José María Setién. Gotzaina: Amets egiten dut gizaki guztien topaketa baketsuaren ondorio gisako egitura politiko-sozialetan eraikitako herriarekin

2008-10-17

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA



Euskonews & Media astekariak bere 10. urtemuga betetzen du 2008an. Hori dela eta, beste ekintzaren artean, hilean behin eta abendura arte, elkarrizketa berezi bat argitaratuko dugu gure herriko azken urteotako historiaren pertsonai adierazgarri batekin. Astero ditugun milaka irakurleei egin diezaiekegun oparirik onena delakoan gaude.

Jose Maria Setien gotzainak bere karguan ihardun zuen bitartean denetariko atxikimenduak eta era guztietako arbuioak jaso zituen. Ez zen eliz gizon ezta intelektual neutro horietakoa izan. Euskal elizaren erreferente abangoardista da gaur egun ere.

Seminarioan ikasten hasi zinenean, pentsatu al zenuen euskal elizaren historiako gotzain garrantzitsuenetako bat bihurtuko zinela edo, gutxienez, gehien aipatu den gotzainetako bat, Añoverosekin, Mateo Mujikarekin, eta abarrekin batera?

Hasteko, ez nuen uste gotzain izango nintzenik ere. Beraz, argi dago gotzain ‘ospetsu’ izango nintzenik ere ez nuela pentsatu. Eta ‘ospetsu’ hitzaz ari naizela, gure artean duen adieraz ari naiz. Izan ere, gauza onengatik edo txarrengatik izan gaitezke ‘ospetsu’. Ikuspegi horretatik, nik ez nuen halakorik pentsatu. Eta ez dakit seminarioan bizi genuen giroan inork pentsatuko zuen gotzain izango zenik. Guretzat, garai hartan, gotzaina pertsona oso berezia zen, gu ginenetik edo izan gintezkeenetik oso urruti zegoen norbait. Beraz, esan dezaket seminarioan egon nintzen bitartean inoiz ez zela nire burutik pasatu ere egin gotzain izango nintzela.

Gasteizko seminariora joan nintzen. Nire batxilergoko notak nahikoa onak ziren eta seminarioan ere nahiko ongi moldatu nintzen hango ikasketekin. Hala, ez zen zaila izan maila handi samarra lortzea ikasketetan. Ondorioz, etorkizunera begira, eta kontuan hartuta nire lagun apaizen baten hitzak, pentsatzen nuen seminarioko edo beste lekuren bateko irakasle izan nintekeela. Nire aurreikuspenak, beraz, irakaskuntzari lotuta zeuden. Gero hori ere garatu nuen eta, ikasle nintzela, ez nuen inoiz pentsatu Salamancako Unibertsitateko irakasle izango nintzela.

Gasteizko seminarioan, Elizan garrantzitsu izan diren beste irakasle batzuekin egin zenuen topo. Jose Maria Zirardaz, Luis Mari Larreaz eta Angel Sukiaz ari naiz. Axola ez bazaizu, esaidazu zer iritzi duzun haietako bakoitzari buruz.

Beno, pixka bat arriskutsua da iritzia ematea. Batez ere, kontuan hartu behar da gotzain horietako bakoitzak zer erantzukizun eduki zuen eta nahiko ezberdinak izan ziren. Zirarda, aipatu duzun lehenengoa, nire irakaslea izan zen. Harreman estua eduki nuen berarekin, bai nire irakasle zenean, bai ondoren, elkarrekin lanean aritu ginenean. Eta Zirarda hau ahal zuen bezala moldatu zen. Santanderko gotzaina zen garaian, Bilboko administratzaile apostoliko sakratua zen eta ETA-ren atentatuen urte gogorretan izan zen hori. Beraz, bera Santanderko gotzain gisa zegoen han, Bilboko administratzaile apostoliko bezala, gertatu ziren gatazkekin, gatazka horiek gero lehen aipatu duzun Añoverosekin ere gertatu ziren, eta, frankismo garai hartan, bere erreakzioa edo arazoak oso ezberdinak izan ziren Angel Sukiarenekin, hau da, Espainiako Apezpikuen Batzarreko presidente izandakoarekin, alderatuta. Horregatik, oso zaila zait haiek alderatzea. Nik ez dakit Zirardak zer egingo zukeen Apezpikuen Batzarreko presidente gisa eta Sukiak gotzain eta Bilboko administratzaile apostoliko gisa zer egingo zukeen ere ez dakit. Eta hirugarrena, Luis Maria Larrea jauna, badakigu eragin publikoari dagokionez nahiko ezberdina zela besteekin alderatuta. Ezberdinak ziren, egoera ezberdinean egon ziren eta batzuk eta besteak epaitzea... Nik esango nuke, eta ez da galdera saihesteko, okerra izango litzatekeela. Izan ere, bi pertsona alderatzeko, antzeko egoeran egon behar dute, bestela, susmo hutsak dira.

Aipatutako hiru gotzain horiek eta Jose Maria Setienek, argi eta garbi, une jakin batean seminarioan elkartzen den bateko poker bat osatzen dute eta nik uste dut Gasteizko seminarioa Espainiako garai hartako maila onenean jarri zutela.

