Julio Valdeón Baruque. Valladolideko Unibertsitatean Erdi Aroko Historia Katedraduna: Gutizia izan zen kristautasunaren izenean hainbeste musulman eta judu hil zituena

2007-03-30

SALABERRIA, Urkiri

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Ayala Kantziler Handiaren azken bidaiaren (heriotza bidelagun zuela) seigarren mendeurrena betetzen den honetan (eta noski, gure pertsonaia ospetsuarekin hitz egiterik ez dugunez), gai horretako jakintsurik handi eta ospetsuenetako batengana jo dugu: Julio Valdeón Baruque Doktorearengana. On Juliorekin izandako elkarrizketa lasai eta atseginean zehar, Pero López de Ayalari eta bere garaiari buruzko hainbat alderdi interesgarri ezagutu ditugu. Horrela, egun hauetan Vitoria-Gasteizen egingo den erakusketara joateko irrikitzen gaude. Eta halaber, gure solaskideak maiatzaren 17an López de Ayalaren jaioterrian emango duen hitzaldira joateko gogo bizia dugu.

Egin dezagun denboran atzera 600 bat urtez, Pero López de Ayalaren garaira joateko. Nolako zen orduko gizartea?

Kristauak, juduak eta musulmanak elkarrekin bizi ziren.

Nor zen Ayala Kantzilerra?

Pero López de Ayala, Araban sortua, familia noble batekoa zen. Fernán Pérez de Ayala zuen aita, eta Elvira de Cevallos ama. Gasteizen jaio zen 1332an, eta Kalagorrin hil zen 1407an.

Zer izan zen Pero López de Ayala?

Errege-kronikaria, baina batik bat idazle aparta, bikaina benetan. Hor dugu, adibidez, Rimado de palacio liburua, Aljubarrota batailan, Portugalen, atxilotua izan ondoren idatzi zuena, 1385ean. Egile ugariren lanak ere itzuli zituen, hala nola, San Isidoro de los Morales, San Gregorio, Boccacio eta Tito Liviorenak.

Eta Kantzilerra ere izan zen, ezta?

Bai, diplomatikoa izan zen, eta kargu politikoak ere eman zizkioten: adibidez, errege-ordezkari izendatu zuten. Itzal handiko gizona zen, zinez, baina ororen gainetik, bere idazle-lana aldarrikatu behar dela uste dut. Idazle bikaina izan zen, eta kronika zoragarriak utzi zizkigun.

Zein erregeren kronikak idatzi zituen?

Lau erregealdiri (Pedro I.a, Enrique II.a, Juan I.a eta Enrique III.a) buruzko kontakizun paregabeak idatzi zituen. Baina horien artean Pedro I.aren eta Enrique II.aren arteko gerra gogorraren lekukotasuna nabarmentzen da. Hiru urte iraun zuen (1936-1939ko gerra zibilak bezalaxe!), eta gainera, 1366an hasi eta 1369an bukatu zen. Horra zer esan zuen behin soziologo batek: Espainian gerra zibil guztiek hiru urte irauten dutela... Bitxia da gero! Eta gainera, nork irabazi zituen bi gerrak? (isekatsu)… Ba Probidentziaren deiak, alajaina… (barrez hasten da). A zer nolako astekariak esanarazten zizkiguten umetan! Eta gainera, biak toki berean izendatu zituzten (Las Huelgas, Burgos), eta bi gatazketan atzerritarrek ere hartu zuten parte: frantsesek eta ingelesek XIV. mendean eta aleman eta italiarrek XX.ean. Bi gerrek elkarrekin zerikusirik ez duten arren, hainbat ezaugarri eta alderditan bat datoz.

Zer kontatzen du López de Ayalak bere lanetan?

Era guztietako gauzak. Bere garaiko kontuak, juduez esaten zituztenak: (errezitatzen hasten da) “allí vienen los judíos que están aparejados, para beberse la sangre de los pobres cuitados”. Edo Pedro I.ak egindakoak: anaiordea hil eta oturuntza antolatu zuen Sevillako Alkazarrean. Denak bazkaltzeko eseri zirenean, halako batean, gorpua gela erdian utzi zuen... Izugarria da, ezta? Ikaragarria, gogorra benetan. Medikuren batek Pedro I.aren gorpua aztertu zuen, eta dirudienez, oso gaixotasun gogorra pasatu zuen gaztetan, eta gainditu arren, izaera erabat bitxia geratu zitzaion betiko. Zeharo berezia eta arraroa zen gure gizona. Izan ere, inguruko guztiek, baita Pero López de Ayalak ere, beste bandokoekin bat egin zuten, Pedroren anaiorde Enrique Trastamararen alde borrokatuz. Pedro I.ak harreman bitxiak izan zituen emakumeekin ere: Blanca de Borbón frantsesarekin ezkondu zen, baina handik bi egunera utzi egin zuen bere maitalearekin, María Padillarekin, egoteko.

