Karmele Artetxe Sanchez. Historialaria: Nahiko fenomeno normala da unibertsitatean egotea eta lukuru asmorik gabeko erakundeetan parte-hartzea

2011-02-04

ASURMENDI, Mikel

Historia ikastea bokaziozkoa izan zuela esan digu Txorierriko alaba honek. Halere, bokazioa askotan engainagarria izan daitekeela jakitun da. Jakitun da, halaber, hartu berri dituen arduren nondik norakoez. Ez alferrik, txoriak legez habiara itzultzen baita egunero.

Zamudioztarra zara, Txorierriko eskualdekoa. Zer eman dizu txori-herrietako Zamudion jaio izanak?

Noranahi noala bai fisikoki bai metaforikoki ere, Zamudio niretzat abiapuntu eta itzulerako leku bat da.

Trantsizio garaian jaio zinen, Franco hil eta berehala. UEU (gero hizpide izanen duguna) orduan jaio zen. Zer izan ote zen garai hura —zuk “bizi” gabe ere, besteek kontatua— historia ikasi duzun horrentzat?

UEU 1973an sortu zen eta ni 1976an jaio nintzen. Bi une horiek, jakina, ez ditut oroitzen, baina ezagutzen dut ueukide beteranoek edo gurasoek kontatu didatena, edo irakurri dudana. Inpresioa daukat frankismoa amaitu zenean, jendeak bete-betean sinesten zuela aldaketa posible zela, ez soilik aldaketa politikoa, oro posible zela aldatzea. Askorentzat iraultza posible zen. Euforia garai bat izan zela iruditzen zait. Orain berriz, sinesmen kolektibo hori galdu da, eta gure eguneroko bizitzarekin lotutako aldaketa xumeak eragitea, paradoxikoki utopikoa bihurtu da.

Zamudio herri txikia da, ia biztanleren erdia euskaraduna. Zein gizarte mota bizi —izan— duzu zuk?

Zamudioztarrak askotarikoak gara, zorionez, euskaldunak barne. Bestalde, eta euskararen erabilera dagokionez, euskara kalean ez da asko entzuten baina aldaketako zantzu batzuk antzeman daitezke. Orain, Bolivian, Marokon eta bestelako herrialdeetan jaiotako gurasoak dituzten gaztetxo euskaldunak ditugu auzokide.

Zer eman dizu Zamudiok?

Hausnarketarako abiapuntu bat. Zamudio, Euskal Herriko beste edozein herri moduan, munduan gertatzen diren hainbat fenomenoren ispilutxo bat da: garapen industrial eta teknologiko basatia, hizkuntza gatazka, gehiegikeria politikoak, desberdintasun sozialak... Esan daiteke Zamudiok neurri batean lokalizatu egiten duela nire kontzientzia. Ikasketak

Zergatik ikasi duzu historia? Zerk —edo nork, balego— bultzatu zintuen horretara?

Historia ikastea erabaki nuen eskolan nengoela eta Gizarte irakasgaiko testuliburuei esker. Une hartan, iragandako bizitza, geologikoa zein historikoa, ezin interesgarriagoa iruditu zitzaidan. Historia karrera egitea beraz, bokaziozkoa izan zen. Dena den, imajinatzen dut historia ikasi dugun gehienontzat bokaziozkoa izan dela.

Ongi bideratuta al daude historiari buruzko ikasketak?

Historia karrera amaitu nuen duela hamaika bat urte, eta egon diren ikasketa plan berriak ez ditut jarraitu, ezin dezaket horren gaineko iritzi orokor bat eman. Hala ere, badira hutsuneak, esate baterako, hizkuntzen historia soziala lantzeko orduan. Eta gure kasuan, euskara tarteko, oso lagungarria litzateke horretan formatzea. Dena den, agian hutsuneak ikasketa planean baino, irakasteko moduan egon litezkeela iruditzen zait. Irakasleak adituak dira beraien arloan, baina ez dute normalean pedagogia edo didaktika arloko prestaketa berezirik izaten, eta senarekin funtzionatzen dute. Senak asko laguntzen du baina ez da nahikoa. Beraz, horretan zer hobetu asko badago.

Zuk landu duzun bidean, zure esperientzian, eman dituzun urrats —guztiak— gustukoak izan al dituzu?

