Jesus Altuna. Arkeologoa: On Jose Migelek gauza ugari lapurtu zion heriotzari

2011-12-16

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari

On Jose Migel Barandiaran hil zela hogei urte betetzen dira 2011eko abenduaren 21ean, eta efemerideaz baliatuta, Ataungo jakintsu handia hoberen ezagutu zuen pertsona den Jesus Altunak Barandiaranen gain hitz egiten digu. Hamaika ordu eman zituzten elkarrekin euskal leizeak ikertzen, egun indartsua dugun arkeologia espezialitatearen oinarri sendoa jarriz. Euskal kulturaren patriarkatzat hartzen denak arkeologia ez ezik etnologia ere landu zuen, gure iraganari buruzko ondareari eusteko bidea irekiz. Buruzagi aparta izan zen Barandiaran eta bere garaiko zientzialari ospetsua bilakatu zen munduko zirkulu espezializatuetan.

Noiz ezagutu zenuen On Jose Migel?

Iparraldetik hona etorri zenean, 1953an. Gasteizko Apaizgaitegian nengoen, Teologia ikasten. Iritsi eta zenbait egunetara hitzaldi bat eman zuen Apaizgaitegian. Oso interesgarria iruditu zitzaidalako galdera pare bat egin nion eta orduantxe izan zen gure arteko lehendabiziko harremana. Baina hura etena geratu zen. Gasteiztik Madrilera joan nintzen, Konplutensen ikastera, eta han nengoela ostera hurbildu nintzen On Jose Migelengana, bera hemengo koba zuloetan azterketak egiten ari zela. Hori 1958an izan zen eta Lezetxikin gertatu zen bigarren kontaktua. Ordudanik lankidetza jarraiki eta emaritsua izan zen bion artekoa.

Zientzialari aurreratua izan zen bere garaian, apaiza genuen arren...

Apaiz izate horrek ez du horrenbesterainoko garrantzirik, ene ustez. Nolanahi ere, garai hartan baziren zenbait apaiz antropologia lantzen zutenak: Frantziako Breuil eta Teilhard de Chardin eta Bouyssonie, Alemaniako Obermaier, Madrileko Konplutense Unibertsitateko irakasle zena, Austraiako W. Schmidt eta beste. Ez da harrigarria, beraz, apaizak arlo horretan aritzea, garai hartan teologiak ere zerikusi handia baitzuen gizakien sorrerarekin.

Horiengandik laguntza jaso zuen On Jose Migelek baina, uste dut, izan ez balu ere bide horretatik segituko zuela.

Zer nabarmenduko zenuke gehien bere nolakotasunetatik?

Bere buruarekiko oso latza zen, austeroa. Adibidez, gauero, afaltzeko garaian, baso bat esne gorringo batekin hartzen zuen. Urte askoan gauza bera. Baina zoriontsua zen, izan ere aberatsa ez da asko daukana baizik daukanarekin konformatzen dena. Eta On Jose Migel zeharo konformatzen zen zeukanarekin. Oso apala genuen. Ikerketa mailan oso zorrotza zen, metodo zorrotzak erabiltzen baitzituen. Hipotesiak eta teoriak egiteko orduan neurri handikoa zen. Eta besteenganako beti zegoen prest, laguntzeko eta irakasteko.

Argitaratu zuen guztiaz jabetzen bagara, argi dago lan eskerga burutu zuela bere bizitzan, baina sekula ez zizun esango lanpetuta zegoenik. Besteei laguntza baita une larrietan ere luzatzen zuen. Behinola, 1943an, Sarako etxeko atean jo zuten gauean eta ireki bezain laster ezezagun bat sartu zitzaien “Judutarra naiz eta alemaniarrengandik ihes nator. Espainiara igaro nahi dut eta zure erreferentzia eman didate, lagunduko didazulakoan” adieraziz. Atera kontua zer garaiak ziren haiek Frantzian! On Jose Migelek onartu zuen, afaria eman zioten eta gaua bertan eman zuen. Biharamunean On Jose Migelek biatikoa eraman behar zion muga aldeko baserri bateko gaixo bati. Eta hara joan zen goizean, judutarrak lagun. Hori sotana eta erroketez jantzi ondoren On Jose Migelek laguntzaile gisa eraman zuen. Baserrikoa bete ondoren, Barandiaranek bidea erakutsi zion judutarrari. Ez zion ezta izena ere galdetu! Halakoa zen Barandiaran, eskuzabala, eta beti laguntzeko prest. Hori gertatu eta zenbait urtera, Israeleko estatua sortuta gero, On Jose Migelek eskutitz bat jaso zuen, gizon ezezagun hark igorria. Israeleko lehen gobernuko ministroa zen eta eskerrak ematen zizkion, jasotako babesarengatik.

