Mariasun Landa: "Haur eta gazte literatura onak ez du heldua aspertzen"

2000-11-03

SALA, Teresa

Elkarrizketa: Mariasun Landa Mariasun Landa, idazlea "Haur eta gazte literatura onak ez du heldua aspertzen" * Teresa Sala Mariasun Landa Errenterian jaio zen 1949ko ekainean. Oso gaztea zenean idatzi zituen lehen ipuin eta poemak, eta ordurako bazekin "idazle" izan nahi zuela. Emakume honek argi eta garbi aitortzen du "idaztea bakarrik egoten jakitea dela", baina hala ere ez dio bere zaletasunari uko egin eta idazten eman ditu hogei urte baino gehiago, "idaztea plazerra delako". 1973an Filosofian lizentziatu zen Parisen, gero Euskal Herrira itzulzea erabaki zuen eta euskalduntzea, eta zenbait urtez Oinarrizko Heziketan eta IRALEko irakasle ihardun zuen. Egun Literaturaren Didaktikako irakaslea da Donostiako Unibertsitate Irakasle Eskolan (Euskal Herriko Unibertsitatea). Euskal Herriko hainbat aldizkari eta egunkaritan kolaborazio lanak egin baditu ere, haur eta gazteen literaturan dauzkagu bere emaririk nagusienak. Alor honetan 222 titulu argitaratu ditu, hauetatik asko Espainiako (katalana, galiziera, gaztelera) nahiz atzerriko hizkuntzatara (ingelesera, frantsesera, grekerara...) itzuli direlarik. "Literaturak adinik ez duela" uste duen idazle honek hainbat sari jaso ditu, hauen artean "Lizardi saria" 1982an Txan Fantasma ipuinarengatik eta Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria Alex ipuinarengatik 1991n, nabarmendu daitezkeelarik. Iholdi ipuina 1992an IBBYko Ohorezko Zerrendan sartu zen. "Amona, zure Iholdi" (Erein) eta "Sorgina eta Maisua" (Elkarlanean) dira Mariasun Landaren azken lanak, nahiz eta Haur eta Gazte literaturaren barne egon, edozeinek prezatu ditzazke, "literaturak eta ipuinak adinik ez dutelako". Zerk bultzatu zintuen haur eta gazte literatura idaztera? Haur eta gazte literatura idazten hasi baino lehen beti gustatu zait literatura. Garbi neukan oso gaztea nintzenean idaztea zela gustukoen nuen gauza. Gero bizitzak buelta asko ematen ditu. Nik Parisen burutu nituen Filosofiako ikasketak, eta gero Euskal Herrira bueltatu nintzen. Garai hartan,1973an hain zuzen ere, euskararekin lan egiteko modu bakarra ikastoletan parte hartzea zen, eta horrela egin nuen. Urte asko pasa nituen ikastolen munduan. Nire zaletasuna, nire bokazioa, nire idazteko gogo hori modu horretan bideratu nuen. Irakasle bezala aritu nintzen lanean, ez zegoen inongo materialik eta irakasleek moldatzen genituen liburu eta ikasgaiak, orduan hasi nintzen ipuinak sortzen eta idazten, batez ere gelan nire ikasleekin lantzeko. Lehentasuna nire idazteko zaletasunari emango nioke betidanik idatzi baitut, irakasle izan baino lehen ere idazten nuen. Haur eta gazte literaturaren trenean ia konturatu gabe sartu nintzen. Filosofia ikasten ari nintzela ere idatzi nituen haur eta gazte literaturarekin zerikusia zuten hainbat gauza, istorio fantastikoak gehienak. Niretzat haurtzaroa beti izan da gai literario handi bat. Estilistikoki edo literatura aldetik begiratuta haurtzaroa oso interesgarria iruditzen zait, emozio eta sentimendu handiak kontatu behar dituzulako baliabide linguistiko murritzekin. Hau kontutan izanda, erronka literarioa dela uste dut. Gauza serio eta garrantzitsuak adierazi behar dituzu, baina oso modu errezean, sinplean. Eta sinpletasun hori estilistikoki oso zaila da, formak garrantzi handia hartzen duelarik. Haurtzaro hori bi modu ezberdinetan landu daiteke, alde batetik helduei zuzendutako idazlanen