María Bayo. Sopranoa: Gehiago hartu beharko genuke kontuan opera gure eguneroko bizitzan

2011-12-02

SILLERO ALFARO, Maider

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

María Bayo soprano nafarrak Eusko ikaskuntza-Euskadiko Kutxaren Humanitate, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien 2011 Saria jaso du. Donostian egon dela aprobetxatuz berarekin egon gara eta operaz, kulturaz eta oraindik luzerako duen ibilbide profesional intentsuaz hitz egiteko aukera izan dugu.

2011ko Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxaren Humanitate, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria emango dizute. Ez da ematen dizuten lehen saria. Ilusioa egiten dizu oraindik?

Beti egiten du ilusioa. Edozein sari jasotzeak ilusioa egiten du, jaso nuen lehen saritik hasita; handiek eta txikienek ere bai. Batik bat, kulturarekin lotuta badaude, kasu honetan bezala; ibilbide osoagatik eta bere karrerari esker sortutako kulturagatik ematen diote saria pertsonari.

Nola edo zer unetan ohartu zinen musikan jardun nahi zenuela?

3.000 biztanleko herri batean, Fiteron, jaiotzeak arazo hau dakar: ez dakizula, eta are gutxiago duela 30 urte hasi nintzenean, zer izan daitekeen karrera hau, ez dakizula ezer ere ez. Imajinatu, herrian jolasten zen neskatila bat nintzen... Oso goiz hurbildu nintzen musikara, bai, mojekin solfeoa ikasten genuelako eta, oso belarri ona eta oso ahots ona nituenez, handien gelara eramaten ninduten, nik abesteko eta haiek ere solfeoa ikas zezaten. Oso goiz hurbildu nintzen musikara, baina karrerari buruzko ezjakintasun osoa neukan. Ez nekien zer zen karrera lirikoa, kantu-karrera. Kontserbatoriora joan aurretik, solfeoa ikasi nuen, eta elizan eta Cintruenigoko abesbatza batean kantatu nuen, eta solfeoa eta gitarra klasikoa ikasi nahi nituen. Profesionalki hurbildu nahi nuen kontserbatoriora, beste ganora batekin. 17 urterekin heldu nintzenean, ordea, ez nekien zer izango zen, ez nuen arrastorik txikiena ere.

Ez zenuen imajinatzen nolakoa izango zen...

Hedabideak ez ziren orduan gaur bezain indartsuak. Orain, Interneten bidez, opera bat zer den jakin dezakezu, esaterako. Orduan, ez zegoen jakiterik opera bat zer zen, eta telebistan, zarzuelak ematen zituzten playbacken... Ez genekien ezer ere ez kultura musikalari buruz.

Imajinatzen dut, lortu duzuna lortzeko, izugarrizko ahalegina egin eta buru-belarri jardun behar izan duzula, eta horrek eragina izan duela maila pertsonalean zein familiarrean.

Jakina, zure inguruneak ere jasaten du bizitzen ari zarena, urrutitik... Karrerako lehen urteetan, bikotekidea neukan (gerora, banandu egin ginen), baina ni ez nengoen etxean, eta hura nirekin zihoan leku guztietara. Ez duzu familia-bizitza egonkorrik, eta ezin duzu pentsatu familia izatea ere, dena itzelezko zurrunbiloa baita; obra bati ekitea eta beste batekin jarraitzea, eta 4 edo 5 egun libre izanez gero, prestatu beharreko beste obra bat lantzea... Familiak sufritu egiten du, noski. Amak gutxi ikusten ninduelako sufritzen zuen, baita lagunek ere... Karreran lagun asko egiten badituzu ere, haurtzaroko lagunak... Jakina, zu bizitzen ari zarena sufritzen dute, zu musikarako bizi zarelako, denbora guztia hartzen dizulako.

Denbora asko ematen duzu bidaiatzen, mundu osoko lekuetan abesten. Sustraietara itzuli beharra sentitzen duzu maiz?

Ekoizpen luzeak egiten saiatu izan naiz beti, eta hori funtsezkoa izan da ahotsa orain dudan bezala kontserbatzeko. Asko nekatzen naiz bidaietan, eta gainera, ahotsa mindu egiten da tenperatura-aldaketekin, eta bertako girora moldatu behar dut. Hasieran hartu nituen erabakietako bat ekoizpen luzeak egitea izan zen, girora moldatzeko denbora izateko; alegia, leku berean hilabete, hilabete eta erdi edo bi hilabete egotea. Jakina, batzuetan, esnatzean, nire buruari galdetzen diot: “Non nago?”. Azken batean, hainbat eta hainbat hiritan izan naiz... Baina nire ahotsaren bizitza-luzeraren eta osasuntsu egotearen sekretuetako bat —errepertorioaz gain, hori ere garrantzitsua baita— ekoizpen luzeak egin izana da.

