Pedro Salaberri: "Nik nire koadroetan bizitzeko pintatzen dut; burua lasaitzeko lekuak dira, begiradaren bainuetxeak"

2001-06-01

MARCELLAN, Idoia

Elkarrizketa: Pedro Salaberri Pedro Salaberri, pintorea "Nik nire koadroetan bizitzeko pintatzen dut; burua lasaitzeko lekuak dira, begiradaren bainuetxeak" * Idoia Marcellan Pintore iruindarrak lanbide bihurtu du bere pasioa. Pintatzeko beharra sentitzen du, bizitza intentsitate handiagoz gozatu ahal izateko. Hogeita hamar urtetan zehar, ahal den gutxienaren bidez ahal den guztia erakutsi digu. Errealitatea asmatu ez, baizik eta pintatu egiten duen kronikari berezi bat da, bizitzaren behatzaile bat, bizitza bera sorburu oparo bat baita beretzat. Bainuetxe bihurtuta hilezkortzen ditu Pello Salaberrik erretratuak eta paisaia basati nahiz hiritarrak. Koloretako marra eta orbanez baliatuz hunkitzen ditu ikusleak. Intuizioa da bere musa. Horiz pintatzen hasiz gero, gainera, konposizio bat egiteko gai da. Noiz hartu zenuen pinturaz bizitzeko erabakia? Txikitan hasi nintzen pinturaren munduarekin lehendabiziko kontaktuak izaten, irudiak kopiatzen, etab. Hamalau urterekin jada delineatzailea nintzen, baina ez zitzaidan gustatzen. Hemezortzi urterekin, Arte eta Ogibideen Eskolan sartu nintzen, eta oso lagun onak egin nituen: Mariano Royo, Pello Azketa, Luis Garrido eta beste asko. Pertsona bezala eta pintore bezala asko lagundu zidaten. Nik esango nuke ordutik dagoela pintura presente nire bizitzan; garai hartan erabaki nuen ogibidetzat pintura hartzea. Ez zen zaletasun bat, pasio bat zen, eta ez nuen denbora beste ezertan galdu nahi. Urte hauetan zehar delineatzaile lanak egiten ari behar izan dut, azkenean utzi ahal izan dudan arte. Noizbehinka pinturako klase partikularrak eman ditut, antzerkietan laguntzen dut, erakusketak komisariatzen ditut, etab. Baina garrantzitsuena, beti, pintura izan da. Etxetik urrun daukazu estudioa, Iruña erdian... Garai batean etxean pintatzen nuen, baina itolarria sortzen zitzaidan. Nire estudioa Alde Zaharrean dago, hiri erdian. Oso leku urbanoa da; dena gertu gertu gelditzen zait. Forja eta guzti daukan etxe zahar horietako bat da.Alde Zaharrean jaioa naiz, eta handik zehar ibiltzeko beharra sentitzen dut, pintorearen lana oso bakartia delako. Hala ere, nire bakardadea nahiko erlatiboa da, zeren estudioa Zapateria kalean dagoenez, hamaiketakoa egiteko kalera jaisten naiz. Kafetxo bat hartzen dut, eta jende pila batekin egiten dut topo. Asko gustatzen zait balkoiko leihoa zabaldu eta kalean zer gertatzen den ikustea. Horrela, une batez bederen ahaztu egiten ditut koadroak, eta gero indarberrituta hartzen ditut pinturak. Benetan txukun eta garbi daukazu estudioa... Agian nire nortasunaren isla izango da. Nik orden bat behar dut inguruan. Lan egiteko ere, dendek bezalako ordutegia izaten dut: goizez estudiora joaten naiz, eguerdian etxean bazkaldu, eta arratsaldean estudiora itzultzen berriz ere. Nahiko bizimodu ordenatua daramat. Astelehenetatik ostiraletara pintorea naiz, denda zabaltzen dut. Niretzat ordena beharrezkoa da, eta gainera gustatu egiten zait. Behin gauzak "jasotakoan", zertan