Urtebete daramazu karguan. Balantzea egiteko garaia da.
Denbora laburra izan da, baina egindako jarduerei dagokienez, intentsitate handikoa. Esaterako, duela gutxi, Bigarren Euskal Plana aurreratu dugu. Immigrazioaren Foro Sozialak planaren zirriborroa onartu du, eta gobernuak ontzat emateko izapidetan dago.
Egun, gori-gori dagoen gaia da immigrazioa. Ez dakit zuk horrela sumatzen duzun, eguneroko lanean.
Bai, jakina. Agenda politikoetan —bai Estatuan, bai autonomia-erkidegoetan—, arazo nagusietako bat da immigrazioa. Baina funtsean, uste dut Euskadin —bai eta Estatuan ere— migrazio-fenomenoa oso berria dela, eta gobernagarria. Gizarteratzearen aldeko harrera-politikak egitura daitezke, asimilaziora eta gizarte-bazterketara jo beharrean. Izan ere, EAEko emigratzailen kopurua, beste autonomia-erkidego batzuekin alderatuta, ez da oso adierazgarria. Erabat posiblea da gizarteratze-politikak egitea.
Estatu osoan ere egin daitezke?
Bai. Kontua da erantzukizun politikoa nork bere gain hartu behar duela. Batzuetan, horixe falta da: benetan aurrerakoiak diren politikak nork bere gain hartzea.
Beste elkarrizketa batzuetan, eskumenaren gaiaz galdetu dizute. Agian, immigrazioaren arloan, Estatuak eskumen handiegia duela dirudi. Hala da?
Neurri batean, bai. Atzerritarren arloari, sarrera-erregulazioari eta emigratzaileen egoera juridikoa zehazteari dagokionez, Estatuak ditu eskumenak. Hau da, mugak eta lan-baimenen eta bizileku-baimenen definizioa, besteak beste, Estatuaren eskumenak dira, ez beste inorenak. Hori dela eta, pentsa dezakegu erkidego-mailan ez dagoela politikak garatzerik, baina nik ez dut hori uste; alde batetik, ez delako bizileku-baimenei edo muga-kontrolari buruzko gaia soilik (nahiz eta hori garrantzitsua izan), eta beste batetik, emigratzaileek osasunean, hezkuntzan, kultura arteko bizikidetzan eta beste esparru batzuetan egiten duten ekarpena ere oinarrizkoa delako. Esparru horiek guztiak autonomia-erkidegoen eskumenekoak dira. Behin baino gehiagotan esan dugu, gizarteratze-politikak egiteko, egungo esparru juridikoa ez dela nahikoa. Garrantzitsua izango litzateke Eusko Jaurlaritzari lan-baimenen eskumena ematea, baimen horiek Euskaditik bertatik erregulatzeko eta enpresari askok adierazitako itxaropenak betetzen saiatzeko aukera izango baikenuke. Eskulanaren eskasia dago, eta langile askok, zenbait lanpostutan lan egiteko, oztopo handiak dituzte. Eskumen hori eskatzen dugu, kudeatzeko gomendio baten bidez edo estatutu-aldaketa baten bidez, baina funtsezkoa izango litzateke.
“Emigratzaileak” esaten dugu, osotasun monolitiko bat balitz bezala, multzo guztiz homogeneo bat balitz bezala. Iruditzen zait ez direla horrelakoak.
