Gustav Henningsen. Folklorista eta historialaria: Jazarpena hedatu aurretik, sorginkeria satanikoa ezezaguna zen euskaldunen artean

2010-11-05

AGUIRRE SORONDO, Juan

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

XVII. mendearen hasieran, historiako “sorgin-ehizarik” handienari ekin zitzaion euskal lurretan. Gertakaririk gogoangarrienetakoa 1610eko autofedea izan zen. Epaiketa Logroñon egin zuten, Zugarramurdiko (Nafarroako) biztanle batzuen kontrako salaketetan oinarrituta. Aipatutako urteurrena gogoratzeko, Eusko Ikaskuntzak, Zugarramurdiko Udalak eta Nafarroako Gobernuak “Akelarre: sorgintzaren historia Pirinioetan (XIV-XVIII. mendeak)” izeneko nazioarteko jardunaldiak antolatu dituzte. Jardunaldietan zehar, besteak beste, Gustav Henningsen ikertzaile daniarrari omenaldia egingo diote, azaroaren 6an. Mende modernoetako sorginkeriaren arloko munduko aditurik handiena da Henningsen, eta gaiari buruzko erreferentziazko liburua idatzi du: “El abogado de las brujas. Brujería vasca e inquisición española”.

“Akelarre hitzaren asmakuntza” hitzaldia emango duzu jardunaldietan. Nola asmatu zuten, bada, hitz hori?

1609an, Logroñoko prozesuari ekin zitzaionean, Akelarre hitza toponimoa zen, hau da, larre jakin batzuen izena: Akerlarre (akerraren larrea) edo Alkelarre (dactilis hispanica edo alka loreen larrea). Prozesuaren lehen hilabeteetan zehar, ordea, hitzari beste esanahi bat ematen hasi zitzaizkion, eta, azkenik, “sorginen biltzarra” izendatzeko termino orokortzat hartu eta finkatu zuten.

Akelarre hitza aipatzen duen lehen dokumentua epaimahaikideek 1609ko maiatzaren 22an Goi Auzitegiari bidalitako gutuna da. Bertan, Nafarroako beste toki batzuetan egindako “biltzar eta akelarreei” buruzko txostenak biltzen ari direla diote inkisidoreek, eta atxilotutako azken sorginetako batzuek gai horretaz zerbait badakitela gaineratzen dute. Azken sorgin haiek otsailaren 14tik zeuden kartzelaratuta; beraz, epaileek nahikoa denbora izan zuten galdeketak egiteko. Dirudienez, hiru hilabete horietan zehar aldatu zen akelarre hitzaren esanahia, sorginak ustez biltzen ziren tokia adierazteari utzi eta sorginen bilera izendatzeko termino orokor bihurtu baitzen. Esanahi eruditu berriaren sortzailea Valle Alvarado inkisidorea izango zen, agian, galdeketak zuzendu ondoren, txokoz txoko ibili baitzen Pirinioetan zehar sorgin gehiagoren bila.

Bestalde, ekar dezagun gogora galdeketak interpretarien bidez egin zituztela, salatutako biztanleek euskaraz besterik ez zekitelako. Laburbilduz, hitzaren okerreko esanahiaren emaitza izan zen “asmakuntza”.

Argazkia: Diario de Noticias, Mikel Saiz.

Hori hitzari dagokionez, baina noizkoa da sorginen ezkutuko biltzarren kontua?

XV. mendearen amaieratik aurrera, euskaldunek sorgin hegalariei buruz zituzten herri-sinesmenen berri ematen digute agiriek. Dena den, Euskal Herrian egin omen zen sorginen biltzar bati buruzko lehen aipamena Durangoko Inkisizioak 1508an Mungiako (Bilbo ondoko udaleko) emagin baten kontra abiarazitako epaiketaren agirietan azaltzen da.

Sorginen biltzarren inguruko txostenik zehatzenak Zaraitzu haraneko eta Pirinioetako beste toki batzuetako sorginen kontrako jazarpen izugarriaren inguruan idatzi ziren. Epaiketa hura Nafarroako agintari zibilek abiarazi zuten 1525ean. XVII. mendearen hasierako agirietan jasotzen diren xehetasun guztiak Zaraitzuko sorginen kontrako 1525eko prozesuetan aipatu ziren jadanik.

Hizpide dugun fenomenoari lotutako azterketetan egin duzun ekarpenik garrantzitsuenetakoa sorginkeriaren eta sorgin-erokeriaren arteko bereizketa izan da. Zertan dira desberdinak bi terminoak?

Sorginkeria oso antzinako sinesmena da. “Herrixketako azti eta sorginei” gizaki, animalia eta uzten kontrako begizkoak edo kalteak egitea leporatzen zitzaien. Sorginkeria botere pertsonala da. Sorginak bekaizkeriaren edo begizkoen bidez azaleratzen du, Deabruak ezertan ere lagundu gabe.

