundutik bereizi, eta ondorioz, arrakastatsua izango da, bizitzan integratu delako.

Posible al da egun “Ad musas erudio”?

Artean heztea ez. Artea kulturaren irakasle handi gisa ez. Carl André artistak hau esan zuen: “Guk egiten duguna artea da, egiten digutena, berriz, kultura”. Artea kulturaren erreminta handi bat izan da, eta hori aintzat hartu behar dugu. Kontua ez da markoak soberan daudenik, edo mugarik gabeko gizartean bizi garenik, horixe baita gizarte hertsitzailearen tentazioa, partaidetza erreal txikikoa. Herritarrek egungo mendebaldeko kapitalismo aurreratuan duten partaidetza txikiago da Antzinaroko tiranietan baino. Ez dirudi hala denik, beste zerbait dela dirudi, baina zergatik? Eszenografia oso indartsua delako eta egungo artea oso baliagarria izan delako eszenografia hori lortzeko. Horrez gain, eszenografia horrek funtzionatu badu, alferrikakoa da partaidetzaren eta askatasunaren antzoki handia sortzea, arestian irakasleez esan dudan moduan. Teoria iraungikorraren arabera, artea zenbat eta sartuago egon desagertuz joaten da, askatasunaren irakasle handia da, baina galduta dagoenez, heziketa bihurtzen du irakaskuntza. Artea da dagoen jarduera demokratikoena, kulturaren gainetik edonor edozer izan baitaiteke artean. Zoroa, inozoa, kirtena... edozer izan daiteke, daukan ahalmen osoarekin, eta kanpoko inolako oztoporik gabe. Arte-kritikariak, salerosketa-jokoak, rankinak, eta abar egon arren, artistak horretan guztian har dezake parte, baina inolaz ere bizia eta ametsak horretan eman gabe. Juan Luis Moraza (Gasteiz, 1960) Banakako hainbat erakusketa garrantzitsu egin ditu eta taldekako mostra askotan hartu du parte, mundu osoko galeria eta museo garrantzitsuetan, 1980tik. Banakako lanetan, azpimarratzekoak dira, besteak beste, erakusketa hauek: Repercusiones (Trayecto, Gasteiz, 2007), S¡ (Elba Benitez, Madril, 2004), Plata, Madril (2003); Interpasividad, Koldo Mitxelena, Donostia (1999); NAS Donostia, DV Galeria, (1998); Anesteticas. Algologos, Arte Modernoaren Andaluziako Zentroa, Sevilla (1998). Taldekako erakusketetan, berriz; Bida, Valentzia (2001); Arte español para fin de siglo, Bartzelona (1997); Mais tempo menos historia, Oporto (1996); Cocido y crudo, Madril (1994); Lux Europae, Edimburgo (1992); El sueño imperativo, Madril (1991). Espainiaren ordezkari izan da Sevillako Expo92 erakusketan, Sao Pauloko Bienalean 1994an eta Veneziako Bienalean 2001ean. Bere lanak Museo garrantzitsuetan daude ikusgai, hala nola, Guggenheimen eta ARTIUMen. Entzute handiko bildumak ere sortu ditu: Rona Hoffman, Dona & Howard Stone... 2007an Bilboko Guggenheim Museoan “Incógnitas: cartografías del arte contemporáneo en Euskadi” izeneko erakusketaren komisario izan da, museoa sortu zeneko hamargarren urteurrena ospatzeko. Arte Ederretan doktorea da, eta Vigoko Unibertsitatean irakasle aritzen da egun. Espainiako hainbat unibertsitatetan irakasle aritu da, eta irakasle gonbidatu nahiz hizlari ere bai nazioarteko arte-zentro eta unibertsitate askotan. Saiakera-idazlea ere bada, eta egungo arteari eta kulturari buruzko hainbat liburu eta artikulu argitaratu ditu.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Ángel Arbonies. Ezagutza eta berrikuntza kudeaketan aholkulari: Mundu guztiak bizia salbatuko dion flotagailutzat hartzen du berrikuntza, baina gutxi dira berrikuntzarako egiturak sortzen dituztenak, eta hori benetan zoritxarrekoa da

 

Irakurri

Arantza Tapia Otaegi. Hondarribi – San Sebastián aireportuaren sustapenerako sozietateko lehendakaria: Donostiako aireportuan krisia aisian nabaritu da gehien, ez horrenbeste lanerako bidaietan

 

Irakurri

Anuntxi Arana. Antropologoa: Sinestea zer den estimua baldin bada, hori badut, erruz

 

Irakurri

Balendin Lasuen Solozabal. Kultur eragilea: Errepublika garaiko sei urteetan izan ezik, ez dugu benetako demokraziarik bizi izan

 

Irakurri

Manex Pagola. Idazlea: Jendeari erran nahi genion Euskal Herria bazela, menperatua zela. Baina pedagogiaz ari ginen, jendeak ez baitzekien deus Euskal Herriaz

 

Irakurri