Neurri bateraino bai. Baina, esan nahi dut Zirarda, Larrea eta gero Setien, Angel Sukia —gero errektore izan zen— ere irakasle izan zituen Gasteizko seminario hori, gero zegozkion gotzain izendapenak eginda, ez zen ezerezetik sortu. Izan ere, ez dago zalantzarik seminario horretan maila zehatz bateko pertsona batzuk egon zirela - eta izenak aipatzekotan, Jose Miguel Barandiaran eta Manuel Lekuona ipiniko nituzke. Orduan, haiek kezka intelektual handia eduki zuten. Beste pertsona bat ere egon zen, Jose Zunzunegi jauna. Elizaren Historiako irakasle eta Seminarioko bibliotekaria zen eta seminarioko maila akademikoa sustatu zuen, han teologia fakultatea sortzeko asmoz. Seminarioko ikasketa prefektu gisa, horren guztiaren bultzatzaile izan zen, eta horregatik gu sartu ginen aurretik korronte bat martxan zegoela. Horregatik esan dut hura ez zela hutsetik eratu; ez zen pertsona horien sorkuntza bat-batekoa izan zen. Gu mugimendu nahiko garrantzitsu batean sartu ginen. Seminarioko biblioteka garrantzitsuenetakoa zen, edo garrantzitsuena eta ez zuten egun batetik bestera egin. Gero, ni neu irakasle gisa joan nintzen Gasteizko seminariora, Jose Zunzunegi jaunak pentsatu zuelako sortu behar genuen fakultateko irakasle izan nintekeela —fakultate hori geroago sortu zen— Hala, Erromara joan nintzen ikastera.

Antonio Pildain ere irakasle izan zen aurretik. Esan nahi dut, hori posible egiten zuen ‘humus’ bat zegoela.

Bai, batez ere ikasketei ematen zitzaien garrantzia, ordura arte filosofia eta teologiaren alorretan, batez ere. Formakuntza izpirituala ere oso zaindua zen.

Tamalgarria izan zen Gasteizko diozesia zatitu izana...

Bi gauza bereizi behar dira: bata, motibazioak; eta, bestea, arazo objektiboa. Ez dago zalantzarik Gasteizko diozesiaren zatiketak konnotazio politiko argiak zeuzkala eta hori ez da susmo bat, oinarri sendoa baitauka; Hau da, lehen Gasteiz, Donostia eta Bilboko diozesia izandakoa, Gasteizko diozesia, batera bazeuden, zerbaitegatik izango zen; hain zuzen, lurralde eremu bat zelako, batuta zegoelako. Ondoren, zatitu zenean, ez zion Gasteizko diozesiari bakarrik eragin. Banaketatik beste bi diozesi sortu ziren, beraz, hiru diozesi ziren eta probintzia eklesiastikoen barruan sartu ziren.

Probintzia eklesiastikoa diozesi multzo bat da eta artzapezpiku metropolitarra da buruzagia, berak jarri behar ditu lehentasunak eta arazo komunak planteatu behar dituzte. Zentzu horretan, argi dago Gasteizko diozesia, Donostiako eta Bilboko diozesi berriekin batera, konnotazio nabariak zeuzkatela. Beraz, probintzia eklesiastiko berri bat egin behar bazen, normalena izango zen probintzia horren barruan hiru diozesiak batera egotea eta, are gehiago, artxidiozesia Iruñean egongo zela kontuan izanda. Baina gero Donostia bakarrik egon zen hari lotuta, Bilbokotik eta Gasteizkotik bereizita. Horrek esan nahi du asmo politiko argia zegoela.

Hala ere, inork ezin du ukatu Gasteizko diozesia, orduan zen bezalakoa izanda, handiegia zela gotzain bakarraren zaintza pastoralpean egoteko. Izan ere, ez dugu ahaztu behar Donostia nolakoa zen, Bilbo nolakoa zen eta Araba nolakoa zen. Orduan, Arabako gotzaina hiruretako gotzaina izatea pentsatzea... Orduan, hirurak zatitzea beharrezkoa zela ikusten zen, objektiboki beharrezkoa zen. Eta ez dago zalantzarik Bilboko eta Donostiako diozesiak Gasteizko diozesitik bereizitakoak izatea onura objektiboa zela.

Horregatik, nik zatiketaren onura objektiboa eta zatiketa horretan agerian geratu zen asmo politikoa bereizten ditut. Jakina, egia da, era berean, asmo hori ez zela horretara mugatu. Hiru diozesiak zatiarazi zituen asmo horrek ondoren eragina izan zuen diozesi horretako bakoitzean egiten diren jardueren interpretazio politikotik ere.

Lehen ‘humus’az hitz egin dugu eta agerikoa da Gasteizko seminarioan lehengaiak bazeudela. Ikusi behar da zer egoeratan zeuden orduan seminarioak: 1950eko hamarkadan, 800-900 ikasle egongo ziren Gasteizko seminarioan eta ikasle zein irakasle talde mamitsua zegoen. Garai hartan, talde bat sortu zen, Abaitua, Alberdi eta Setienekin. Dotrina egiten hasi ziren, dotrina soziala. Garai haietan garrantzitsua izan zen eta berrogeita hamar urte geroago, bizirik dago.

Ados, baina lehen esandako gauza bera esango dut; hots, talde hori ere ez zela ezerezetik sortu. Zuk aipatzen zenuen humus horretan pertsona oso zehatz batzuk ziren erreferentzia eta, zehazki, Arrasaterekin, mugimendu kooperatibistarekin eta filosofia sozialeko ikasketekin oso lotuta dagoen bat, zera...

Gregorio Rodriguez Yurre.

Rodriguez Yurre, bai. On Gregorioren filosofia sozialak eragin handia izan zuen, nigan gutxienez. Bere filosofia sozialeko ikastaroan —filosofiako hirugarren mailan ematen genuen, hau da, karrerako 12 urteetatik zortzigarrenean— gizarteaz hitz egiten zigun, gizarte sistemez, liberalismoaren ondorioez, totalitarismoaren ondorioez, Alemaniako totalitarismoaz... Baita faxismoaz ere eta horri lotuta zegoen, argi dago, indarrean zegoen frankismoa.