pentsatzen duzu? Pertsonok, bizitzea justifikatzen duten momentuen bila bizi gara. Argitasun, magia, zoriontasun eta plazerezko mementoak lortzen saiatzen gara. Kontua da une horiek errealitatean gure oroitzapenetan baino gutxiago irauten dutela, eta, horregatik, memento horiek betiko gogoratzeko espazio bat behar izaten dugu. Oroitzapen horiek pizten dute nire irudimena, horrelako gauzek bultzatzen dute nire lana. Nire ustez, gutako bakoitzak leku bat behar du bizitzari buruz eta gustatzen zaizkion gauzei buruz pentsatzeko. Leku hori, nire kasuan, neurri handi batean estudioa da. Nolabaiteko kronikaria zarela esango al zenuke? Bai baina ez. Argi dago koadroak gauza bat direla, eta errealitatea beste bat. Koadroek oroitzapenak sortu eta gauzak gogoraz ditzakete, baina beren lege propioak dauzkate. Beraz, kronikari erlatiboki izango naiz, zeren egia da koadro bat pintatzerakoan leku edo pertsona jakin bat daukadala gogoan, baina, noski, nire modura pintatzen dut, eta beraz pertsonala izango da kronika hori.Gainera, nik idealizatu egiten dut ikusten dudan guztia, giroa magikoa bihurtzen dut. Nik nire koadroetan bizitzeko pintatzen dut; burua lasaitzeko lekuak dira, begiradaren bainuetxeak. Zure koadroetan kolore planoak eta koloretako orbainak erabiltzen dituzu. Hortik sortzen dira bolumenak... Batzuetan horrela ikusten dira gauzak, eta beste batzuetan horrela ikustea interesatzen zait. Nik esango nuke eleberrigilea baino gehiago poeta naizela, ahal den gutxienarekin ahal den guztia kontatu nahi dudalako. Batik bat giroa eta bolumena interesatzen zaizkit; horregatik aukeratzen ditut sintesia eta kolore planoak. Horrek ere gauzak antolatu eta txukuntzeko gogoa adierazten du nolabait. Koadroek errealitate bat erakusten dute, baina ez benetako errealitatea, koadroek bizitza eta nortasun propioa izan behar dutelako. Hunkitu egin behar dute. Zein prozesu jarraitzen duzu koadroak pintatzeko? Egun bakoitza berria balitz bezala hastea gustatzen zait. Asmatu egin behar da. Paletan dauzkadan koloreek atzo egiten ari nintzena gogorarazten baldin badidate, egun bata bestearekin nahastuko dut, eta hori ez zait gustatzen. Egun bakoitza egun berri bat da, egunero zerbait inauguratuko banu bezala. Pintatzen hasten naizen bakoitzean, gauza berri bat egiten hasten naiz. Anekdotak ahaztu eta kontatu nahi duzun horretan zentratzeko modu bat da. Pixka bat intuitiboa da. Egunen batean horiz pintatzeko gogoa sartzen baldin bazait, ba kolore hori erabiltzeko zuhaitz bat bilatuko dut. Nire koadroetan askotan azaltzen da horia; ia koadro guztietan dago. Kolore bakoitzak bere berotasuna du, eta nik berotasun hori azaldu nahi izaten dut. Horiak ez du espazio bisual gehiegi hartzen, baina bero hori adierazten du, giro berezia sortzen laguntzen dit. Koloreen arteko harmonia hori, ordena mantentzeko "estrategia" bat al da? Koadroetan oreka eta elkarbizitza bilatzen ditut. Ez zaizkit kolpeak gustatzen, baizik eta akordioak. Koadroak harmonikoak izatea nahi dut, gauzek elkarri laguntzea, koloreak elkarbizitzea.Bizitza sentitzeko harmonia behar dut, ez kontrasteak. Eta hori guztia kolore eta formen bidez