Sorgin-erokeria, aitzitik, berriagoa da. Zurrumurruen, propagandaren eta doktrinamenduaren eraginez, gizartean izua bete-betean nagusitu eta errotu zen. Herri-sinesmenak eta demonologia eruditua (Deabruaren botereei buruzko teoria) uztartu ziren, nahasketa arriskutsua sortuz.

Batetik, herri xeheak sorginkeria-sinesmen jakin batzuk zituen. Bestetik, intelektualek Deabruaren eta sorginen arteko loturari edo demonologiari buruzkoa teoria jorratu zuten, teologo eta legelarien tradizio jakintsuari jarraituz. Tradizio hori ez zen izan kaltegarria, liburuen mugak gainditu zituen arte.

Pulpitutik edo epaitegietatik eguneroko bizitzako gertakari arruntak salatzen hasi zirenean sortu ziren arazoak. Nola goi-mailako biztanleak hala herritarrik xumeenak harri eta zur geratu ziren sorginkeria mota berrien, asmakuntza arriskutsu haien, berri izaten hasi zirenean. Izu morala erruz hedatu zen. Nik erokeria hitza erabili ohi dut, jakin badakidan arren ez zela izan gaixotasun mental baten ondorioa.

Beraz, sorginkeria funtzionala eta sorgin-erokeria disfuntzionala dela esan daiteke?

Bai, horixe. Gizartearen ikuspegitik, sorginkeria-sinesmenek hainbat funtzio dituzte komunitate txikietan: besteak beste, sistema kognitiboaren (adibidez, zorte txarra sorginkeriari leporatzea) eta sistema moralaren (bekaizkeria onartzen ez duten gizarteetan, bekaiztia azti edo sorgintzat hartzen dute) osagaiak dira, eta, gainera, gizarteak gaitzetsiko lituzkeen ezkutuko nahiak bideratzeko modua ere izan daitezke. Demagun, adibidez, amaginarrebarekin bizi zarela eta haren apetak jasan behar dituzula. Familiakoei eta auzokoei sorgina dela sinestarazten badiezu, etxetik bidaltzeko aukera izango duzu, besterik gabe.

Sorgin-erokeria, berriz, zeharo disfuntzionala da, ikuspegi kognitibotik eta moraletik, eta ihesbidetzat ere ezin da hartu, hain gogorra denez, tokian tokiko komunitate txikia suntsitu egiten baitu.

Argazkia: Diario de Noticias, Mikel Saiz.

Nola sortzen da sorginen kontrako izua edo erokeria?

Horrelako gertakari bakoitzean, hiru urrats egokitzen ziren beti: doktrinamendua, epidemia onirikoa eta derrigortutako aitorpenak.

Izuaren abiapuntuak amets estereotipatuak ziren. Hainbat lagunek, gehienetan haur eta nerabeek, gauez ohean zeudela sorginen biltzarretara eraman zituztela esaten zuten. Ondoren, “sorgindutako jendearen” eta “haur azti edo sorginen” gaueko abenturen azalpen ugariak hedatu ahala, izua nagusitzen zen. Dena den, esperientzia onirikoak adierazi arren, salaketak ez ziren izaten berehalakoak. Aitzitik, denbora igarotzen zen haurrek norbait salatu eta gauez nork eramaten zituen aitortu arte.

Horri esaten diozu, beraz, “epidemia onirikoa”. Oso izen zehatza eta zuzena da.

Bai. Nafarroan 1609tik 1611ra bitartean gertatutakoa amets gaiztoen edo epidemia onirikoen historiako adibiderik dokumentatuena dugu, ezbairik gabe. Ez dut parekorik aurkitu garai modernoetan, eta egin dezakedan bakarra fenomenologia-deskribapena eskaintzea da. Salazar inkisidorearen galdeketei erantzun zioten 102 lagunen azalpenek agerian uzten dutenez, ametsak benetako gertakariak zirela uste zuten ia denek. Erantzunen arabera, lotan zeudela, ohea uzten zuten eta “joan-etorrian eta Akelarrean zehar” esna egoten ziren; zirrikituetatik, leihoetatik edo tximinietatik ateratzen ziren; hegaka joaten ziren, bidean inorekin ere gurutzatu gabe; ez ziren bustitzen, nahiz eta euria edo elurra egin...

Horrelakorik gertatu al zen Europako sorginkeria-epaiketetan?

Euskal Herritik kanpo, Suediako iparraldean besterik ez da gertatu antzeko zerbait. Bietan, salaketen oinarri nagusiak haurrak izan ziren. Dena den, Euskal Herrian haurrengan oinarritutako sorginkeria-epaiketak XVI. mendearen hasierako agirietan islatzen dira; Suedian, aldiz, askoz ere geroago, XVII. mendearen erdialdetik aurrera.