Alde horretatik zorteko pertsona izan naiz eta oro har bai, gustukoak izan dira, koskak egon badira ere. Aukeratutako karrera eta horren ostean egindako ibilbidean hartutako erabakiak, orokorrean ez dira izan ez praktikoak, ez erosoak, ez aberats bihurtzekoak. Esate baterako, UEUn dokumentalista gisa lanean sartu nintzenean 2001. urtean, oso gustura nengoen, lana interesgarria zen, lan giroa bikaina zen eta lanpostu finkoa neukan. Hala ere, lana utzi eta tesia egitera menturatu nintzen. Aspalditik bainuen gogoa tesia egiteko eta azkenean adoretu nintzen, bide berriari ekiteko.

Argazkia: Udako Euskal Unibertsitatea.

Badaude onurak eta desbenturak, badaude koskak...

Desbenturak badira, baita koskak ere. Izan ere, tesia egitea erabaki nuenerako, “zaharregia” nintzen, 28 urte nituen: ohiko beka predoktoralak karrerako titulua eskuratu eta lehen hiru urteetan baino ezin eska daitezke. Bizi irauteko beste laguntza mota bat eskuratu nuen, UPV/EHUren Euskara Errektoreordetzak emandakoa euskarazko tesiak egiteko. Diru-laguntza oso txikia zen eta horrekin bizitzea ezinezkoa zenez, familiak lagundu ninduen tesia amaitu bitartean. Nire kasuan, familiaren laguntza ezinbestekoa izan da, aurrera egiteko. Ibilbide akademikoa egitea ez baita erraza. Zorterik onena dutenek —eta ez dakit zortetzat har daitekeen ere— beka bat beste batekin lotzen dute. Ibilbide zuzen hori gutxik egiten dute, besteok, askok, bestelako bide ez hain zuzenak egin behar ditugu.

Dena ez da laua bide horretan, ageri denez.

Bistan da, bidea laua izatea ezinezkoa dela. Nirea behintzat ez da izan. Hasiera batean, Historia karrera egitea deliberatu nuen, Arkeologia interesatzen zitzaidalako. Horretan espezializatzeko aukera gutxi zegoen, irakasgai gutxi zeudela gogoratzen dut, eta espezializatzeko praktikak egin behar ziren irakasleen indusketa proiektuetan. Irakasle batzuekin egindako praktikak izaera formatiboak izan zuten, beste batzuentzat berriz, lan esku merkea ginen. Genero arazoak ere tartean egon ziren. Garai hori oso gogorra izan zen eta uztea erabaki nuen. Karreran ikusi, ikasi eta ezagututako jendearekin, eta bereziki UEUko Historia sailkideen eskutik, bestelako aukera interesgarriak berehala agertu ziren.

Unibertsitatera bidea hartzeko zorian dagoen gazte bati zer aholku emango zenioke?

Ikasketak aukeratzeko orientazioa behar badu, UEUko Iparrorratza orientazio zerbitzua erabiltzeko. Eskatu gabeko bestelako aholkuak ematea protekzionista eta alferrekoa da.

Historian doktore, dokumentalista eta ikerlaria zara. Zer dira bi zeregin horiek historiaz jarduteko unean?

Historialaria naiz formazioz. Historia ikastean, liburutegi, artxibo eta dokumentazio zentroekin trebatu egiten gara karreran bertan. Gerora trebakuntza hori fintzeko eta doitzeko aukera izan nuen Inguma datu-basean lanean aritu nintzenean. Historialari eta dokumentalista naiz beraz, eta nire ikerketetan biak uztartzen ahalegintzen naiz. Esate baterako tesian horixe egiten saiatu nintzen.

“Mediku hala nola irakasle izateko, bokazioa behar, bestela malo!” Ados?

Bokazioa berezkoa izan daiteke, baina lanketarekin ere ernatu daiteke. Edozein kasutan mediku batzuen bokazioaren inguruan nire dudak ditut. Udako Euskal Unibertsitatea (UEU)

Lore Erriondok esana: “Karmele Artetxe UEUko zuzendari hautagairik onena zen, oso ondo egingo du bere lana, oso pozik nago”. Zer duzu esateko?

