Jesus Altuna Etxabe. Antropologoa: Humanitateak baztertzea oso arazo larria da

2015-10-07

ETXABE ISTILLART, Miren

ZURUTUZA ZAPIRAIN, Juanmari



Bizitza osoa eman duzu Euskal Herriko historiaurrea aztertzen. Zure iritziz ba al dago behar den laguntza eta borondatea gure ondarea ikertzeko eta zaintzeko? Behar den bezala babesten al dugu gure kultur ondarea?

Urte hauetan barrena gauzak asko aldatu dira. Nire lehenengo ikerlanak, hasierako 15 urte haiek Francoren menpean egin nituen. Orduz geroztik, jarraian egindako ikerlanetan, niri bizitza osoa alegia, baldintzak erabat aldatu ziren. Dena den, ezin da ikerkuntza ogibidetzat hartu. Gai horien gaineko ikerlanak, batez ere giza zientziarekin lotuta daudenak, hezkuntza eremuan garatzen dira. Oraindik buruan daukat ikasketak bukatzen ari nintzenean, Madrileko Konplutense Unibertsitatean alegia, EHUa 20 urteren buruan sortuko baitzen, oso ikerlari ona zen irakasle batengana jo nuen nire tesia egituratzeko asmoz, ea zer esaten zidan. Eta zur eta lur geratu nintzen zera esan baitzidan: “Ahaztu ezazu tesia, har itzazu unibertsitateko liburuak, bi urtez edo gela batean sartu eta presta itzazu instituturako lehiaketa frogak”. Desengainua hartu nuen, baina oso esperientzia handiko gizona iruditu zitzaidan eta kasu egin nion. Eta horixe egin nuen. Asmatu egin nuen, ikerkuntza hezkuntzarekin lotuta baitago. Hezkuntza denbora asko uzten dizu, oporrak hor daude eta horretarako oso ona da. Noski, hezkuntza gogoko izan behar duzu. Gustura ez baldin bazaude, ikasleek ordainduko dute. Bokazioa beharrezkoa da. Niri hezkuntza asko gustatu izan zait. Institutuan ongi pasatu nuen, baita unibertsitatean ere. Gazte jendearekin duzun harremana beti duintasunez betetzen zaitu. Hezkuntzan asko gozatu izan dut eta horren seinale 70 urte bete arte horretan aritu nintzela, hezkuntzan jada 40 urte bete banituen ere. Ikasleak pozik zeuden, baita ni ere.

Orduz geroztik baldintzak aldatu egin dira hainbat eremutan. Adibidez, gogoan daukat Barandiaranen ikerlanetan, 2 edo 3 lagun joaten ginen. Egonaldia ordaintzen ziguten eta ez zegoen bestelakorik ordaintzeko adina diru. Nik zuzendutako zenbait ikerlanetan 20 eta 25 ikasle etorri zaizkigu, guzti horiei egonaldia eskaintzeko aukera genuelako. Franco hil ostean, halako kontuei aurre egiteko diru gehiago lortzen genuen. Baldintzak aldatu egin ziren, baina esan dudan bezala, ezin duzu ikerkuntza ogibidetzat hartu, alperrik ari zara.

Ondareari begira, Francoren garaia oso tristea izan zen. Bost axola zitzaion hemen inguruan izan genezakeena. Gero jarrera aldatu egin zen. Agintariak bertakoak ziren, abertzaleak eta interesa bazuten. Baina gauzak beti ez dira behar den bezala egin, eta denek ez dute era berean jokatu. Gogoan daukat, joan den mendearen amaiera aldera, gure megalitoak —trikuharriak, harrespilak, iruinarriak— oso egoera larrian zeuden. Asko eta asko sasi tartean zeuden, ote edo elorri zuriaz inguratuta. Ez ziren ikusten. Garai hartan mendietan lan eta obrak handiak egiten hasi ziren. Makina izugarriak erabiliz, pista berriak ireki zituzten, mendian barrena gas hodia sartzeko asmoz, muino eta mendi-lepoak zeharkatuz. Lubaki handia prestatzen zuten hodia sartu ahal izateko. Horrela, trikuharriak botatzen hasi ziren eta horrek biziki kezkatu gintuen. Aurretik Gipuzkoako megalitoen gaineko mapa arkeologikoa prestatuta geneukan. Megalito guztien katalogoa alegia. Orduan Eusko Jaurlaritzara jo genuen, Mari Karmen Garmendia sailburua zelarik. Ibarretxeren gobernua zen. Oso ondo hartu gintuzten. Segituan atzeman zuen gaiaren muina. Ikusi zuten megalitoan deuseztatzen ari zirela, eta adibideak eskaini genizkion.

