Oskar Tejedor. Gidoilaria eta errealizadorea: Zaintzaileak dira historia honetan nabarmen ahaztuta gelditu direnak

2011-01-21

EUSKONEWS

Oskar Tejedor (Legazpi, 1968) Moztu Filmak ekoiztutako “Cuidadores” dokumentalaren zuzendari eta gidoilaria da. Alzheimerrak jotako gaixoen ardura duten pertsonak dira proiektu horren ardatz. Gaixoei ez ezik, haiek zaintzen dituzten senideei ere erreparatzen die, “historia honetan nabarmen ahaztuta gelditu direnak” baitira, Tejedorren esanetan. Lan hori dela eta, Valladolideko Seminciko “Tiempo de historia” ataleko hirugarren saria irabazi du. Epaimahaiak “Cuidadores” nabarmendu zuen, “erakutsi digulako garai latzak garapen —eta inspirazio— iturri bihur daitezkeela eta, bizitzea egokitu zaigun mundu indibidualista honetan, inoiz ez garela bakarrik egongo inguruan maite, zaindu eta laguntzen gaituen jendea dugun bitartean”.

“Cuidadores” dokumentalaren kartela.

Zorionak sariagatik eta aipamenagatik. Nolakoa izan zen Valladolideko egonaldia?

Poztasun handia izan zen, eta zaintzaileei, ekoizpen-etxeari eta mundu guztiari bultzada eta poz itzela eman zigun, oso positiboa izan da. Proiekzioaren ondoren txalo-zaparrada izan zen eta, eztabaidan, jendea oso-oso hunkituta zegoen.

Nola sortu zen “Cuidadores” egiteko proiektua?

Gure aitak Alzheimerra zuen (...). Arratsalde asko ematen nituen amarekin eta ondoan zeuden zaintzaileekin, eta hor ohartu nintzen zer-nolako bilakaera emozionala izaten duen zaintzaileak. Pasadizo txiki asko daude: aita ateratzen genuenean, dagoeneko gurpil-aulkian, mundu guztiak begiratu eta esaten zuen “ene, zelako pena, nola dagoen”, baina inork ez zion amari galdetzen “eta zu, zer moduz?”. Eta gainerako zaintzaileei begiratu eta uharteetan bezala ikusten nituen, bereizita bezala. Baina zer gertatzen da hemen? Inor ez da haietaz arduratzen, eta historia honetan kaltetu handiak dira, zeharkako gaixotasuna jasaten dute. Gai horri heltzen zion zerbait ba ote zegoen begiratu nuen eta ez zegoen ezer: historia honetan nabarmen ahaztuta gelditu dira. Hortxe sortu zen ideia. Donostiako Alzheimerdun Gaixoen Senitartekoen Elkartera jo nuen, eta aparta zela iritzi zioten.

Filmaren oinarrian Arantza Sein psikologoak zuzendutako laguntza-terapian biltzen den zaintzaile-taldea dago. Kamera terapia-saioetan nahiz taldeko kideen etxebizitzetan egon da (urte bete eta erdiko jarraipena izan da). Taldea oso heterogeneoa da. Aurretik osatuta zegoen ala proiekturako berariaz sortu zen?

Proiektuaren inguruan sortu zen. Taldea ahalik eta anitzena izatea nahi nuen; zaintzaile bakoitzak gaixotasunarekiko egoera batean egon behar zuela uste nuen. Eta gero, zaintzailearen eta gaixotasunaren arteko harremanak ere anitza izan behar du: ez da berdina gurasoen eta seme-alaben arteko harremana, edo senar-emazteen artekoa. Zaila izan zen taldea biltzea, baina AFAGIri esker bideratu ahal izan genuen.

Harrigarria da ikustea nola irekitzen den jendea; alderdi oso pertsonalei buruz hitz egiten dute, barru-barruko kontuez.

Aurretik haiekin bildu ginen eta esan nien uzten zidaten punturaino joango nintzela, baina ez harago. Uste dut dokumental honetako lan handia hurbilpen hori izan dela: ezagut nazatela, eta nirekin ireki daitezela. Hasieran etxearen kanpoaldean gelditzen nintzen; gero logela erakutsi zidaten, gero egongela, gero bainugela, eta azkenik bihotza. Eta argi neukan kamerak altzari baten parekoa izan behar zuela: beha zezala, ez zedila egon malkoa noiz eroriko zain; beha zezala, ekintza bakoitza kameran zehar iragateko moduan, baina kamera ekintzaren bila joan gabe, hori beste kontu bat da eta.

Une dramatiko eta latzak daude, baina irribarreak eta konplizitatea ere bai. Oreka hori bilatu duzu?

Ez nuen begi-bistakoan gelditu nahi, hori proiektuak berezkoa du eta. “Alzheimerdunen zaintzaileei buruzko dokumentala egiten ari naiz” esaten duzunean, jendeak “a zer gogorra ezta?” erantzuten dizu. Eta ez, guztiz kontrakoa, nik nahi nuen jendeak barre egitea, negar egitea ere bai, baina barre egitea, bizitza den horretan ikus zezala, gora-behera guztiekin. Eta malkoan, minean… indarra jarri gabe hori guztia barneratzea. Mina hortxe dago, eta, beraz, goazen bestela ikustera. Nire ikuspegia itxaropen-alderdi horretara bideratu dut; mundu guztiak bere burua ikus dezala, inoiz gertatu ez arren, zeure burua egoera horretan kokatu ahal duzu eta.