Ez, kolektibo emigratzaileaz ari garenean, ezin dugu politika bakarra ezarri, aldagai-multzo bat baizik. Alde batetik, irregulartasun-egoeran dauden pertsonak ditugu; hau da, lan egiteko eta bizilekua izateko baimenik ez dutenak. Talderik ahulena da, beren egoera juridikoa dela-eta batzuetan esplotatu egiten dituztelako lanean, baina baita beste esparru batzuetan ere. Eta horrek gizarte-bazterketa jasateko arriskua dakar berekin, argi eta garbi. Ondoren, lan- eta bizileku-baimenak edukita ere lan-merkatuarekin, etxebizitzarekin, hezkuntzarekin eta abarrekin lortutako arazoak dituztenak daude. Hortaz, emigratzaile guztiak ez dira berdinak, eta horren ondorioz, politika desberdinak egin behar ditugu. Immigrazioari buruzko Bigarren Euskal Planean, gizarteratzea eta laneratzea dira apustu nagusiak, uste dugulako Euskadin baimendunak gehiago direla, egoera irregularrean daudenak baino. Eta haiek lana lortzeko, lanean jarraitzeko eta lanpostuan igoera lortzeko arazoak dituztela ikusi dugu; eta beharrezkoa da arazo horiei aurre egiten hastea, disfuntzioak gerta daitezke-eta lan-merkatuan, baina baita emigratzaileen beraien aukeretan ere. Oro har, emigratzaileak emigratzaile ekonomikoak dira, Euskadira beren egoera ekonomikoa hobetzeko itxaropenarekin etorritakoak. Ezin dute lan-merkatuko segmentu jakin batzuetara kondenatuta egon, lanpostuan igotzeko aukerarik gabe edo lan-merkatuan sartzeko beharrezkoa den prestakuntzarik gabe. Immigrazioari buruzko Lehen Euskal Planean, hainbat tresna eratu ziren, sektorerik ahulenei laguntzeko; besteak beste, Udal Harrera Sarea eta Heldu sarea, laguntza juridikoa ematen duena. Orain, hurrengo urratsa eman dugu, erregularizatuta egon eta itxaropen gehiago dituztenei laguntzeko, itxaropen horiek bete nahi baititugu.
Lehen Plana aipatu duzu. Kalean, herritarren artean, kritikak entzuten dira; ez dakit politikarien artean ere halakorik entzuten den. Labur-labur esanda, emigratzaileei abantailak eta laguntzak ematen omen zaizkie, bertakoek ez dituztenak, ezta baldintza-berdintasunean ere.
Hori da gizartearen zati batek eratu duen irudia. Hedabideek ere lagundu dute agian horretan, eta immigrazioa gizarte-zerbitzuekin eta gizarte-laguntzekin lotzeko interesa duten zenbait alderdi politikok ere bai. Baina errealitatean, pertsona emigratzaileek ez dute beste inork baino laguntza gehiago jasotzen. Denok gaude berdintasun-egoeran. Ez da egia pertsona emigratzaileek, emigratzaileak izate hutsagatik, etxebizitzak, alokairuak eta abar eskura dituztenik, bertakoen kalterako. Une hauetan, emigratzaileek ez dute tratu berezirik hartzen. Gizarte-zerbitzuak ikuskera unibertsalista batean oinarrituta daude; hau da, gizarte-laguntza jakin bat behar duten pertsonek, hura lortzeko, zenbait baldintza bete beharko dituzte, zer erlijiotakoak diren, zer herrialdetakoak diren, egoiliar legalak edo legez kanpokoak diren alde batera utzita. Nire ustez, aipatu duzuna ezabatu beharreko irudia da, ez baitator bat errealitatearekin. Eta halaber, garrantzitsua da kontuan hartzea, emigratzaileen artean, Gizarte Segurantzan afiliatuta daudenen kopurua —hots, lan egin eta kotizatzen duten emigratzaileak— oinarrizko errenta jasotzen dutenena baino hiru aldiz handiagoa dela. Beraz, emigratzaileentzat oinarrizkoak dira laguntzak, baina osagarriak.
Betiko geratzeko etortzen dira emigratzaileak, ala sorterrira itzultzeko asmoarekin?