Hementxe bertan, Igeldon, zelai batean zegoen trikuharria makina bat txikitu egin zuen, birrindu. Hantxe geratu ziren lurrean sakabanatuta gezi puntak, silexeko labanak, zeramika lanak eta zilarrezko hainbat tresna. Trikuharri horrek 4000 urte zituen eta bat-batean desagertu egin zen. Pentsatzen duzunean duela 4000 urte, mendi bazter hartan euren lagun maitatua ehortzi zutela tresna guzti haiekin batera, kontu handiz, eta negar malkoetan, eta orain ordu erdi eskasean birrinduta ikusten duzu. Trikuharriak leku estrategikoetan jartzen zituzten. Negu aldean eta uda partean transhumantziarako bideetan barrena ibiltzen zirenean gertu zeuzkaten, horiek ukitzeko beharra sentitzen zuten. Horrela bidaia lasaiagoa izaten zen eta malkoak ez ziren hain garratzak...

Mingarria gertatzen da ondare hori guztia galdu izana gutxieneko sentsibilitatea duen edonorentzat behintzat eta Mari Karmen Garmendiak bazuen. Lehenik eta behin trikuharri guztiak monumentu nazionalak bezala hartu zituen, Gipuzkoako megalito guztiak. Araba eta Bizkaian ez zuen horrela jokatu mapa arkeologikoak egin gabe zeudelako. Horrela ez zekiten zer deklaratu behar zuten eta zer ez. Hemen bai, mapa osatu ostean denak bere lekuan ondo finkatuta zeuden. Hasiera batean legearen bitartez babestu zituen eta jarraian dirua eman zigun ote eta sasi artean zeudenak garbitu ahal izateko. Horrez gain, seinaleak ere jarri genituen. Bertan zer zen azaltzen genuen (monumentuan oizkoa zen, horren esanahia, eta abar). Horrela mendizaleek ere ikasi egiten zuten horiek ikustean eta ondorioak ere izan zituen seinalerik gabe zeuden beste batzuk identifikatu baitzituzten. Beraiekin joaten ginen eta batzuetan ezagutzen ez genuen beste trikuharri bat zela ikusten genuen. Beste batzuetan ez, harri pila bat besterik ez zen. Mapa arkeologikoa hobetu genuen. 1982an argitara eman genuen erroldan, 300 orrialdeko liburuxkan Gipuzkoako megalito eta kobazulo guztiak sartu genituen. Hainbat urteren buruan, 1990-91an megalitoen inguruko ale handi bat kaleratu genuen eta beste kobazuloen gainekoa, jendearen ekarpenei esker. Hori izugarria izan zen. Gaur egun megalitoak orduna bezalaxe daude, sasi tartean, hau da, horietako asko eta asko desagertzeko arriskuan daude. Hauxe da herri honetan ondarea zaintzeko dauzkagun bi moduak.

Adibidez, indusketetan hainbat objektu topatu dira. Batzuk benetan ikusgarriak dira eta horiek museo batean edukitzea aparteko lirateke. Azken 50 urtetan zehar esan dudan bezala, Gipuzkoa da estatu osoan Arkeologia Museoa ez daukan probintzia bakarra. Bizkaian eta Araban badaukate. Araban Francoren garaian egin zutenez inoiz ez zuen kontzertu ekonomikoa galdu eta beti diru gehiago izan du. Arkeologia museoak hor daude, baina hemen ez daukagu. “Ondareari begira, Francoren garaia oso tristea izan zen. Bost axola zitzaion hemen inguruan izan genezakeena”.