Atzera begiratzen duzunean, gauzak nahi bezala egin dituzula sentitzen duzu? Harro zaude emandako urratsekin?

Egia esan, ez nuen inoiz ere pentsatu karrera hau egitea; gauzen bilakaerak eraman ninduen horretara. Lehen esan dizudan moduan, ez nekien zer zen karrera hau. Abesteko zaletasun handia neukan, izugarri gustatzen zitzaidan abestea, eta ez nuen karrera bat egiteko asmorik; izan ere, kantatzen jarraitu nahi nuen. Ikasi nahi nuen, eta bilakaera izaten eta abesten jarraitu. Denboraren joanean, aurrera egiten ari zarela ikusten duzu, batzuetan konturatu ere egin gabe. 10 urteko karrera duzunean, atzera begiratzen duzu. Lehenago, ez duzu denborarik ere izan, dena oso azkar igarotzen delako. Ez dago pentsatzeko denborarik, aurrean ekoizpen asko dituzulako, eta egin nahi duzun gauza bakarra partitura hori lantzea eta opera hori egitea delako. Gauzak bata bestearen atzean gertatzen dira. Apur bat lasaitzen zarenean, atzera begira dezakezu, baina, ordurako, 10 urte igaro dira.

“3.000 biztanleko herri batean, Fiteron, jaiotzeak arazo hau dakar: ez dakizula, eta are gutxiago duela 30 urte hasi nintzenean, zer izan daitekeen karrera hau, ez dakizula ezer ere ez.”

Argazkia: Jesus M. Pemán.

Bata bestearen atzean gertatzen dira gauzak, eta ez duzu sekula pentsatzen izar bat izango zarela. Zure lana ondo egin nahi duzu, besterik ez, eta obra ahalik ondoen landu, antzokira behar bezala iriste aldera, eta besteek zure lana eta zure ahotsa balioets ditzaten. Ez duzu uste diba bat izango zarela; izan ere, pentsamendu profesionalagoa dut, maila eman nahi dut, diba bat izan beharrean.

Hala ere, eszenatokian, diba bat zara.

Bai. Dibak gara, baina hitzaren zentzurik onenean, ez gauzak eskatu eta beti nabarmenkerian erortzen den diba guratsuaren zentzu peioratiboan. Eszenatokian, diboak gara, izan ere... Egia da ez direla egunero agertzen nirea bezalako karrera egingo duten pertsonak, baina diba zara antzokian, zure buruari jarri diozun eginkizunean, baina ez zentzu peioratiboan.

Badago oraindik zapaldu ez duzun eszenatokirik? Izan ere, ia mundu osoko antzokietan abestu duzu...

Bai, Zurichekoa. Zurichen, izugarrizko tradizioa duen antzokia dago, eta ez dut han inoiz abestu. Eskandinaviako herrialdeetan ere ez dut abestu, hala nola Norvegian eta Finlandian. Osterantzean, guztietatik edo ia guztietatik igaro naiz.

Non sentitzen zara erosoen, antzoki txiki eta bildu batean ala eszenatoki handi batean, publiko askorekin?

Batean ala bestean, zer obra egiten ari naizen. Lied obra bada, pianoz lagundutakoa, asko laguntzen dute giro bilduek, italiar erako antzokiek edo tamaina txikiko entzunaretoek, gauza kutunagoak abesten direlako, ganberako gauzak. Asko hurbildu behar diozu kantua publikoari, eta ez da komeni distantzia handia egotea. Operan, berriz, desberdina da. Oso ondo sentitzen naiz antzoki handietan, nire ahotsak oso proiekzio ona duelako. Baina kontuan izan behar da zer ari zaren abesten.

Zer operarekin gozatu duzu gehien, zein gustatu zaizu gehien interpretatzea?

