Elkarrizketa: María Bayo María Bayo, sopranoa "Oso ahots onak daude, eta bultzatu eta zaindu egin behar ditugu" * Koldo Larrea Maria Bayo k Kultura arloko 2002 Viana Printzea saria jaso zuen uztailak 1ean, astelehena, Leyreko monastegian ospatutako ekitaldian, "munduan den sopranorik garrantzitsuenetarikoa" izategatik eta eszenario operistiko entzutetsuenetan "Nafarroaren enbaxadore" gisa aritzeagatik. Pozez gainezka dago sari honekin mundu mailako ospea duen artista nafar hau. Nafarroako alaba izanik, zer sentitu zenuen zure jaioterriak kulturaren esparruan ematen duen saririk garrantzitsuena zuri ematea erabaki zuela jakiterakoan? Egia esateko, albisteak izugarrizko poza eman zidan. Hasierako urteetan, kontserbatorioan ibiltzen nintzen garaian, ez nuen pentsatu ere egiten horrelako sari bat jasotzera iritsiko nintzenik. Eta poza, gainera, bikoitza da, zeren, oso sari ospetsua izateaz gain, orain arte sekula ez diote aktiboan dagoen hain pertsona gazte bati eman, eta horrek motibazio handia ematen du aurrera jarraitzeko. Lanean egiten ditudan ahaleginak apreziatzen dakien jendea dagoela erakusten dit horrek. Zaila al da nor bere lurraldean profeta izatea? Ezin dut esan hori nire kasua izan denik. Ia hasiberria nintzenean Ojo Crítico saria eman zidaten, oso sari prestigiotsua. Eta gerora jaso ditudanek ere profeta sentiarazten naute. Zer moduz aritu zara Nafarroan? Denbora gehiena Foru Erkidegotik kanpo eman dut. Duela hiruzpalau urtera arte oso gutxitan etortzen nintzen hona, hemen ez zegoelako kontzertuak eskaintzeko antzoki aproposik. Baina ez dut ahantzi Nafarroako Gobernuaren beka bati esker joan nintzela kanpora. Gainera, asko kostatu zitzaidan beka hori eskuratzea. Zaila al da iparraldeko txoko batean bel canto ko izarra izatera iristea? Espainiako abeslarien ibilbidea aztertzen hasi bezain laster, berehala ikusten da asko eta asko kanpoan trebatu direla, atzerrian. Baina talentua daukanak eta lana egiteko prest dagoenak, eta, jakina, zortea ere aldedaukanak, azkenean aurrera egiten du. Nire kasuan, sinestezina iruditzen zait Fiterotik noraino heldu naizen. Hala ere, amak esaten zidanagatik, ia jaio nintzenetik aritzen nintzen kantuan. Hortaz, zailagoa da hemen aurrera egitea. Bai. Madril eta Bartzelona bezalako hiriek beste abantaila batzuk eskaintzen dituzte, inolako zalantzarik gabe. Gure inguruotan ez dauzkagu han bel canto rako dauzkaten azpiegiturak. Batzuetan harrituta gelditzen naiz atzera begiratu eta zenbat gauza egin behar izan ditudan ikustean. Lehen gauzak konplexuagoak ziren. Bizimodua zeharo aldatu da. Gaur egun askoz errazagoa da kanpora irtetea, alde batetik bestera ibiltzea. Sekula ez ditut hasierako urteetan egin nituen bidaiak ahaztuko. Zein egoeratan dago zure ustez bel canto a Espainian? Ahots asko gelditzen al dira bidean aurrera egin ezinik? Oso esparru zabal eta aberatsa dago. Espainiera edo italiera bezalako hizkuntzak oso aproposak dira ahotsak ateratzen laguntzeko, baina ahots ona izatea ez da nahikoa, landu ere egin behar da. Arrakastaren ehuneko laurogeita hemeretzia lanean oinarritzen da. Espainian ahots on asko daude, eta bultzatu eta zaindu egin behar ditugu. Horretan gabiltza. Oso auditorio eta orkestra onak sortu dira hemen. Euskadikoa, adibidez. Datorren urtean zerorrek inauguratuko duzu Iruñan eraikitzen ari diren Baluarte auditorioa. Bai, hala da. Oso une berezia izango da. Iruñan aspalditik zegoen horrelako auditorio bat eraikitzeko beharra, Gayarre antzokiak ez dituelako musika klasikoa entzuteko baldintzak betetzen, ez baitu akustika ona. Baluarterekin, ordea, hutsune hori bete egingo da. Agintariei inaugurazio eguna zein izango den zehazteko eskatu diet, asko gustatuko litzaidakeelako bertan izatea. Pentsatu al zenuen inoiz mundu mailan halako ospea lortuko zenuenik? Ez, ez nuen horrelakorik espero. Argi neukan musika zela nire motorea, musikaren arloan arituko nintzela lanean, baina nire buruari oso helburu handiak finkatzen dizkiodan arren, ez nuen horrelako karrerabat egiterik espero. Munduko antzokirik garrantzitsuenetan aritu naizela ikusten dudanean, txundituta gelditzen naiz. Gauzak pixkanaka pixkanaka egiten direnez, atzera begiratzean harrituta gelditzen naiz egin dudan piloarekin. Nola iritsi zara hain urrutira? Zertan oinarritu duzu zure lana? Nire buruari eman dezakeen guztia eskatu diot, nahiz eta horretarako batzuetan familia eta lagunak utzi behar izan