Ekainberri bukatu genuenean, hain zuen Ekain kobazuloa babestearren, argi baitago bisitak haitzuloetako artearentzako kaltegarriak direla, Gipuzkoako Diputatu Nagusiak (Jose Juan Gonzalez de Echavarri), kultura saila ere bere esku zen neurrian, Gipuzkoan Arkeologia Museoa eratzeko egitasmoa prestatzeko eskatu zigun. Museologia guztia zehaztu genuen, horretarako dirua eman baitzuten, baina foru Aldundian aldaketa suertatu zen eta den bertan behera geratu zen. Gainera Europa mailan proiektua bideratzeko lehiaketa ere irabazi genuen, oso proiektu ona. Finlandiar bat ere etorri zen proiektua ezagutzera eta museoa non kokatuko zen ikustera. Gustatu egin zitzaion eta dirua eman ziguten, baina azkenean eskuratutako dirua galdu egin zen. Eta okerrena ez da hori, dirua galtzea alegia, izen ona galdu genuen. Gogoan daukat museologia bukatu genuenean Zestoan aurkezpena burutu genuela hantxe Ekain kobazuloaren erreplika prestatzen arin ginelako. Zera esan nuela buruan daukat: “Por fin, azkenin proiektu hau egi berdaderoa gertatuko da, Berastegin esaten dan bezela”. Eta ez da horrela gertatu. Beraz, baten kale eta bestean bale, ondarea zaintzeko garaian.

Ondare arkeologikoa ez da gurea, gure seme-alabentzat da, gure ondokoentzat. Antzinatik datorren zerbait da eta ondoko lagunei transmititu behar diegu. Memoriarik gabeko herria ez da benetako herria. Buruak oroimenak behar dituen bezala pentsatu ahal izateko, oroitzapenak desagertzen direnean, alzheimer gaixotasuna etortzen da ... Herriek oroitzapenak behar dituzte, bestela alzheimer-a ere sufrituko dute, buruak bezala. Horixe da ondarea. Bestalde, gogoan daukat oraindik Sudanen Nubia-ko indusketetan aritu ginenean. Nubiako altxorrak babesteko lanean aritu ginen presa handi bat egin behar zutelako inguru hartan. Andre Malraux-ek, Frantziako Kultura ministroak halako batean zera esan zuen: bizitzan honetan gizaseme batek egin dezakeen gauzarik handiena zerbait heriotzatik libratzea dela. Hantxe geratu behar ziren Nubiako altxor guzti horiek, 60 metro ur azpian, urtegiaren erdi erdian. Eta hori guztia salbatu egin zen 18 misioei esker, 18 herrialdetako lagunak juntatu ginen bertan altxorrak salbatzeko asmoz. Guk ere kontzientzia bera izan beharko genuke eta oraintxe bertan desagertzeko zorian dauden gauzak horiek salbatu egin beharko genituzke.

Iraultza teknologikoak zer ekarri dio ikerkuntzari eta zientziari?

Teknologiak abantaila asko ekarri dizkio ikerkuntzari. Berau mendean hartu behar da, ikerlariak berak teknologia erabiltzeko gai izan behar du. Teknologiak ez dezala ikerlaria mendean hartu. Zalantzarik gabe informatika oso garrantzitsua da, gaur gune guztiak betetzen baititu. Indusketak zehaztasun handiagoz burutzen dira informatikaren bitartez. Planoak zehatzagoak dira, objektuak hobeto kokatzen dira planoetan, oso laguntza handia da. Bestalde, hedapena errazago da eta azken berrien gain egoteko aukera ematen dizu informatikak.

Gogoan daukat Nubian nengoenean. Etxera idazten nuenean eskutitzak 15 egun behar izaten zuen ailegatzeko eta erantzuna ere beste hilabeteren buruan. Gaur egun Australiako norbaitek xehetasun baten gainean galdetzen badu, minutu batean erantzuna eskura dezake. Hori guztia oso aurrerapen handia da ikerkuntzarako. Ez da informatika bakarrik, kronogeologia ere oso garrantzitsua da, baita iragana neurtzeko bestelako baliabideak ere. Hainbat urtetan Karbono 14 delakoa erabili izan da eta oraindik ere erabiltzen da, baina badaude datazioa zehazteko beste baliabideak.

