Zure aita, Argentinan bizi arren, euskalduna zen sortzez. Gogoratzen al duzu txikiak zinetela bere jatorriari buruz hitz egiten al zizuen?
Aita eta aiton-amonak euskaldun peto-petoak nituen. Ondarrutarra zen aita. Eta euskara ondo menperatzen ez zuen arren, oso euskaltzalea zen. Maiz hitz egiten zigun hango ohitura, paisaia eta jendeari buruz. Baina ni inoiz ez naiz ezeren fanatiko izan. Gainera, ama poloniarra dudanez, beste erdi horrek ere tira egiten du. Edonola ere, izaera aldetik oso euskalduna naizela esaten didate, aitaren berdin-berdina, akatsetan batez ere... Nire ahizpa bat euskara ikasten hasi zen Buenos Airesko elkarte batean. Gogoan dut txikia nintzela aitak Martin Fierroren antzinako bertsio bat euskaraz irakatsi zidala. Sarritan joan zen Euskal Herrira, baina inoiz ez gintuen berarekin eraman. Zazpi anai-arreba izanik, konplexu samarra zen.
Ezagutzen al duzu Euskal Herria?
Oraindik ez. Lehengusu batzuk dauzkat han, eta pozik joango nintzateke ikustaldi bat egitera, baina orain arte ez dut aukerarik izan. Lasai joan nahiko nuke; ez lan egitera, baizik eta jendearekin egotera, hitz egin eta paseatzera... Anaia bat bertan izana da, eta zoragarri ibili zela kontatu digu, lehendabiziko arratsaldean bertan mozkortu egin nahi zutela, dena oso ederra dela, eta primeran jaten dela. Ai...! Jatea eta edatea gustatzen zaidanarekin...! Irrikan nago euskal sukaldaritza ezagutu eta dastatzeko. Espainian, Bartzelona eta Madril bakarrik ezagutzen ditut, lana dela-eta. Egun batzuk hartu eta lasai bidaiatu beharko nuke. Kontua da bost urteko alabatxoa daukadanez, orain arte ezin izan dudala bidaia luzeegirik egin, baina neskatoa hazten ari da, eta askatasun handiagoa daukat orain. Asko gustatzen zait lasai ibili eta janari berriak dastatzea. Gustatzen ez zaidana, lana eta plazerra nahastea da. Batek daki zer atera daitekeen nahasmen horretatik...
Espainian argitaratu duzun azken liburuan, “Curvas peligrosas”, amez, emakume heldu eta esperientziadunez, alabez eta abar mintzo zara. Kritikariek diotenaren arabera, liburu honetan ageri-agerian utzi duzu zure heldutasuna. Bizitzan izan dituzun esperientziak ondoen islatzen dituen obra ote? Nola hartu dute liburu hau zure seme-alabarik zaharrenek?
Bada horrelako zerbait, bai. Azken liburuek beti jasotzen dituzte norberaren esperientziarik berrienak. Zerikusi gutxiago daukat duela hamar urte idatzi nuen “Mujeres alteradas” liburuko edukiarekin, eta gehiago, aldiz, “Curvas peligrosas” edo “Superadas”-ekin. “Curvas” liburuan hausnarketa gehiago egin ditut, poetikoagoa da. Azkenean, lanean hamar urte baino gehiago eman ostean, askatasun handiagoa eman diot neure buruari.
Nire seme-alabek ez dituzte nire liburuak irakurtzen. Baina hori, ezagutzen ditudan idazle guztien kasuan gertatzen da. Eta oso sanoa iruditzen zait. Pertsona publikoa eta pribatua bereizteko beharra daukate. Dena den, nire alabarik zaharrenak -25 urtekoak-, nire liburuak emakume "handiei" zuzenduta zeudela pentsatu izan du orain arte, eta, azkenaldian, nire txiste batzuk egia hutsa direla aitortu izan dit.
Nazioarte mailan aski ezaguna zaren arren, eta, segur aski, leku ugaritatik deitzen badizute ere, nahiago duzu Uruguayko herrixka bateko bizimodu lasaia. Sarritan joaten al zara Buenos Airesa?