ditudan, eta bakardadean denbora asko igaro. Ikasteko eta lana egiteko orduan, beti pertsona egokiarengana jotzen saiatu naiz. Eta hizkuntzak ikasten. Eta antzeztu beharreko obraren inguruabar historiko, sozial edo kulturalak ezagutzen. Hirietan zehar ibiltzeak edota eszenako zuzendariak ezagutzeak asko aberasten zaitu, pertsonalki zein profesionalki. Zein une azpimarratuko zenuke zure ibilbidetik? Zein da modu berezi batean grabatuta gelditu zaizun mementoa? Antzoki handi guztietan izan naizenez, une berezi asko izan ditut. Baina baditut oroitzapen txikiak ere. Ezingo nuke une bakar bat aukeratu. Merezi izan al du alde batetik bestera ibili izana, bizimodu normal batek eskaintzen duen lasaitasunik gabe? Bai, merezi izan du, azken batean nire barrua aberasten aritu naizelako, eta horixe zen nik nahi nuena. Hala ere, argi dago tamalez zenbait gauza bidean gelditu zaizkidala; esate baterako, niretzat eta nireentzat asti gehiago izatea. Laster San Franciscora zara joatekoa, hilabete eta erdiz Bizeten "Carmen" operako Micaelaren papera betetzera. Noiz arte zara taula gainean egotekoa? Hogeita bost urte daramatzazu lanean; agur esateko datarik finkatu al duzu? Hasi nintzenetik, behin eta berriz aritu naiz lauzpabost urte barru agurtu egingo naizela esaten, baina erabaki hori osasunaren eta familiaren menpe ere badago. Asko exijitzen diot nire buruari, eta akituta amaitzen dut. Egunen batean, "kito, honaino" esango dut. Orain bertan primeran daukat ahotsa, eta osasunez ere bikain nabilenez... Hamar urte gehiagoz ari ninteke, baina batek daki. Jarrai dezagun etorkizunaribegira. Kulturako Viana Printzea saria jasotzeko ekitaldian inori aipamen berezirik egitekotan al zara zure hitzaldian? Bai, nire amari. Duela urtebete hil zen. Oso harro sentituko zatekeen. Oso emakume argi eta umila zen, eta niri ere horrelakoa izaten erakutsi zidan. Nire bastoia, nire sostengua izan zen. Beti zegoen hor. Partitura pertsonal honi amaiera emateko, bota ezazu Nafarroarako desio bat. Nafarroarako bakarrik ez, mundu osorako botako nuke. Indarkeria lazgarri hori behin betiko desager dadila, bakean bizitzen eta kultura desberdinen artean elkarbizitzen ikas dezagula. Nafarroari dagokionez, aurrera egin dezala, nireak bertan bizi dira eta. María Bayo (Fitero, 1958) María Bayo Jiménez Fiteron jaio zen (Nafarroa) 1958an. Iruñako Pablo Sarasate kontserbatorioan egin zituen musika ikasketak, eta ondoren Hochschule fur Musik de Detmold en (Alemania) jarraitzeko beka bat luzatu zion Nafarroako Gobernuak. Vienako Belvedere Lehiaketa entzutetsua irabazterakoan hasi zen ezagun egiten. Besteak beste, Maazel Chailly, René Jacobs, Alessandrini, Rousset, Víctor Pablo Pérez, López Cobos, Ros Marbá, Frübeck de Burgos, Sir Colin Davis, Jordan, Pappano eta Krevin abeslari ospetsuekin aritu da kantuan. Operari dagokionez, Mozarten "De Ponte" trilogia antzeztu du Salzburgoko Jaialdian, baina Mozarten "Figaroko ezteiak" eta Rossiniren "Sevillako bizargina" genituzke bere lanik azpimarragarrienak. 1979an opera abesten hasi zenetik, 315 antzezpen egin ditu guztira, besteak beste Berlin, Budapest, Paris, Mosku, Hanburgo, Londres, Tokio, Los Angeles, Viena eta Amsterdamgo foro musikaletan. Aipatzekoa da musika espainiarreko abestietan oinarrituz eman dituen errezitaldiak, eta leku berezia eskaini diela Nafarroako konpositoreei, hala nola Fernando Remachari eta García Leozi. Zarzuela ugari grabatu ditu. "Doña Francisquita" delakoa, Madrilgo Real antzokian eta Buenos Airesko Colón en antzeztu zuen. Oso hunkigarria izan zen Alfredo Krausek hil aurretik egin zuen azken grabazioan,Arrietaren "Marina" n alegia, parte hartu zuenekoa. Beste bi datu erantsi behar zaizkio bere kurrikulumari: hogei diskotik gora grabatu dituela, eta Haendelen opera eta kantata batzuen album bati esker Grammy sarietarako izendatuta egon zela. Argazkiak: Javier Salas (http:// Euskonews & Media 174.zbk (2002 / 7 / 5 12) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
This website uses cookies, both its own and those of third parties.
Select the option of cookies that you prefer to navigate even its total
deactivation. If you click on the button "I accept" you are giving your
consent for the acceptance of the mentioned cookies and the acceptance of
our cookies policy. If you want to determine what you accept and what you
don't, click on "Configuration". Click on the "Read more" link for more information.