Errodajearen amaieran material asko zegoen. Muntaketa-lana zaila izan zen?

Asierrek [Asier Pujol, muntaketaren arduraduna] ikusten hasi baino lehenago gaikako hautaketa bat egin nuen, nik berreskuratu nahi nituen gaien hautaketa. Neure ustea eginda neukan: nor zen erresidentziaren gaia hobekien azaleraz zezakeen pertsona, abandonatzea hobekien agertaraz zezakeena, amorrua hobekien agertaraz zezakeena. Alde batetik gaiak nituen, eta beste alde batetik, pertsonaiak. Batzuk eta besteak lotuz joan nintzen neure puzzlea osatzeko. eta talde teknikoarekin (psikologokoek, neurologoek, geriatrian adituek eta gizarte-laguntzaileek osatzen zuten) balioztatu nuen gero.

“Cuidadores” dokumentalaren fotograma.

Dokumentatu aurretik, bazenekien senideentzat halako laguntza-talderik zegoenik?

Talde hori ikusi nuenean zera pentsatu nuen: “zergatik ez dio inork esan nire amari halakorik dagoenik?”. (...) On handia egiten duela konturatu bainaiz, beren kontuei buruz aritzen direlako, beren larritasunez, beren beldurrez; irribarreak, gauza asko partekatzen dituzte. Eta uste dut hori, batez ere landa-giroan, ez dagoela oso garatuta. Eta espero dut lan honek horrelakoak gehiago eman daitezen laguntzea, psikologo edo talde gehiago sortzea beste ingurune batzuetan. Dokumentala, alde batetik, zaintzaileei egindako omenaldia da eta, beste aldetik, halako ekinbideak erakutsiz itxaropena sortu nahi du, oso-oso interesgarriak iruditzen zaizkidalako, eta gehiago sustatzea espero dudalako.

Zaintzaileei zer iruditu zitzaien dokumentala?

Oso-oso pozik irten ziren dokumentaletik. Niretzat hor bukatu zen; kito, egin dut egin beharrekoa.

Noiz estreinatuko da?

Irailean estreinatzekoa zen, baina Semincirako aukeratu zutenez, atzeratu egin behar izan zen. 2011ko martxoan txarteldegian egotea espero dugu.

AFAGI Oskar Tejedor (1968) Nazio mailako eta nazioarteko hainbat ikus-entzunezko enpresekin kolaboratu ohi du. Ingeniari ikasketak egin zituen Herbeheretan eta, ondoren, “Produktu Berrien Berrikuntza eta Sorkuntza” graduondokoa egin zuen Parisko ENSAM ingeniaritza eskola ospetsuan. Nazioarteko enpresa garrantzitsu batean hamar urtez ingeniari aritu ondoren, Lillen (bideo-artea), Parisen (zine zuzendaritza) eta Madrilen (gidoigintza eta aktoreen zuzendaritza) trebatu zen zine eta telebista munduan sartu aurretik. Dibulitoon Studio SL animazio enpresan ekoizpen zuzendaria izan da 4 urtez, animaziozko luzemetraiak eta telesailak ekoitziz. “Glup detective” luzemetraia Goya sarietarako izendatua izan zen 2004 urtean. 2005 urtean, berriz, “Supertramps” filma izan zen izendatua. Telesailei dagokionez, nazioarteko hainbat koproduziotan lan egin izan du ekoizle exekutibo gisa. Dokumental arloari dagokionez, aurreko bere lana, Balenciaga, permanecer en lo efímero —2008— izan zen, Cristobal Balenciaga jostun handiaren bizitzari eta lanari buruzko dokumentala (AVRO-Holanda, FRANCE 3- Francia eta FORTA). Honako beste dokumental hauek ere idatzi eta zuzendu ditu, Txalaparta, herri baten oihartzuna 2006, ETB-France 3 telebista-kateen koprodukzioa izan zen; eta Ochumare: Orisha of the Rainbow – 2002. Nazioartean ezaguna den eta Espainiak eta Frantziak elkarlanean ekoitzi zuten Lucio proiektua koordinatu zuen, bai eta Querida Bamako ere; biak Donostiako Zinemaldian ZABALTEGI sailean. Oskar Tejedorrek zuzentzen eta koordinatzen du Donostiako Zinemaldian egiten den Nazioarteko Koprodukzio Foroa. Halaber, Miarritzeko (Frantzia) ikus-entzunezko programen nazioarteko jaialdian (FIPA) tutore eta aholkulari gisa aritzen da. Horrez gain, Malagako MERCADOC merkatuan aurkezten diren proiektuen tutorea izan da.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Emilio Lopez Adan. Idazlea: Askatasuna sortzeko, beti errefusatuko ditut militarismoa, diktadura eta terrorismoa

 

Irakurri

María Amor Beguiristain Gúrpide. Prehistorialaria: On José Miguel Barandiarán liderra zen

 

Irakurri

Judas Arrieta. Artista: Helburua aberastea izango balitz, ez nintzateke artista izango

 

Irakurri

Itziar Ruiz de Erentxun. Bibat Museoko teknikari arduraduna: Heraclio Fournierrek mapan kokatu du Araba

 

Irakurri

Arantzazu Amezaga. Idazlea: Etengabeko eztabaidan bizi da euskal gizartea

 

Irakurri