1985ean, gutxi gorabehera, Espainiako estatua eta Euskadi beste herrialde batzuetara joateko igarotze-lekutzat hartzeari utzi zioten emigratzaileek; izan ere, harrera-lekutzat hartzen hasi ziren. Geratzeko etortzen dira, baina egia da denak ez direla geratuko, migrazio-prozesua, batzuetan, oso traumatikoa delako; lehen etapetan, batzuk sorterrira itzultzen dira, deserrotuta sentitzen direlako edo beren helburuak bete dituztelako. Pertsona askok beren zorrak edo hipoteka ordaindu ahal izateko etortzen dira eta, ondoren, itzuli egiten dira. Baina oro har, geratzeko asmoz datozen pertsonak direla hartu behar dugu kontuan. Horixe izan zen pasa den mendeko 80ko hamarkadan gertatutako aldaketa handia. Izan ere, beren emigrazioa aldi baterakoa izango zela erabakita zuten batzuek, azkenean, geratzeko erabakia hartu zuten; bai beren seme-alabak bertan jaio zirelako, bai beren sorterriko egoerak ez direlako egun batetik bestera aldatzen.
Dirudienez, Europar Batasunean, Espainiako estatua permisiboegia dela uste dute, emigratzaileak sartzen uzteari dagokionez.
Kontua zera da… ikus dezagun zer den permisibitatea. Ezin gara permisibitateaz aritu, legeak zeharo murriztaileak direlako. Hori egia da, eta horrek eragiten du immigrazio irregularra. Cayuco eta pateretan sartzen direnak %3 besterik ez dira. Immigrazio irregularraren ehunekorik handiena Barajastik edo mugetatik sartzen da. Zergatik? Alde batetik, Estatuak EBrekin sinatuta dituen hitzarmenengatik; izan ere, horien bidez, zenbait herrialdetako biztanleek sartzeko bide librea dute. Eta beste batetik, Espainiako estatua turismo-helmuga delako eta, turismoa Espainiako industria nagusietako bat denez, Estatuak malgua izan behar duelako. Nik ez dut uste Europar Batasunean baino permisibitate handiagoa dagoenik. Herrialde guztietan daude emigratzaile irregularren poltsak. Azken erregularizazio-prozesua dela-eta egin dira kritika horiek, eta alderdi politiko askok legez debekatu nahi dute. Zalantzarik gabe, irregularren poltsa bat dago, eta beharrezkoa da haien egoera konpontzea, baina hori ez da polizia gehiago jarriz edo hesi garaiagoak eginez lortuko; Hirugarren Munduko herrialdeetan garapen-politikak bideratuz eta egungoez bestelako migrazio-politikak eginez baizik. Eta ez dut uste permisibitate-kontua denik. Izan ere, zenbat emigratzaile irregular daude Frantzian? Eta Alemanian?
Esan duzu emigratzaileek gizarte-laguntzak jasotzerakoan lehentasuna dutelako ideiaren aurka egin behar dela. Oso zaila da hori?
Lehenengo eta behin, sentsibilizazio-kanpainak egin behar dira, hedabideei eta gizarteari Eusko Jaurlaritzaren gizarte-politikak zein diren azaltzeko. Eusko Jaurlaritzak egin behar ditu kanpaina horiek, baina baita GKEek ere. Ez dago politika diskriminatzailerik; ez emigratzaileen aldekorik, ez emigratzaileen kontrakorik. Alarguntza-pentsioa jasotzen dutenak kexatzen dira, oso pentsio txikiak direlako, eta beharbada, arrazoi dute. Alarguntza-pentsioak handiagoak izatea eskatzen dugu. Baina ez dezagun esan pentsio txikien arazoa emigratzaileen errua dela. Lanpostuen ezegonkortasunaren arazoa bezalakoa da. Jende askok esaten du emigratzaileek lanpostuak kendu edo soldatak txikiarazten dituztela, baina hori ez da egia, lanpostua lortzeko ez baitute bertakoekin lehiatzen. Kolektibo emigratzailea ez balego, lan-merkatuko zenbait sektore desagertu egingo lirateke. Ezin da esan ezegonkortasuna, zabor-kontratuak eta abar emigratzaileen errua direla.
Oso handia da prestakuntza akademikoagatik dagokiena baino maila txikiagoko lanpostuetan dauden emigratzaileen kopurua?
Bai. Atzerritarrei buruzko Legea da egoera horren eragile nagusia, lehen urtean zenbait lanpostu lortzea murrizten baitu. Nolabaiteko inbutua da legea, emigratzaileek ekonomiako sektore jakin batzuetan soilik lan egin dezaketela adierazten baitu.
