Urteko galdera

Julen Zabalo / EHUko irakaslea

2018/02/28

Julen Zabalo / EHUko irakaslea

Gerorik bai Euskal Herriak?

Euskal Herriaz, eta oro har estaturik ez duten herriei buruz hitz egitean, behin baino gehiagotan azaltzen dira iritzi arrazionalak, nazio-estatuaren iragankortasuna adieraziz, ehun edo berrehun urte barru halakorik ez dela existituko laburbilduz gaia ebatzi nahi dutenak.

Ez diet nik arrazoia kenduko halako iritziei, nahiz eta bitxiak egiten diren emozioak eta sentsazioak gero eta eremu handiagoa hartzen ari diren garai hauetan, baina ariketa hutsalak iruditzen zaizkit beti, eta esango nuke jende gehienari ere hala iruditzen zaiola.

Herri baten geroaz hitz egiten dugunean, normalean orainaldian Herri horrentzat nahiko genukeena proiektatzen dugu etorkizunera, eta plastikoagoa eta hurbilagoa izan dadin, aurpegia ipintzen diogu, gainera: gure ondorengoak, eta are zehatzago batzuetan, gure seme-alabak. Izan ere, asko aldatzen dira gauzak ustezko eta balizko Euskal Herri abstrakto batez pentsatuta, edo gure seme-alaben eta ondorengoen geroaz eginda! Horrek arazo bat du, ordea, zaila izango baita gure desio eta proiektu guztiek bat egitea.

Izan ere, Euskal Herriaren aniztasunaz hitz egiten denean, arlo guztietan gertatzen dela pentsatu behar da, aniztasuna ez baita bakarrik etorkinen kontua. Eta ez da, bestalde, Euskal Herrian bakarrik gertatzen den zerbait, gure gaur eguneko munduaren ezaugarria baizik. Aniztasuna, eta horri lotuta, onerako edo txarrerako, desberdintasunak, agerikoak dira maila ekonomikoan, sozialean, kulturalean eta politikoan. Gure arteko desberdintasunez jabetu behar gara, batzuetan onartuz eta bereganatuz, eta besteetan aurka eginez, hortik halabeharrez sortuko diren gatazkak ahalik eta modurik egokienean eta eraginkorrenean kudeatuta.

Aniztasunak ez gaitu beldurtu behar, ez horixe, baina ezin gara mugatu hori onartzera, edo berarekin bizitzera besterik gabe. Aitzitik, gizartearen kohesioa nola bilatu gure zereginetako bat izan behar da. Eta hori konplikatua da, benetan; esan beharrik ere ez dago. Nondik hasten gara kohesioa bilatzen? Sinplea ematen badu ere, noren kohesioa bilatu nahi dugun zehaztuta! Kohesionatu beharreko subjektua euskal herritarra dela esaten badut, ez zait iruditzen kutsu politiko eta ideologikoa izan behar duenik. Eduki dezake, bai, baina zerbait deskriptiboa ere izan daiteke, Euskal Herrian bizi denari egokituta.

Zalantzan ipin dezakegu Euskal Herriaren existentzia? Nafarroaren koska alde batera utzita, ez. Eta koska hori gainditzeko, izen horretan Nafarroaren aitortza esplizitoa egiten badugu (Euskal Herria-Nafarroa; Euskadi-Nafarroa; Baskonia; Nafarroa...), zalantza desagertuta geratuko litzateke. Kohesioa, hortaz, Euskal Herriko gizartearena izango litzateke, eta bat egin genezake horretan bertako bizilagun guztiok.

Zenbat proiektu sartzen dira hor? Gure seme-alabentzako etorkizunean nahiko genituzkeen desioak beste. Asko, beraz, eta punta askorekin, batzuetan talka egingo dutenak beste batzuen puntekin, eta besteetan desberdin batzuekin. Are gehiago, zenbaiten ustez, proiektu batzuk bateraezinak dira beste batzuekin: langile-burgesa; feminista-matxista; euskal herritar abertzalea- euskal herritar espainiarra edo frantziarra. Konplikatua benetan, berriro diot.

Esango nuke Euskal Herriaren etorkizuna euskal herritartasunaren aitortzatik pasatzen dela. Hau da, euskal herritar izatea kategoria bat izanda bakarrik hitz egin genezake horretaz. Uste badut leku batean zein bestean bizi izanda, gauzak ez direla aldatzen, eta horrek niretzat garrantzirik ez duela, nekez eraikiko dugu ezer komunik Euskal Herrian. Eta hori ez da Euskal Herriaren independentziaz edo erabakitzeko eskubideaz hitz egitea; zerbait sinpleagoa eta oinarrizkoagoa da: euskal herritar sentitzea. Euskal herritar izatea kategoria bat izanda, beste kategoria batzuk gehitu dakizkio ondoren: politikoak, kulturalak, sozialak. Baina zoru komun bat dago denontzat, lurralde zorua, denon artean kudeatu beharrekoa, eta denon artean gure seme-alabengan pentsatuta zaindu beharrekoa.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp