Miren Arantza Madariaga. CIINPIko zuzendaria: Berdintasunaren aldeko borrokaren estrategiak aldatu behar dira, prozesua oso motel baitoa

2011-10-28

SILLERO ALFARO, Maider

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Berdintasun Politiken Nazioarteko Berrikuntza Zentroko zuzendaria da Miren Arantza Madariaga. Elkartea abian jarri berria bada ere, azaroaren 3 eta 4rako Nazioarteko Mintegia antolatu du Bilbon, besteak beste, Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako Politiken egungo egoerari buruz hausnarketa egin eta eztabaidatzeko. Modu horretan, benetako berdintasunera eramango gaituzten sinergiak sortu nahi dituzte.

Duela hilabete eskas eratu zen Berdintasun Politiken Nazioarteko Berrikuntza Zentroa. Nolakoa izan da hasiera?

Egia esan, elkartea urtarrilean hasi zen lanean. Zentroa ireki aurretik burutu genuen berdintasuna.com kanpaina, eta horrekin, sentsibilizatzeko eta egoera aztertzeko ekimena poliki-poliki eraman genuen aurrera. Apiriletik ekainera bitartean jorratu genuen kanpainarekin desberdintasunak salatu nahi izan genituen, eta orain, zentroa abian jarrita, berdintasunaren alde urrats bat aurrera emateko asmoa dugu. Jarduerak lantzen eta helburua lortzeko lanean has gaitezke.

Eta zein da azken buruko helburua, erabateko berdintasunezko gizartea?

Gu benetako berdintasunerantz goaz. Berdintasun-legeek eta bestelakoek erakusten digute berdintasuna hor dela, idatzita bederen, baina benetako berdintasuna hori baino gehiago da. Egunerokoa da, portaerak, jarrerak eta emakumeek gizarte honetan duten benetako egoera. Beste elkarte batzuen antzera, guk ere emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna dugu helburu.

Gizarteko zein sektoretan ematen da desberdintasun handiena gaur egun?

Desberdintasuna sektore guztietan ematen da. Jakina, arlo batzuetan beste batzuetan baino agerikoagoa da, baina berdintasun-itxura dutenak arretaz aztertuz gero, horrelakorik ez dagoela ikusiko dugu. Adibidez, hezkuntzaren arloan ustez berdintasuna ematen da. Are gehiago, badirudi emakumeak direla nagusi, baina hori hezkuntzaren lehen mailetan gertatzen da; unibertsitatera hurbiltzen goazen heinean egoera aldatu egiten da, katedratikoen artean edo errektoreen artean, esaterako, gizonak dira nagusi.

http://www.ciinpi.com/

Berdintasun-gaiei garrantzi berbera ematen al zaie enpresa pribatuan eta enpresa publikoan?

Legeek eragin zuzena dute administrazioetan eta arlo publikoan, hori da bien arteko aldea. Legeak bete egin behar dira, eta horregatik, ekitate-sistemak kontrolatuago daude arlo publikoaren hautaketa- eta prestakuntza-sistemetan. Arduradunen kasuan eta hautaketa-prozesurik gabe izendatzen diren karguetan dago gakoa. Orokorrean, erabakiguneetan emakume baino gizon gehiago daude enpresa publikoetan, eta zer esanik ez pribatuetan. Berdintasun Legea enpresa oso handietan bakarrik aplikatzen da, txikietan arduradunaren edo jabearen borondatearen arabera betetzen da.

Argi dago gizarte honetan berdintasuna ez dela berez sortzen. Sustatu beharra dago, baina ez dakit hori goitik edo behetik egin behar ote den...

Alde guztietatik. Egia da urte asko direla berdintasuna behetik bultzatzen dela eta legeak onartu diren arte ez direla gauza asko aldatu edo abian jarri. Tamalez, gizarte-mugimendua ez da nahikoa gauzak lortzeko. Gizartearen mentalitate-aldaketa behar da gauzak modu naturalean alda daitezen. Baina hori oso zaila da, urte askotako lanak ez du aurreikusitako emaitzarik izan, eta hainbat gai legez inposatu behar izan dira, ez zegoen beste aukerarik, hori izan da kuoten kasua, esaterako. Agian batzuk ez dira ados egongo, baina bestela, ez genuke gaur egun dugun parlamenturik izango, bertan diren emakumeekin, ez legoke gobernu paritariorik, ez beste hainbat gauza. Argi dago hori guztia ez dela nahikoa, baina aurrerantz ematen diren urrats txikiak dira, berdintasunera modu naturalean eramango gaituen mentalitate-aldaketa lortzen dugun bitartean.

Esan duzunez, gauza batzuk ez dira atera aurreikusi moduan. Zeri buruz ari zara?

Erakundeek, eta baita gizarteak ere, hainbat urte daramatzate berdintasunaren aldeko eta indarkeriaren aurkako kanpainak egiten. Ez da duela bost urteko kontua. Badirudi hainbat gauza argi eta garbi daudela, baina... hor dugu gazteen kasua, adibidez. 18 urteko neska-mutilek uste dute berdintasunezko sisteman bizi direla leku berberetan ikusten dutelako elkar: tabernetan, unibertsitatean... eta euren ustez hori berdintasuna da. Haatik, nerabeen arteko bikote-harremanetan agerikoa da gizonen eta emakumeen arteko desberdintasuna. Bada errotuta dagoen indarkeria, baita gazteen artean ere.

Gazteak, batez ere neskak, lanean hastean konturatzen dira berdintasunik ez dagoela: neska ikasleak mutilak baino nota hobeak izan baditu ere, ikusten du lanean lankide mutilak aurrera egiten duela eta berak, berriz, ez; era berean, bikotekidearekin bizitzera joaten denean, aldamenean duena mutila bada, konturatzen da bizikideak ez duela etxeko lanen ardura bereganatuta, eta bera lanaldi bikoitza egiten hasten da, etxean eta kanpoan... Berdintasunaren alde eta indarkeriaren aurka egiten ari den lan guztia gazteen artean ez dela errotu ohartzen zara. Tamalgarria da, eta oraindik egiteko asko dagoela erakusten du.

“Berdintasun-legeek eta bestelakoek erakusten digute berdintasuna hor dela, idatzita bederen, baina benetako berdintasuna hori baino gehiago da. Egunerokoa da, portaerak, jarrerak eta emakumeek gizarte honetan duten benetako egoera.”

Nola lantzen da gai hori eskoletan?

Urte batzuk badira zenbait ikastetxetan indarkeriari aurrea hartzeko programak lantzen dituztela, baina eskolakoarekin bakarrik ez da nahikoa. Balioetan heztea, berdintasunean heztea, oso txikitatik hasitako hezkuntza bateratua... horiek guztiak beharrezkoak dira, baina argi dago eskolan denbora jakin bat ematen dutela, eta sarritan, eskolatik egin litekeen lana zapuztu egiten da gero, etxean edo gizartean. Guztiok batera aritu behar dugu, bestela haurrak nahas ditzakegu. Ez da bidezkoa eskolan gauzak modu batera direla esatea eta gero etxean egoera tristearekin topo egitea. Horiek mezu nahasiak dira, eta azkenean beti erosoena aukeratuko dute. Lan egiten ari gara, bai, baina era bateratuan egin behar dugu. Gizarteak berak alde guztietatik bidali behar ditu mezuak: eskola, familia, komunikabideak, nerabeek erabiltzen dituzten gizarte-sareak, publizitatea... eragile bakarrak lan egitea ez da nahikoa.

Emakumeen interesak eta gizonezkoenak elkarren kontrakoak direla uste da oraindik ere.

Berdintasuna emakumeen gauza dela uste izan da luzaroan, haiei bakarrik interesatzen zaiela. Haiek pairatzen dute gutxiagotasuna, eta gizonen pare jarri nahi dute, baita haiei aurrea hartzea ere, zenbait kasutan. Jakina, berdintasuna emakumeen gauza dela pentsatzen jarraitzen badugu aurrerapausoak mugatuta egongo dira; emakumeek aurrera egin eta boterea eskuratzen ari diren bitartean gizonak askoz ere polikiago aldatzen ari dira. Zer gertatzen ari da? Ba emakumeak arlo publikoan sartu diren arren, gizonak ez direla neurri berean barneratu arlo pribatuan. Azkenean emakumeek lanaldi bikoitza dute, etxetik kanpo eta barruan egiten dute lan, eta gizonak, berriz, arlo publikoan aritzen dira, baina etxean ez dira behar adina inplikatu. Horrek gatazka ugari sortzen ditu, emakumearen lanaldi bikoitzak eragina baitu bai emakumearengan eta baita ere elkarbizitzan, eta oso gogorra da.

Gizonek arlo pribatuan ardurak bereganatzeko eman behar duten urrats hori onartzea oso zaila da; lan gehiago hartzea dela uste da, eta ez da ulertzen pertsonen alde bat dela, hau da, adinekoak eta haurrak zaintzea eta etxeko lanak egitea gure bizitzaren aldeak direla, bai gizonentzat eta baita emakumeentzat ere. Badirudi interesen arteko gatazka dagoela, baina benetan ez da horrela, berdintasuna gizonen eta emakumeen nahia izan beharko litzateke, gizartea askoz bidezkoagoa izan dadin. Estereotipo eta oztopo hori hautsi egin behar dugu. Beharbada emakumeen mezuak ez dira nahikoa baketsuak eta bateratzaileak izan, baina ulertu egin behar da borroka gogorra dela, egoerak latzak direla eta batzuetan erasokorrak diruditen mezuak erabili behar direla; azken finean, beharrezkoa da gizonen inplikazioa, bidea batera egin behar dugu, bestela, berdintasuna ezinezkoa da.

Zeintzuk dira Berdintasun Politiken Nazioarteko Berrikuntza Zentroaren lan-ildoak?