Denekin gozatu dut, baina egia da, eta beti esan dut, izugarri maite dudala Mozart. Egilerik gustukoenetakoa dut, eta nire konpositore fetitxeetako bat. Hari esker, Salzburgoko jaialdian izan nintzen, eta han, nabarmen egin zuen aurrera nire karrerak. Jaialdi hura munduko erakustoki bat zen. Uda hartan, orduan egiten zenaren abangoardia erakusten zen, eta gero, antzoki guztietan egiten zen. Baina kontua da ni beti oso ondo sentitu naizela opera guztiekin, eta gainera, aukeratzeko eta “egin nahi dut egin dezakedala uste dudalako” esateko zorte handia izan dut. Batzuetan, ezetz esan izan dut, pentsatu izan dudalako ez nuela egin behar, une jakin horietan ez nituela zenbait pertsonaia ondo interpretatuko. Dena den, poz handiz esan dezaket interpretatu ditudan pertsonaia guztiek gogobete egin nautela.

“Musika sentimenduetan barrura sartzen da, eta amestu ere ezin dituzun gauzak pizten ditu..”

Argazkia: © Javier Salas.

Musika denoi gustatzen zaigu. Zer du musikak? Edozein estilotan, edozein eszenatokitan, denok aurkitzen dugu gure gustuko musika-estiloa...

Sentimenduetan barrura sartzen da, eta amestu ere ezin dituzun gauzak pizten ditu. Beste arte batzuekin, agian, pizten ez diren emozioak pizten ditu. Badago margolanak ikusteko sentsibilitate berezia duen jendea, baina, nire ustez, musika askoz harago doa. Operan, hainbat arte uztartzen dira: arte plastikoa, ikusizkoa, eszenografiarena... Beste arte batzuek pizten ez dituzten sentimenduak pizten ditu musikak, eta horrela, sentimendu horiek askoz harago iristen dira. Giza ahotsa beste arte batzuk iristen ez diren lekuetara irits daiteke.

Opera musika-estilo zaila da, zure ustez?

Zaila da, eta uste dut hedabideek, guk ikastea nahi badute ere, guk ahaztea lortzen dutela. Informazio asko dago, baina opera eta musika klasikoa ez daude hedabideetan. Askotan, telebistan, estreinaldi baten edo abeslari bat etorri izanaren berri ematen dute albistegiek. Hala ere, futbola da nagusi, bai eta, musikaren arloan, musika melodikoko taldeak ere. Nire iritsiz, penagarria da albistegiek esatea, adibidez, Mecano taldeak beste disko bat atera duela, eta musika klasikoko kontzertuak aipatu ere ez egitea. Hori desinformazioa da, horren ondorioz musika klasikoa ez baitago jendearen eguneroko bizitzan. Aparte uzten dute, elitista balitz bezala; izan ere, elitistatzat jotzen dute, baina, egia esan, ez da horrelakoa. Gure eguneroko bizitzan egon beharko luke, baina ez dago. Eta horren guztiaren ondorioz, urrun ikusten dugu opera, eta pentsatzen dugu ez dugula ulertuko, eta hori ez da egia.

Lehenik eta behin, ez nuke gomendatuko Wagnerren opera batera edo opera zail batera joatea, baina erraz entzun daitekeen opera batera... Jende askok esan dit: “Eskerrik asko hau erakusteagatik. Uste nuen ez nuela ulertuko, eta izugarri gustatu zait”. Musikari buruzko eguneroko informazioa falta zaigu. Zoritxarrez, ez dugu horrelakorik. Hedabideek oso informazio gutxi ematen dute, eta hori dela eta, ez dago gure eguneroko bizitzan. Ez eta informazio kulturala ematen duten kateetan ere, haietan ere ez. Penagarria da. Edozein dendatan sartzen zarenean, entzuten duzun musika pop-talde batena da beti; ez da inoiz musika klasikorik entzuten, inon ere ez. Nola sustatuko dugu, jende batzuek musika klasikoren berri ere ez badute?

Eta kontuan harturik aspalditik programatzen direla opera-ekitaldiak...

Bestalde, azpimarratu nahi dut azken 20 urteetan aurrerapen handiak egin direla: entzunaretoak sortu, orkestrak eratu eta musika klasikoko kontzertuak programatu dira, besteak beste. Baina kontuan izan behar dugu hori guztia falta zitzaigula, beste herrialde batzuekin konparatuta. Duela 30 urte Alemaniara iritsi nintzenean, zur eta lur geratu nintzen han musika-mailan zegoen kulturarekin, orkestrekin, kontserbatorioekin. Espainian pentsaezina zen kultura zuten. Aurrerapauso handiak egin ditugu, baina eskatu nahi nuke aurrerapauso horiek ezertan ez geratzea, beren kudeaketaren erakusgarri entzunaretoak egiten dituzten politikarien proiektuak baino gehiago izatea. Entzunareto horiek bete egin behar dira, programazioa eginez. Lagundu egin behar zaie. Orain, krisiaren ondorioz, zaila da, baina hauxe da kultura balioesteko unea, eta orain eman behar zaio laguntzarik handiena.