Esaterako, Gerra aurretik Telesforo Aranzadi eta Barandiaran-ek Urtiagan lanean aritu zirenean, Itziarreko Urtiaga kobazuloan alegia, hainbat garezur topatu zituzten. Batzuk Madeleine aldikoak ziran, hau da, 12 mila urtekoak. Beste batzuk aldiz, Azil garaikoak ziren, duela 9-10 mila urtekoak, eta beste batzuk Brontze arokoak. Zera gertatu zen. Garezur zaharrenak Cro-magnon gizakiaren itxura zeukan eta erdiko mailan zeudenek Cro-magnon eta gaur egungo euskal ereduaren tarteko ezaugarriak zeuzkaten. Eta besteak, goialdean zeudenak alegia, egungo euskal ereduaren atzekoak ziren. Aranzadi, On Telesforo, Bartzelonako Unibertsitatean antropologia fisikoan katedraduna zen eta oso teoria interesgarria eratu zuen jende guztiak buruan zeukan galdera zela eta, hau da, nondik etorri dira euskaldunak? Ez, Europa osoan barrena bizi izan zen Cro-magnon gizakitik abiatuz, hainbat tokitan Dinarako leinua sortu zen, beste batzuetan Eskandinaviakoa eta beste lekutan gaur egungo euskal leinua. Gu ez gara inondik etorri, Cro-magnon gizakiak, hementxe bizi zena, nolabaiteko bilakaera izan zuen gaur egun ezagutzen dugun euskal eredua sortuz.

Gogoan daukat On Joxe Migeli galdetu nionean, hain leku estuan lan egiten zutelako, karburozko argia erabiliz lan egiten ari zirela, oso argi gutxirekin alegia, eta zera esan nion: “Ziur al zaudete garezurra Madeleine aldikoa dela eta bestea Azil garaikoa? Benetan ziur zaudete? Ez ote da izango Brontze garaian hantxe bertan hilobia egin zutela garezurrak sartuz, lekurik sakonenean Madeleine aldikoekin nahastuz?” Zalantzaz zera erantzun zidan: “Baliteke horrela izatea lanean ari ginen baldintzak benetan neketsuak baitziren”. Teknologiari esker hori guztia konpondu dute. Hasiera batean karbonoak datazioa burutzeko 250-300 gramo hezur behar zituen. Noski, ezin genuen garezurra txikitu kapritxoz datazioa burutzeko . Baina jarraian masaren azelerazioaz finkatutako datazioa sortu zen eta garezur berbera datatzeko hamarren batzuk besterik ez ziren behar. Horrela, belarriko hezurreko gramo-hamarrenak eskuratu genituen eta Suediako Upsala unibertsitatera bidali genituen, bertan metodo horrekin lan egiten baitzuten. Zera erantzun ziguten, garezur denak garai berekoak zirela, Brontze garaikoak, eta 45 urteko tartea zutela gehienez jota. Hain polita eta erakargarria zen teoria hura agian egiazkoa zen, baina ez zeukan beharrezko euskarririk. Teknologiak horrelako kasuetan lagungarria gertatzen da.

Gero, helburuak ere aldatu egin dira. Adibidez, On Telesfororen garaian giza ereduak aztertzeko kraneometria lantzen zen, garezurrak era askotan neurtuz. Antropologoek metodo berbera erabiltzen zuten datuak eskuratzeko. Garezurrak era berean kokatzen zituzten, hainbat planoen arabera, eta neurriak zehatzak izaten ziren, bide berbera erabiltzen zutelako, eta kraneometria egiten zen. 50-60 hamarkadan barrena odol taldeak ere asko landu zituzten. Odola aztertzen zen, RH - ospetsua alegia, euskaldunen artean hain hedatua dagoena, garai hartan jorratu zuten. Gaur egun batez ere DNA delakoa aztertzen da, informazio gehiago eskaintzen duelako. Beraz, teknologiak asko laguntzen du, baita ikerkuntza bideratzerakoan ere. Baina, beti esan dudan bezala, ikerlariak berak bideratu behar du teknologia, berak erabaki behar du zer bilatu, eta ezin da teknologiaren menpe geratu. Noski, oso erraza da makina bati datuak eskatzea... Hainbat kasutan datuek zirrikitu guztiak betetzen dituzte eta gero ezin dira maneiatu. “Teknologiak ez dezala ikerlaria mendean hartu. Zalantzarik gabe informatika oso garrantzitsua da, gaur gune guztiak betetzen baititu”.