Lore eta biok aspalditik elkar ezagutzen dugu. Badakigu nola egiten duen lan bakoitzak eta moldatzeko arazorik ez dugu izan. Imajinatzen dut horregatik esan zuela hori, baina hoberena litzateke berari galdetzea.

Zuzendari kargua hartu duzunetik, zein da egin duzun lanaren balorazioa/balantzea?

Urrian sartu nintzen eta oso goiz da balorazioak egiten hasteko. UEUko Proiektu arduraduna izan naiz orain gutxira arte, eta beraz, egokitzapena nahiko modu lasaian egiten ari gara, zuzendaritzan egonik banekielako zuzendari izateak zelako betebeharrak zituen. Niretzat, agian aldaketarik handiena izan da orain komunikabideetan agertzea.

Nola ikusten duzu UEU epe ertainean?

Futurologo txarra naiz, seguru aski horregatik aukeratu nuen Historia. Hala ere saiatuko naiz galderari erantzun. Oraingoz argi dudan gauza bakarra da epe ertainean UEU inguratzen gaituen krisitik indartuta irteten ikusiko dugula. Krisiak txarrak dira, estuasun ekonomikoak eragiten dituztelako, baina oxigenatzeko balio dezakete. Esate baterako, denboraren poderioz eta konturatu gabe finkatzen diren inertziak berrikusteko aukera ematen dute. Den dena berraztertzeko aukera irekitzen dute.

Proiektu bezala epe luzera?

Epe ertainera zer gertatuko den esateko nire burua estu ikusten banuen, epe luzerako aurreikuspenak egitea are zailagoa egiten zait. Baina pentsa dezagun epe ertain-luzera Euskal Unibertsitatea sortuko dela eta testuinguru berri horretan UEUk bere izaera eta egitekoak birdefinitu beharko dituela.

Nola definituko zenuke UEUren zeregina euskal gizartean?

Euskal gizartearen baitan UEUren egitekoa unibertsitario euskaldunen topagune izatea da. Unibertsitate eta bestelako ikastetxe eta zentroetan sakanabatutako ikasle, irakasle, ikertzaile eta profesional euskaldunen elkarlanerako baratze izatea.

Zein leku dute irakasleek, zein ikasleek?

UEUn parte hartzen dugunon artean ez dago mota horretako bereizketarik. Unibertsitate batean irakaslea dena, UEUko ikastaro batean ikaslea izan daiteke eta are gehiago, bere ikasle bat irakasle izan dezake gure ikastaroan. Unibertsitate batean kide bakoitzaren rolak erabat finkatuta daude, UEUn berriz, horrelakorik ez dago eta elkarrekin aritzeko, ikasteko edo jarduteko aukera gehiago sortzen dira. Agian hori izan zen gaztetan gehien gustatu zitzaidan gauzetako bat UEUn.

Argazkia: Diario de Noticias. Patxi Cascante.

Lore Erriondoren garaia, Karmele Artetxeren garaia, irakasle hasi berrien garaia: belaunaldiak, hots.

Irakasle lanetan hasi berria naizen arren, Lore eta bion artean belaunaldi aldaketarik egon denik ez nuke esango. Bistan da Lore baino gazteagoa naizela, baina zuzendaritza taldean parte hartzen dugunok adin guztietakoak gara, batzuk nagusiagoak dira eta badira gazteagoak ere bai. Gainera, Lore baino lehen, Aitzpea Leizaola izan zen UEUko zuzendaria, eta Aitzpea nire adin bueltakoa izan zen. Beraz, ez dut uste belaunaldiaren faktoreak funtzionatzen duenik une honetan UEUn.

Badago segidarik, antza.

Erabateko segida dago. UEU ez da erakunde presidentzialista, non elkartearen zuzendari bakoitzak erabakitzen duen erakundearen ildoak zeintzuk diren. Egiteko horren ardura zuzendaritza talde osoak bere gain hartzen du. Elkartearen zuzendaria ere, noski, zuzendaritza taldean partaide da. Gainera Batzar Nagusia ere badago, non zuzendaritza taldeak prestatutako balantzea eta egitasmoa onartu edo baztertzen den. UEU lukuru asmorik gabeko kultur elkarte bat da, 1.200 bazkidez osatua eta izaera parte hartzailea duena. Ikuskera hori zuelako onartu nuen elkartearen ordezkaritza nire gain hartzea.

