Juan Gimeno Ullastres. UNEDeko Errektorea: Ohartu nintzen justizia ekonomian zegoela zuzenbidean baino askoz gehiago

2009-10-02

SALABERRIA, Urkiri

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Mena haranera hurbildu gara. Han, bere etxeko lorategian, Juan Gimeno Ullastres doktoreak hartu gaitu. Goiza epela da, eta elkarrizketa jario gozoan sortzen da.

Has gaitezen, ongi baderitzozu, zure jatorritik.

Hasteko, esan behar dut familia zoragarria edukitzeko zori ona izan dudala. Nire jatorria gaztelarra da hiru aldetatik (bat menatarra), eta laugarren aldetik, katalana. Esan dezakegu familia aberats batean jaio nintzela: ez dut inongo arazo ekonomikorik izan bizitzan, sekula ez dut bekarik behar izan, eta sekula ez dut lanik egin, ikasteko; horregatik, pribilegiatu bat sentitzen naiz, eta gauza altruistagotan aritzeko aukera eduki dut: GKEetan, etab. Zenbat eta pribilegiatuagoak izan, orduan eta betebehar gehiago dugu zori on bera eduki ez dutenen aldera.

Nebarik edo arrebarik?

Bost neba-arreba gara, hiru mutil eta bi neska. Ni laugarrena naiz.

Nolatan aukeratu zenituen zuzenbidea eta ekonomia?

Ba, aitak zuzenbidea ikasi izan zuen, eta anaia zaharrenak ere zuzenbidea aukeratu zuen, eta, gainera, ekonomia; osaba ekonomialari bat dut, bestalde. Beraz, beharbada familia-ohituragatik, zuzenbidean eman nuen izena, eta, ia azken mementoan, ekonomian ere bai. Inoiz azaldua diet neure ikasleei (urte askoan ekonomia irakatsi baitiet zuzenbideko ikasleei) justiziagatik kezkatuta hasi nintzela zuzenbidea ikasten, eta, azkenean, ekonomian aritzea erabaki nuela, ohartu bainintzen ekonomian zegoela justizia, zuzenbidean baino askoz gehiago.

Zein gai interesatu zaizkizu gehien?

Ekitatea, justizia, politika birbanatzailea, ongizate-estatua...

Zer ulertzen duzu Justiziaz?

Ah!, iruditzen zait ekitatearekin oso lotutako ideia bat dela. Nola tratatu era berdinean berdinak, eta era desberdinean, desberdinak. Nola lortu pertsona baten egoera loteria tragiko bat izan ez dadin, non familia edo herri jakin batean jaioz gero hondamendira kondenaturik zauden, edo, aldiz, arrakastarako eta ongizaterako aukeratuta, aldez aurretik. Justiziak esan nahi du egin daitekeela bestelako mundu bat. Pertsona guztiek bizitza duin bat izateko aukera eduki behar dute.

Zertan oinarritzen dira aukera horiek?

Estatu indartsu batean, nagusiki. Uste izatea “gizarteak”, merkatuak edo filantropiak konponduko dutela gai hori geure burua engainatzea da edo, hobeto esanda, besteak engainatzen saiatzea. Estatu indartsu batek bakarrik berma ditzake aukera-berdintasun hori, herritarrentzako aukera egiazko horiek (hezkuntza, osasuna) edo orain eztabaidatzen hasi direna, errenta minimoen gaia. Estatu indartsu horrek bakarrik gauza dezake aipu dugun justizia.

Nola sortzen da estatu indartsu bat?

Demokratikoki sortzen den estatu bat, orain arte ez baita asmatu sistema hoberik (irribarrea atera zaio), eta sentiberatasuna eta elkartasun-kontzientzia diren estatu bat.

Usteltzen al du botereak? Zeren baliteke boterera asmo batzuekin heltzea, eta, gero...

