Azken hilabeteotan, Eusko Ikaskuntzaren baitako EuskoSare ekimena antolatzen ari den foro bat koordinatzen zabiltza, Euskal Diasporan espezializatuta dauden akademikoak bilduko dituena. Zertan datza zehazki egitasmo hau?
Modu orokorrean eta labur esateko, foro honen xedea litzateke euskaldunak, sorterritik kanpo, munduko edozein txokotan, nola bizitu diren eta zer egin duten aztertzen ari garen espezialista akademikoak elkar ezagutu eta harremanetan jartzea. Ikertzaile guztiok sare baten bidez komunikatuko gara, EuskoSaren zabaldutako Interneteko atari batean. Gaien aldetik, kronologiaren aldetik eta azterketabideen aldetik aukera guztiak onartzeko prest gaude, erabat zabalik. Gure aztergaiaren abiapuntu geografikoa, euskal kulturak eta hizkuntzak bizirik dirauten lekuak izango dira, Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroa eta Iparraldea, eta euskaldun jendea hemendik munduko edozein lekura joan zenekoa sartzen da gure ikerketa gaietan. Dena den, onartu beharra daukagu euskal gizatalde gehienak Ameriketan kokatu izan direla. Gaur egun sarean dauzkagun kideetako asko Ameriketako gizataldeei buruzko ikerketak egiten ari dira, hain zuzen ere. Kronologiari dagokionez, aztertuko dugun epealdia izango da XV. mendean euskaldunak Ameriketara taldean joaten hasi zirenetik gaur egunera artekoa. Ikuskera zientifikoaren aldetik, berriz, diziplina ugari landuko ditugu, zeren eta historialari asko gauden arren, antropologoak, soziologoak eta literaturan edo pentsamenduan aditu direnak ere izango ditugu gure artean. Eta zerrendak ez du zertan hor gelditu.
Zein abantaila eskaintzen dizkizuete Internetek eta Teknologia Berriek Diasporaren ikertzaile zaretenoi?
Nagusiki, kontaktuak azkar batean eta erraz asko egiteko aukera ematen digute. Kontuan izan behar da euskal gizataldeak munduan zehar nola bizitu diren eta zer egin duten aztertzeko beharrezkoa dela Euskal Herritik kanpora jotzea, herrialde haietako errealitatea, historia eta idiosinkrasia ezagutzeko. Eta alderantziz ere bai: herrialde haietan ikerketa hauek egiten hasten denarentzat ezinbestekoa da euskaldun haien jatorria ezagutzea. Horregatik, oso maiz kontinente batetik bestera ibili behar izaten dugu, eta horrek eragozpenak ere sortzen ditu, noski. Aldiz, baliabide telematikoei esker, ikertzaileok, herrialde haietaraino joan beharrik gabe, iturrietara hurbiltzeko aukera daukagu. Gainera, informazio zientifikoa trukatzeko prozesuak asko bizkortu dira. Duela hamar urte eskas, hilabeteak eta hilabeteak behar izaten genituen ikerlan bat itsasoaz bestalde zegoen lankide batekin egiteko, zirriborroak, iradokizunak, probak eta abar posta arruntaren bidez bidali eta jasotzeak denbora luzea eskatzen zuelako. Gaur egun, berriz, denbora errealean egiten ditugu ikerketa lanak, ia-ia lankide guztiok fisikoki leku berberean bageunde bezala.
Iturrietara jotzeko ahalbideetan eta hauen erabileran ere errotiko iraultza ezagutuko zenuten.
Iturri asko daude euskal gizataldeek atzerrian zeramaten bizimoduaren berri ematen digutenak: euskal etxeetako artxiboak –batzuk hobeto gordeta, beste batzuk ez hain ondo-, aldizkariak, liburuak, propaganda, kultura materialaren kondarrak, familien memoria historikoa –ahozko informazioa ez ezik, agiri epistolarrak eta argazkiak era badituzte-. Eta, horrez gain, euskaldun hauek finkatu ziren gizarteekin sorturiko harremanak daude, herrialde hauetan ikuskera berezia sortu baitzen euskaldunekiko. Beste alde batetik, lan munduan edo enpresen arloan izan zituzten ekimen eta jardueren berri ematen diguten agiriak dauzkagu. Gero, badira beste alderdi etereoago batzuk ere, baina beren garrantzia dutenak, hala nola euskaldunek gizarte haietara eramandako “bestelako ondarea”: gastronomia, janzkera, folklorea, jolasak eta kirolak. Orain arte arazo handiak izan ditugu iturri horietara jotzeko, baina orain, sistema digitalek erreprodukzioak egiteko aukera ematen dutenez, arazo hori arintzen ari zaigu, errazagoa delako iturri horiek erabiltzea. Gainera, orain arte oso handia izan da agiriak hondatu edo galtzeko arriskua; orain ez dago horrelakorik.