Hori esaten du legeak. Arrazismoa edo xenofobia antzeman daiteke horretan?
Euskadin ez dago joera arrazistarik edo xenofoborik, baina horrek ez du esan nahi arrazistak edo xenofoboak diren pertsonak ez daudenik. Garrantzitsua da erne egotea. Edozein jarrera arrazistaren edo xenofoboren aurkako borrokak etengabea izan behar du. “E” hirukoitza landu behar dugu: eskola, eskailera eta enplegua.
Eskailera?
Etxebizitza baldintza duinetan eta pilaketarik gabe lortzeko arazoa dago. Etxebizitzetan, edozein nazionalitatetako jendea pilatzen da (beraz, ez da immigrazioak soilik eragindako arazoa), eta hori gertatzen denean, arazoak sortzen dira. Arazoak sortzea eragotzi behar dugu. Pilaketaren aurkako politika ez dagokio immigrazioari soilik, arazo orokorra baita.
Geroago helduko diogu gai horri, baina aurretik, hau galdetu nahi nizuke: badago Atzerritarrei buruzko Legean emigratzaileekiko aurreiritzien eragina duen punturik, lan-merkatuari edo beste edozein arlori dagokionez?
Ez dakit, baina badakit lege horrek eragin murriztailea duela. Legearen arabera, pertsona emigratzaileek, lan-merkatuan sartzeko, langile nazionalek nahi ez dituzten lanpostuetan egin behar dute lan. Zenbait lanpostu bete gabe daude, nahiz eta enplegu-eskatzaileak egon. Izan ere, langabezian dauden langileek onartzen ez dituzten enplegu-eskaintzak daude. Hainbat arrazoirengatik; hala nola, gizarte-laguntzak ematen dituen gizarte batean bizi garelako eta familia ere laguntza handia delako. Nire ustez, Atzerritarrei buruzko Legea ez da funtzionala; ez lan-merkaturako, ez enpresarientzat beraientzat. Ez dakit horren atzean kutsu arrazista dagoen ala ez, baina argi dago arazo larria sortzen duela.
Eta zer egin daiteke hemendik horren aurka?
Hemendik? Eusko Jaurlaritzak legea indargabetzearen aldeko jarrera du. Babesa ematen diegu GKEek eta gainerako elkarteek egiten dituzten ekimen guztiei. Gure ustez, funtsezkoa da legaren ordez atzerritarren eskubideak eta betebeharrak ezarriko dituen ordenamendu juridiko bat egitea; alegia, irregularren poltsak ezabatzeko erregularizazio-prozedurak ezarriko dituena, zuzenbidearen araberako zehapen-prozedura bat. Gure iritziz, PPk eta PSOEk berretsitako ereduak ez duela errealitatea islatzen.
Zenbait hedabidetan argitaratu da azkenean Euskadiko jaiotza-tasa handitu dela eta emigratzaileak direla horren arrazoi nagusietako bat. Gizarte-alarmako nolabaiteko kutsua sumatzen dut, “Jainko maitea, irabazten ari dira, azkenean gu baino gehiago izango dira!” esango balute legez.
Estatistikako datua benetakoa da, eta nire ustez, positiboa ere bada; izan ere, Europako arazo larrietako bat biztanleriaren zahartzea da. Nik ez dut alarmatzat hartzen. Nire ustez, demografia-aldaketa gertatu dela ohartu dira, eta beharbada, hurrengo belaunaldietatik aurrera, biztanle-kopuruan nabarituko da. Euskal herritarren beste belaunaldi bat egongo da, beste abizen batzuekin, beste jatorri batekoak, beste erlijio batzuetakoak, beste etnia batzuetakoak… Eta uste dut hori positiboa izango dela, aniztasunerako aberastasuna behar dugulako.
Euskadin, gainera, geure arazoa daukagu; gertakari bereizgarria deituko diot. Agian, horregatik, mesfidantza handiagoz begiratzen diogu gai honi. Jaiotza-tasa emigratzaile-kopurua handitzen delako handitzen dela diogunean, hau izan daiteke kezkagarria: emigratzaile horiek gehienek ez dutela euskal kultura onartzen, nolabait esatearren.