Etnografoa, antropologoa, arkeologoa izan zen On Jose Migel...

Antropologiak, zentzu zabalean, beste biak batzen ditu. Berak, batez ere, etnografia eta historiaurrea landu zituen. Baina nik etnografia lana azpimarratuko nuke. Zergatik? azken finean, industu zituen aztarnategiak aztertu izan ez balitu ere, hor segituko zuten, zenbait salbuespenekin, beste ikerlari batzuen zain. Baina etnografia mailako errealitatea galtzear zegoen. Berak, gaztea zela, mitologia bizirik ezagutu zuen. Alde horretatik, XX. mendeko testigu aparta izan zen eta ohartu zen mundu hura hiltzen ari zela. Berak jaso izan ez balitu hainbat eta hainbat mito, legenda, esaera zahar eta ipuin ezagutu gabe galduko ziren. Horregatik diot askotan, On Jose Migelek gauza ugari lapurtu ziola heriotzari, eta hori da gizaki batek buru dezakeen lorpenik ederrenetakoa.

“Barndiaranek, batez ere, etnografia eta historiaurrea landu zituen. Baina nik etnografia lana azpimarratuko nuke.”

Barandiaran, iritsi zen tokira heldu bazen, bere bidean erraztasunak aurkitu zituelako da, ala justu, kontrako arrazoiarengatik?

Bietatik izan zituen. Erraztasunak, alde batetik, eta gehien bat kanpotarren eskutik; eta eragozpenak, batez ere etxean. On Jose Migelek bazuen berezko dohaina: “quod natura non dat Salamantica non praestat” Salamankan dirudunek bakarri ikas zezaketen eta emaitza ona bermatu gabe, gainera. On Jose Migeli naturak emandakoa garatu ahal izan zuen Salamankara joan gabe, bere kabuz.

Baina jorratu nahi zituen esparruetarako laguntza aurki hasi zen jasotzen. Esaterako, 1918an Apaizgaitegiko ikasturte hasierako hitzaldia ematea enkargatu zioten. Eta euskal historiaurreari buruz mintzatu zen, hain zuzen bi urte lehenagotik ikertzen ziharduen gaia. Argitaratu egin zen hitzaldi hura eta testua Breuilen eskuetara heldu zen. Frantziarrak idatzi egin zion biziki gustatu zitzaiola eta berak Obermaierrenganako bidea irekiko ziola adieraziz. Eta bi pertsonaia handi horiekin harreman sarea ehuntzen joan zen aurrerantzean.

Bi urte geroago, berriz, Euskal Herrian jasotako mito batzuk argitaratu zituen, zeharo ezezagunak publiko orokorrerako. Idazkia Vienako Schmidt antropologoari bidali zioten eta horrek ere adeitasunez idatzi zion Barandiarani, zorionak emanez, baina metodologian hobekuntzak sartu behar zituela aholkatuz. Bide batez, munduko herrien ikerketetan inkestak gauzatzeko Schmidtek berak zerabilzkien galdeketak igorri zizkion. On Jose Mielek bere egin zituen galdeketak, hemengo nolakotasunetara egokituz.

Etxean, ordea, eragozpenak eta kontrako jarrerak pairatu zituen. Garaiko Apaizgaitegiko erretoreak On Jose Migel ikasleen aurrean gutxiesten saiatu ziren. Bere Egunerokoetan dio, adibidez, Alemanian alditxo bat eman ondoren museoak bisitatzen eta zientzilariekin harremanak sakontzen, gogo biziz itzuli zela Gasteizera, erlijioen historia gaia emateko asmoarekin. Gertatu zen ikasturte hasiera hartan makina batzuk jarri zirela Apaizgaitegian ikasleen arropak garbitzeko. Bost ehunetik gora ziren apaizgaiak eta ordura arte zenbait morroiren eskuzko lana aurrerantzean makinek burutuko zuten. Erretoreak On Jose Migelen asmo guztiak hankaz gora bota zituen eta hiru hilabete t’erdiz izan zuen Barandiaran makina haiek gobernatzen, klase bat bakarrik eman gabe. Atera kontua nola baztertzen zuten On Jose Migel!

Jakin izan zuen talde egiten, ezta?

Behin Jorge Oteizari erantzun behar izan nion, On Jose Migel oso gizon bakartia zela esan baitzuen egunkari batean. Eta, jakina, hori ez zela egia utzi nion garbi. Barandiaran Saratik itzuli zenean, karrera bukatzear geunden Ignacio Barandiaran, Juan Mari Apellaniz eta hiruok harengana hurbildu ginen. Hiruok irakasle izan gara gero eta guk ere izan ditugu gure ikasleak. Historiaurreko lanak oso ongi egin dira Euskal Herrian eta hori On Jose Migelek talde bat sortu zuelako lortu da.