Orduan, han hazi eta oinarrizko orientazio oso garrantzitsuak egon ziren. Beste alde batetik, Ricardo Alberdi Gasteizko seminariora etorri zen, baina giro sozialago, sindikalago, langileei lotuagoko, etika ekonomikoko batetik. Eta, beste alde batetik, Gasteizen bertan Carlos Abaitua zegoen, eta obra sozialak sortzearen aldeko bokazio argia zeukan. Beraz, hirurek harreman handi samarra eduki genuen. Ez, harreman mota horrek poliki-poliki izango zuen formarekin, ordena ekonomiko-sozialaren Mater et Magistraren lehenengo zatian izena eman zigun horrekin. Orduan, Setien, Abaitua eta Alberdik idatzi genuen, edo Abaitua, Alberdi eta Setien, nahiz izanez gero —ordena hori liburuko eskema oroituz esan dut—, Horrek hirurek elkarrekin lan egitea eragin zuen. Baina kontuan izanda, bat, Ricardo, seminariotik atera zenean, gehienbat Madrilen zegoela eta baita Donostian ere, eta bestea, Carlos Abaitua, Gasteizen zegoela, baina batez ere idazkaritza sozialean —ez dotrina arloan— jarduten zuela, langileen erresidentzian, eta abar, eta ni seminarioan sartuta nengoela —handik klaseak emateko ateratzen nintzen— eta gero, ez askoz geroago, 1961-1962 urtetik aurrera, Salamancako Unibertsitatean ere egon nintzela. Beraz, kointzidentzia bazegoen, baina ez talde itxi bat osatzen genuela esateko adinakoa.

Nik esan nahi nuena zen orduko dotrinak balio duela gaur egun...

Ez da baliagarria bakarrik, gainera gaur egungoa da. Ez dut zuk esandakoa zuzendu nahi, esan nahi dudana da zuzena izaten jarraitzeaz gain, gaur egungoa da. Izan ere, nik uste, gaur egungo egoera zaila dela, ez bakarrik indarkeriari dagokionez, baita arazo ekonomikoari dagokionez ere, eta uste dut etorkizunekoa ez dela errazagoa izango. Niri gustatuko litzaidake une honetan orduko adina edukitzea, hirurak batera egotea, bakoitza bere esperientziarekin eta batera saiatzea globalizazioari aurre egiten. Globalizazioa fenomeno soziokulturala da, baina izaera ekonomiko handia dauka eta, beraz, etikoa.

Orduko lehenengo argitalpen horiek aipatu dituzu eta nik, Jose Maria Setienen jarraitzaile izanda, pixka bat irakurrita, bibliografia errepasatuta eta abar, niri bere bibliografiatik, hau da, bere ekoizpenetik, atsegin handiena ematen didana da kristautasunaren oinarrizko kontzeptuak gizakiekiko errespetuarekin elkartzen jakin duela. Zure aurrean nabarmendu beharrekoa iruditu zait hori. Bikain iruditu zait beti.

Bada, asko pozten naiz [barrea], Jose Maria Setienen interpretazio zuzena iruditzen baitzait. Hau da, elizaren dotrina sozialak mamirik baldin badauka, izan duen bilakaeraren ondoren (batez ere Leon XIII.az geroztik; lehen ere bazegoen dotrina soziala, baina ez Leon XIII.aren Rerum Novarumen bezain sintetizatua), gizakien errespetua dela. Eta, gero, esango nuke pertsonak defendatzea, alegia gizakiak ardatz gisa jartzea ordena soziala eraikitzerako garaian, Vatikanoko Kontzilioak baieztatu zuen, Gaudium et Spes delakoan, eta esaten zuen gizona dela Jainkoak berak sortu eta maitatu duen izaki bakarra. Horrek esan nahi du errealitate sozial guztiak, dela pertsonen arteko harremanak, dela naturarekiko harremanak, berezko balioa duen pertsona horren araberakoak direla; berezko balioa duenez, besteen zerbitzura jar daitekeela. Horrek automatikoki funtsa ematen dio pertsonak ardatz jartzen dituen sistema filosofiko-politiko bati.

Jakina eta honetan nik uste dotrina sozial horren lehentasunak gizakiarengandik abiatuta finkatzerakoan, 1948ko Nazio Batuen Giza Eskubideen Adierazpenak eragina izan zuela. Joan XXIII.aren Pacem in Terris entziklikaren aurrekoa da. Entziklika horretan, bakea aztertzen du gizakiaren duintasuna oinarritzat hartuta dauden giza eskubideetatik abiatuta. Beraz, zentzu horretan, elizaren dotrina sozialaren pentsamendua ez zuen elizak bat-batean sortu, Joan XXIII.ak entziklika egin aurretik adierazpen hori egina baitzegoen, eta Joan XXIII.aren dotrinak bere egin zuen.

Giza eskubideak ideologia guztien gainetik daude, noski, dela politikoa, dela erlijiosoa.