Kultura zerbait biziduna dela iruditu zait beti. Kultura ez da museo edo margolan batean erakusten den zerbait. Horrenbestez, uste dut immigrazioa osmosia eta aldaketa eragingo dituela kulturan. Eta aldaketak gertatuko dira gaur egungo euskal kulturan. Nolakoa izango da euskal kultura hemendik hogei edo hogeita hamar urtera? Oraingoaz zeharo bestelakoa, baina euskal kultura izaten jarraituko du.
Barkaidazu gai horri buruz berriro galdetzen badizut, baina badirudi osmosi horretan fluxua norabide bakarrekoa dela.
Jakina, desberdinak diren bi kulturak topo egiten dutenean, harrera-herrialdeko kulturarena da nagusitasuna, beti. Agerikoa da hori. Hizkuntza, ohiturak… Nire ustez, immigrazioa ez da arriskua, aberastasuna baizik. Eta ez dugu gaur egun nabaritzen, baina hemendik hogei urtera, immigrazioari esker kultura guztiz desberdina izango dela ikusiko dugu. Aniztasuna egongo da, ideia berriak… Izan ere, euskal kultura ez da inoiz ere uniformea izan, haziz joan den zerbait baizik. Batzuetan, errealitatearekin bat ez datozen irudiak sortzen ditugu. Esate baterako, hizkuntzaren gaiarekin. 0 eta 6 urte bitarteko seme-alabak dituzten emigratzaile gehien-gehienek eredu euskalduna aukeratu dute; alegia, besteak beste Latinoamerikatik eta Afrikatik etorritako belaunaldi berri bat dago, euskara ikasten. Hori ere kultura berri hura ahalbidetuko duen tresna bat izango da. Eta kuantitatiboki, emigratzaileei esker, euskara hitz egiten duen pertsona-kopurua handitu egingo da.
Immigrazioaren arloan, gizartearen atzean daude erakundeak? Bat-batean, emigratzaile-saldo bat iritsi da, eta “ai ene! Zerbait egin beharko dugu!”.
Baietz uste dut, gai horretan gizartearen atzean gaudela, alegia. Izan ere, Estatuan, berandu eta gaizki egin dira politikak; berandu eta gaizki, gizartearentzat berarentzat eta emigratzaileentzat. Euskadin, migrazio-fenomenoa azken sei urteetan gertatu da, batik bat. Nire ustez, Eusko Jaurlaritzak apustu ausarta egin du, baina zuhurra; izan ere, 2005eko abenduan, atzerriko biztanleen proportzioa %4,5 izanik, Immigrazioari buruzko Lehen Euskal Plana egin zuen eta, horrez gain, aipatu duzun aldea hain handia izan ez zedin saiatu da, betiere, gizarteari aurrea hartu gabe.
Baina ezin zen aurreikusi halako emigratzaile-kopurua etorriko zela?
Bai, aurreikus zitekeen, eta arrazoi erraz batengatik: iparraldearen eta hegoaldearen arteko aldea gero eta handiagoa delako.
Onenetan, etxe-zerbitzuarekin lotzen ditugu emigratzaileak, eta txarrenetan, delinkuentziarekin eta prostituzioarekin. Zergatik? Baina zergatik egiten dugun galdetu baino lehen, agian galdetu behar dizut benetan egiten ote dugun.