Zenbateraino aldatuko dira lana eta ikerketak egiteko modua?
Teknologia Berriek izugarrizko aukerak ematen dizkigute. Informazioa eskuratzeko bide berriak zabaldu dizkigute, eta askoz ere ikuspegi ezberdin gehiagotatik azter dezakegu atzerriko euskaldunen fenomenoa. Duela hogei bat urte ingurura arte, emigrazioari buruzko ikerketen eremua murritza zen: zenbat jende joan zen, nora, zergatik... Baina gaur egun askoz ere azterketa aberatsagoak egiten dira, euskal gizatalde haien alderdi gehiago ikertzen dira: gizartea, politika, literatura, jarduera ekonomikoa, kultur ekoizpena, nortasuna… Teknologia Berriek beste ikertzaile eta akademikoekin harremanetan jartzeko aukera eman digute, zeren eta gutako bakoitza, bakoitza bere bakardadean, arazo berberaren muinera jo nahian genbiltzan. 50eko hamarkadan, Thistlewaite-k adierazi zuen emigrazioari buruzko azterlanak pull eta push fenomenoan oinarrituz garatu behar zirela, alegia, eman-eta-hartu fenomenoan. Bada, gaur egun eremu geografiko guztietako ikertzaileok modu horretan dihardugu lankidetzan.
Nolatan erabaki duzue foro hau EuskoSaren barneratzea?
Abantaila ugari eskaintzen dizkigulako. Hasteko, materiala bera, plataforma hau oinarritzeko euskarria, zeren eta ideia mota hauek ematen duten arazoetako bat euskarriarena izaten da. EuskoSareren espazioan murgiltzeko aukera izatea, eta, gainera, informatikaren alderdia antolatzeko aholkularitza eta laguntza jasotzea, ez da gutxi gero. Baina, gainera, askoz ere garrantzi handiagoa duen beste faktorerik ere bada: EuskoSareren babesean aritzeak, Eusko Ikaskuntzan errotutako ekimena izateak, plus bat ematen digu inpartzialtasun eta zabaltasunaren aldetik. Adibide xume bat: egitasmo honetan herrialde guztietako jendeak parte hartzea nahiko genuke, baina inolako kutsu ideologiko edo nazionalistarik gabe. Gure foroak zientifikoa baino ez du izan nahi. Eusko Ikaskuntza, euskal kulturarekin hain lotura estua edukita, alderdikeria guztietatik at dagoen erakunde gutxietako bat izango da, eta, nire ustez, hain zuzen ere maila horretan kokatu nahi dugu gure egitasmoa.
Zein abantaila jasoko dituzue?
Erabat funtsezkoa zaigun babes logistikoaz gain, erakunde zientifiko entzutetsu baten magalean jardutea. Badakigu abituak ez duela inor fraide egiten, baina zutabe jakin batzuetan oinarritzea oso lagungarria da gure sarearen egitasmoa aurrera eramateko. Nolabait esateko, Eusko Ikaskuntzaren ospeaz baliatu nahiko genuke. Ez zipriztintzeko asmoarekin, jakina.
Zein ekimen jarriko dituzue abian?
Egitasmo guztiekin gertatzen den bezala, ideia asko dauzkagu buruan, gehiegi agian, eta ezin ditugu guztiak batera garatu. Dena den, sarean parte hartu nahi duten guztien interes eta asmoei erantzungo dien egitasmoa izatea gustatuko litzaiguke. Beren esku egongo da, gu guztion esku, sareak etorkizunean izango duen garapena, arrakasta edo porrota. Garbi esan behar dugu foro hau bultzatzen gabiltzanok ez daukagula, inolaz ere, monopolizatzeko asmorik. Edonola ere, sarearen weborria osatzeko, lehen-lehenik hiru ekimen jarri nahi ditugu abian: esparru akademikoan sorturiko albisteen berri emango duen txoko bat; ikertzaileen direktorio edo who´s who bat; eta aldizkari zientifiko elektroniko bat.