Denetarik dago. Ustelkeriaren gaian, zera agertzen da maiz komunikabideetan, ustelkeriaren kasua, eta eskerrak agertzen den, horretarako baitaude komunikabideak, hori salatzeko; baina ez da agertzen politikarien % 80 edo 90 lan zintzo, isil eta gogotsua ari dela egiten, “lan gogorra”, gora egiteko aukera pertsonalak galtzen baditu ere. Denbora laburrean Espainiak jo duen aldaketa ikusi besterik ez dago; demokraziaren etorrerarekin, aldaketa sakona heldu zen alde askotatik, eta kargu publiko eta politiko askoren lanagatik izan da hori. Hortaz, “ea botereak usteltzen duen” galderari, erantzungo diot botereak baduela pertsona usteltzeko arriskurik, baina horretarakoxe dira kontrol demokratikoak eta aldizkako hauteskundeak. Banako mailan ere, horretarakoxe dira adiskideak eta laguntzaileak, egia esan diezaguten eta joera gaiztoak zuzentzeko.

Baina, estatu demokratikoen barruan, inoiz, nahiz eta ezagunak izan zenbait ustelkeria kasu, badirudi horrek ez duela eraginik hautagai bati botoa ematean, eta hura berrautatzen dute maiz...

Suposatzen da biztanleek ongi informatuta egon behar dutela. Aipatzen duzun kasu hori gertatzen denean, pentsatu behar dugu zerbaitek huts egin duela; beharbada, herritartasunerako hezkuntza horrek huts egiten du, eta sistemak ez ditu hezten herritar arduratsu eta kritikoak.

Baldin eta hezkuntza boterea daukanaren esku badago, ez al da oso tentagarria hori hezkuntza-programak ezartzen dituenarentzat?

Hezkuntza-sistema hain da sistema sakabanatua, “doktrinamendurako” asmorik balitz ere ezinezkoa bailitzateke planteatzea. Antzeko zerbait esaten da herritartasunerako hezkuntza irakasgaiaz ere, eta, egia esan, hori dioten askok, segur aski, ez dute batere ezagutzen hezkuntza-sistema.

Zer esan nahi duzu?

Maisu bakoitza mundu bat dela. Adibidez, historia irakasgaia bera, baldin eta hamar irakasle badira, hamar era desberdinetan emango da. Baldin eta milaka irakasleak hartzen badituzu, aniztasun erabatekoa topatuko duzu gai berari buruz. Gainera, familia bakoitzak bere hezkuntza-estiloa du, seme-alabentzat aukeratu duen hezkuntza-zentroaren hurbilekoa normalean, eta kontrola egiten du doktrinamendua edo sektarismoa nabarmena denean. Beraz, diktadura-sistema batean izan ezik, zeinak testu bakarra ezartzen baitu irakasgai bakoitzerako eta ikastetxe guztietarako irakasleak aukeratzen baititu, Estatuaren aldetiko “doktrinamendurako” aukera ia hutsa da. Hezkuntza-sistema, demokrazia batean, bestela dago diseinatuta: irakasleak azaltzen du gaia, berak egokien iritzitako ikuspegitik.

Irakasleez eta familiez aritu gara, baina ez al da merkatua gazteak “hezten” ari dena?

(Irribarrea atera zaio) Egia da badela makineria handi bat iritzia sortzeko, eta, bistan da, iritzia sortzeko bitarteko gehiago dituenak eragiteko gaitasun handiagoa iristen duela. Kultura-esparrua, komunikabideak, amerikar kultura inbaditzailea, lobby neoliberal merkatuaren aldeko eta Estatuaren esku-hartzearen aurkakoak... guztiek hamarkadak daramatzate jo eta su lanean, berena egia ofizial moduan agerrarazteko. Zentzu horretan, intelektualen falta nabari da, berak baitziren kontzientzia kritikoa, ezarri nahi ziren topikoak hausten zituztenak; orain, ordea, ez da entzuten haien ahotsik. Eta, beharbada, aitzindaritza-gaitasuna falta da halaber, aitzindari politikoengan oro har, eta ezkerrekoen artean, bereziki. Badirudi “inkesten atzetik” dabiltzala gehienbat, zera esan beharrean, “nik gizarte-eredu bat daukat”: eredu hori azaltzen saiatu behar lukete gero, eredu horretara zergatik heldu nahi duten. Etengabeko eztabaida bat sustatu behar litzateke eraiki nahi dugun eredu horretaz: zein den, zein diren horren lehentasunak, zein diren idealak...

Beharbada, batzuk egon edo beste batzuk egon herritarrari ia berdin zaion puntu batera heltzen da?, berdin dela eskuinekoa izatea edo ezkerrekoa izatea?