bitartez, eta bestetik, haurrentzat eginiko liburu edo ipuinen bitartez. Nik bigarren bidea aukeratu nuen orain dela urte asko. Zuk idatzitako liburu askok, haurrentzat izanik, oso gai sakonak eta sentimendu bortitzak azaltzen dituzte... Badago haur literatura mota bat niretzat oso azalekoa dena, txori eta lorez betetako literatura "light" mota bat niri ez zaidana gehiegi gustatzen. Nik uste dut, nire liburuetan kontatzen ditudan istorioak oso istorio gogorrak izan direla, baina estilistikoki oso modu sinplean azaldutakoak. Eta sinpletasun horrek lan handia eskatzen dizu. Emakumea zara, haurrentzat idazten duzu eta gainera euskaraz.Zein neurritan suposatu dute ezaugarri hauek eragin negatiboa? Emakume izateak sozialki eta zenbait egoeratan bigarren mailakoa kontsideratua izatea suposatzen du. Haur literatura aldiz "azpiliteratura" mota bat da askorentzat. Eta euskarari dagokionez nik uste dut Euskal Herrian bereizketa nabarmen bat dugula: normalki, estatu mailan edo europa mailan adibidez, haur eta gazte literaturaren munduan emakume asko daude, argitaletxetan lan egiten, aholkulari bezala, idazleak... Emakumeak eta haurrak oso gertu daude bata bestearengandik, oso normala da beraz haur eta gazte literaturan emakumeak aurkitzea. Euskal Herrian aldiz oso gutxi gara haur eta gazte literaturaren inguruan lan egiten dugun emakumeak, bai argitaletxeetan eta baita idazle lanetan ere. Eta hau oso arraroa da. Ikastolan irakasle gisa aritutako urteak sormen handikoak izan ziren, oso iraultzaileak. Urte haietan andereño zoragarri askok lan pila bat egin zuten. Beti harritu nau nola emakume haiek ez ziren ausartu aurrera jarraitzen, idazleen munduan aurrera ateratzen. Uste dut hau ikerketa sakon baterako lan polita dela: emakumeek lan asko egin zuten, baina gero, kanporatzeko garaian ez zuten ezer egin. Urte asko pasa dira idazten hasi zinenetik. Zein aldaketa somatu dituzu euskal literaturan? Nik uste dut Euskal Herrian haur eta gazte literaturari dagokionez gauza asko daudela egiteke. Arlo askotan gauza asko falta zaizikigu: gazteentzako literatura gehiago, hizkuntza mailan horrelako "gazte hizkera" bat ere falta zaigu, gaztetxoek erabiltzen duten euskara berezi baten beharrean gaude, gaztelerara jotzen baitute gazte gehienek. Produkzioa oso desorekatua egon da azken urteetan, narratiba izan da nagusi eta poesia gutxi izan dugu, haurrentzat ez da ia antzerkirik egin... Gauza asko falta zaizkigu. Kongresuetan biltzen garenean guzti honen falta somatzen da eta esan egiten da, baina orain dela hogei urteko egoera ezagutu dugunok denbora honetan emandako aurrerapausoak ikusi ditugu. 1974an ez zegoen ia euskarazhaur eta gazte literatura. Oso denbora gutxian liburu pila bat idatzi dira eta itzulpen asko egin dira. Hutsune guztiak kontutan hartuz, denbora laburrean besteen mailan egotea lortu dugula uste dut. Eta, pertsonalki zein aldaketa antzeman dituzu "Amets Uhinak" (1982) eta "Amona, zure Iholdi" (2000) liburuen artean? Amets Uhinak liburua ikastolan sortu nituen ipuinen bilduma bat da. Bertan denetarik dago, beldurrezko ipuinak, fantasiazko istorioak, intimistak... Gaur liburu hori irakurtzen dudanean nahiko inperfektua dela konturatzen naiz. Inperfektua baina era berean freskoa ere badela uste dut, gehiegi pentsatu gabe idatzitako liburu. Urteekin nire buruarekin zorrotzagoa naizela uste dut. Nire estiloa zehazten joan naiz denbora honetan, gustatzen zaizkidan gaiak, ahots narratiboak etabar erabakitzen. Askotan