Javier Aguirresarobe: "Secretos del Corazón filmak bereziki hunkitzen nau. Filme biribila da eta nik guztia eman nuen"

2002-04-05

SALA, Teresa

Elkarrizketa: Javier Aguirresarobe Javier Aguirresarobe, argazki zuzendaria "Secretos del Corazón filmak bereziki hunkitzen nau. Filme biribila da eta nik guztia eman nuen" * Teresa Sala Almodóvarren azken filmerako lana amaitu berri duela, David Truebaren "Soldados de Salamina" ari da filmatzen. Duela hilabete gutxi batzuk Goya saria jaso zuen Amenábarren "Los otros" filman egindako lanagatik, eta dagoeneko Patrick Alessandrin en ekoizpen frantses batean parte hartzeko prestatzen ari da. Javier Aguirresarobe dugu. Garrantzitsuena, "bihotzak agintzen dizuna egitea" dela aldarrikatzen du egun batean Madrilera joatea erabaki zuen eibartar honek. Bere lanbidearekin "pozak zoratzen" dagoela aitortzen du, eta zinemarekin, berriz, "liluratuta". Argazki zuzendari onenaren lau Goya sari eskuratu dituzu dagoeneko. Kategoria horretan Javier Aguirresarobe jada klasiko bat dela esan genezake. Nola jaso duzu azken sari hau? Nolako harrera egin diozu? Goya sarietarako izendatuta zaudenean, beti daukazu tokatuko zaizunaren sentsazioa, baina hala ere edozer gerta daiteke. Agian aurreko aldietan baino poz handiagoa eman dit oraingo sariak. Irrikia behintzat inoiz ez duzu galtzen, laugarren edo zortzigarren aldia izan. Kasu honetan, nahiko film berezi bati eman diote saria, segur aski egin ditudan guztien artean berezienari. Ez nik neuk egin dudanagatik bereziki, baizik eta ekoizpenagatik beragatik. Beti teknika amerikarrarekin neurtu behar izaten genituen gure indarrak, beti genbiltzan konparazioetan sartuta, eta erronka hori gainditu izanak poz handia eman dit. "Los otros" bezalako ekoizpen iparramerikar batean argazki zuzendari bezala aritzean, asko aldatzen al dira lana egiteko eskemak bitartekoak, kudeaketa edo antolaketari dagokionez? Ekoizpena goitik behera espainiarra izan da. Banaketa zen amerikarra eta indar handia zuen. Eskakizun mailak izugarrizko garrantzia zuen filmazioan zehar. Javier Aguirresarobe "Tierra" ren filmaketan. Zinema munduko profesional gehienak metrajelaburreko filmetan hasi ziren lanean. Zein leku eman beharko lieke industria zinematografikoak horrelako ekoizpenei? Ahal duen zabalena. Nik uste dut inork ez lukeela metraje luzeko filmik egin beharko aurrez horrelako saiorik egin gabe. Lehenengo hanka sartu behar da eta horretarako hanka sartzeko aukera eman behar dizute, erantzukizun arinagoa duten lanak eginez. Hain zuzen ere horretarako dauzkagu metraje laburreko filmak. Film hauetako batzuek exigentzia maila handia dute, baina ikuspegi tekniko, artistiko eta estetikoan aurrera egiteko bide bat dira. Nik uste dut gaur egun metraje laburreko film asko egiten direla, eta administrazioa segur aski konturatzen da horretaz, baina hala ere gutxi laguntzen duela iruditzen zait. Euskal Filmotekak argitaratutako "Javier Aguirresarobe, en el umbral de la oscuridad" liburuan irakur daitekeenaren arabera, zure lanak beti argitik, eguzkitik eta koloretik babesteko joera izan du. Nola jokatu duzu Almodóvarren "Hable con ella" filmeko argazki zuzendaritzan, bere filmek argi eta kolorez betetako eszenatan mugitzen diren pertsonaien dramak kontatzen dituztela jakinik? Beste film guztietan bezala. Guk argi naturala daukagu aurrean. Argi natural hori, batzuetan, filman kontatu nahi dugunarekin bat etortzen da, baina