Iruditzen zait asko sinplifikatzea dela hori esatea. Alde handiak dira oraindik ere. Baina egia da, bai, egungo gizartean botere ekonomiko batzuek botere ikaragarria dutela. Nolabait esateko, gizarteak eta ekonomiak estatu-esparru baten barruan, nazio batean ari zirenean, bazen botereen arteko kontrajoko bat, baziren sindikatuak, botere politikoa... Mugak ezkutatu ziren unean, “globalizazio” ospetsua heldu zenean, kapitala agertu zen mundu mailako botere gisa, eta, aldiz, harekin batera ez zen ezer sortu, ia sektore guztietan eratzen ari diren mundu mailako oligopolioei aurre egiteko. Ez dabiltza ongi eginkizun hori bete lezaketen erakundeak: Munduko Bankua, Nazioarteko Diru Funtsa edo Nazio Batuen Erakundea bera. Nazio Batuen Erakundea ia-ia GKE bat bihurtu da, eta Munduko Bankuaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren arazoa zera da, ez daukatela egiazko egitura demokratikorik.

Munduko Bankua aipatu dugunez, mintza gaitezen “krisiaz”. Adibidez, zer alde aurkitzen duzu premiaren eta luxuaren artean?

Oraingo krisiak kontzientzia hartzeko balio izango ahal du, kontsumoan arrazionaltasun handiagoa sortzeko, lehengo erakuskeria etengabea saihesteko. Argitu behar dugu biztanleriaren zati bati krisiak ez digula erasan ia-ia, zeren diru-sartzeak aurreko berak baitira, eta, halere, austeritate-mentalitate bat sortu da, luxuak eta ergelkeriak alde batera uzteko nahia. Mentalitate horrek kontsumitzaileen jokaera neurritsuago bat ekarri du, azken urte zoriontsuetan bizi izan dugun zarrastelkeriaren aurrean.

Zer esan nahi duzu erakuskeria eta zarrastelkeria hitzekin?

Ba, autoa eta lehen luzaroan irauten zuten ondasunak maiz aldatzea, armairuko jantziak sasoiro berritzea, kostu handiko jakiak erostea, planetaren ustiaketa gehiegizkoa, itxura egitea, itxura egitea, itxura egitea...

Krisiaren kontu honekin, maiz entzuten da kapitalismo hitza. Zer da kapitalismoa?

Izenak ageri duen bezala, kapitalak agintzen duen sistema. Hor, ez da pertsona bat boto bat, baizik eta euro bat boto bat. Beraz, euro gehien duenak agintzen du merkatuan. Bazioen jadanik Adam Smithek: enpresari batzuk biltzen badira, seguru da lehia murrizteko dela. Enpresari gehienei ez zaie atsegin lehia. Azken finean, lehia kontsumitzailearen babeserako mekanismo bat da, oligopolioaren, gutxi batzuen kontrolaren aurrean. Zentzu horretan, Estatuak izan behar du merkatuaren funtzionamenduaren babesle nagusia, zeren merkatua baldin bada, laster dugu, ikusten ari garen bezala, anabasa ikaragarria. “Mehatxu komunista” edo bigarren mundukoen inbasioa hor ziren bitartean, XX. mendearen zati handi batean, kapitalismoak giza aurpegi atsegin bat eduki zuen: ongizate-estatua, politika sozialak... Berlingo Harresia erori ondoren, kapitalismoak sinetsarazi nahi izan digu bera betirako sistema dela, merkatu-askatasunak bakarrik balio duela; sinetsarazi nahi izan digu Estatuak txarrak direla, zenbat eta gehiago esku hartu haiek okerrago dela, Estatuak ez du funtzionatzen eta merkatuak bai... Errealitatea desitxuratzen duten topiko ustelak.

Zertan islatzen da desitxuratze hori?

Ba, honetan: herritarrak iritzi batera heltzen dira kudeaketa politikoaz, eta horrek edozein neurri sozial “zuritzera” bultzatzen ditu Estatuak. Adibidez, orain urte batzuk oso barregarri utzi zen oinarrizko errentaren gaia, eta, orain, hura berrartzen ari gara poliki-poliki. Herritarren oinarrizko errentaren gaia neurri izugarri interesgarri eta zuhurra iruditzen zait. Labur esanda, herritar bakoitzari bizirauteko oinarrizko errenta bat ematen zaio, herritar horren egoera edozein dela ere.