Hitz egin dezagun pentsamolde kritikoaz gizarte demokratikoaren baitan. Zer iritzi du hain ibilbide zabala izan duen antropologo batek, jarduera politikoan intelektualek eskain dezaketen laguntzaz.

Ba bai, egokia litzateke politikan gehiago parte hartzea baina nik uste dut kontrako bidean doa. Demokraziaren sorrera aintzat hartzen badugu, ahotz-aho dabilen Grezian alegia, politika lantzen zuten hainbat intelektual bildu ziren bertan eta ez da harritzekoa demokrazia sortu izana. Baina politika bera gaur egun ez dago finantzarien esku. Nire ustez mundu osoa “finantzatuta” dago eta horrela ez dirudi politikariek ere boterea dutenik. Nik ez dakit Rajoy edo Oland-ek benetan agintzen duten edota boterea banku handi eta botere ekonomikoen esku gauden. Intelektualak oraindik urrunago daude. Kontu hori guztia dela eta, bizitzan zehar ni beti baikorra izan naiz, baina orain nahiko ezkorra sentitzen naiz. Izan dira eta badaude intelektualengana jo izan duten politikariak. Ibarretxek berak hainbat arlo eta joerako intelektualen bilerak izan zituen esku artean zituen arazoei aurre egiteko asmoz. Eta beste batzuk ere horrela jokatzen dute, baina nik uste dut salbuespenak direla eta intelektuala gero eta gutxiago murgiltzen da arlo horietan. Bestalde, politikaria, batez ere behe mailako politikaria, xede urriko politikariak alegia, berehalako emaitzak nahi ditu, hurrengo hauteskundeak baititu buruan. Berak bat-bateko erantzuna nahi du eta emaitzak berehala eskuratu nahi ditu bere xede nagusia hauteskundeak irabaztea delako, ez da herrien onura alegia. Intelektualak aldiz epe luzera egiten du lan, ez dauka presarik, atseden hartuz lan egiten du, soseguz, lasaitasunez, eta gaur egun ere politikari onek horrela egin beharko lukete lan. Hainbat gauza argi dago epe motzean burutu behar direla, baina beste hainbat kontu epe luzera begira landu beharko lirateke. Eta arlo horretan intelektualek laguntza eskain dezakete, baina ez dut uste hori egungo joera denik.

Irakasle izan zaren aldetik, zein da zure iritzia hezkuntza eta ikerlan egitasmoetan giza jakinduriak, humanitateak alegia, baztertzearen inguruan? Zeintzuk izan daitezke baztertze horren ondorioak?

Humanitateak baztertzea oso arazo larria da. Gaur egungo gizartean mundu osoan barrena gertatzen ari da. Antzinako Grezia miresten dugu eta bere garaian K.a. V. mendean Atenasen elkarrekin bizi ziren Sofokles, Euripides, Eskilo, literato handiak, eta Tuzidires eta Herodoto, historialari handiak. Sokrates garai hartakoa da eta Platon haren ikaslea ere V. mendean ezaguna zen. A zer distira Atenasen! Argi dago humanitate horiek bizitasuna eman diotela Europari. Beraz, humanitateak galtzea oso arazo larria da. Artea, Historia, Poesia, ... galtzea. Zatozkida, goi-arnas

eizu nerekin lan,

herri baten arnasa

mamitu dezadan. Geroak eran beza:

“herri bat izan zan”;