Beno, gertatzen dena da ideologia terminoa pixka bat okerra dela. Batzuek diote elizaren dotrina soziala ere neurri batean ideologikoa dela, baina fedea, aldiz, ez. Ideologiek oinarrizko baieztapenak egiten dituzte, arrazionalak edo ez, eta horietatik abiatuta gertaera politiko-sozialen azalpen koherentea ematen saiatzen dira. Ez bakarrik hori; lan indibidual eta kolektiboak gertaera horietan izan behar duen eragina orientatzeko balio behar dute, ideologia horren helburuak betetzeko. Ildo horretan, nik ez daukat arazorik aitortzeko elizaren dotrina sozialean ideologia pixka bat edo asko dagoela. Baina beste kontu bat da elizaren dotrina soziala eta elizaren fedea nahastea. Fedea garapen ideologikoaren, hau da, elizaren dotrina sozialaren, funtsa izan daiteke eta ildo horretan, dotrina batekiko mendekotasuna, fedeak jarritako oinarri ideologikoa den egia batetik abiatuta sortutakoa, hau da, pertsonaren duintasuna beste guztiaren gainean jartzea, zera esan beharko da: horren gainetik fedea dagoela, ez horretatik eratorritako ideologia. Baina, diodan bezala, planteamendu hori ongi ulertzeko, esan beharko litzateke (askok onartzen ez duten arren) fedea ez dela ideologia bat aukera bat baizik, ezin delako marko orokor bat osatzen duten baieztapen dotrinal multzo batekin nahastu. Marko orokor horren barruan dena sartu behar da: gizakien garapena, gizakien indibidualtasuna, harremanak, etab. Ideologien aberastasun hori guztia ezin da fedean bilatu, zorionez.

Hainbat aldiz errepikatu duzu ‘fede’ hitza. Ni pixka bat ezgai sentitzen naiz gotzain baten aurrean halako gauzez hitz egiteko, baina, kristau naizen aldetik, niri iruditzen zait fedea etengabeko krisi egoera dela, ez? Hala izan behar du?

Gauza bat fede krisia da eta bestea pertsonak fedearen aurrean duen krisia. Niri esaten didate kontu handiz bilatzen ditudala gauzak esateko hitz egokiak, eta nik esaten dut pertsonekin hitz egitean elkar ulertzea nahi dudala eta hitz bera erabiltzen badugu, gutako bakoitzak balio bera ematea hitzari, bestela ez dugulako elkar ulertuko.

Bai, hala da...

Niri, zentzu horretan, gauzak zehaztea gustatzen zait. Argi dago, zalantzarik gabe (eta gai honek garrantzi handia dauka nik esan eta egindako guztian) fedea eta pertsona ezin direla bereizi, lehen esaten genuen bezala; beraz, fedea ezin da elkarbizitza sozialetik bereizi; gertaera politiko-sozialek pertsonengan eragiten duten neurrian, pertsona horrek beharrak, premiak, arazoak, zailtasun berriak dauzka, orduan fedeak (giza eskubideetan islatzen den) giza duintasuna baieztatzen duen printzipioa aplikatzeko ahaleginak hori guztia etengabe aldatzen ari den gizarte batean nola lortu aztertzeko krisia planteatu behar du.

Adibide bat jartzearren, eta gogoetako gaitik aterata, estatu kontzeptua bera aipa dezakegu. Pentsa zer ondorio dituen Euskadi estatu bat dela, edo subiranotasuna daukala, edo eskubide absolutua daukala baieztatzeak. Orduan, honek XVII. mendean, estatu kontzeptua lantzen joan zirenean zeuzkan konnotazioak eta gaur egungoak erabat ezberdinak dira. Izan ere, gauzak sakon aztertzeari ekiten badiogu, esan ahal izango dugu estatu europar hauek ez direla Ipar Ameriketako estatuak, eta Ipar Ameriketako estatuak ez dira Suitza estatua. Beraz, estatua definitu behar zuen subiranotasun kontzeptua bihurritzen joan da eta kontzeptu hori Suitzari, Ipar Amerikari, Europako estatuei eta Europar Batasunetik kanpo egonda beren buruaren jabe diren estatuei aplikatzen diegu. Europar Batasunak eduki politikoa eman nahi zion batasun horri konstituzio baten bidez, baina batzuek esaten dute (frantsesek, adibidez, eta ingelesek ez dakit zer esango luketen) hori ezin dela horrela ulertu, bestela Europar Batasuna estatu bihurtuko delako eta estatuek estatu izateari utziko diotelako. Orduan, Europar Batasuna estatu bihur dezaketen gauza guztiak konstituziotik kentzea erabaki dute, baina eduki arazoak hor daude; berdin da zer hitz erabiltzen ditugun.

Krisiaz hitz egingo dugu.

Bai, jakina.

Fede krisirik badago.

Bai. Hori fede krisia da, baina ez bakarrik hori. Izan ere, hain zuzen, fedearen bidez uneko errealitatean jokatzeko moduari dagokionez, baita errealitate horiek ulertzeko moduak zailtasunak sor diezazkiguke fedea zer den, bere funtsak zein diren ulertzerakoan. Beraz, hori krisiaren alderdi bat da, baina krisia ez da ordena sozialari edo politikoari lotuta zer egin behar den erabakitzeko, fededunek koordenatu kultural berrien aurrean (aurrerapenagatik eta beste arrazoi batzuengatik, ideologikoak etab ) duen krisia baizik. Fedea ulertzeko arazoa bera izan daiteke krisia.

Fede krisiak zerikusirik ba al du elizaren krisiarekin?

Hala ez balitz, eliza ez litzateke fede elkarte bat izango, ezta benetako fedea ere. Fedea, aldaketa sozio-kulturalen eraginez, krisian dagoela edo krisian egon daitekeela esaten ari gara eta, beste alde batetik, esan dugu eliza fededun komunitate bat dela, eta beren burua krisian ikusten duten fededun horiek eliza krisian egotea eragiten dute. Bestela, eliza ez litzateke fededunen komunitatea izango, fedearekin zerikusirik ez duen beste zerbait baizik eta hori askoz okerragoa izango litzateke.