La Pedrera du izena bizi naizen herriak. Oso herri txikia da, 100 bat biztanlekoa, eta itsas bazterrean kokatua dago. Arrantzaleen herrixka lasai bat da. Itsasotik gertu bizitzea gustatzen zait, hondartzan. Nire euskal geneak izango dira... Izugarri gustatzen zait arrain freskoa. Oso bizimodu xumea daukagu; besteak bezalako bizilagun bat besterik ez naiz hemen. Ezer gutxi dakite famari buruz. Ez dago ez banketxerik, ez liburu dendarik, eta kasu gutxi egiten diote munduan gertatzen denari. Buenos Airesa, berriz, sarritan joaten naiz. Nahiko hurbil dago, 400 bat kilometrora. Hegazkinez, ordu erdira. Herrixka honetan denok ezagutzen dugu elkar. Denekin hitz egiten dut. Urte asko daramatzagu hemen bizitzen. Buenos Airesen, kalean nabilenean, batzuek oraindik ere ezagutzen nautela konturatzen naiz.
Maitasuna, maitasunik eza, maitemintzea, angustia, bakardadea, porrota eta arrakasta dira gehien lantzen dituzun gaiak, egunerokotasunean kokatuta eta umore ukitu batekin betiere. Gauzak “desdramatizatzen” eta bizitza ahalik eta ondoen hartzen ikasi behar dugula esango al zenuke?
Beno, behintzat hori da nire buruari aplikatzen diodan errezeta, eta on handia egiten didala ziurtatzen dizut. Niri negargura ematen didaten gauzek sortzen didate barregura. Baina negargura ematen diguten gauzen aurrean barre egin ahal izateko, denbora tarte batek igaro behar du, gauzak beste modu batean ikusten hasteko. Ez pentsatu nahigabeek barregura ematen didatenik, edo dena umorez hartzen dudanik. Alderantziz, ni oso emakume dramatikoa naiz, eta garrantzi handia ematen diet gauzei, baina badakit gertatutakoei buelta ematen eta beste begi batzuekin begiratzen. Denboraldi bat igarotakoan, errazagoa izaten da norberaren buruaz barre egitea.
Jarrera afektiboari dagokionez, emakumeok gizonak baino sentimentalagoak garela esango al zenuke? Gehiago sufritzen dugula? Zein aholku emango zenioke maitasunean porrot egin duenari?
Emakumeok, dirudienez, baimena daukagu sentimenduekin lotuta dauden alderdiak azaleratzeko, baina gizonek ere, maitasuna dela-eta, dezente sufritzen dutela iruditzen zait. Maitasunean porrot eginez gero, arropa berria erosi eta irudia aldatzea gomendatuko nuke. Hori da emakume guztiok egiten duguna: ilearen kolorea aldatu, lau kilo galdu, eta aurrera.
Zure irudiek erakusten dutenaren arabera, ez dirudi bikotearen mundua paradisuarekin pareka daitekeenik. Elkarbizitza ez da, antza, oso idilikoa... Baina familia eta bikote bizitzan sinesten duzula ematen du.
Dezente gainera. Edonola ere, elkarbizitza zaila da. Egunero-egunero landu behar da. Bikoteak tolerantea izan behar du, elkarbizitza infernu bihurtzerik nahi ez badu. Eta hori oso lotuta dago benetako maitasunarekin: bestea den bezala onartu eta maitatu behar da; den bezala agertzen utzi behar zaio.
“Mujeres alteradas” liburua, bosgarren ediziora iritsi da, eta “Superadas” bi aldiz argitaratu da jada. Zertan ezberdintzen dira emakume alteratua eta superatua?
Nik uste, superatua pixka bat zaharragoa dela. Nire aitarengandik hartu nuen hitz hori. Horrela izendatzen zituen antisorgailuak hartzen zituzten emakumeak, lanean ari zirenak, dibortziatzen zirenak, psikoanalistarengana joaten zirenak... Balio tradizionaletatik eta familiarengandik oso aldenduta zeudela iruditzen zitzaion. Sekulako grazia egiten zidan izendatzen zituen moduak. "Superatuta" hitza ironikoa da batez ere, nahiz eta jende askok haserretuta esaten dudala pentsatzen duen. Nire aitaren txiste bat da berez.