Batzuek “Estatuaren tititik tiratzea” deritzotena al da hori?

Esamolde hori, “Estatuaren tititik tiratzea”, errenta seguru baten pribilegioa dutenek erabili ohi dute. Gizarte-kohesioak, berdintasunak eta justiziak eskatzen dute ez dezagula beste aldera begira, ondoan ia bizirik iraun ezin duen jendea dugunean. Mentalitate hori, “beraren problema da, egin dezala lana”, aipatu dugun pribilegiatuengan sortzen da, zeren, askotan, pertsonek ez dute lan egiteko aukerarik. Beraz, antola dezagun sistema bat, herritar guztiei oinarrizko errenta bat bermatzen diena, eta, hortik aurrera, gehiago nahi duenak egin dezala lana. Oinarrizko errenta bat ez da, ez tititik edatea, ez inori motibazioa kentzea. Normalean, tititik gehien edaten dutenak gehien negar egiten dutenak dira, beren enpresak hondamendira eraman eta hainbeste langile lanik gabe utzi dituzten goi mailako exekutibo horiek, horiek atera diote probetxua sistemari beren onerako; orain, sekulako bonusak banatzen ari dira beren artean, Estatutik milioi askotako laguntzak (politika sozialetan erabiltzen dena baino askoz gehiago) jaso ondoren.

Ba, ez da horretaz hitz egiten...

Ba, hobe genuke hastea. Zenbaitek, gainera, defendatu egiten ditu, esanez “diru hori berena dutela”; ba, ez. Enpresa handietako % 90ean, zuzendaritzakoek, ustezko jabe handiek, ez daukate ezta kapitalaren % 2rik ere. Iruditzen zait bereizten jakin behar dugula: enpresari eta kudeatzaile on gehienek lana sortzen dute, enpresa berritu, eta dirua eta osasuna arriskatu, proiektu batzuk aurrera ateratzeko; beste sasienpresari horiek ez bezala, horiek espekulatzaileak edo/eta harrapariak baitira. Politikariengan bezala, gutxiengo ustel bat dira, eta izen ona kentzen diete gainerakoei.

Kapitala dirua al da beti?

Guztia dirutan zenbatzen dugu. Baina garbi dago kapitalik onena eta garapenerako funtsezkoena giza kapitala dela. Eta seme-alabei utz diezaiekegun onena giza kapital bat da, prestakuntza on bat, bizitzan aurrera egiteko. UNED: Maitemina sortzen duen proiektu bat

“UNEDek ikasleak ditu aberastasunik handiena; jende horrek ilusioa du, gogoa, interesa, sakrifikatzeko sekulako gaitasuna; ikasle horrek izugarri estimatzen du aukera-berdintasuna, beraren alde egiten den edozein gauza; egia esan, oso lan atsegingarria da. Behin, giza baliabideetako arduradun batek aitortu zidan UNEDeko tituludun baten curriculuma ikusten zuenean automatikoki aukeratzen zuela, bai baitzekien pertsona hori, akademikoki jantzia ez ezik, saiatua ere bazela, antolamendurako gaitasun handikoa, sakrifikatua, oso langilea, ilusioz betea, gora egiteko amorratzen zegoena... UNEDek, ia batere publizitaterik gabe, 200.000 ikasle ditu”.

“UNED tresna harrigarria da lurralde-orekarako, unibertsitatea Estatuko edozein txokotara heltzeko, berrikuntza teknologikorako; tresna harrigarria izan da emakumeak gora egin dezan, herri txiki askotan emakumeak ez baitzeukan inolako aukerarik; tresna harrigarria da kultura hedatzeko, eta erakundeen, udalen, diputazioen... arteko artikulaziorako eta elkarlanerako...”.

“Etengabeko prestakuntzan, UNED aitzindaria da, eta tresnarik onena: enpresekiko hitzarmenak, prestakuntza espezifikoa, masterra... Unibertsitaterik hurbilena da, ordenagailuaren klik batera dugu, eta beti bada zentro bat kilometro gutxira, nora joan”. Jakiunde

“Lehenik eta behin, sekulako poza izan zen Akademiaren barruan sartu gintuztela ikustea, zeren UNED, Euskadin, euskal unibertsitate bat baita. Beraz, esan zutenean, “euskal unibertsitateak egongo dira barruan”, UNEDi aitorpen hori egitea sekulako poza izan zen niretzat.