Okerragoa izango litzateke, bai jauna...

[Barrea].

Baina gerta liteke?

Ez dut uste. Elizan beti funtsezko leialtasuna egongo dela uste dut. Fede komunitate bat izan behar du. Beraz, ulertzen dut elizak ere barrutik fede krisia izatea eta ez nuke ulertuko eliza fededunen krisitik aparte egotea. Horrek ez dauka zentzurik.

Euskal elizaren egoerari helduz, kristau arrunt gisa, eliztar gisa, iruditzen zait zulo handi batean gaudela. Zulo ‘logistikoan’. Jada ez daukagu soldadurik, gure elizak jende nagusiz beteta daude, gazteak ez dira joaten, elizetan entzuten diren hitzaldiak ez dira berritzen. Elizako hierarkiak egoera zaila dauka, ez dagoen lekutik ezin baita atera. Nola ikusten duzu gure elizaren egoera, epe motzera?

Hasteko, bakean eta lasai ikusten saiatzen naiz eta nire usteak bi alderdi dauzka. Alde batetik, nik fedearen zutabe den ebanjelioan sinesten dut eta, beraz, ebanjelioaren berri emateko promesa hori betetzen jarraituko dela uste dut; hobeto edo okerrago, baina beteko da. Beste aldetik, historiari begiratuz gero, galdera hau egin daiteke: ez al da beti horrela izan? Elizaren lehenengo urteetatik Konstantinoren dohaintzara arte arazoak izan ziren. Ondoren, ez ziren konpondu arazoak, beste arazo batzuk sortu zirelako, elizak boterearekin zuen harremanari buruzkoak, boterea elizaren zerbitzura jarri nahi zuten. Baina beste arazo bat planteatu zen: boterea elizaren interesen aurka jartzen denean, zer gertatzen da? Erdi Aroan ere eztabaida eta saltsa handiak izan ziren eta ez naiz horretan gehiago sartuko.

Horrek guztiak ez dio elizaren antolakuntzari bakarrik eragin, baita fedearen edukia ulertzeko moduari ere; III. eta IV. mendeetako oinarrizko elegietara hurbiltzen gaitu. Beraz, nire iritziz, arazoa ez da ongi planteatzen, elizaren krisia eta fedearen krisia bereizten direnean. Ezingo dugu elizaren krisia gainditu fededunei jainkoari buruz duten krisia gainditzen laguntzen ez badiegu. Elizarekiko atxikimendu txikiaren arazoa larria da, baina garrantzitsuagoa iruditzen zait fedearekiko atxikimendu falta. Egia esan, elizarekiko atxikimenduari buruzko inkestak egiten dituztenean, zera planteatzen da: nola izan daitekeen sinestuna XXI. mendeko gizon bat, aurrerapen zientifikoak, sekularizazioak (gizartearen, politikaren eta gizakiaren existentziaren planteamenduaren sekularizazioak) eragin duen pentsamendu aldaketa kontuan hartuta. Hori da arazoa. Fede kristaua, katolikoa defendatu behar duen erakunde bat behar da, ahuldade handiak izan arren, baina ez dugu elizaren arazoa konponduko ez bagara ahalegintzen fededunen arazoa konpontzen. Elizak ahalegin handia egin behar du orain, sinesten laguntzeko. Ez bakarrik Jesu Kristorengan sinesten laguntzeko, baita Jainkoarengan sinesten laguntzeko ere. Baina Jesusen ideia argiagoa zabaltzeak, Jainkoarengan sinestea erraztuko du. Ezin dugu Jainkoaren irudi estereotipatu eta bizi gabea eman, gizarte sekularizatuan ez baita erraz onartuko. Zer egin behar du elizak? Bada, gizarte sekularizatu honetan Jainkoaren irudia errazago antzemateko aukera emango duen ebanjelio bat aurkeztu.

Ebanjelioaren gaurkotzea landu egin behar da, baina zaila izan daiteke elizaren gaur egungo egituraren barruan, ezta?

Gauza bat da elizaren egitura eta bestea elizaren egituraren ardura daukaten pertsonak. Niri esaten didatenean ‘eta zuk zer uste duzu elizaren egiturari buruz? Izan ere, hau eta bestea...', nik zera esaten dut: ‘aizu, begira, deskribatzen ari zaren eliza ez da nik Donostiako gotzain izan naizen bitartean ezagutu dudana’. Elizak jarduteko askotariko moduak onartzen ditu eta horrek federa iristeko aukera errazten du. Ez dut uste egitura arazoa denik, egitura horien buru diren pertsonen arazoa baizik: batzuek oztopo handiagoak jarriko dituzte beste batzuek baino, argi dago. Baina akatsa da pentsatzea elizaren egiturak aldatzeak kristauen fedearen arazoa konponduko duela.

Lasaitu egingo nintzake apur bat arazoa egituran ez baizik hor dauden pertsonengan balego....

Noski eta, alde horretatik, kontuan hartu behar da, era berean, fededun guztiak ere ez direla berdinak. Batzuei argia ematen dien hitz batek beste batzuk asaldatu egingo ditu agian. Ikuspegi horretatik, zuhurtzia behar da fede kristauaren ideiak edo edukiak aurkezterakoan, inor ez asaldatzeko. Bestela, zera pentsa dezakete: ‘Orain arte esan duguna, ez da egia? Bai, baina ez zuk ulertzen duzun bezala’. Orduan, zer geratzen zaigu? Beste modu batera esaten den zerbait eta norberak ulertu behar duena. Arazoa ez da soldadurik dagoen edo ez, soldaduak ez baitira elizaren funtsa, jende arrunta baizik; hau da, herritarrak.