edo-ta hats emaiogun

hontan iraun dezan

Hauxe da Orixeren Euskaldunak olerkiaren hasiera, landu behar zuen zeregina betetzeko laguntza eskatuz. Hori ezin da galdu, olerkigintza ezin da galdu. Galtzen badugu, izugarrizko balio galduko dugu. Ikaragarria da. Eta gauza bera gertatzen da zientzia puruen kasuan. Zientzia puruak aplikazioak bilatzen dituztenak dira. Halako zientzialarientzat, biologo batentzat esaterako, Aizkorriko puntan hegan dabilen tximeletak larrean dabilen behiak adinako garrantzia dauka. Albaitari batentzat ez, behia da zaindu behar duena eta bost axola zaio tximeleta, zientzia aplikatua baita. Hobe esanda, nik esango nuke ez direla Zientzia Puruak eta Zientzia aplikatuak existitzen, berez Zientzia bakarrik existitzen da eta horren ostean Zientzien aplikazioak dauzkagu. Zientzialari puruak ez du aplikazioaz galdetzen. Galileok gorputzak espazioan nola jokatzen zuten aztertzen zuenean, horixe besterik ez zuen buruan, ez zuen imajinatzen gaur egungo satelite artifizialak. Mende asko geratzen ziren horretarako. Zeruko Mekanikaren oinarriak finkatzen ari zen eta horri esker gaur egun sateliteak guztiz lagungarriak gertatzen dira meteorologian, komunikazioak bideratzean eta beste hainbat arlotan. Adibidez, Mendel-ek ilarren artean kolorea nola heredatzen zen aztertu zuen, eta jatekoak ez ziren ilarrak ziren, kolorezko ilarrak ziren, apaingarri hutsak. Orduan ez zuen hobekuntza genetikoa buruan, ezta laborantza edo zoo-teknika ere. Kolorea nola heredatzen buruan zeukan, hainbat kasutan bigarren belaunaldiak ez zuen lehenengoaren kolorea aitzindariena baizik? Zergatik bilobek aitona-amonen antza daukate eta ez gurasoena? Horixe zeukan buruan. Nola heredatzen da kolorea? Eta arazoak izan zituen Txekiako komentuko etxezainarekin, honek Priorearengana kexuka joan baitzen zoro harrek gero eta leku gehiago kentzen ziolako baratzean.

Zorionez, Prioreak Mendel-i kasu egin zion eta ez etxezainari. Horixe da zientzia purua. Gero aplikazioak sortuko dira eta gaur egun begi-bistan ditugu genetikaren aplikazio ikusgarriak. Baina guzti hori horrela gertatu da Mendel-ek ilarren loreen korolen kolorean nola aldatzen zen jakin nahi zuelako. Humanitateen barruan sartzen den Zientzia purua galtzen bada, argi dago den dena galtzen dugula. Bankariak zera galdetzen du: eta hori zertarako balio du? Ba orain ez du ezertarako balio, agian etorkizunean zerbaiterako balioko du, baina bankariak hori ez du argi ikusten. Zertarako balio du olerkigintzak? Zertarako balio du ... Lizardiren asaba zaharran baratza? .... Humanitateak galtzen baditugu, gizakiok galera izugarria izango dugu. Gizakiak berak bere izaera galdu egingo du eta merkatuen menpe geratuko da, botere ekonomikoek nahi adina astinduko dute. Horien xedea ez da edertasuna sortzea, justizia edo gizartearen ongizatea, norberaren poltsikoa betetzea baizik. “A zer distira Atenasen! Argi dago humanitate horiek bizitasuna eman diotela Europari. Beraz, humanitateak galtzea oso arazo larria da. Artea, Historia, Poesia, ... galtzea”.

Herritar bezala “giza itxurazko ekonomia” izan nahiko genuke. Zer egin dezakegu zure iritziz herritarrok menperatzen gaituzten merkatuen espazio/denbora muga ezberdinetan bizi garen heinean?

Herritarrok ezer gutxi egin dezakegu botere ekonomiko handi horien aurrean. Oraintxe bertan esan dudan bezala, politikariek ez dute agintzen, finantza merkatuen menpe baitaude. Egin dezakegun gauza bakarra lur urtean behin botoa ematea da. Baina hauteskundeetan ere ez duzu nahi duzuna aukeratzen, zerrendan ageri den alderdia baizik. Zerrenda itxia horiek beste era batera antolatu beharko lirateke, baita hauteskundeak ere, baina tira, hori gutxienez badaukagu ... Hortaz aparte, nahiko ezkorra sentitzen naiz. Hain izugarriak dira gurekin jolasean dabiltzan ezkutuko botere horiek ... Bigarren Mundu gerraren ostean Alemania laguntzarren eratu zen Marshall plana esaterako zerbait onuragarria izan zen, baina aldi berean ez zegoen bestaldekoei, hau da komunismoari, Mendebaldea zer zen erakusteko grina. Baina orduko Berlinera joaten zirenean, Kurfürstendamm kalea, erabateko kontsumismoaren eredu bilatu zen, mendebaldeko munduaren ispilua alegia. Amerika boteretsuak komunistei bere indarra erakutsi nahi zien. Poloniarrak Mendebaldeko Berlinera etortzen ziren, ekialdeko Alemaniatik mendebaleko Alemaniara etortzen ziren oraindik ez baitzegoen harresirik. Hori guztia herriari laguntzea da edota hau beraiek zeukatena baino askoz hobea zela erakustea. Alderdi hori ere hortxe zegoen lur jota eta ezer gabe zegoen herri bati laguntzera etorri zirela bazirudien ere. Argi dago Marshall Plana Alemaniari laguntza paregabea eskaini ziola, hori ezin da kritikatu. Baina ez zen begi-bistan zirudien bezain garbia ... Beraz, herritarrok aparteko indar horien aurrean, ezer gutxi egin dezakegu. Istorio hori benetan tristea da.