Bai, noski, ezin dugulako errealitatea alde batera utzi; elementu horiek badaude. Baina halaber, immigrazioa ulertzeko elementu positiboak ere daude; obretan, fabriketan eta abarretan lan egiten duen pertsona-kopurua, besteak beste. Eta uste dut pixkanaka lanbide liberaletako gero eta profesional gehiago etortzen ari direla: medikuak, abokatuak… Apurka-apurka gertatzen ari da, eta prozesu hura hedatu eta prestakuntzarik gabeko lanpostuetara mugatuta ez dagoenean, emigratzaileak etxe-zerbitzuarekin edo herritarren segurtasunarekin soilik lotzen dituen ikuspegi hori aldatu egingo da. Delinkuentziari dagokionez, argi dago pertsona batzuek delituak egiten dituztela; ezin da ukatu, baina ez da bidezkoa kolektibo osoa kriminalizatzea, pertsona batzuek egindako hoben edo delituengatik. Eta kontuan hartu behar da lege nazionalak arduratuko direla hoben edo delitu horietaz. Emigratzaileen kolektiboaren barruan, prostituta eta gaizkileak oso gutxi dira. Eta gaizkileen artean, bertakoak dira gehienak. Horrenbestez, gaizkile gehienak emigratzaileak direlako ustea beste mito bat da. Erreala baino gehiago, mediatikoa da. Niri, batzuetan, delinkuentziari dagokionez, iruditzen zait hedabideek desitxuratzen dutela irudia, eta uste hori sortzen laguntzen dutela. Horrez gain, Espainian, immigrazioa eta delinkuentzia parekatzen saiatu dira zenbait alderdi politikok, inongo daturik aurkeztu gabe, egunkarietako albisteetan soilik oinarrituta. Ez dugu demagogia horretan erori behar.
Arestian, pilaketa aipatu dugu. Batzuek uste dute emigratzaileen bizitzako egoera hori eta beste batzuk haien kulturaren beraren ondorio direla. “Pilatuta bizi dira, haien bizimodua horixe delako, hain zuzen ere”. Beste mito bat ote?
Uste dut batzuk mitoak direla. Zergatik daude emigratzaile gehiago Bilboko zenbait lekutan? Seguru asko, alokairuak askoz merkeagoak direlako. Ez beren sorterrien kopia txikiak egin nahi dituztelako. Pilaketak ez dira kultura-arazoa, etxebizitzaren prezio handiak eragindakoa baizik. Egia da higiezinen agentzia askok eta jabe askok ez dizkietela etxebizitzak pertsona emigratzaileei alokatu nahi. Haientzat, etxebizitzak garestitu egiten dira, eta hori dela-eta, pertsona asko etxebizitza berean bizitzera behartuta daude. GKE batzuk arlo horretan ari dira lanean, pedagogia-lana egiten, eta emigratzaile askok nomina dutela, ordainketak bermatuta daudela eta etxeak nazionalek bezain ondo zainduko dituztela azaltzen.
Amaitzeko, bermatuta daude emigratzaile guztien osasunerako eta hezkuntzarako eskubideak, baita egoera irregularrean daudenenak ere? Atzerritarrei buruzko Legeak derrigorrezko hezkuntza bermatzen die hamasei urtetik beherakoei. Eta osasunaren arloan, ezinbestekoa da erroldatuta egotea, osasun-txartela lortzeko, Atzerritarrei buruzko Legeak ezartzen duenez. Horrez gain, eta erroldaren kontua alde batera utzita, behin-behineko txartelak lortzeko aukera dago. Praktikan, bi eskubideak bermatuta daude. José Roberto Marro Ibarra (Lima, 1959)
Roberto Marro iazko otsailean izendatu zuten Immigrazio Zuzendari, Omer Oke kargutik kendu ostean. Perun jaioa, San Martín de Porres Unibertsitatean lizentziatu zen zuzenbidean, Liman, jaioterrian, alegia. 1990ean, Euskadira iritsi zen, EHUn doktoretza-ikasketak –“Gatazka eta kooperazioa gizartean”– egiteko beka bati esker. Lau ikasturteren ondoren, eta beka amaituta, hemen geratzea erabaki zuen. Egun, Bilbon bizi da eta, duela hiru urte ingurutik hona, nazionalitate bikoitza du. Zenbait lan egin ditu, eta horietatik, azpimarratu behar da CCOO sindikatuaren Langile Emigratzailearen Informazio Zentroan 1996 eta 2002 bitartean abokatu gisa garatutako lana. Azken urte hartako urritik aurrera, emigratzaileei laguntza juridikoa emateko Heldu sarean egin zuen lan, horretan ere abokatu.