Eta nola garatuko dituzue egitasmo horiek?
Esparru akademikoan sortutako albisteen kasuan, askotan argitaratzen ditugu artikuluak, edota hemen inguruan kaleratu diren obra, liburu edo artikuluei buruzko informazioa jasotzen dugu, edo bileren deialdiak, baina arazo nagusia zabalpenarena izaten da. Egia da jende gehienak bere kontaktuei bidaltzen diela informazio hori, batzuek gehiago eta beste batzuek gutxiago, baina informazio horri zabalpen handiagoa eman beharko litzaioke, eta, ahal izanez gero, “zabalpen horizontalagoa”, ikerketen emaitzak gure lagunengana bakarrik ez, baizik eta interesatuta dauden beste ikertzaileengana ere iristeko, ziur aski ezagutu ere egiten ez ditugunengana. Gainera, beste ikertzaileei guk ezagutzen ez ditugun datu zehatzak eskatzeko ere oso erabilgarria izango litzateke. Horretarako, posta elektronikoaren behin-behineko zerrenda bat sortu dugu, batetik mezuak zabaltzeko, eta, bestetik, sarearen weborria osatu baino lehen ere gure artean eztabaidatzeko aukera izateko. Ikertzaileen direktorioan gure interesak zeintzuk diren azalduko genuke, eta beste lankideen intereseko datuak jasoko genituzke, bilaketa lanak egiteko motorrekin sailkatuta. Funtsezko erreminta izango da elkar ezagutzeko, eta taldean egin beharreko lanen kasuan sareko kideen arteko harremanak bultzatzeko. Aldizkari elektronikoan, berriz, gure arloari buruz (“euskaldunak atzerrian”) egiten diren azterlanak argitaratuko ditugu. Badakigu hasiberritarako nahiko asmo handizaleak direla, eta optimistak garela ikertzaileen parte-hartzeari dagokionez. Beste zenbait ideia ere jaso ditugu; hala nola, liburutegi birtual bat eratzea, edo iturri digitalizatuen artxiboak. Ideia eta proposamen guzti-guztiak pozarren jasotzen ditugu.
Zein alderditan izango da bereziki aberasgarri sare hau?
Nire iritzian, sare honek bi ondorio izango ditu. Batetik, sareko kideen artean sortuko den loturari esker, eta hauek beren artean informazioa trukatuko dutenez, hobetu egingo da ikerketen maila. Duela aste gutxi batzuk, Nora Siegrist-en iruzkin bat agertu zen www.euskonews.com aldizkarian, non saminez esaten baitzuen berak daukan arazoetako bat, eta, berak bezala, Ameriketan euskal gizataldeak aztertzen ari diren beste ikertzaile askok, informaziora jotzeko zailtasuna zela. Bada, nire ustez, sare hau oso egokia izango da horrelako eragozpenak konpontzeko. Bestetik, eragin biderkatzailea izan dezakeela iruditzen zait, gai honetara ikertzaile berriak erakar ditzakeelako. Unibertsitatean izan dudan esperientziak eta ikasleekin izandako tratuak oso ondo erakutsi didate historialari gazteei gai honen inguruko jakin-mina pizteko daukagun oztopo handienetariko bat informazio eskasia dela. Eta, batez ere, hain bazterreko gaia izatean, eta, gainera, aztertzeko zaila, berari buruzko ikerketak egitea ia ezinezkoa dela pentsatzea. Horregatik, batik bat ikasleak animatzen ari naiz sarean sartzera, hirugarren ziklokoak batez ere, ikus dezaten arlo honi buruzko errealitatea ez dela erakusten dieten bezain beltza.
Akademikoez gain, beste nork baliatu ahal izango du foro honek eskaintzen dituen abantailez?
Hasiera batean, sare hau ikertzaileentzat dago pentsatuta, beren beharrak asetzen laguntzeko, baina horrek ez du esan nahi interesatuta dagoen jendeak ez duenik foroetan sartzerik izango. Alderantziz, nik uste dut akademikoek gizartearen esku ipini behar dituztela beren ezagutza berriak, azken batean gizartearen ekarpenei esker lortzen dituztelako. Beraz, jende guztiarentzako moduko espazioak izango ditugu, interesa duen ororentzat. Horretarako, bi mailatan jardutea ari gara pentsatzen: maila horietako batean edozein erabiltzailek izango luke sartzeko aukera, baina bestean sareko kideek bakarrik. Bigarren maila honetan lan zientifikoari estu-estuki lotutako alderdiak jasoko genituzke.