Ba al dago etenik?

Ezin da ukatu bestalde, UEUko zuzendari bakoitzak bere ukitua eman diola erakundeari. Izan ere, zuzendari bakoitzaren ibilbidea desberdina da eta beraz, erakundeari egin dion ekarria desberdina. Lore Erriondo pedagogoa da, bere aurrekoa, Aitzpea Leizaola, antropologoa, lehenago, Xabier Isasi, psikologoa, eta izan dira biologoak, kimikariak eta abar. UEUko zuzendari bakoitza desberdina izanik, bai lanbideari bai pentsaerari dagokionez, bakoitzak bere abiapuntutik jakin du UEU aberasten eta behar diren erabakiak hartzen erakundea garaiotara egokitzeko. Nire ukitua zein izango den, oraindik ez dakit, denborak esango du. Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) eta balizko Euskal Unibertsitatea

EHUko irakaslea zara eta UEUko zuzendaria —eta irakaslea— ere bai.

Ezin dut baieztapen hori guztiz sinatu, ez baitira parekoak. UEUko Batzar Nagusiak zuzendari gisa hautatu ninduen. UEUkoa borondatezko lan bat da, ez da lan profesionala. Nahiz eta euskal kulturgintzan aritzen diren hainbat erakunde eta elkarte profesionalizatu diren, UEUk jarraitzen du erakundearen izaera soziala, borondatezko lanean oinarritua eta lukuru asmorik gabean sinesten. Nik ideal horiekin bat egiten dut. EHUko irakaslea izatea berriz, une honetako nire ogibidea da eta azken orduko kontu bat izan da. Urritik irakasle gisa ari naiz lanean EHUn, ordezkapen bat egiten, kontratu partzial batekin. Hortaz hiru hilabete daramat EHUn, besterik ez. Aurretik HUHEZIn ere egon naiz, eta bestelako lanak ere egin izan ditut.

Lan osagarriak egiten dituzue UEUko kideek?

Edozein herrialdetan oso ohikoa da unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak elkarte zientifikoetan kolaboratzea. Hementxe bertan UPV/EHU zein beste unibertsitate publiko zein pribatuetan ari diren unibertsitarioak Eusko Ikaskuntza, Aranzadi Zientzi Elkartea edota bestelakoetan parte hartzen dute. Hortaz, nahiko fenomeno normala da unibertsitatean egotea eta lukuru asmorik gabeko elkarte eta erakundeetan parte-hartzea.

Zergatik dago UEUren beharra?

Euskara goi mailan, edo unibertsitatean nahi bada, normalizatu gabe dagoelako, bai erregistroa, baita erabilera ere.

Noizko Euskal Unibertsitatea?

Unibertsitate berriak parlamentuen erabakiz sortzen dira. Espainian hainbat unibertsitate pribatu sortu dira modu horretara azken urteotan. Euskal Unibertsitatea sortzeko beraz, borondate sozialaz gain, erabaki politiko bat behar da. Horretaz guztiaz arduratzeko, Euskal Unibertsitatearen aldeko Fundazioa dago. Bertan UEUk beste zazpi elkarte eta erakunderekin indarrak bildu ditu, Euskal Unibertsitatea egingarri egiteko. Unibertsitateko etorkizuna: goi-mailako ikaskuntza

Bolonia Plana hitzetik hortzera dabil azken urteotan. Boloniaren aurreko garaia eta ondokoaz mintzatuko al da etorkizunean?

Bai, nik uste baietz. Izan ere, Europar Unibertsitate Eremu Bateratua edo Bolonia izenarekin ezagutzen den prozesua, Europa mailako unibertsitate ikasketak bateratzeko asmoz sortu zen. Proposamena 90eko hamarkadan abiatu zen, txanpona bateratzeko asmoaren testuinguru buelta horretan. Txaponak bere bidea egin zuen, eta horren ostean, zenbait estatuk europar unibertsitateen tituluak harmonizatzeko/bateratzeko beharra adostu zuten. Funtsean Europar Unibertsitate Eremu bateratuak, zer bateratzen du? Karrerako tituluak eta kredituak neurtzeko unitatea.