Zentroaren lanak hiru zutabe ditu: batetik, aipatu dugun emakumeen eta gizonen arteko adiskidetzea, bidea elkarrekin egin behar dugula ulertaraztea. Bigarrenik, gizarte-masa sortzea, esparru honetan lan egiten duten elkarteen eta erakundeen arteko sarea, izan ere, koordinazio apur bat behar baitugu erantzungo duen gizarte-masa sortzeko, gizarte-gihar moduko bat, mugituko dena eta guztion artean indartsu aurrera egitea ahalbideratuko duena. Hirugarren zutabea, berriz, ideia-laborategia da; gizartearen sektore guztietatik berdintasun-politika publikoetan egiten den lanaren berri jaso nahi dugu, lan hori aztertu, zer egiten jarraitu behar dugun ikusi eta gizartearen aldetik lan-ildoa finkatu, erakundeak ez baitira denetara iristen. Euren lana egiten dute, planak lantzen dituzte eta ebaluatu, baina oso zaila da beheraino iristea. Behetik gorako lana ere egin behar da, gizarteak oinarrizko lana egin behar du erakundeek benetako abiapuntua izan dezaten. Gainera, guztion artean lan-estrategia berriak sortu nahi ditugu.

Urte batzuk daramatzazu berdintasunaren alde borrokan, Emakunden izan zara eta bertatik bertara jarraitu duzu gaia. Ildo horretan bilakaerarik izan al da azken urteotan?

Bai, bilakaera eman da, baina batean kale bestean bale gertatzen da. Aldatu diren gauza asko daude, arlo batzuetan aurrerapausoak ematen ari dira, baina beste alde batetik zaplaztekoak jasotzen ditugu; esaterako, gazteen artean egiten diren azterketa askoren emaitzak penagarriak dira. Lan asko dago egiteko eta ez dugu mezua behar bezala igortzen, estrategiak aldatu behar dira, prozesua oso motel baitoa. Azkar joan dadin nahi dugu, baina benetan mentalitate-aldaketa motela da. Pentsa, gizarte patriarkalean bizi gara eta zaila da bat-batean hori guztia denbora gutxian aldatu nahi izatea. Gauza batzuk oso agerikoak dira eta teorian mundu guztia bat dator... baina gero praktikan egoera bestelakoa da. Ezin da esan aurrerapausorik eman ez dugunik, ez horixe! Baina tristea da hitzez onartzen ditugun gauzak egunerokoan ez islatzea eta bitartekorik ez jartzea egoera hori aldatzeko.

Zuretzat, zer da gizartearen aurrerapenaren alde ari den elkartean lan egitea?

Niretzat proiektu oso pozgarria da, izan ere, aipatu duzunez, badira beste lagun batzuk hainbat urtez Emakunden eta beste toki batzuetan lanean aritu direnak, Izaskun Moyua, adibidez. Gainera, mundu horrekiko sortzen den lotura handia da eta helburua oso ederra. Horregatik, barruan beti duzu kezka hori, arlo honetan lanean jarraitu behar duzula pentsarazten dizuna. Guk argi genuen erakundeetatik ez bazen ere ildo horretan lanean jarraitu behar genuela, gizarteari laguntzen berdintasunean aurrera egiteko. Oso pozik eta ilusioz beterik gaude, gure ekarpena egin nahi dugu eta jendearekin batera lan egin. Jendeak bat egin dezala abian jarriko ditugun egitasmoekin, eta ea guztion artean aurrera egiten jarraitzen dugun. Gizartea mistoa da eta gizonak eta emakumeak nahi ditugu aurrera egin eta guztion helburua lortzeko. Miren Arantza Madariaga Aberasturi (Gautegiz-Arteaga, 1967) Zuzenbidean lizentziatua da Deustuko Unibertsitatearen eskutik, eta abokatu-lanetan ari da 1993tik. Gainera, 1994tik Higiezinen jabetzako agentea da. Gautegiz-Arteagako udaleko zinegotzi izan da 1991tik 1995era, eta alkate, berriz, 1995etik 2007ra arte.Era berean, EMAKUNDE - Emakumearen Euskal Erakundeko idazkari nagusi izan da 2005eko irailetik 2009ra bitartean. Gaur egun Berdintasun Politiken Nazioarteko Berrikuntza Zentroko (Ciinpi) zuzendaria da.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Ramón Labayen. Politiko ohia, Euskaltzalea: Gizarte bat, hizkuntza bat, kultura bat... eta hortik nazio bat

 

Irakurri

Lourdes Otaegi. Literatura irakaslea: Euskal pizkundeak kalitate literario handiko idazle belaunaldia ekarri zuen

 

Irakurri

Maite Villafruela. Coach eta hezitzailea: Enpresak bere proiektuan esku hartuko duten pertsona motibatuak behar ditu

 

Irakurri

Leopoldo Zugaza. Eragile kulturala: Totalitarismoa ez da goizeko dutxarekin desagertzen

 

Irakurri

Ines Baigorri. ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteko zuzendari kudeatzailea: 2011n uzta ona izango dugu

 

Irakurri