Baina hori oso ohikoa zen garai hartan, Pedro I.aren aitak ere...

Alfontso XI.ak? Bai, tira... Alfontso XI.aren maitalea Leonor de Guzmán zen, oso emakume ederra. Seme-alaba pilo bat izan zituzten, hamaika uste dut, horietako bat Enrique Trastamarakoa. Emaztearekin, berriz, seme bakarra izan zuen On Alfontso XI.ak: On Pedro I.a. Dena den (garrantzia kentzen dio), betiko kontua izan da hori... Gaur egun ere hor dabiltza Alfontso XIII.ak ezkontzatik kanpo izandako seme-alabak!

Orduan, jakina, DNA aztertzeko aukerarik ez zegoenez, zertan oinarritzen ziren odol-eskubideak ziurtatzeko?

Jendearen esamesetan. Ez zegoen DNAren kontu horretarako zientziarik eta teknologiarik...

Enrique Trastamarakoa, Alfontso XI.aren maitalearen semea eta ustez Pedro I.aren anaiordea, horregatik saiatu zen, beraz, tronua eskuratzen? Tituluak eta erregetza, ondorioz, boterea eta jabetzak aldarrikatzen zituen?

Bai horixe. Baina On Pedrori hamaika akats leporatzen zizkioten: bihozgabea zela, judu-zalea (Pedro I.aren agintaldiaren hasieran izurri beltza Europa osoan zabaldu zenean, zeharo giro gogorra nagusitu zen juduen kontra, eta orduantxe sortu ziren, XIV. mendearen bukaeran, “judu-harrapatzaileak” ere), musulmanen aldekoa, elizaren kontrakoa... Astakeriarik handienak esaten ziren bere kontra. Zenbaiten iritziz, zurrumurruak ere zabaldu ziren: berez ez zela Erregearen semea, hau da, neskatila bat jaio zela eta judu batekin trukea egin zutela, haren semea hartuz. Uste ustela da, noski, inolako oinarriri gabekoa. Emaztea utzi eta kartzelan sartu zuela, eta ondorioz hil egin zela ere bazioten. Anaiordeak hil egin zituela... “Ankerra” ezizena jarri zioten!

Esanak esan, herriak Pedro I. “Zuzena” deitzen ziola irakurri dut nonbait.

Batzuek hala diote, baina ez dago hori egiaztatzeko argudiorik. López de Ayalaren kroniken arabera, oso gizon indartsua eta gogorra zen nonbait: (errezitatzen hasten da berriz) “Por el rey matar omnes, non llaman justiçiero,

ca sería nombre falso: más propio es carnicero”.

Zerbait gertatu zen juduen kontra horrela hasteko?

Ordura arte ezin hobeto hartzen zituzten, eta gorte guztietan zeuden juduak (Errege-erregina Katolikoen gortean ere bai!), baina herriak oso gauza gogorrak esaten zituen haien kontra. Ferrán Martínezek, Écijako Artxidiakonoak, egundokoak leporatzen zizkien, eta herritarrek, sutan, sarraski handiak egiten zituzten juduekin. Horrelaxe jokatu zuten musulmanekin ere, juduen parekotzat hartuta. Izan ere, askotan, kristautasunaren izenean, diru-goseak eraginda hil zituzten horrenbeste musulman eta judu.

Nola egin zion aurre López de Ayalak Pedro I.a “traizionatuaren” suminari?

Printze Beltzak preso hartu zuenez, Pedro I.ak ez zuen hiltzerik izan. Pedro I. erregealdia Montielen (Ciudad Real) bukatu zen, 1369an, Enriquek anaiordea erail zuenean. López de Ayalaren kroniketan erregealdi berriaren nondik norakoak aipatzen dira urratsez urrats: Enrique II.ak ondoko erresumekin izandako gatazkak, bere seme Juan I.aren ezkontza, beste errege batzuekin egindako itun eta aliantzak, Ehun Urteko Gerrako partaidetza, eta azkenik, Enrique III.aren erregealdiaren hasiera, haurra zela izendatu baitzuten errege... Oso kontakizun objektiboa da, ordea, zer gertatu zen adierazten du, besterik gabe. Lau kronika bikain utzi dizkigu.

Nora jo behar dute gure irakurleek López de Ayalari eta bere garaiari buruz gehiago jakiteko?

Ezbairik gabe, bere lanak irakurtzea da onena. Gaztelania zaharra darabil, baina primeran ulertzen da. Eta noski, Vitoria-Gasteizen antolatuko diren erakusketa eta oroimen-ekintzak ezin dituzte galdu.