ere adierazten dut. Irudiaren kulturan hain murgilduta gauden garaiotan, zein leku daukate pinturak eta koadroek? Irudiaren kultura horrez gain, presaren kontua dago. Minutuko 7.000 irudi ikusarazten dizkigute, eta gauza guztiak azkarregi ikusten ditugu. Nik uste dut pinturak oraindik ere lasaitasun pixka bat eskatzeko gaitasuna daukala. Koadro bati begira, irudi bati edo aldizkari bateko argazki bati begira baino denbora gehiago igaro daiteke, eta hori bainuetxe bat bezala da. Niri sentsazio hori ematen dit koadro batek. Denbora luzea eman dezaket koadro bati begira, eta gero berriz eta koadro horrengana itzuli. Zer da zuretzako pintura? Bizitza egunetik egunera asmatzeko modu bat. Pintatzen dudalako mantentzen naiz ernai. Intentsitate handiagorekin bizitzeko modu bat da. Pintatzea, musika egitea, poesia egitea, edozer gauza egitea, bizitza intentsitate handiagoarekin bizitzeko modu bat da, bizirik zaudela konturatzeko, eta segundo bat bera ere ez galtzeko. Eta pintatzeko, ulertzeko edo ikusteko egiten duzun esfortzu horrek zure sormena lantzen du, lanean jartzen zaitu. Asko gustatzen zait adi egotea. Nire ustez egiaren begiak ez du bekainik; beti adi adi begira dago. Eta gainera, horrela istorio bat gehitzen zaio errealitateari. Artistaren eta ikusleen artean gehiegizko aldea dagoela leporatzen zaio gaur egun arteari. Egia da artista batzuek ez dutela jende guztiarentzat lan egiten. Artelan batzuk, gainera, adimenari zuzentzen zaizkio, eta horrelakoetan ez baldin baduzu ulertzeko ahaleginik egiten... Artea, azken batean, hizkuntza bat da. Kolore bakoitzak, material bakoitzak zerbait esan nahi du, eta hiztegi hori ezagutu gabe, ezin izango duzu ulertu. Ahalegin bat egin behar duzu hiztegi hori ezagutzeko. Jende askok esfortzurik txikiena ere egin gabe ulertu nahi du artea. Jakina, kontua ez da jende guztiari den dena gustatzea, baina argi dagoena da artistari ezin diozulaeskatu zuri gustatzeko moduko zerbait egitea. Artistak ahal duena egiten du, sentitzen duena. Beharbada zuri interesatzen ez zaizkizun gauza batzuk kontatu nahi ditu. Egia da artea ikuskizun mediatiko bihurtu zaigula, baina nik uste dut positiboa dela jendea modu horretan hurbiltzen hastea. Hala ere, nahiz eta batzuetan jendeak ez ulertzeagatik arteari kasurik egin ez, artistak ezin ditu mundu guztiari gustatuko zaizkion gauzak egin. Bakoitzak non dagoen jakin behar du. Zer nolako harremana daukazu ikusleekin? Oso hurbilerraza naiz. Batzuek esaten dute: "beno, hauxe da egin dudana. Hortxe daukazue. Ez zaizuela gustatzen? Hor konpon". Beste edozein jarrera bezain errespetagarria da, baina garbi dago horrela jendearengandik urrundu egingo zarela eta zure gauzak minoritarioagoak izango direla. Niri asko gustatzen zait jendearekin hitz egitea. Begirune kontua iruditzen zait. Nik jendearentzat pintatzen dut. Pasioak ez omen dira betiko izaten. Bukaerarik ikusten al diozu zureari? Ilusioa eta pasioa galtzen ditudan egunean, utzi egingo dut pintura, baina bitartean jarraitu egingo dut. Agian gehiegi errepikatzen ari naiz, baina nik pintatu egin behar dut. Beharra sentitzen dut. Nire bizimodua denbora luzean