Europako egitasmo politikoaz zer iritzi duzu? Zure ustez, komunitate demokratiko eta soziala bezala eratzen ez bada bizirik iraun dezake?

Europa .... Bai, ilusio handia geneukan ibilbide honi eutsi genionean. Garai hartan maila handiko politikariak zeuden, azken Mundu Gerraren ostean. Hasiera batean CECA osatu zuten (Karbonoa eta Altzairuaren inguruko Elkartea). Jarraian EKE delakoa sortu zen (Europako Komunitate ekonomikoa) eta Maastricht-eko itunaren ostean EB (Europar Batasuna) eratu zen. Oso ilusio handiak, eta besterik gabe ezin dugu EB baztertu, gutxietsi, ezta gutxiago ere. Pentsa ezagun Frantzia eta Alemania beti gerran egon direla eta hain zuzen joan den mendean (1870ean Frantzia eta Prusia arteko Gerra, 1914an I. Europako Gerra, 1939an II. MG). Frantzia eta Alemania elkarrekin borrokan aritu dira etengabe, eta azken 70 urtetan bakean bizi izan dira, EBari esker. Eta argi dago gaur egun ez dela inolako gerrarik gertatuko Frantzia eta Alemania artean, eta horrela da EBari esker. EBaren balioa aintzat hartu behar dugu. zenbait arazo dituelako eta agian finantza munduak botere gehiegi hartu duelako berau gutxiestea izugarrizkoa bidegabekeria litzateke.

Horretaz aparte, agian hasieran genituen politikari handi horiek faltan botatzen ditugu. Alemanian eta Frantzian gaua bera gertatu zen ... Eta azken egun hauetan oso tristea izan da Europan barrena gertatu izan dena, baina neurri handi batean boterea finantzarien eskuetan dago, ez politikarien eskuetan. Ez baldin bada herritarren politika eratzen, Europa soziala eta bidezkoa osatzen, orduan ez da Europa bera izango, ezta? Europa Greziaren alaba da, beraz bidezko gizartea, herritarren arteko bakea eta herritarren ongizatea bilatzen zuten gizaseme haien alaba. Bankarien onura bakarrik aintzat hartzen badugu ... Krisiaren eraginez ikusi dugu nola lagundu dieten arriskuan zeuden bankuei eta bat-batean banku horietako soldatak inolako lotsarik gabe igo egin dituzte. Hori onartezina da. Baina noski, boterea euren esku dago, horixe da tristeena. Europari bai, eta ea benetan Europa bere jatorrizko sustraiei heltzen dien berriro eta XX. mendearen bigarren erdian Mundu Gerraren eraginez izan zena berreskuratzen duen, izugarria izan baitzen, hainbat gauza ekarriz. Baina orain gauden bezala gaude.

