Laura Gómez Urizar. Telebistako ekoizle eta idazlea Kaliforniako Los Angelesen: Zure ametsak jarraitu, besteengandik bereizten zaituena zer den bilatu eta ez etsi

2014-01-08

ALFAGEME, Ainhoa

ALFAGEME, Ainhoa

Laura Gómez Urizar, Kaliforniako Los Angelesen, telebistako ekoizle eta idazlea da. UCLA-ko Unibertsitate ospetsuan “Business and Marketing for Entertainment” ikastaroa burutu ondoren, bilbotar hau MTV musika-kate famatuan telebista ekoizle moduan lanean hasi zen. Estatu Batuetako hispaniar entzulegoari zuzenduriko latindar musikaren gaztelerazko MTV katea den MTV Tr3s-arentzat “ReMexa” musika programa arrakastatsua ekoiztu zuen. Bere azken proiektuen artean, batetik, MTV European Music Awards 2013 sarietarako telebista sustapen iragarki baten grabazioa aipa daiteke, LMFAO taldea eta eztabaidagarria den Miley Cyrus abeslariaren parte hartzearekin. Eta, kable telebista munduan erraldoi den Miamiko DIRECTV-arentzat zenbait publizitate iragarkiren ekoizpena bestetik. Laurak ikus-entzunezko alorrean ibilbide luzea du. Nafarroako Unibertsitatean Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatura amaitu ondoren, zenbait luzemetraietan lan egin zuen, TVE nahiz ETB kateentzat ere telebista programa ezberdinak burutuz. 2010. urtea izan zen “Media and Arts” masterra burutu nahian, Laurak, New York-era alde egitea erabaki zuen unea. New York-en ikastaroa amaitu ondoren Los Angeles-era mugitzea pentsatu zuen, pixkanaka pixkanaka Holliwood-eko industrian barneratuz. UCLA Unibertsitateak praktika berrietan aritzeko aukera eman zion, Disney edo Warner Bross bezalako zinema-estudioekin elkarlanean arituz. Hala bada, Estatu Batuetako hispaniar ikuslegoari zuzenduriko “Piratas del Caribe” edota “Harry Potter” bezalako tituloak sustatzeko aukera izan zuen. Une honetatik aurrera, lan aukera berriak suertatu ziren, Laurak bere ibilbide profesionala jorratuz.

Nola ikusten da EEBB-etatik kazetagintzaren egoera munduan?

Estatu Batuetan, ikus-entzunezko industrian mundu-mailan buru direla kontziente dira. Azken finean, beraiek izan ziren negozio sistema hau asmatu zutenak, ideia berrien garapenetik hasita, idazkera, ekoizpena naiz ikus-entzunezko produktuaren marketing-a bitartean. Era honetan, artea eta negozioa batera daitezke, zine nahiz telebista mundutik probetxuzkoa baino gehiago den industria bat eskuratuz.

Estatu Batuetatik, munduko beste edozein lekuetan audiobisuala artistikoagoa, autore, kultu-lana den zerbait bezala ulertzen dela esan daiteke, eta ideia honek telebista nahiz zinema munduko profesionalen artean, ikuslego orokorrean baino, jarraitzaile talde handiagoa du, kritikari, aditu, edota zaleen artean. Telebistarekin ere gauza bera gertatzen da. Britainiarrak diren telesail eta programa batzuek izugarrizko eragina dute audientzia arloan, baina oso gutxi dira beste herrialdeetatik telebistara iristen diren programak. Munduko beste alderdiotan egiteke dagoen zerbait da: gure edukiak hobeto saldu, ez baita gaitasun arazo bat, negozio arazoa baizik.

Laura Gómez Urizar.

Eta Euskal Herrian?

Donostiako Zinemaldiak, ikus-entzunezkoari dagokionez, Euskal Herria mundu mailan kokatzeko gaitasuna izan du. Nazioarteko ospea duen Zinemaldia da hau eta gure zinegileek burututako lanak ezagutaraztera ematen duen plataforma bikaina dela aitortu behar da.