hori gutxitan gertatzen da. Goizeko zortzietatik iluntzeko zortziak arte aritzen garenez lanean, egunsentia, ilunabarra, eta, tartean, eguzki beteko ordu batzuk ditugu. Baina filman jaso nahi dugun sekuentziak jarraitasun bat du, eta beraz argi natural hori manipulatu egin behar dugu. Batetik, sekuentzia horrek guk nahi dugun argia izan dezan, eta, bestetik, argi horrek aldaketa bortitzik gabeko tonua izan dezan. Denbora guztian argia estaltzen eta gure argia integratzen aritu behar dugu, ahal dugun guztia egiten eta desegiten. Hori beti gertatzen da, eta Pedro Almodóvarren kasuan ere bai. Sekuentzia batzuetan zorte handia izan dut argi naturalarekin, ospitaleko gelarekin adibidez , baina beste plano batzuetan argigehiegi sartzen zen leihotik, eta beraz distira kontrolatzeko moldaketak egin behar izan ditut. Zeren eta filmak tonu liriko bat izan arren, ospitale bateko gelan gertatzen dena erakutsi behar zuen sekuentzia horrek. Beraz, kanpoaldeko informazioa berreskuratu eta barruko figurak ikustea lortu behar genuen. Gure lanean askotan saiatu behar izaten dugu inguruko argi naturalaren elementuak manipulatzen. "La fuga de Segovia" ren filmaketa. Madrilen Euskal Herriko teknikari eta zuzendari on asko dago. Konponbiderik gabeko errealitate bat ote da? Gehienok Euskal Herrian hasi ginen lanean. Ni, adibidez, 79an hasi nintzen, "El proceso de Burgos" ekin. Gero, "La fuga de Segovia" eta "La muerte de Mikel" egin nituen. Ia guztia Donostian ekoizten genuen. Baina, gero, Madrilera joan behar duzula ikusten duzu, eta kontua da han lanak jarraikortasun bat duela, eta urtean bi filmetan parte hartzeko aukera daukazula. Lanean aritu zaren ekoizpen guztien artean, metraje luze nahiz laburreko filma izan, zeinenak dituzu oroitzapenik kuttunenak? Beti izaten da film kuttunen bat, borobil borobila. Oso zaila da bakar bat aukeratzea, baina "Secretos del corazón" ek, ikusten dudan bakoitzero, modu berezi batean hunkitzen nau. Giro guztiekin oso identifikatua sentitzen naiz. Filma %100era dagoela iruditzen zait, eta ni ere hala nago, %100era. Eibarren jaio zinen, eta uste dut Madrilen Optika eta Kazetaritza ikasten hasi zinela. Nolakoak izan ziren hasierako urte haiek? Nola jarri zinen harremanetan zinemaren munduarekin? Niri beti gustatu izan zait zinema. Nire haurtzaroko Eibar gris eta euritsu hartan Scope eta Technicolorreko filmak ikustea oso ludikoa izaten zen, liluragarria. Ni anaia bati esker hasi nintzen argazkilaritzarekin zaletzen, haur bat besterik ez nintzela. Anaia ere txundituta zegoen zinemarekin. Orain profesionala da. Madrilera Optikagatik joan nintzen. Gero Kazetaritza ikasten hasi nintzen, eta, aukera izan bezain pronto, zinema eskolan sartu nintzen. Eskola hartan lekuamugatua zenez, bertan sartu ahal izateko azterketa zorrotz samar bat gainditu behar zen. Kameraren espezialitatean sartu nintzen eta horri esker oinarri tekniko bat lortu nuen. Ikasketak amaitu nituenetik bost edo sei urte igaro arte ezin izan nintzen zineman lanean hasi. Bitarte hartan denetarik egin nuen, ahal nuen guztia. Ez zen erraza izan. Orduan, hori guztia utzi eta Donostiara itzultzea erabaki nuen, eta kooperatiba bat sortu nuen besteak beste Berridi, Alberto Iglesias eta José Ángel Rebolledorekin batera. Kooperatiba horri esker, euskal zinemaren hazia sortu zen. "El proceso de Burgos" egin genuen, eta, dirudienez, zinema berri bati ateak zabaldu genizkion. Zein metodo