Nafarroako Unibertsitatean irakasle izan zenean, berriz, Etniker talde bat sortu zuen. Ezaguna da On Jose Migelek betidanik orri apal batzuk argitaratzen zituela, “Hojas de Eusko Folklore.Materiales y Cuestionarios” izenarekin. Herriz herri jasotako datuak argitaratzen zituen orri horietan. Gogoratzen dut Lezetxikin ari ginenean Aramaioko baserrietara joaten ginela biok ipuin eta kontakizunen bila. Orri horiek baliagarriak ziren atzetik zetozenek ere jakin zezaten nola egin behar zuten lan, etnografia ikerketan aurrera joko bazen. Euskal Herriko mapa etnografiko orokorraren asmoarekin ziharduen Barandiaranek eta Nafarroan gorpuztu zuen lehen Etniker taldea. Geroagokoak dira Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Iparraldekoak. Talde horiek oraindik ere lanean dihardute.

“Historiaurreko lanak oso ongi egin dira Euskal Herrian eta hori On Jose Migelek talde bat sortu zuelako lortu da.”

Bakoitza bere egunetako subjektua da, iraganeko erreferentearekin. On Jose Migel nolako espektadorea izan zen, luze bizitzen egokitu zitzaion euskal gizarteari dagokionez?

Espektadore ona izan zen. Hori ez zuen inoiz alboan utzi. Gaurkotasunean bizi zen. Hemengo gerratea sortu ondoren Goma kardinalak eskutitz ospetsu hura argitaratu zuenean kritikak egin zizkion Barandiaranek. Mateo Mujika bere gotzain izandakoari ere beste idazki bat bidali zion, hemen zer gertatzen ari zen adieraziz. Hortik etorriko zen geroago Mateo Mujikaren “Imperativos de mi conciencia” deritzana.

Iparraldean zegoela, hegoaldetik ihes zihoazen pertsona asko pasatzen ziren bere etxetik eta lau ehun inguru testigantza eta aitormen jaso zituen gerrateko intzidentzietaz. Alemanak Iparraldera sartu zirenean material hura Uztaritzeko oilategi baten lurpean ezkutatu behar izan zuen. Han egon ziren munduko gerra bukatu arte. Barandiaranek berak berreskuratu zituen eta Manuel Insaustiren artxiboan utzi zituen.

Gogoratzen dut Barandiaran, Apellaniz eta hiruok Errenteriako Aizpitarten indusketan ari ginela gertatutakoa. Urte batzuk lehenago, Apaizgaitegian Pio XIIri buruz laudorioak besterik ez ziguten esan eta guk santutzat hartzen genuen gizon hura. Aizpitarteko lana amaituta afaltzen ari ginen gau batean nazismoari buruz ihardun genuen. On Jose Migelek adierazi zuen elizak ez zuela behar bezala erreakzionatu faxismoaren aurka, ez zuela salatu. Irudi eredugarritzat Pio XI eta bere entziklika “Mit Brennender Sorge” hartzen bazuen ere, Pio XIIrentzat hitz gogorrak izan zituen. Apellanizek aita santuaren jarrera nolabait zuritzearren, haren jokaera kalte handiagoak ekiditeko izan zitekeela esan zuen. “Horrek ez du balio” erantzun zion fermuki On Jose Migelek. Txundituta utzi gintuen.

Hirurogeigarren hamarkadan ETAren ekintzak bortizkeriaren bidetik jo zuenean erakundearen kontra jarri zen. Nahiz eta frankismoak bizi-bizirik irauten zuen eta abertzaleak zein abertzale ez ziren asko ere ETArekin zeuden arren, berak garbi zuen hura ez zela bidea. Lehendabizi, arrazoi etikoengatik. Baina baita arrazoi politikoarengatik ere, bortizkeriak Euskal Herriari ondorio txarrak urte askotarako ekarriko zizkiola iragarriz. Eta hala izan da. Horretan, beraz, erne egon zen On Jose Migel.

Eta nola ikusten zuen etorkizuna?

Harrigarria badirudi ere, optimista zen, oso. Gizakiak bere bidea aurkitzen jakingo zuela zioen. Oso begi onekin ikusten zuen Europako batasuna. Eta esaten zuen batasun horrek gerra baztertu duela kontinentetik. On Jose Migel hil zenerako Europako Batasunak berrogei urteko historia zuen eta hark askotan gogoratzen zigun mendebal Europan ez zela inoiz lehenago berrogei urteko bake aldia ezagutu.

“Barndiaran langile porrokatua zen. Horretan ere eredua zen.”

Eta Euskal Herriari buruzko geroari buruz?

Antzerakoa zioen. Herri zahar honek gorabehera handiak izan dituen moduan —aro txartzat, ahaide nagusiei zegokiena zeukan; edertzat, aldiz, Santimamiñe, Altxerri, Ekaingoak— Euskal Herrira garai hobeak etorriko zirelakoan zegoen, bakea nagusi egingo zela eta gure gizarteak aurrera joko zuela iragarriz. Herri hau ez zela hilko, inolaz ere.