Hara...

Hori da arazoa. Eta ezin da kristau bihurtzen edo kristau izaten jarraitzen lagunduko duten apaiz-armaden bidez konpondu, ez bada fededunei ematen zaien mezua egokitzen. Desitxuratzen ibiliko ginateke. Azkenean, guztientzako eliza baten ordez, sekta ugari izango baikenituzke.

Ebanjelioa aldatzeko, ‘aggiornamento’-a egiteko, ahalmenik ikusten al duzu jende arruntarengan gaur egun?

Bai, hala uste dut. Baina ezin da pentsatu lehen pertsona batek apaiz ona izateko 12 urte eman behar bazituen seminarioan eta apaizgaien irakasle izateko unibertsitatera joan behar bazuen eta abar, gaur egun automatikoki, laguntza idatzi batzuen, ikastaro batzuen bidez herri kristaua hezitzaile bihurtuko dugunik. Horregatik, arazoa da pertsona horiek, batez ere katekistak, behar bezala heztea, ebanjelioaren mezua leial helaraz dezaten, eta hori kosta egiten da, zergatik ukatu?. Hala ere, arazoa ez da apaizik dagoen edo ez, bizi dugun garaian ebanjelio sinesgarri bat ulertzeko arazoa baizik.

Niri beti gustatu zait Jesusen azken afariko irudia, mahaiaren bueltan dagoenean, apostoluez inguratuta, afaltzen. Iruditzen zait mahaian aurrez aurre jartzea, gu orain gauden bezala, elkarrekin hitz egitea, elkarri begira, dela modurik onena krisiak, arazoak eta abar konpontzeko. Beti izan diet maitasun berezia mahaiei eta eliztar naizen aldetik, mezara joaten naizenean, maiz, zerbait inposatzen ari zaizkidala sentitzen dut, ez didatela nire kezkak, nire arazoak eta abar adierazten uzten. Nahiago nuke mahai batean eseri...

Arrazoi osoa daukazu, baina nik esan nahi dudana da mahaiak fededunen arteko elkarrizketari egiten badio erreferentzia horrek garrantzia daukala. Orduan, mahai hori ospakizun bat egiten duten pertsonen arteko topaketari egiten badio erreferentzia, beste gauza bat da. Ezberdina da. Elizan nahikoa leku badaude, baita ospakizun giro erlijiosoan ere, hizketarako topaketak egiteko eta topaketa horietako inposaketa bakarra izatea ebanjelioari leial izatea, Horregatik, jendeak hitz egin dezake, bere iritzia eman, besteenarekin zerikusirik izan ez arren, eta abar. Baina kezkak komunikatzeko topaketa horrek kontuan hartu behar du eliza ez dela talde txiki multzo handi bat.

Nik gotzain 28 urte-edo emanda lortu ez dudan gauzetako bat da eliza-katedrala kristau izan nahi duten taldeek ospakizun bateratua egiteko topaleku bihurtzea. Gipuzkoako elizbarrutiak (ez da oso handia, baina 700.000 biztanle inguru dauzka) mezaren bidez komunitatearen batasuna adierazteko, fedea batera praktikatzeko, lekua ere behar du. Bi gauzak behar ditugu. Jauna hartzeko modu bakarra seietako meza edo zazpiak eta erdietako meza baldin bada, hori elizarekin bat egiteko modu bat da. Baina kezka horiek dituzten pertsonek aukera daukate mahai baten inguruan biltzeko ere, ospakizun baten bidez edo gabe, eta fedeari lotutako arazoak adierazteko, arazo hori konpontzen baldin bada, topaketa katedralean egitea edo Ataunen egitea... Zein da Ataungo auzorik txikiena?

San Gregorio?

Ez, badago txikiago bat, Aia uste dut. Baina esan nahi dudana, topaketa ezberdinak direla, baina adierazgarri eta erabilgarriak.. Ez dut besteen aurrean amore eman nahi, horrekin ez delako ezer konpontzen, baina, aldiz, elizako kideen pluraltasuna ezagutu nahi dut. Izan ere, ez dago zalantzarik jarduera batzuk, adibidez Caritasen lanak, idazkaritza sozial bat zuzentzeak..., elizaren barruan, biltzeko forma ezberdinak eskatzen dituzte. Lan batzuetan laikoek gaitasun handiagoa daukate presbiteroei laguntzeko, haiek ordezkatzeko edo behar dena egiteko.

Beraz, eliza pobre ez egitearen aldekoa naiz. Baina, gaiari berriro helduta, zer gertatzen da? Elizaren pobreziaren adierazpen nagusietako bat da ez dagoela jende gehiago prest bere bizitza eta denbora ikasten emateko arazo horiek guztiak konpontzearren (praktikoak dira, baina baita dotrinalak ere), teologo aditu nahikorik ez edukitzea horretarako. Haiek egin zuten Vatikanoko Bigarren Kontzilioa. Orain jende askok galdetzen du: ‘Elizak zergatik ez du Vatikanoko Hirugarren Kontzilioa egiten?’. Nire erantzuna da, Eta zertarako? Egitura berritzeko? Horretaz gain, ebanjelioaren garapenaren aurkezpena hobetzeko baldin bada Kontzilio horrek bere zentzua izango luke Baina ez lukete gotzainek bakarrik joan behar hara, kontzilioa ez baitute gotzainek bakarrik egiten, baita haiekin batera joaten diren teologoek ere. Eta nire galdera da: ‘Non daude horiek?'. Orduan, zentzu horretan, pentsatzen dut elizaren arazoa ez dela laiko eta elizgizonen arteko auzia; fedean eta bizi ari garen une honetan sinesteak izan dezakeen zentzuan sakontzea da arazoa.