Eta horrelako homologazio edo harmonizazio prozesuak mugarriak izaten dira. Noski, etorkizunean berrikuntza eta aldaketa gehiago izango dira, baina Bolonia prozesuaren mailakoak gutxi izango direla uste dut.

Nolako eragina izango du ikasleentzat Bolonia Planak?

Unibertsitateko ikasketek berrikuntza pedagogiko sakonaren beharra zuten, eta berrikuntza badirudi Boloniarekin etorriko dela, bestela ere egin zitekeen baina Boloniarekin etorri zaigu. Boloniaren berrikuntza pedagogikoen onuradun nagusiak ikasleak dira. Izan ere, Boloniarekin ikasketa unibertsitarioak ikaslearengan zentratzen dira, bere lanean. Horregatik ECTS kredituetan ikaslearen lan orduak neurtzen dira. Aurreko kredituetan berriz, irakasleena neurtzen zen.

Nola eragingo du irakasleen jardunean?

Irakasleria osoaren sakoneko berrikuntza pedagogikorik gabe, modu berrian irakatsi nahi izatea, ez da ezinezkoa, baina bai oso zaila. Tentsioak badira, hori ezin da ukatu, baina ez daukat zalantzarik irakasle batzuk ahalik eta ondoen egokitzen saiatuko direla. Badakit ere, beste batzuk betiko moduan jarraituko dutela.

Etorkizuneko Euskal Unibertsitatearen proiektuan nola eragingo du?

UEUk 2006. urtean kaleratutako “Euskal Unibertsitatearen oinarrizko ezaugarriak” dokumentuan Euskal Unibertsitatearen oinarrizko bost ezaugarrien artean bosgarrena honako hau zen: “Europako unibertsitate-esparruan homologagarria”. Hain zuzen ere, Euskal Unibertsitatea Europako unibertsitate sisteman parte hartzen zuen unibertsitate gisa irudikatzen genuen. Urte batzuk igaro dira aipatutako dokumentua prestatu zenetik, eta iaz UEUk Fundazioaren eskariz Euskal Unibertsitatearen Hezkuntza Proiektua prestatu zuenean ere, esate baterako, Boloniak hezkuntzaren alorrean ezarritako konpetentziak aintzat hartu zituen. Karmele Artetxe Sanchez (Zamudio, 1976) Historian doktorea, ikertzailea eta une honetan UEUko zuzendaria da. Orain arte UEUko Proiektu Arduraduna izan da eta aurretik UEUk sortu eta garatutako Inguma datu-basean dokumentalista gisa lanean aritu zen. Gasteizen Historia karrera ikastean ezagutu zuen UEU. Laster bazkidetu zen. Geroztik Historia Sailaren zenbait proiektutan parte hartu du, hala nola, Historialari Euskaldunen topaketen antolaketan zein liburu argitalpenetan, adibidez, Historia eta fikzioa: Karlomagno Euskal Herrian VIII. eta IX. mendeetan eta Ikerketa berriak Euskal Herriko Historian. Inguma datu-basetik abiatuta, Komunitate Zientifiko Euskalduna. Azterketa historikoa eta bibliometrikoa izenburuko doktorego-tesia defendatu zuen 2010ean. Bertan goi mailako euskarazko produkzioa, kide kopurua eta azpiegitura deskribatzen dira, baita beronen bilakaera historikoa azaldu ere. Hala historialari eta dokumentalista gisa, jardun esparru biak uztartu zituen tesian. Une honetan bere ikerketa ildo nagusia da, euskara zein beste hizkuntza gutxituen erabilera goi mailan, XX-XXI. mendeetan.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Andres Illana. Arabako Ekologistak Martxan taldeko bozeramailea: Gasteizko hazkunde urbanistikoa neurriz gainekoa da

 

Irakurri

Oskar Tejedor. Gidoilaria eta errealizadorea: Zaintzaileak dira historia honetan nabarmen ahaztuta gelditu direnak

 

Irakurri

Emilio Lopez Adan. Idazlea: Askatasuna sortzeko, beti errefusatuko ditut militarismoa, diktadura eta terrorismoa

 

Irakurri

María Amor Beguiristain Gúrpide. Prehistorialaria: On José Miguel Barandiarán liderra zen

 

Irakurri

Judas Arrieta. Artista: Helburua aberastea izango balitz, ez nintzateke artista izango

 

Irakurri