Hasierako urteetan, komiki erotikoak egiten zenituen. Nolakoa izan zen aldi hura? Ez al zenuke estilo hori heldutasunean ikuspuntutik berreskuratuko?
Ez, egia esateko ez. Nahiago dut erotismoa dagoen lekuan utzi. Garai hartan ordu asko ematen nituen estudioan sartuta, eta oso gutxi ohean. Oso pozik nago oraingo bizimoduarekin. Ez nuke lehenagokora itzuli nahi.
Jordi Barril-ek, konkordiaren feminista zarela esan du. Konturatu al zara feminismoaren guru modukoa bihurtu zarela? Nola ikusten duzu zure burua?
Horrelako gauzei ez diet inolako garrantzirik ematen. Feminismoa, azken mende honetako mugimendurik garrantzitsuena da nire ustez. Feminismorik sortu izan ez balitz, egun osoan oraindik arropa plantxatzen arituko ginateke. Dena den, ni ez naiz feminismoaren militantea. Ni nire feminismo pertsonalean oinarrituz aritzen naiz lanean, inolako pretentsiorik gabe. Hala eta guztiz ere, nire biñetekin galderak edo elkarrizketak sortzen baldin baditut, ba oso ederki. Baina ez da hori nire asmoa.
Denboraren joanak, dirudienez, gehiago eragiten digu emakumeoi gizonei baino. Zergatik ote? Nola indartu heldutasun eta esperientziarekin lotutako balioak?
Egia da gizonek hobeto eramaten dutela adinaren kontua. Gauza jakina da gizon ile zuridunak interesgarriagoak izaten direla, ezta?
Zer egin daiteke emakumeen heldutasuna ere polita dela ikusarazteko?
Egia esateko, horretan pentsatzen ari naiz azkenaldian, etapa horretan sartzen ari naiz-eta! Kar-kar-kar! Nire burua ondo ikusten jarraitu nahiko nuke. Tamalez, gure etsairik handienak emakumeak direla iruditzen zait. Beti bezain desiratu, mirestu eta maitatuak izaten jarraitu arren, ez dugu gure burua ongi ikusten. Besteek ondo ikusten bagaituzte ere, guk, gure burua ispiluan ikusten dugunean, lehenago geneukan irudian baizik ez dugu pentsatzen...
Egunkarietako umore saila, beren ildoaren agerpen grafikoa dela iruditzen zait. Ez da batere erraza iritzia ematen ausartzea, edo hedabideetan txoko bat lortzea. Zer aholkatuko zenieke komunikabideetan azaltzeko irrikan dauden marrazkilari gazteei?
Egia da ez dela batere erraza iritzia ematen ausartzea eta txoko bat lortzea. Marrazkilari gazteek lan asko egin behar dute batez ere, etengabe marrazten aritu, eta mota guztietako aldizkarietan parte hartzen saiatu. Hasieran, hori da egin behar dena: behin eta berriro marraztu, eta edonon argitaratu. Etorriko da nahi duten lekura iristeko eguna. Garrantzitsuena, nor bere modura bizitzea eta gauzak beldurrik gabe esatea da. Beste modu batean pentsatzearen eta polemika sortzearen beldur ez izatea. Baina, batez ere, bizi egin behar da, dibertitu, atera, zinemara joan, lagunekin gelditu, gauzak ikusi. Eta, gero, hori guztia transmititzeko, nork bere hizkuntza landu.
Zure biñetetan, mota guztietako emakumeak ikusten ditugu, baina haietako batzuekin besteekin baino gehiago identifikatuko zara segur aski. Zer irizten duzu edozein aldaketaren aurrean antifeminista dela aldarrikatzen duen emakume garailearen ereduaz?