Ekintzailetzari buruz hainbeste hitz egiten den une honetan, zer gomendio emango zenieke ikus-entzunezko munduan hasi nahi duten gazteei?

Norberak eratutako helburu profesionalak lortzea ez da batere erraza, ezta dohakoa ere. Ahalegin, iraunkortasun nahiz ausardia handia eskatzen duen zerbait da.

Nere ustetan, ikus-entzunezko mundo honetan leku bat izan nahi duenak, zenbait baldintza betebeharrean aurkitzen da, trebakuntza egokia (konpetentzia hain handia den une honetan guztiz garrantzizkoa da), lan gogorra, eta batez ere, aukerak non egon daitezkeen jakin eta norberak eskeini dezakeena zer den argi izatea.

Inork gogogabetu ez zaitzadala, edo ta krisia dagoen une honetan lur jota egotearen ideia bazter ezazu. Burututako lanean ona bazara, nabarmentzen, besteengandik ezberdin izaten saiatu behar zara. Nik beti, ona eta langilea bazara, zuretzat nonbait lekua izango duzula uste izan dut.

Argi dago Estatu Batuetan egoera ekonomikoa ez dela hain kaskarra, baina orokorrean lehia oso handia da. Oso profesional onak, oso ongi prestaturiko jende ugari dago, amets berberengatik norgehiagoka eta guztien artean nabarmentzea nahiko zaila izaten da. Nire kasuan, gazteleraz hitz egitea oso lagungarri izan zitzaidan Estatu Batuetako latindar ikuslegoari zuzenduriko ikus-entzunezkoetan lan egin ahal izateko. Merkatu honetan nire lekua non egon zitekeen ikusi eta bertan murgiltzeko aukera izan nuen. Nire gomendioa honakoa da: zure ametsak jarraitu, era berean beste edozein pertsonagandik bereiz zaitzakeena bilatuz, destakagarri egiten zaituena erakutsi eta ez etsi. Guzti hau, nolabait, lasterketa sakon bat dela jabetu beharrean gaude.

Konta iezaguzu zure hurrengo proiektuak zeintzuk diren.

Une honetan, STARZ talde mediatikoaren parte den Encore Español zinema-katearentzat eginiko irteera-kanpainaren garapenean, idazketan eta ekoizpenean ari naiz lanean. Gainera, MTV-ko ikuskizunean ere lanean jarraitzen dut eta Examiner.com on line argitalpenean, Latindar Holliwood-aren analista moduan elkarlanean jardun naiz. Nire lanetik gustokoen dudan gauza, proiektu nahiz erronka berriak etengabe suertatzen ari direla da. Ideia berrien ikerketa ez da inoz amaitzen. Ikus-entzunezkoaren merkatua eboluzio jarraian bizi da. Joerak, formatuak eta audientzak egunetik egunera aldatuz doaz eta beraz ekoizlearena, etengabeko bilakaeran dagoen lanbidea da
Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp

AURREKOAK

Jexux Aizpurua. Jose Migel Barandiaran Fundazioko Patronato kidea: Barandiaranen ustez irakaskuntza zen bide bakarra euskara suspertuko bazen

 

Irakurri

Izaskun Artetxe García. Bizkaiko Foru Aldundiko Berrikuntza eta Sustapen Ekonomia Sailburua: Gure jarduera ekintzailearen tasak gora egin du krisia bada ere

 

Irakurri

Nerea Mujika. Gerediaga Elkarteko Lehendakaria: Eskaintza zabala daukagula aurten ere. Etorri Durangora!

 

Irakurri

Soledad de Silva y Verástegui. Eusko Ikaskuntzako Manuel Lekuona Saria 2012: Erdi Aroko arteak ikuslegoa ikusezina den mundura eramaten saiatzen zen

 

Irakurri

Elixabete Garmendia. Kazetaria: Langileak euskalduntzeko plangintzak arrotzak dira ETBn

 

Irakurri