Zer egin behar da, On Jose Migeli azalean ere iragartzen zitzaizkion dohainak gure gizartean ereiteko?

Langile porrokatua zen eta garbi dago lan egin behar dugula. Horretan ere eredua zen. Bakoitzak bere esparruan ihardun behar du, gogoz. Bestalde, lagun hurkoarenganako elkartasuna, elkarrekin eta elkarren ondoan aritu beharra dago. Eta, azken finean, Euskal Herria maitatu egin behar da, gogoz. Jesus Altuna Etxabe (Berastegi, 1932)Filosofia eta Teologia ikasi zituen Gasteizko eta Donostiako seminarioetan, eta Zientzia Biologikoak Madrilgo Unibertsitatean.1960. eta 1972. urteen bitartean, antropologo ezagun horrek landa-lan askotan jardun zuen kolaboratzaile, zenbait arkeologorekin; batik bat, Euskadin, Joxe Miel Barandiaranekin, eta kantabriar eskualdeko beste leku batzuetan, arkeologo nazionalekin eta atzerritarrekin.Sudango Nubian egindako arkeologia-indusketetan hartu zuen parte, UNESCOren enkarguz. 1973tik gaur egun arte, arkeologia-indusketetako zuzendaria izan da, Euskadin gehien bat. Donostiako Irakaskuntza Ertaineko J. M. Usandizaga Institutuko katedraduna izan da. 1980tik 2002an jubilatu zen arte, Zientzia Esperimentalen Didaktikako katedraduna izan zen, Euskal Herriko Unibertsitatean. Haren ikerketa-gai nagusiak honako hauek izan dira: Historiaurreko aztarnategietako arkeozoologia, Paleolitoko artea eta Arkeologia- ondareanren babesa.Aranzadi Zientzia Gizarteko Historiaurreko Saileko zuzendaria izan da, eta MUNIBE aldizkariaren zuzendaria, ICAZeko Nazioarteko Batzordeko kidea eta, besteak beste, zientzia-aldizkari hauetako erredakzio-batzordeko kidea: Nazioarteko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria, Doñana, Acta Vertebrata, Archaeofauna, Archaeozoologia, Anthropozoologica eta Férvedes. Eta Centre de Recherches d'Ecologie Souterraine elkarteko eta ICAZeko ohorezko kidea ere izan da.Ikerketako eta indusketako zenbait proiektu zuzendu ditu, eta beste batzuetan hartu du parte; hala nola, Cueva Morínen, La Rieran, Ekaingo haitzuloan, Dufaure-n, Errallan, Arnaldako haitzuloan, Vidigal-en (Portugal), Gipuzkoako megalito eta haitzuloetan, Cueva Mirónen (Kantabria).Zientzia-proiektuak ebaluatzeko epaimahaietan hartu izan du parte; honako hauetan, besteak beste: Mexiko Berriko Unibertsitatean (AEB), Research Council of Canada-n, Ministerio arteko Zientzia eta Teknologia Batzordean (Madrilen) eta Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusian.210 lan baino gehiago argitaratu ditu, eta haietatik, 12 liburuak dira. Gehien-gehienak ikerketa-lanak dira, baina zenbait mailatako argitalpen didaktikoak eta dibulgaziozkoak ere egin ditu.Sari ugari jaso ditu, eta hauek dira aipagarrienak: Ikerketarako Ibáñez Martín Sari Nazionala, Xabier Maria de Munibe saria (Eusko Legebiltzarrak Humanitateen arloan emana), Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxa Saria (Humanitateen eta Gizarte Zientzien arloan). Eusko Jaurlaritzaren Lan Onari saria ere jaso du. Gainera, 2004an, Ikerketako Euskadi Saria eman zioten.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Mª José Ibáñez. ADDENEko lehendakaria: Obesitatea epe luzerako tratamendua eskatzen duen gaixotasuna da

 

Irakurri

María Bayo. Sopranoa: Gehiago hartu beharko genuke kontuan opera gure eguneroko bizitzan

 

Irakurri

Mikel Bujanda. Euskalerria Irratiko zuzendaria: 24 urteren bueltan uhinetako okupak gara oraindik

 

Irakurri

Maria Carmen Gallastegui. Teoria Ekonomikoan Katedraduna: Etorkizuneko ongizatea orainaldira ekarri dugu eta geure aukeren gainetik bizi izan gara

 

Irakurri

Irakurrienak. : Asier Hilario / Koldo Martínez Urionabarrenetxea / Xabier Arakistain / Paula Kasares / Lucía Lacarra / Emilio López Adan / María Goñi

 

Irakurri