Susmoa dut jende askok, orain, hau esango duela: “Kulturak ez digu jaten emango”. Beste gauza batzuk emango dizkigu, ordea: gure barne-sentimenduak, gure barne-prestakuntza eta gure nortasuna garatzen lagunduko diguten gauzak. Eta agian, horri esker, ez gara berriro iritsiko krisi honekin sortu diren egoeretara. Oso une arriskutsuan gaude, eta denbora luzean zehar lortu dena indartu behar dugu, eta ez atzean utzi. Kultura eskolan landu behar da, umetatik. Hori guztia sustatu behar dugu. Penagarria izango litzateke aurrerapauso horiek egin ostean beste 20 urte atzera egitea.

María, kultura-ondarea berreskuratzeko egin duzun lana nabarmentzen da; izan ere, partitura zaharrak, ez hain ezagunak, interpretatu dituzu.

Oso ohikoa da antzoki guztietan partitura berberak egotea. Hori da ezagutzen dena eta publikoak eskatzen duena. Horrenbestez, gurpil zoro batean sartzen gara. Beste errepertorio batzuk erabiltzea sustatu behar da. Errepertorio zaharrak ere erabili behar dira, beren garaian garrantzi handia izan zuten konpositoreena. Oso garrantzitsuak izan ziren eta galdu egin dira. Errepertorio zoragarri hori berreskuratu behar dugu. Nire ustez, garrantzitsua da gurearen aurreko ondarea berreskuratzea.

“Opera eta musika klasikoa ez daude hedabideetan.”

Argazkia: A. Bofill. Gran Teatre Liceu de Barceona.

Egile jakinen bat?

Gure errepertorio barrokoan, asko gustatzen zaidan egile bat dago: José de Nebra. Bere garaian oso garaikidea izan zen, eta Barrokoan egiten zen musika konposatzen zuen. Italiar hezkuntza zuen eta eragin handia izan zuen, nahiz eta gero galdu egin zen. Haren zenbait obra berreskuratu ditut, eta gehiago berreskuratu beharko litzateke. Espainiako Barrokoa da, eta gainera, gaztelaniaz kantatua.

Euskonews-entzat 2002. urtean Vianako Printzea saria dela eta egin genizun elkarrizketan, beste 10 urteetarako ahotsa zeneukala esan zenuen... baina 10 urte horiek ia pasatuta daude...

Pasatu dira dagoeneko? Zer ondo! Bada, jar ditzagun beste 5 urte, erdia. Oso egoera onean dut ahotsa oraindik ere, nahiz eta, errepertorioari eta adinari dagokienez, aldatu egin den. Eta orain, nire ahots-aparatua dagoen unearen araberako obrak lantzea espero dut. Baina 5 urte gehiagoz abestea espero dut, gutxienez ere. Baina ez dago jakiterik, krisiaren ondorioz kontzertu gutxiagoa baitago, eta ezin da jakin zer gertatuko den... Eta kontuan hartuta nire ustez pribilegiatu naizela, baina badakit kide asko txarto pasatzen ari direla. Antzerkiko jendea ere gaizki pasatzen ari da, eta espero dut sari honi esker jendeak opera entzutea, egunean egon dadin, eta politikariek, dirua ematen digutenek, kulturarekin jarraitzeko aukera ematea.

Esan diezagukezu zein da zure hurrengo proiektua?