erabiltzen duzu lan egiteko orduan? Zer planteatzen duzu film batean lanean hasterakoan? Nolakoa izaten da prozesua? Hasteko, gidoia irakurtzen dut eta gero errealizadorearekin elkarrizketa izaten dut. Gidoia irakurritakoan, ideia estetiko batzuk sortzen zaizkit eta ideia horiek errealizadoreak dauzkanekin bateratu nahi izaten ditut. Normalki horrela izaten da. Errealizadorea batzuetan irudi teknikaria izaten da, baina ez baldin bada, erreferente batzuk bilatzen dituzu. Kasu batzuetan, argazkiak dituzu filmak hartuko duen ildoa nolakoa izango den adierazteko erreferente bakarra. Gidoiak argi eta koloreen atmosfera eta giroak nolakoak izango diren iradokitzen dit eta ni ideia horretan oinarritzen naiz filmaketara joaterakoan. Prozesua ia automatikoa da. Orain, adibidez, David Truebaren "Soldados de Salamina" filmatzen ari gara. Davidek pelikula ausart bat egitea proposatu zidan, hasierako batzuk izan ziren bezala. Super 16 an ari gara filmatzen eta post produkzioa digitala izango da. Filmak oso azkarra izan behar zuela erabaki genuen, kamera eskuan hartzen den horietakoa, erreportaje moduko pelikula bat. Garrantzitsuena da zer egin nahi duzun garbi izatea. Filmaketa lau edo bost astekoa izaten denean, egunetik egunera gertatzen denaren arabera moldatzen zarenean, filmak, argazkiari dagokionez,bere une onak eta une txarrak izaten ditu. Baina, azkenean, argazkiak filmari datxekion elementuen ekarpena egiten du: istorioa indartzen duten argazki, atmosfera eta giro definizioa emanez. "Días contados". Zeri begiratzen diozu proiektu berri bati baiezkoa emateko? Interesatu egin behar zait, derrigor. Gidoia gustatu egin behar zait. Kasu batzuetan, filma generokoa izateak sortzen du interes hori. Interesa soziala izan daiteke, "La muerte de Mikel" edo "Días contados" bezalako filmetan, adibidez, edo poetikoa, "Secretos del Corazón" pelikularen kasuan bezala. Oso garrantzitsua da filma egiteak zentzuren bat izatea. "Soldados de Salamina" egiteko, adibidez, beste proiektu interesgarri batzuri ezezkoa eman behar izan diet. Batzuetan, ordea, beharrezkoa da aukerak egitea. Eskuartean neukan proiektuetako bat nazioartekoa zen arren, barru barruan sentitu dut "Soldados de Salamina" egiteko beharra. Ahal baduzu behintzat, bihotzak agintzen dizunari jarraitu behar diozu. Zure iritzian, zein ezaugarri izan beharko lituzke argazki zuzendari on batek? Nire ustez, argazki zuzendari on batek prestaketa tekniko on bat izan behar du. Argazki zuzendariok, filmaketa batean, bi gauza konbinatu behar izaten ditugu: lanak ahalik eta denbora gutxienean egitea eta ezagutza tekniko batzuk izatea. Baina ezagutza horiek azalean izan behar ditugu, ezagutza horiez blai egon behar izaten dugu eta hori esperientziarekin lortzen da, barruan dauzkazun ezagutzei esker. Gero, intuitibo samarra ere izan behar duzu espazio batek zer iradoki dezakeen jakiteko. Esperientzia izatea oinarrizkoa da, batez ere gauzak azkar egiteko. Gure prozesua industriala izaten da, ziztu bizian ibili behar izaten dugu. Eta, horrez gain, oso garrantzitsua da inguruko gauza guztiekiko jakin mina izatea, inguratzen zaituenarekiko interesa izatea. Informazio asko jaso behar duzu, baina ez zinematografikoa bakarrik, baizik eta bizitzari buruzkoa. Egunean egon behar duzu. Espazio huts batera iristen gara, ezer ez dagoen lekubatera, eta gu geu gara argia ipintzen dugunak. Erabakiak oso azkar hartu behar izaten dira. Pedro Almodóvarren "Hable con ella" filmaketaren momentu bat, psikiatraren etxeko sekuentzia. Javier Aguirresarobe kamera taldearekin agertzen da argazkian. Ba al da bereziki miresten duzu zinemagile edo argazkilaririk? Imitatu nahi izan duzun lanik? Bat bakarrik ez, asko. Nik beti esaten dut zinema frantsesaren tradizioa daukadala. 