berdina izan denez, ziur aski elementu batzuk errepikatzen arituko naiz. Garai batean izan nuen errepikatzeko beldur hori, baina orain ez. Muxu bat edo harremanak bezalakoa da: funtsean ez dira aldatzen; aldatzen direnak ñabardurak dira. Beste alde batetik, ez naiz pintore izatera mugatzen. Pintura nire jardun nagusia da, baina beste gauza batzuk ere interesatzen zaizkit: kartelak, liburuen diseinua, antzezlanak... Gustatzen zait noizean behin horrelako proiektuetan parte hartzea, estudiotik ateratzeko. Gainera oso ondo pasatzen dut, freskatu egiten naiz. Duela 30 urte lanbide bihurtu zenuen zure pasioa. Zer esango zenioke pinturatik bizitzeko asmoarekin dabilen jendeari? Itaca rako bidaian bezala, garrantzitsuena bideaz gozatzea da, hori baita bidaiak egingo dizun oparirikonena. Bizitzaz gozatzea, lanbideaz gozatzea aholkatuko nuke. Pinturaren bideak, artearen bideak oro har, luzeak dira, baina pertsona bezala osatzen, gozatzen eta bizitzen laguntzen dute. Pinturari edo arteari arrakasta eskatzen dizkiona, okerreko bidetik dabil. Pintura, intentsitate handiagoarekin bizitzeko da. Bukatzeko, beti adi egoteko aholkatuko nuke, jende guztiak baitauka zer esan. Erakusketa indibidualak 1973az geroztik, Euskal Herriko ia areto guztietan izana da. Hona hemen azken hamar urteen lagin bat: 1990 Galeria Seiquer, Madril 1992 Galeria Ederti, Bilbo 1993 Kultur Aretoa, Zizur Nagusia Galeria Seiquer, Madril García Castañón Aretoa, CAM, Iruña Kultur Etxea, Tafalla Castel Ruiz Aretoa, Tutela 1995 Gustavo de Maeztu Museoa, Lizarra Galeria Seiquer, Madril 1996 Lourdes Ugarabe, Arte Galeria, Vitoria Gasteiz Mistoen pabilioia, Zitadela, Iruña 1997 Juan Bravo Kultur Aretoa, CAN, Madril 1999 Valle de Aranguren Kultur Aretoa, Mutiloagoiti, Nafarroa 2000 Le Carré Aretoa, Bonnat Museoa, Baiona Gustavo de Maeztu Museoa, Lizarra Mistoen pabilioia, Zitadela, Iruña Taldekako erakusketak ARCO 95 "Aquellos 80", Iruñako Zitadela Castillo de Maya Aretoaren Berrirekiera, Caja de Ahorros de Navarra "Paisajes de un siglo", Iruña, Burgos, Murtzia eta Vitoria Gasteiz Juan Antonio Aguirreren Bilduma, IVAM, Valentzia Museo eta bildumak Iruñako Udala Vitoria Gasteizko Udala Caja de Ahorros Municipal de Pamplona Caja de Ahorros de Navarra Caja Vital Kutxa Nafarroako Gobernua Eusko Jaurlaritza IVAM Arabako Arte Ederren Museoa Nafarroako Parlamentua Nafarroako Museoa Argazkiak: Idoia Marcellan Euskonews & Media 125.zbk (2001 / 6 / 1 8) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Pedro Gorrotxategi Gorrotxategi: "Tabakoa edo/eta alkohola behin betiko uzteko, behar-beharrezkoa da borondatea izatea"

 

Irakurri

Charles Carrère: "Plastikaren bilaketa da bultzatzen nauena, bai eta irudiztatzen dudan gaia Eskritura Santuetatik aterea izatea ere... Gero, iruzkinak egitea ez da nire kontua..."

 

Irakurri

Miren Sánchez Erauskin: "Gazteak kokoteraino daude hitzaldiekin"

 

Irakurri

Gloria Totorikaguena: "EEBBetako euskaldunak euskararen aldeko mugimenduan interesatuta daude"

 

Irakurri

Xabier Iriondo: "Nafarroak, Euskal Herriari jarriko balizkio bezala, euskarari jartzen dizkio barrerak "

 

Irakurri