Baldintza bereziren bat eskatuko duzue foro honetan parte hartzeko?
Bakarra: ikertzailea izatea; dela esparru akademikokoa, dela esparru akademikotik kanpokoa, baina, behintzat, atzerrira joan diren euskaldunen gaia aztertzen aritu dadila. Foro hau ez da katedradun eta unibertsitateko irakasleentzat bakarrik izango; aipatu dizudan bezala, ikasle asko izango ditugu, batez ere doktoradutza egiten ari direnak, baina baita ere beste maila unibertsitario baxuagoetakoak. Baldintza bakarra izango da mundu liluragarri hau ikertzeko gogoa izatea.
Zer egin behar da izena emateko?
Weborria martxan jartzen dugunean, hortxe bertan eman ahal izango da izena. Eta, bitarte horretarako, behin-behineko zerrenda bat prestatu dugu, lehen kontaktua izan eta albisteak bidaltzeko. Helbidea honakoa da: http://espanol.groups.yahoo.com/group/mundukoeuskaldunak. Interesa daukanak hortxe aurkituko du informazioa, eta baita ere EuskoSareren helbidean. Edo, bestela, mezu elektroniko bat bidal diezadala, bere datuak ematen eta sarean parte hartu nahi duela adierazten.
Zenbat akademikok eman du parte hartzeko izena, eta zein herrialdetakoak dira?
Behin-behineko zerrenda duela astebete zabaldu genuenetik, dagoeneko berrogeita hamarretik gora lagunek eman dute izena, eta hogei inguruk egitekotan direla adierazi digute. Harrituta gaude kopuruarekin. Ekimen hau martxan jarri genuenean pentsatu genuen asko jota lortuko genuen izen-emate kopurua orain daukaguna izango zela. Dena den, denboraz juxtu gabiltzanez, oraindik ez gara ikertzaile-talde guzti-guztiengana iritsi. Oso polita izango litzateke euskaldunen diaspora aztertzen ari diren ehun ikertzaile biltzera iristea, hain da zenbaki biribila! Duela zenbait denbora, ametsik ederrenetan ere ez ginatekeen horrelakorik pentsatzera ausartuko. Ikertzaileen jatorria, berriz, oso ugaria da: Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitatea, Paueko Unibertsitatea, Kataluniakoa, Italia, Irlanda, Polonia, Ameriketako Estatu Batuak, Mexiko, Argentina, Uruguay, Txile eta Brasil. Eta euskal diaspora aztertzen ari diren beste ikerketa gune batzuetara ere ari gara zuzentzen. Nolanahi ere, gure gonbidapena jaso ez duen interesdunik balego, jakin beza ateak irekita dauzkala parte hartzeko. Beregana iritsi ez bagara, ez zen muzin egiteagatik izango, baizik eta, hutsune asko dauzkagunez, ez dakigulako zehatz-mehatz nor dabilen euskal diasporaren gaia aztertzen. Sare hau komunikazioa errazteko asmoz sortua da, eta denentzat dago irekita.
Zer-nolako ikerketak egin dituzte parte hartuko duten akademikoek?
Denetarikoak. Ikerlan guztiek, baina, badute lotura punturik: sorterritik kanpo aritu ziren -edo aritzen diren- euskaldunak aztertzea. Alderdi jakin batzuek, halere, oihartzun berezia daukate: batetik, prozesu migratzaileek (zergatik jo zuten euskaldunek atzerrira, zenbatek, zenbat denboran zehar, etab.), eta, bestetik, pertsonaia jakin batzuek. Azken hauetan, biografia eta gizartearen historia uztartzen dira. Azkenaldian indarberritzen ari da euskal diasporen gaia: nolakoak izan diren eta zer egin duten euskal erakundeek immigrazio masiboko garaietan, eta baita ere gaur egun, bertako kideak, nagusiki, euskaldun haien ondorengoak direnean; zer suposatzen duen gizatalde hauetan euskalduntasunak, etab. Gainera, antropologo, soziologo eta historialarien ikuspuntuak biltzen dira. Nire ustez, epe laburrean ikerketa asko bideratuko dira ildo honetara. Guztiak ez, noski.