Jose Maria jauna, ez dakit eliz eredu jakin bat amesten duzun 2008 honetan...

Gotzain nintzela, Donostiako elizbarrutia nolakoa izan zitekeen amestu nuen. Esna nagoela, nolakoa izatea nahi nukeen amesten hasiz gero, elizak planteamendu hauek guztiak biltzea nahi nuke: ahalegina egitea elizaren benetako izaera ulertzeko, ulertzeko eliza bere barruko egiturak baino zerbait garrantzitsuagoa dela, seme-alabak bataiatu dituen eta mezetara maiz edo gutxitan joaten den borondate oneko kristaua baino zerbait gehiago dela,

Azken afarian apostoluei oinak garbitzen dizkien Jesusen irudia baliagarria da, zerbait adierazten duen neurrian. Nik, Ostegun Santu guztietan, oinak garbitzen nituen katedralean, Jesusen keinua errepikatuz. Nire keinua eta irudikoa ezberdinak ziren, baina Jesusen hitza eta jokabidea zabaltzea zen edukia. Nire ustez, elizak jendea izugarri maitatu behar du eta, ondorioz, kezkatu haren arazo ekonomikoengatik, kulturalengatik eta sozialengatik. Eta herrialde txiroetara jendea bidaltzea, hango herritarrei laguntzeko. Hori egin behar da, baina fedearen dimentsio mistikoarekin (dimentsio bertikal horrekin) kontzienteki lotuta eta lotura hori etengabe berrituta.

Arazoa da ikustea pertsonen konpromiso beharra (gizakien elkarbizitza humanoagoa izan dadin, giza eskubideak gehiago errespetatuta, adiskidetasunezkoagoa) ez dela gizakiaren duintasunaren baieztapen humanitarioa egiteko exijentzia horizontala bakarrik. Era berean, dimentsio bertikala behar da eta dimentsio horrek maitasun zein zerbitzatze harreman horizontal horiei argudioa, edukia eta bokazioa ematea, transzendentziaren bokazioa; hots, nola lotu denbora jakin bateko gauzak eta transzendentalak. Jakina, Setienengandik kontuan hartzen den bakarra baldin bada arlo politikoari begiratzen diola, eta ez fedeaz hitz egiten duela, Setienek dioenean ‘fedeak eskatzen du etsaiekin ere hitz egitea’, orduan hori ez da Setienen egia. jendeak Erantzuten bazait ‘etsaiak niri min ematen didatenak dira eta horregatik ez dugu onartzen hark dioena’, orduan ebanjelioa desitxuratzen ari da. Hori da arazoa, Jainkoa ahaztu gabe denbora jakin bati lotutako alderdiez kezkatzen den existentzia kristauaren osotasuna ezagutzea eta ulertzen duena denbora igarotakoan ez direla gauza guztiak amaitzen, zentzua, helburu bat eduki behar dutela baizik.

Nonbaiten irakurri dut, bertikaltasunean oinarritutako fedea jarrera poetiko eraginkorra dela. Nik uste fedea atzemanezina dela, hau da, poesia bezalakoa dela, irradiatu egiten du, aukeratu nahi du, baina...

Ni ez naiz poesiaren oso lagun. [Barrea]. Esan nahia ez dudala ulertzen esan nahi dut. Ulertu dudana da utopia oso eraginkorra izan daitekeela. Nire iritziz, badago adierazpen askoz aberatsagoa, hau da, hori dena egin ahal izatea funtsezko dimentsio bat, zehazki zentzua, galdu gabe.

Azkenean, zein da pertsona hori gauza guztien neurritzat jotzeko arrazoia? (Kontzeptu hori aspaldi sortu zen greziar filosofian). Gauza guztiak zuzenak edo okerrak diren jakiteko erreferentzia izateko arrazoia? Guk pertsonari ematen diogun erreferentzialtasunak non du funtsa? Gogoratzen dut Donostian Unibertsitatearen Udako Ikastaroetan eman nuen ibat, baloreei buruz.. Ez dakit gustatu zitzaien edo ez, baina nik zera esan nuen: 'Begira, gizonak balio handia dauka, bera ez den beste errealitate baten mende dagoelako, funtsezko balorearen, hau da, Jainkoaren, mende. Gizona ez baldin badago Jainkoaren mende, orduan nolabaiteko izaki perfektua da, baina ez dakit zergatik eduki behar duen balore absoluturik, balore absolutua bere erlatibotasunetik baldin badator’.

Orduan, arazoa da jakitea pertsona horrek berarengandik transzendentea den zerbaitekin duen loturagatik eratortzen zaion balorea hartzen duen. Ematen du hori filosofia hutsa dela, baina ez da horrela. Izan ere, azkenean, gizonaren arazoak zatitzen baditugu (eta hori oso ohikoa da logistikan, nik dakidanez)... Azkenean, gizonak zer dauka? Osasuna. Orduan, Osakidetza eduki behar dugu. Gizonak zer dauka? Ekonomia. Orduan, ministerio bat behar dugu, garapen ekonomikoa bermatzeko. Horretaz gain, arrisku handia dago gizonak, zentzugabe, natura suntsitzeko. Horra hor, Ingurumena zaintzeko ministerioa! Hala, sektoreak zatitzen joaten gara eta erantzunak ematen horietako bakoitzari, sektore partzialei.