10 egun barru, Varsoviara noa, Varsoviako Filarmonikoak eskatutako espainiar errepertorioa egiteko. Portuko Tabernaria egingo da, eta zarzuelako ariak eta duoak, kanpoan gure musika eta gure kultura sustatzeko. Datorren urtean, Kolonbiara joango naiz, eta oso master class interesgarria emango dut Bruselan, piano-jole eta abeslariarentzako espainiar errepertorioari buruzkoa. Oso interesgarria iruditzen zait, eta ezohikoa da, ez dut eskola askorik ematen, baina Bruselako kontserbatorioak eskatu zidan, eta urtarrilera joango naiz. Pelléas et Mélisande ere egingo dut Bartzelonako Liceu antzokian. Azken aldian Madrilen abestu nuenetik denbora asko pasatu da. Azken batean, egutegian ditudan proiektuekin jarraitu, eta abesten jarraitzen saiatuko naiz, mundua korapilatsua baita oraintxe bertan. María Bayo (Fitero, 1958)Nazioarteko abeslaririk errespetatuenetako bat da Maria Bayo, eta hasi zenetik, ahots-erregistro handia eskaini eta albait interpretazio-zorroztasunik handienez antzezten du pertsonaien psikologia. Hainbat opera-rol izan ditu, Barrokotik XX. mendera artekoak. Bereziki gustukoak izan ditu Mozart, Rossini eta Frantziako eskola, baina batez ere, ahaztutako opera eta zarzueletako orri argitaragabeak berreskuratzeko eta grabatzeko ardura hartu du, bere diskografia zabalak erakusten duenez.Nazioarteko hainbat sari jaso ondoren —besteak beste Belvedère Nazioarteko Lehiaketako lehen saria, Vienan—, Maria Bayok Pisa, Saint Gallen eta Lucerna hirietan egin zuen debuta, Les Pêcheurs de Perles, Lucia di Lammermoor eta La Sonámbula obretan, hurrenez hurren. Geroago, oihartzun handiko arrakasta lortu zuen Madrilen eta Parisen, Le Nozze di Figaro obrako Susannarena eginez. Kritikariek laster nabarmendu zituzten Mariaren karisma distiratsua, haren tinbrearen indarra eta argitasuna, haren ahoskera garbia, eta agertokian aritzeko zituen gaitasunak. Geroztik, munduko opera-antzokirik garrantzitsuenek aldian-aldian gonbidatzen dute. Hona hemen: Milango Scala, Berlingo Staatsoper, Hanburgo, Munich, Dresden, La Monnaie, Covent Garden, Buenos Airesko Colón antzokia, New Yorkeko Metropolitan, Salzburg-eko jaialdiak, etab. Antzoki eta jaialdi horietan, pertsonaia asko antzeztu ditu, hainbat konpositoreren operetakoak. Konpositoreak Rossini, Donizetti, Bellini, Puccini, Cavalli, Offenbach, Debussy, Bizet eta Gounod izan dira, baina guztien gainetik, Mozart: Susanna, Cherubino eta Contessa izan da Le Nozze di Figaro operan; Ilia izan da Idomeneo obran; Zerlina eta Donna Anna Don Giovanni operan; eta Despina eta Fiordiligi Così fan Tutte operan. Halaber, bereziki hartu du aintzat errepertorio lideristikoa eta oratoriala, bai errezitaldietan bai kontzertuetan, munduko aretorik ospetsuenetan. Alfredo Kraus, Placido Domingo eta Teresa Berganzarekin, espainiar errepertorioko hainbat obra abestu eta grabatu ditu; izan ere, Espainiako musikaren enbaxadorerik gailenetakoa da, bere diskografia zabalak erakusten duenez.Maria Bayok hainbat sari jaso ditu; besteak beste, 2002an, Príncipe de Viana saria, kulturaren arloko saririk ospetsuena, Nafarroako Foru Komunitateak emana, Filipe Borboikoa printzearen eskutik eta Eusko ikaskuntza-Euskadiko Kutxaren Humanitate, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien 2011 Saria.Iturria: Jakiunde
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Mikel Bujanda. Euskalerria Irratiko zuzendaria: 24 urteren bueltan uhinetako okupak gara oraindik

 

Irakurri

Maria Carmen Gallastegui. Teoria Ekonomikoan Katedraduna: Etorkizuneko ongizatea orainaldira ekarri dugu eta geure aukeren gainetik bizi izan gara

 

Irakurri

Irakurrienak. : Asier Hilario / Koldo Martínez Urionabarrenetxea / Xabier Arakistain / Paula Kasares / Lucía Lacarra / Emilio López Adan / María Goñi

 

Irakurri

Aizpea Goenaga. Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria: ETA-ren desagertzeak gure gizartearentzat eta kulturarentzat oso momentu baikor eta interesgarriaren aurrean kokatzen gaitu

 

Irakurri

Miren Arantza Madariaga. CIINPIko zuzendaria: Berdintasunaren aldeko borrokaren estrategiak aldatu behar dira, prozesua oso motel baitoa

 

Irakurri