erabili dut haurraren ahots hori. Amets Uhinak liburuan orain batzutan falta zaidan freskotasuna nabaritzen dut. Orain ni naiz nire kritiko nagusia baina esperientzia gehiago daukat. Txan Fantasma adibidez berehala itzuli zuten katalanera eta baita gaztelerara ere, liburua iraultzailea eta berria zelako. Autismoaren arazoa azaldu nuen liburu honetan, neska bakarti baten istorioaren bitartez. Liburu horrek ate asko ireki dizkit. Beti gorrotatu izan ditut haurrentzat idatzi diren liburu arrosak, lorez eta gozokiz jositakoak, literatura "light" merke baten barnean daudela uste dut. Orain ideia berdina mantentzen dut, niretzat haurrak txikiak dira baina ez dira inolaz ere ergelak, serioak dira. Haurtzaroan emozio bortitzenak gertatzen dira, orduan, zergatik ezin dugu denetaz hitzegin haurrekin?. Hau mantentzea oso garrantzitsua da niretzat, literaturaren bitartez denetaz hitzegin dezakegulako haurrekin. Haurrak amodioa, gorrotoa edozer gauza sentitzen du, baina ezin du sentitzen duenari buruz hitzegin, eta hori da nire ustez haurtzaroaren drama. Edukiari dagokionez, haur eta gazte literaturan denetaz hitzegin daiteke. Forma da zaindu behar dena. Txan Fantasma liburuanhori egiten saiatu nintzen: autismoaren arazoa azaldu nuen baina Txan izeneko fantasma txiki baten bitartez. Hori da haur literaturaren erronka: gauza serioak azaldu baina forma estilistiko landu baten bidez. Haur eta Gazte literatura onak ez du heldua aspertzen. Pertsona heldu bat istorio kursi bat irakurtzen duenean aspertu egiten da, eta hori nik hasieratik izan nuen garbi: istorio kursi bat kontatu baino lehen hobe nuela isilik egotea. Beste gauza bat da absurdoarekin eta fantasiarekin jokatzea edo abenturazko istorio bat azaltzea. Istorio berri bat idazten duzunean, zer datorkizu burura, nondik hasten zara, non dago inspirazio iturria? Nire baitan istorio antzerako bat sortzen da, gero folio batzuk idazten ditut. Folio hauek oso atseginak eta ludikoak izaten dira normalean. Hauetako istorio batzuk kaxoi batean sartzen ditut eta bertan gelditzen dira, besteekin aldiz lanean jarraitzen dut. Azken hauekin sortzen da gero haur eta gazteek irakurriko duten liburua izango denaren ideia, eta galderak etortzen zaizkit: azaltzen ari naizen istorioa egokia da?, erabiltzen ari naizen hizkuntza egokitua dago?... Baina galdera guzti hauek bigarren pauso batean heltzen dira. Lehenengo pausoa nire barnean gertatzen da: istorio bat kontatzeko beharra, plazerra edo gustu hori sentitzen dudanean. Gero haurra dator, beranduago. Niretzat ezinezkoa da enkarguz idaztea, hamar urtetako haurrentzat adibidez eta naturarekin zerikusia duen gai bati buruz. Horrelakoei ezetz esaten diet. Idazlea, idazle jaiotzen da, ala denborarekin bihurtzen da nobelaria? Nire ustez, bizitza honetan oso gauza gutxi izaten dira jaiotzez direnak. Horregatik oso zaila egiten zait esatea "idazleak jaiotzez direla idazle". Badago beste zerbait, nik gehiegi ikertu ez dudana: "talentua". Nik uste dut sentsibilitate berezi bat beharrezkoa dela, mundua ikusteko pertzepzio berezi bat. Berezitasun hori modu ezberdinetan gauzatu daiteke, batzuk musika aukeratuko dute, beste batzuk margoa, beste batzuk literatura.Pertsona asko egongo dira talentudunak, talentu hori gauzatu ez dutenak. Baina landu egin behar da, eta idazlea oso egoskorra izan behar dela uste dut. Ordenagailuaren aurrean eseri behar zara, testuari bueltak eman, idatzi, pentsatu... Azkenean lana da. Egoskorra izateak esan nahi du