Eta sektore guztiak elkarrekin lotzen direnean, gizakiak zati partzialen batuketa hutsa izan ez daitezen eta, hala, gizaki globalaren osotasunera salto egiteko, zertarako egiten dugu hori? Esan nahi dut zentzu arazo bat dagoela. Eta nahiz giza jakintzak esan agian zentzuari buruz galdetzea zentzugabea dela, nik gauza hauek ez ditut gogo ezkor hutsetik planteatzen. Nahiago nuke esatea arazo garrantzitsua da eta erantzuna gutxi gorabeherakoa izan daitekeela. Ados errazago jarriko ginateke. Baina ez dakigula galdera hori gizakiaren perspektibaren horizontetik ken, bestela ez genuke jakingo zergatik, zertarako ezta zeren arabera naizen pertsona.

Batzuek ukatu egiten duten arren, Herri baten parte gara, ezta? Zer herrirekin egiten duzu amets?

Nik zer esango dizut? Herria pertsonez osatuta dagoela aitortzen duen, hau da, funtsezko baieztapen hori errespetatzen duen, herri batekin. Pertsona guztiak batera biziko diren herri bat; beren sinesmenak, jatorria, hizkuntza, kultura eta aukera politikoak edozein izanda ere, beren giza eskubide guztiak errespetatuko zaizkien herri bat.

Jakina, hori horrela izateko, beharrezkoa da oso oinarrizko gauza bat izatea: bake giroa. Eta, gero, gizakien osotasuna edo pertsonen duintasunaren errespetua helburutzat hartuz, egitura politiko-sozial horiek eraikitzea, gizaki horien guztien topaketa baketsuaren ondorio gisa. Nik ez daukat eskubiderik fedearen izenean herriak nolakoa izan behar duen esateko, baina herri horrek gizakiak errespetatzeko zer baldintza bete behar dituen esan dezaket. Orduan, herri horri askatasuna eman beharko diot, herri horren testuinguru historiko osoaren barruan, ahalik eta babes zabalena edukiko duten elkarbizitza-formulak lortzeko eta beraiek erabakitzeko. Ez dut uste eskubidea daukagunik herri horri nolakoa izan behar duen esateko. Bere kabuz erabaki, jokatu eta nahi duena izateko baldintzak eduki behar ditu, betiere, guztien eskubideak errespetatuz. Jose Maria Setien (Hernani, 1928) Jose Maria Setien Alberro Hernanin jaio zen, 1928ko martxoaren 18an. Eliza-ikasketak Gasteizko Seminarioan eta Erromako Gregoriar Unibertsitatean egin zituen, eta hantxe Teologia Sakratuan lizentziatu eta Zuzenbide Kanoniko doktoratu zen. Apaiz ordenatu zuten 1951ko ekainaren 29an. 1955eko urrian, berriz, Teologia Moraleko irakasle izendatu zuten Gasteizko Seminarioan eta, 1960tik aurrera, Salamancako Pontifize Unibertsitateko irakaslea izan zen, bai Zuzenbide Kanonikoko Fakultatean bai Teologia Fakultatean. Azken horretan dekanoa ere izan zen. Gasteizen egon zen bitartean, arimako zuzendari kargua bete zuen Seminarioan. Orobat, bokazio berantiarrentzako El Salvador Ikastetxeko errektorea izan zen, Salamancan. Ondoren, Santanderreko Elizbarrutiko Pastoralerako bikarioa izan zen denboraldi batez. 1972ko irailaren 26an, Zama Minorreko apezpiku titular eta Donostiako apezpiku laguntzaile izendatu zuten. Urte bereko urriaren 28an, Jacinto Argayak apezpikutu zuen, Donostiako Artzain Onaren Katedralean. Donostiako apezpikua izan zen 1979tik 2000ra bitartean. 2003an, Gipuzkoako Foru Aldundiak Urrezko Domina eman zion egiaren eta giza eskubideen alde egindako lanagatik. Haren lanen artean honako hauek azpimarratu daitezke: Un obispo vasco ante ETA (2007), Laicidad del Estado e Iglesia (2007), Bases éticas para la paz. Reflexiones actuales sobre la Pacem in terris (2004), Unidad de España y Juicio Ético (2004), Pueblo Vasco y Soberanía. Aproximación histórica y reflexión ética (2003), De la Ética y el Nacionalismo (2002) eta Cartas a las comunidades contemplativas (1997).
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Jorge Oteiza. Artista: Bizitzen jakin izan dut (Euskonewseko 1go zenbakian argitaratutako elkarrizketa)

 

Irakurri

Luis Irizar. Sukaldaria: Euskalduna tradiziozalea da, baina beste sukaldaritza batzuk ezagutzeko prest egoten da eta jakin-min handia du

 

Irakurri

Donato Larrañaga. Euskal Herriko Bake Epaileen Elkarteko lehendakaria: Bake epailea herriarekin kontaktuan dagoena da, hurbilen dagoena

 

Irakurri

Javier Lacunza Azcárate. Lacunza hizkuntza eskolaren fundatzailea: Hizkuntza bat menperatzeko, hizkuntza horretan poesia irakurtzeko gai izan behar zara

 

Irakurri

Pedro Miguel Etxenike. Zientzialaria: Zientzialari baten ezaugarri garrantzitsuena jarraikitasuna da, arazo bati irtenbidea aurkitzeko borondatea

 

Irakurri