70eko urteetan, Zinema Eskolan nengoenean, bazen Cloquet izeneko argazki zuzendari frantses bat, nire ibilbidea asko markatu zuena. Zinema amerikarrari dagokionez, nire pelikularik gustukoenak zuri beltzekoak dira. Berriagoen artean, "Sed de mal" eta "La noche del cazador" azpimarratuko nituzke. Baina ezin zaio inori itsu itsuan jarraitu. Eragina leku desberdin askotatik jasotzen da. Bakoitzak bere ildoa markatu eta bere estiloa sortu behar ditu. "Soldados de Salamina" filmatzeaz amaitutakoan, beste proiekturen batean parte hartzekotan zabiltza? Ziur aski Patrick Alessandrin en komedia frantses batean hartuko dut parte. Oso elementu tekniko interesgarriak izango ditu. Pedro Almodóvarren "Hable con ella" filmaketaren beste momentu bat, kasu honetan Aranjuezko zenzenplazan. Zer sentitzen duzu atzera begiratu eta urte hauetan zehar egin duzuna ikustean? Egiten duzun lanarekin benetan gustura baldin bazaude, lan eta bizimodu horri eusten saiatu behar duzu. Eta, horretarako, adi ibili behar duzu, bai jendeak zure lana miresteko eta baita proiektu berriak jasotzeko ere. Hori da nik jarraitu nahi dudan dinamika. Gure lana oso liberala da: aurreko lanaren arabera, edo deitu egiten digute, edo ez digute deitzen. Niri, atzera begiratzen dudanean, garatu egin naizela iruditzen zait. Eta, nire ametsik handiena, bilakaera horretan aurrera jo eta noraino iris naitekeen ikustea da. Javier Aguirresarobe (Eibar, 1948) Javier Aguirresarobe Eibarren jaio zen. Abangoardia industrialean eta immigrazio prozesuan murgilduta zegoen hiri horretantxe igaro zituen berehaurtzaro eta gaztaroa. Txiki txikitandik hasi zen zinemarekin liluratzen eta nostalgiaz gogoratzen du "technicolorreko piraten filmetan itsaso urdinak zuen kolorea". Madrilera Optika ikastera joan zen, gero Kazetaritza ikasten hasi zen eta azkenik, 1972an, Zinema Eskolan graduatu zen. Berari zor dizkiogu euskal zein espainiar zinemako hainbat titulu gogoangarri, hala nola "La fuga de Segovia" (1981), "La muerte de Mikel" (1983), "Beltenebros" (1991), "Días contados" (1994), "Secretos del corazón" (1996), "Los otros" (2001) eta "Hable con ella" (2002). Lau Goya sari eskuratu ditu eta sari zinematografiko ugari. Argazkiak: Javier Aguirresarobe eta Jesús Angulo, Carlos F. Heredero eta José Luis Rebordinos en "En el umbral de la oscuridad: Javier Aguirresarobe" liburutik Euskonews & Media 161.zbk (2002 / 4 / 5 12) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

José María Bastero: "Terrorismoa desagertzea, aurrerapen ekonomikoa solidarioa izatea eta egonkortasun politikoa lortzearekin batera, morala berrindartzea gustatuko litzaidake"

 

Irakurri

Javier González de Durana: "Artium eta Guggenheim alderatuz, lehena delicatessen bat litzateke eta merkataritza gunea bestea"

 

Irakurri

Juan Mari Beltran: "Fusioa ere etxean dago: Aralarko artzainen doinu zaharrek arabiar musika dirudite"

 

Irakurri

Jose Mari Muxika: "Topagunean biltzen diren jarduerak euskal gizarteak eskatzen dituen jarduerak dira"

 

Irakurri

Miguel Sánchez Ostiz: "Idazle batek ezin dio gizateriari bizkarra eman"

 

Irakurri