Beraz, haurren partaidetza masiboa Euskal Herriko sorginkeria-epaiketen ezaugarri bereizgarria izan zen?

Bai, horixe. Euskaldunen artean hedatutako eromenaren ezkutuko ardatzak sorginkeriaren mende eroritako haurrak izan ziren, ezbairik gabe. Haurren taldea zen guztietan ugariena, argi eta garbi, gaiari buruzko informazioa oso urria den arren.

Ildo horretan, dokumenturik adierazgarrienak apezpiku-auzitegiak 1611n Miguel de Aguirreren, Errazuren lagunkidearen, kontra egindako epaiketaren aktak ditugu, gaia urratsez urrats ezagutzeko aukera eman baitigute. Lagunkidea bere parrokian azti eta sorginen kontrako predikuak egiten hasi zen, eta, azkenean, herriko haur eta nerabeak sorginkeria-begitazioen mende erori ziren.

Esanak esan, haur sorginduei arretaz erreparatzen badiegu, uste baino arruntagoak direla ikusiko dugu. Egia esan, egungo haurren oso antzekoak dira, istorio bitxiak asmatzen baitzituzten, galdetegietako estresaren eraginez.

1609ko udazkenean eta neguan zehar, Pierre de Lancrek, Bordeleko Legebiltzarreko epaileak, kanpaina izugarri gogorra egin zuen Lapurdiko azti eta sorginen kontra. Nolako eragina izan zuten Nafarroan jazarpen haiei buruzko albisteek?

Jendeak “herrixketako sorginengan” sinesten zuen, eta auzotarrei kalte egiten zietela uste zuten. Horren adibideak ditugu, besteak beste, Zugarramurdiko sorginak. Baina, Iruñeko apezpikuak, Antonio Venegas de Figueroasek, adierazi zuen bezala, sorgin-elkarte sekretuak erabat ezezagunak ziren euskaldunen artean, jazarpena hedatu zen arte. Apezpikuaren hitzetan, 1609an iritsi zitzaien sorgin-elkarteei buruzko lehen berria, Pierre de Lancre epaileak Lapurdiko laurogei azti eta sorgin baino gehiagori heriotza-zigorra ezarri zienean. Han, izan ere, sorgin-erokeria bi urte lehenago hasi zen errotzen. 1609an, beraz, gaiak muga zeharkatu eta Inkisizioaren arreta piztu zuen.

Argazkia: W. A. Dudley.

Zenbat lagunengan izan zuen eragina 1609-1610ko “sorgin-ehizak”?

Auzitegiaren kalkuluen arabera, 1.721 aztik eta sorginek beren aitorpenak berretsi eta 5.000 biztanle salatu zituzten. Beraz, 6.721 lagun dira guztira. Bestalde, 81 aztik eta sorginek beren aitorpenak baliogabetu egin zituzten, eta, ondorioz, horietan jasotako 1.672 salaketak bertan behera geratu ziren. Ikusten denez, 8.474 aitorpen eta salaketa egin ziren sorginkerien inguruan. Gehienak Nafarroako mendialdeetakoak ziren, eta kontuan hartu behar da eremu hartan 10.000 lagun inguru bizi zirela guztira. Litekeena da, ordea, benetako kopuruak auzitegiak emandakoak baino askoz ere txikiagoak izatea, baina, hala ere, ikaragarriak dira.

Nortzuk salatzen zituzten?

Ustezko haur sorginak familia pobreetako neska-mutilak ziren, oro har. Helduei dagokienez, gaia gehiago ikertu behar da, baina han-hemenka bildutako materialen arabera, funtsean hiru motatako biztanleak salatu zituztela dirudi: aspaldiko susmagarriak (biztanleak sorgintzen omen zituztenak), azti- edo sorgin-leinuen ondorengoak edo senideak, eta pobreak.

Salatutako gehienak presionatu egiten zituzten, beste norbait sala zezaten. Biztanle pobreak bereziki derrigortzen zituzten, “hain pobreak eta xumeak direnez, sorgin izatea lasai aurpegira dakiekeelako”.

Sorginen kontrako eroaldiak oso gogorrak izan ziren, baina laburrak. Zergatik?

Hedapen beldurgarria izan zutelako iraun zuten hain gutxi. Herrixka batzuetan, biztanleriaren erdiari baino gehiagori leporatu zioten aztia edo sorgina izatea. Haurrak, emakumeak eta gizonak, gazteak eta zaharrak, aberatsak eta pobreak, elizgizonak eta laikoak... gizarte talde guztietako biztanleak salatu zituzten. Baina “sorgin-ehizaren” ondorioez jabetu eta gizartea zeharo suntsitzen ari zela ikusi ahala, jendeak beste jarrera bat hartu zuen, arian-arian. Horrela, haurren esamesak ez sinesten eta ameskeriatzat hartzen hasi ziren.