Zerk bultzatu zaitu gisa honetako ekimen bat koordinatzera?
Lankideekin askotan hitz egin dut gure arteko komunikazioa, koordinazioa, harremana eta elkartrukea bultzatzeko “zerbaiten” beharraz. Beharbada, aukera bat zen behar genuena, eta ausardiaz jokatzeko bultzada txiki bat.
Erakargarria beharko du izan Diasporak, hainbeste urtetako ikerketak lanak gai horri eskaintzeko. Ikertzaileoi arrazoi askogatik iruditzen zaigu hain erakargarria. Alde batetik, gutxi aztertutako gaia izatean, aukera asko eta asko eskaintzen dituelako, eta, gainera, exotismoa eta ziurtasuna, ezezaguna zaiguna eta ondo ezagutzen duguna, konbinatzeko aukera ematen digun gai gutxietako bat delako. Gure ikerketak egiteko, munduko txoko guztietan barna ibili behar izaten dugu, oso klima ezberdinetan, gure gizartearekin zerikusirik ez daukaten herrialdeetan, baina hurbiltasun eta senidetasuna arnastu ditugu gizatalde horietan. Oscar Álvarez-Gila. Portugalete, 1966 Historian doktorea eta Ameriketako Historiako irakasle titularra Euskal Herriko Unibertsitatean. Euskaldunak XIX eta XX. mendeetan Ameriketara joan zireneko gaian dago espezializatuta, eta, nagusi aztertu dituen alderdien artean, honakoak aipatu behar ditugu: euskal erlijiosoen presentzia, Ameriketako gizatalde euskaldunen gizartea eta ideologia, eta euskal nazionalismoak Ameriketan izandako zabalpena eta formulazio bereziak. Berrikiago, euskal emigratzaileek atzerrian garatu zituzten jarduera ekonomikoetara zuzendu ditu bere azterlanak. Lau liburu idatzi ditu, eta berrogeita hamar artikulutik gora argitaratu Espainian, Frantzian, Italian, Suedian, Mexikon, Argentinan, Uruguayen, Brasilen eta Japonian. Jasotako sariak: - Amerikanisten Nazioarteko 48. Kongresuko Programaren Batzorde Kalifikatzailearen saria: «Amerikek mehatxaturiko herri eta giroak» gaiari buruzkoa, Stockholmen eta Uppsalan izana (Suedia: 1994ko uztailaren 4tik 7ra), saiakera honengatik: «La formación de la colectividad vasca en los países del Río de la Plata (siglo XIX)», Kongresu hartan komunikazio moduan aurkeztu zuena. 1994ko uztaila. - Portugaleteko Hiriaren Ikerketa Historikoen IV. “Mariano Ciriquiáin Gaiztarro” saria, Portugaleteko Udalak (Bizkaia) antolatua, honako lanagatik: «Pobladores de Portugalete y sus alrededores en la vida cotidiana de Buenos Aires desde fines del siglo XVIII y en el siglo XIX», Nora L. Siegrist de Gentile eta Ana María Silvestrin de Juárezekin batera egina. 1994ko abendua. - Espainiaren eta Amerika Hispaniarraren arteko batasunari buruzko ikerketa historikoaren “Alonso Quintanilla” saria, bere V. edizioan, Oviedoko Udaleko Kultura Fundazioak antolatua, honako lanagatik: «El aporte europeo a la Iglesia en el Río de la Plata: la presencia religiosa vasca (1835-1965)» (Doktore tesia). 1997ko urria. Honako elkarte zientifikoetako kidea da:
* Eusko Ikaskuntza-ko 2.863 zenbakidun bazkidea, Geografia-Historia Sailekoa (1989-...). * Société des Sciences, Lettres et Arts de Bayonne-ko bazkide aktiboa (Pyrenées Atlantiques, Frantzia) (1990-....). * Asociación Española de Americanistas-eko kidea (1992-....). — Bertako Zuzendaritza Batzordeko diruzain eta kidea 1996-2000 bitartean. * Asociación de Historiadores Latinoamericanistas Europeos AHILA-ko bazkidea (1994-2002). * Asociación para el Estudio de los Exilios y Migraciones Ibéricas Contemporáneas-eko bazkidea (1998-....). — Bertako Zuzendaritza Batzordeko kidea 2000-2004 bitartean.