Bigarren, proiektua zoragarria iruditzen zait, eta helburu apartak ditu; presidente bikaina du, alde guztietatik: pertsona bezala, agente integratzaile gisa...; zentzu horretan, jarrera eta estilo guztiak bateratzeko lana, eta jakintza-arlo guztiak bateratzekoa, oso ongi egina dago, eta lortu den elkarlan-giroan nabari da. Bada beste gauza pozgarri bat ere: saio bakoitzean, kideetako batek egiten ari dena azaltzen die gainerakoei, eta izugarri interesgarria da, zeren lehen mailako espezialistak baitituzu hor, gauzak transmititzen, normalean ideiarik ere ez zenuen gai batzuez... Hain interesgarria zait hori, orain arte ez baitut saio bakar bat ere huts egin.

Iruditzen zait oso lan garrantzitsua egingo duela kultura eta zientzia zabaltzen, bai Euskadin, bai kanpoan, eta iruditzen zait diziplinarteko elkarlan asko sortuko dituela. Proiektu liluragarria da”. Juan Gimeno Ullastres (Madril, 1950) Ekonomia eta Enpresa Zientzietako eta Zuzenbideko lizentziatua da, Madrilgo Unibertsitate Konplutensean. Unibertsitate horretan bertan doktoratu zen. UNEDeko Ekonomia Aplikatuko (Ekonomia Politikoa eta Ogasun Publikoa) katedraduna da, 1986ko maiatzaren 14tik. Haren ikerketa-lerro nagusiak: fiskalitatea, finantzazio autonomikoa, gizarte-politikak eta errentaren banaketa. Ikerketa-gai horiei buruzko 22 liburu argitaratu ditu, baita ehun bat artikulu eta liburu-kapitulu ere, beste zenbait azterlanez eta txostenez gain. Zortzi zientzia-aldizkaritako batzordeko kidea da, baita aldizkari horien eta beste batzuen ebaluatzailea ere. Ikerketa-sariak: Madrilgo Unibertsitate Konplutenseko doktoretzako aparteko saria, Ikerketa Fiskalen Institutuarena, eta Ekonomia eta Gizarte Kontseiluarena. Ekonomia Publikoko eta Osasunaren Ekonomiako doktoretza-programetako koordinatzailea da. 2001ean, UNEDeko Gizarte Kontseiluak Material Didaktikorik Onenaren saria eman zion. Graduondoko zenbait programatako zuzendaria (Unitate Klinikoen Kudeaketa eta Irabazi Asmorik Gabeko Erakundeen Kudeaketa). UNEDeko eta Menendez Pelayo Nazioarteko Unibertsitateko errektoreordea izan da, baita Hezkuntza eta Zientzia Ministerioko idazkari tekniko nagusia eta Cervantes Institutuko idazkari nagusia ere. Gaur egun, UNEDeko errektorea da. Comillas Fundazioko, Liburutegi Nazionaleko, Cervantes Institutuko eta Mugarik Gabeko Ekonomialariak Fundazioko patronatuetako kidea da, eta Universiako Administrazio Kontseiluko kidea.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Asier Hilario. Geologoa: Flysch-etik ibiltzea denboran zehar bidaiatzea da. Ematen duzun pausu bakoitzeko 10.000 urte egiten duzu aurrera

 

Irakurri

Mikel Atxaga. Kazetaria: Seguruena, ni naiz lehenengo euskal kazetaria soldatarekin

 

Irakurri

Juan Miguel Gutierrez. Zinemagilea: Ikustezina den hori harrapatzeko gai zarela konturatzea zinearen alderdirik atseginena da

 

Irakurri

Óscar Candendo Zabala. Organista: Musikak berak egiten du bere buruaren azalpena. Musika definitu nahi izatea, oso arriskutsua izateaz gain, alferrikako lana ere bada

 

Irakurri

Jokin Villanueva. Arabarri, Arabako Kultur Ondare Eraikia Kudeatzeko Sozietate Anonimoko gerentea: Ondare-arkitekturak interes publikoak eta pribatuak uztar ditzan lortu nahi du Arabarrik

 

Irakurri