Niri, orokorrean, ez zait gustatzen jarrera egun batetik bestera aldatzen duen jendea. Bai, ordea, bizimodua eta estiloa aldatzera ausartzen den jendea. Ez zait gustatzen egoera berri batera egokitzeko bizimodua eta iritzia aldatzen duen jendea. Duela 20 urte, sutan jartzen ninduten emakume “antifeministek”, baina orain ez. Ez zaizkit batere eredugarriak iruditzen, baina kontuan izan behar dugu bakardadean bizi ohi direla. Gogotik ordaindu behar da emakumeengandik aldentzea. Nire ustez, ona da emakumeok elkarren lagunak izatea eta gure gauzak aldarrikatzen jarraitzea.
Betiko galdera... Zergatik daude hain emakume umorista gutxi?
Umoreak dituen ezaugarriak ez direlako emakumeen ezaugarriak izaten. Baina egoera aldatzen ari da. Umorea ironikoa eta garratza da, eta ziztada egiten du. Eta hori, emakumeen artean, ez dago ongi ikusia. Maitenak bizitza alaitasunez zipriztintzen eta gauzak serioegi ez hartzen ikasi zuen bere haurtzaroan. Bere aitarengandik jaso omen ditu buru-argitasuna eta polemikarako joera. Gaztaro “iraultzailean” hartu omen zuen biñetetan islatzen duen jarrera probokatzaile eta feminista. Agur esateko orduan, Euskal Herrira lehenbailehen etortzeko gogoa azaldu digu. Zure zain izango gaituzu, Maitena! Maitena Burundarena Maitena Burundarena, Uruguayko kostaldeko La Pedrera izeneko herrixkan bizi da gaur egun. Igandero, umorezko orri bana argitaratzen du Argentinako La Nación egunkarian eta El País Semanal aldizkarian. Iazko urtearen amaieran, bere azken liburua, “Curvas peligrosas”, aurkeztu zuen Espainian. Autodidakta honek istorio erotikoak argitaratu zituen 80ko hamarkadan zehar Europako zein Argentinako hainbat komunikabidetan -besteak beste, Bartzelonako “Makoki" aldizkari famatuan, eta "Sex Humor”, “Fierro”, “Humor”, eta “Cerdos & Peces” argitalpenetan-. Argentinako zenbait egunkari eta aldizkaritan ilustratzaile grafiko lanetan aritu zen, eta baita eskoletarako testuliburuak prestatzen dituzten argitaletxe batzuetan ere. Halaber, telebistako gidoilaria izan da, eta 24 ordutan zabalik egoten zen kiosko bat, jatetxe bat eta taberna bat izan ditu. Buenos Airesko "Tiempo Argentino" egunkarian argitaratu zuen bere lehendabiziko tira komikoa, “Flo”, eta Ediciones de la Flor argitaletxeak "Y en este rincón, las mujeres" izeneko liburu batean bildu zituen. 1993an, Argentinako emakumezkoentzako aldizkaririk ospetsuenak, "Para ti”, astean behin umorezko orri bat prestatzea proposatu zion. Eta horrela sortu zen "Mujeres alteradas” biñeta sorta ezaguna, gaur egun mundu osoan zehar argitaratzen dena; Espainian, esaterako, "El País Semanal" aldizkarian, 1999tik aurrera. Geroztik, Maitenaren izena etengabe joan da nazioarte mailan zabaltzen. “Mujeres Alteradas" atala, hainbat hizkuntzatan argitaratzen da gaur egun: frantsesez (Editions Metailie), italieraz (Mondadori), portugesez (Presenca Portugalen eta Rocco Brasilen), grezieraz (Harlenic), katalanez (Randomhouse – Mondadori) eta alemanez (Lappan). 1998tik 2003ko erdialdera arte, Maitenak txiste bat argitaratu zuen egunero-egunero Argentinako "La Nación" egunkarian, "Superadas" izenburupean. Biñeta hauek ere bilduta editatu ziren gero, “Superadas 1” eta "Superadas 2” liburuetan, eta zenbait hizkuntzatara itzuli dira: katalanera (Columna), alemanera (Ullstein), nederlanderara (Sirene), portugesera (Presenca Portugalen eta Rocco Brasilen), eta italierara (Arnaldo Mondadori). Maitena zuzenean