Orain, zure ibilbidea labur-labur jorratzea proposatzen dizut: Nor da Julio Valdeón Baruque?

Olmedon jaio nintzen, 1936ko uztailaren 21ean, eta iaz hartu nuen erretiroa. Valladolideko Unibertsitateko irakasle emeritua naiz. Nire bigarren abizena Baruque da, judua jatorriz, behin apaiz batek esan zidanez. Historia ikasi nuen Valladolideko Unibertsitatean, eta Madrileko Complutenseko irakaslea izan nintzen. Geroago, bi urte eman nituen Sevillan irakasle. Azkenik, Valladolidera etorri nintzen, eta hementxe jubilatu naiz.

Beharbada zure bigarren abizena don Peroren garaikoa izango da, ezta?

Ez dakit (irribarrez), baina orduko ezaugarri bat ez dugu galdu oraindik, nahiz eta askok noizkoa den ez jakin: zerbait nahi dugunean “ojalá” esaten dugu, hau da, Alari erregutzen diogu.

Irakaskuntzan bakarrik jardun duzu lanean?

Ez, ez naiz irakaskuntzan bakarrik aritu. “El testamento de Adán” (94) eta “Santa María la Real de Nájera” erakusketetako komisarioa izan nintzen, Simancas Institutuko burua ere bai urte batzuetan, eta Historia 16 aldizkariko aholkularia. Aldizkari hori “La Aventura de la Historia” da gaur egun... baina tira.

Historiako Errege Akademiako osoko kidea ere bazara, eta Espainiako Behe Erdi Aroko estatuko aditurik ospetsuenetakoa. Beno, beno, beno... (barrez). Mila esker. Julio Baldeón Baruque (Olmedo, 1936) Valladolideko Unibertsitatean ikasi zuzen: lehenengo Historiako lizentziatura egin zuen eta gero doktoregoa. 1967tik 1971ra Erdi Aroko Historiako irakasle agregatua izan zen Madrileko Unibertsitate Konplutentsean. Katedra lortu zuen irakasgai horretan, eta katedratiko aritu zen 1971tik 1973ra bitartean Sevillako Unibertsitatean. 1973tik Erdi Aroko Historiako katedratikoa da Valladolideko Unibertsitatean. 1981etik 1984ra dekanoa izan zen Unibertsitate horretako Filosofia eta Letren Fakultatean, eta gaur egun Erdi Aroko Historia Departamentuko zuzendaria da. Ámbito argitalpen-taldearen sortzaileetako bat eta lehendakaria izan zen, baita El Mundo de siglo XXI egunkariko argitalpen-kontseiluko eta Historia 16 aldizkariko aholku-batzordeko kide ere. 1994an El testamento de Adán erakusketako komisarioa izan zen. 2002ko uztailean Simancaseko Historiako Institutuko zuzendari izendatu zuten, eta 2001eko azaroaren 16an Historiako Errege Akademiako osoko kide, Pedro Laín Entralgo jaunak utzitako postua betetzeko. 2002ko ekainean sartu zen osoko kide gisa. Espainiako aditurik handienetakoa eta ospetsuenetakoa da Gaztelako koroaren Behe Erdi Aroko historian, nahiz eta nazionalismo gaztelarreko sektoreetatik bere argitalpenetako batzuk kritikatzen dituzten, bere hasierako diskurtsoak izandako aldaketagatik. Julio Valdeón Blanco nobelistaren aita da. Sariak eta aipamenak 2002ko otsailean, Gaztela eta Leongo Gizarte eta Giza Zientzien Saria jaso zuen, Erdi Aroko iraganaren gainean eginiko ikerketa-lana, bere etengabeko irakaspenak eta arreta eskuzabala aitortzeko. 2004an Premio Nacional de Historia de España saria jaso zuen Alfonso X: la forja de la España moderna lanagatik.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Andoni Luis Aduriz. Mugaritz jatetxeko sukaldaria: Egia esan, hirugarren Michelin izarra ez ematea gustatuko litzaidake

 

Irakurri

Raúl Ibáñez. Espainiako Matematikako Erret Elkarteko bigarren presidenteordea: Matematika kulturaren barruan dago. Ez dago biak bereizterik

 

Irakurri

Juan José Ocón. Musikaria eta orkestra zuzendaria: Zuzentzea ez da notekin matematika hutsa egitea, partitura lurrintzea baizik

 

Irakurri

Araceli de la Horra. Krea Expresión Contemporánea zentruko zuzendaria: Sormenean erreferente izatea bilatzen dugu

 

Irakurri

Roberto Marro. Eusko Jaurlaritzako Inmigrazio Zuzendaria: Ez da egia pertsona emigratzaileek, emigratzaileak izate hutsagatik, etxebizitzak, alokairuak eta abar eskura dituztenik, bertakoen kalterako

 

Irakurri