testu bera behin eta berriz miatzen duzula, irakurtzen duzula, zuzentzen duzula. Idazle batek bi gauza hauek biltzen dituela uste dut: talentua, eta talentua azken finean sentsibilitate berezi bat da, eta lana. Eta idazlearena oso lan bakartia da, diziplina eskatzen duena. Idaztea bakarrik egoten jakitea da eta hori denoi kostatzen zaigu. Zein neurritan zara idazle diziplinatu bat? Ni oso indiziplinatua naiz. Diziplina kanpotik ezartzen didate, unibertsitatean. Ez daukat ordutegi finkatu bat, zoritxarrez ez dut oraindik hori lortu. Gaur gauez, bihar goizez, orain ordu pila bat, gero ezer ez zaidaleko ezer bururatzen... horrela funtzionatzen dut, idazketa kontuetan behintzat. Indiziplinatua baina egoskorra naiz. Bernardo Atxagak esan zidan berak daten arabera egiten zuela lan. Nik epeak gorrotatzen ditut, sokak dira niretzat. Nire kabuz lan egitea gustatzen zait. Idatziko duzu noizbait helduentzat? Helduentzat artikuluak eta kronikak idazten ditut. Literatura oso esparru zabala da, suertatzen baldin bada ez diot helduentzat idazteari uko egingo, gustuko dudana nik nahi dudana idaztea da. Agian istorio autobiografiko bat idatziko dut, nik Parisen igarotako urte haiei buruz, horren beharra sentitzen dut. Baina ez dut hori egingo helduentzat literatura delako, hori idazteko gogoa daukadalako baizik. Haur eta gazte edo helduen literaturari dagokionez mugak askotan oso garbiak dira, baina beste askotan ez. Literaturak, ona denean ez dauka adinik. Pinocchio adibidez, zergatik ez da helduentzat literatura? , mugak oso erlatiboak dira. "Alizia herrialde miresgarrian" helduei asko gustatu zaie, eta baita "Printze txikia"ere. Askotan haurrekin didaktikoegiak garela iruditzen zait, beti zerbaiterakutsi nahi diegu, eta nik uste dut hori kaltegarria dela literaturarentzat. Haurrek ondo baino hobeto dakite noiz datorren aspirina bat gozokiaren barruan eta noiz den benetazko gozokia. Haurrek ezagutzen zaituzte kalean edo beste edonon ikusten zaituztenean? Egia esatera, anekdota politak gordetzen ditut. Baina haur eta gazte literaturan idazleak ez dauka glamour handia. Normalean, haurrei ez zaie gehiegi interesatzen istorio hau edo bestea idatzi duenaren izena, askoz gehiago interesatzen zaie ipuina nolakoa den edo zein sailekoa den jakitea. Badakit fan talde txiki bat daukadala, baina tira... Guzti hau pozgarria izango da zuretzat... Bai, baina ez pentsa, nik uste dut egiazko poza barnetik atera behar dela, bakoitzaren autokritikaren bitartez. Zure buruarekin gogorra zara orduan... Beno, oso zaila egiten zait egiten dudanarekin pozik gelditzea, bai nire bizitzan eta baita nire liburuetan ere. Nire buruari gehiago eskatzen diot, idatzitakoa ondo dagoela iruditzen zait, baina hobeto egon zitekeela pentsatzen dut askotan. Argazkiak: Teresa Sala Euskonews & Media 98.zbk (2000 / 11 / 3 10) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Armando Llanos: "Turismoa Araban leundu gabeko diamantea bezalakoa da"

 

Irakurri

Juan Plazaola Artola: "Etorkizuneko arteak gizakiaren gairik sakonenak lantzea gustatuko litzaidake"

 

Irakurri

Amalio Garcia: "Herrialde behartsuak, garatu beharrean, txirotzen ari dira"

 

Irakurri

Vincent Ducourau: "Gogoa nuen iraganeko gauzak bizirik segi zezaten. Neretzat ez dira sekulan egon orainetik kanpo, hortan sinesten dut eta bizirik garrantzisua da niretzat; ez naiz sekulan aspertzen gauza zaharrak ikusteaz".

 

Irakurri

Juan Celaya: "Euskal Herrian bezala, ez da inon bizi"

 

Irakurri