Ea Greziako arazoa konpontzen den, konpondu egin beharko bailitzateke. Noski, jende guztiak Tsipras ahotan dauka eta egungo egoera ez du Tsipras-ek berak sortu, aurreko gobernuek baizik. Han ustelkeria izugarria izan da eta oso gutxi hitz egin da horren gainean. Horiexek izan dira Grezia pobretu dutenak. Eta gauza bera gertatu da Espainian. Hemen gehiago hitz egin dugu ustelkeriaz. Egun hauetan ere izan handiak aipatu izan dituzte gai hori dela eta, baina han oso gutxi aipatu dute. Tsipras-ek dirudunei zergak igotzea erabakitzen badu, denak haserre bizian jartzen dira. Zergak ordaintzen ari dena eta erru gutxien daukana. Betikoa, herri xumea da, haurrak, gaixoak, adineko lagunak. Horiexek dira benetan ordaintzen ari direnak.Jesus Altuna Etxabe (Berastegi, 1932) Filosofia eta Teologia ikasi zituen Gasteizko eta Donostiako seminarioetan, eta Zientzia Biologikoak Madrilgo Unibertsitatean. 1960. eta 1972. urteen bitartean, antropologo ezagun horrek landa-lan askotan jardun zuen kolaboratzaile, zenbait arkeologorekin; batik bat, Euskadin, Joxe Miel Barandiaranekin, eta kantabriar eskualdeko beste leku batzuetan, arkeologo nazionalekin eta atzerritarrekin. Sudango Nubian egindako arkeologia-indusketetan hartu zuen parte, UNESCOren enkarguz. 1973tik gaur egun arte, arkeologia-indusketetako zuzendaria izan da, Euskadin gehien bat. Donostiako Irakaskuntza Ertaineko J. M. Usandizaga Institutuko katedraduna izan da. 1980tik 2002an jubilatu zen arte, Zientzia Esperimentalen Didaktikako katedraduna izan zen, Euskal Herriko Unibertsitatean. Haren ikerketa-gai nagusiak honako hauek izan dira: Historiaurreko aztarnategietako arkeozoologia, Paleolitoko artea eta Arkeologia- ondareanren babesa. Aranzadi Zientzia Gizarteko Historiaurreko Saileko zuzendaria izan da, eta MUNIBE aldizkariaren zuzendaria, ICAZeko Nazioarteko Batzordeko kidea eta, besteak beste, zientzia-aldizkari hauetako erredakzio-batzordeko kidea: Nazioarteko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria, Doñana, Acta Vertebrata, Archaeofauna, Archaeozoologia, Anthropozoologica eta Férvedes. Eta Centre de Recherches d’Ecologie Souterraine elkarteko eta ICAZeko ohorezko kidea ere izan da. Ikerketako eta indusketako zenbait proiektu zuzendu ditu, eta beste batzuetan hartu du parte; hala nola, Cueva Morínen, La Rieran, Ekaingo haitzuloan, Dufaure-n, Errallan, Arnaldako haitzuloan, Vidigal-en (Portugal), Gipuzkoako megalito eta haitzuloetan, Cueva Mirónen (Kantabria). Zientzia-proiektuak ebaluatzeko epaimahaietan hartu izan du parte; honako hauetan, besteak beste: Mexiko Berriko Unibertsitatean (AEB), Research Council of Canada-n, Ministerio arteko Zientzia eta Teknologia Batzordean (Madrilen) eta Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusian. 210 lan baino gehiago argitaratu ditu, eta haietatik, 12 liburuak dira. Gehien-gehienak ikerketa-lanak dira, baina zenbait mailatako argitalpen didaktikoak eta dibulgaziozkoak ere egin ditu. Sari ugari jaso ditu, eta hauek dira aipagarrienak: Ikerketarako Ibáñez Martín Sari Nazionala, Xabier Maria de Munibe saria (Eusko Legebiltzarrak Humanitateen arloan emana), Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxa Saria (Humanitateen eta Gizarte Zientzien arloan). Eusko Jaurlaritzaren Lan Onari saria ere jaso du. Gainera, 2004an, Ikerketako Euskadi Saria eman zioten.
Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp

Précédents

Teresa del Valle eta Jone Miren Hernandez. Antropologoak: Oraindik hiritar kontzientzia falta zaigu

 

Irakurri

Gurutz Jáuregui. Zuzenbide Konstituzionaleko katedraduna: Humanitateak eta Gizarte Zientziak jorratzen ez dituen mundua gaixorik dagoen gizateria da

 

Irakurri

Daniel Innerarity. Filosofoa: Ona litzateke intelektualek politikan gehiago lagunduko balute

 

Irakurri

Francisco Castilla Urbano. Ideien historialaria: Julio Caro Baroja jakinduria trinkoko gizona izan zen, hori bere ikuspegi pertsonalarekin uztartuz

 

Irakurri

Arantxa Urretabizkaia. Idazle eta kazetaria: Euskal literatura bere historia osoan egon den momenturik hoberenean dago

 

Irakurri