Zure liburuaren izenburua “El abogado de las brujas” da, eta “On Alonso de Salazar Frías inkisidore eta humanista espainiarrari” eskaini diozu. Zer egin zuen Alonso de Salazar inkisidoreak Zugarramurdiko prozesuan?

Epaileek hartutako norabidea aldatu zuen; bestela, benetako holokaustoa egingo zuten. Autoari ekin eta hilabete gutxira, epaileengan atzemandako zenbait irregulartasuni buruzko txostena bidali zion inkisidore nagusiari, baina “kutsatutako eremura” joan zenean ireki zitzaizkion begiak. Horra zer ondorio atera zuen: “hemen ez zegoen ez sorginik, ezta sorgindurik ere, gaiaz hitz egiten eta idazten hasi ziren arte”. On Alonsoren kideak aho zabalik geratu ziren. Deabruak Salazar itsutu egin zuela eta “sorginen abokatu” bihurtu zela pentsatu zuten. Hiru urte geroago, ordea, Salazar zuzen zebilela egiaztatu zuten, Inkisizioaren Kontseiluak iskanbila guztia gezurrezko uste batek eragin zuela aitortu baitzuen. Inkisizioak, gainera, etorkizunean berriz ez huts egiteko, oso onarpen-arau zorrotzak ezarri zituen. Arau horiei esker, Espainian “sorgin-ehizak” Europako gainerako herrialdeetan baino ehun urte lehenago debekatu ziren!

Zer irakaspen historiko ematen dizkigu Salazar inkisidorearen kasuak?

Salazarren izaeraren ezaugarririk liluragarriena egiarekiko maitasuna da, horretan ez baitzuen amore eman. Edozein sistematan —politikan, justizian nahiz polizian— ingurukoen edo ezkutuan gorde nahi diren bidegabekeriak salatzeko adorea izatea oso garrantzitsua dela erakutsi zigun, funtsean. Nire liburuaren amaieran diodan bezala, “Munduan beti izango dugu borreroari mozorroa kentzera ausartuko den norbaiten beharra, Salazar bezain gizaki zuzenen beharra”.

Sorginkeriaren kontrako Euskal Herriko eta Suedia iparraldeko prozesuen arteko antzekotasun nabarmenak aipatu dituzu. Zein da arrazoia?

Ez dago jakiterik. Denboran eta espazioan hain urruti dauden bi gizarte horien arteko antzekotasun handien zergatiak argitzea ez erraza. Etorkizuneko historialariek heldu beharko diote gaiari. Gustav Henningsen Gustav Henningsen herri-tradizioetan aditua da, eta Kopenhageko Unibertsitateko Folkloristika Eskandinaviarreko magister artium. Danimarkako uharte ezkutu batean piztu zitzaion sorginkeriarekiko interesa, eta, handik urte batzuetara, are grina biziagoa sortu zitzaion, Galizian egindako landa-lan baten ondorioz. 1965etik 1972ra bitartean, Espainiako Inkisizioari eta sorgintzari buruzko ikerketak egin zituen bere doktorego-tesiarentzat: “The Witches’ Advocate”. Izan ere, “El abogado de las brujas. Brujería vasca e inquisición española” liburua, gaztelaniaz 1983an argitaratua eta orain berriz kaleratu dutena (Alianza Editorial, 2010), tesiaren laburpena da. Gustav Henningsenen ikerketa-lanen oinarri nagusietakoak “Ofizio Santuaren datu-bankuari” buruzko azterketa sistematikoak izan dira. Jakinekoa denez, Inkisizioko epaitegietako auzien zerrendak banku horretan daude, eta Inkisizioaren artxibo eskerga aztertzeko funtsezko fondoa da, “Simancaseko indize” argitaragabearekin batera. 2002an Danish Folklore Archives-en erretiroa hartu zuen, eta ordutik Espainian bizi da bere emazte eta kolaboratzaile Marisa Rey-Henningsenekin.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Juan Jose Agirre. Lazkaoko Artxiboaren sortzailea: Artxibo lanari ekin aurreko nire senak esaten zidan esfortzuak merezi izango zuela

 

Irakurri

Idoia Zabaleta. Koreografoa: Lan musikala egiten dut, baina ideietan oinarrituta

 

Irakurri

Paula Kasares. Hizkuntzalaria: Hizkuntza-kultura-gizartea hirukotea banaezina da

 

Irakurri

Filipe Oihanburu. Musikari eta koreografoa: Euskaldunok anarkistak gara!

 

Irakurri

Pedro Elosegi. Gasteizko Folklore Akademiako zuzendaria: Beti saiatzen naiz “Dantza plazan” saioetan parte hartzen, bertan jotzen aritzea eta jendea dantzan gozatzen ikustea pozgarria baita

 

Irakurri