Rosa Ayerbe. Historialaria: Gure iraganetik ikasi behar dugu, ekin ahal izateko

2013-06-05

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari



Jatorrizko bertsioaren itzulpen laburtua

Bere ibilbide akademikoak bermatzen du Rosa Ayerberen agintaritza Erdi Aroko gaietan, batez ere euskal historiarekin erlazionatutakoei dagokienez. Emakume langilea, edozein unetan egitasmo desberdinetan egon daiteke buru belarri sartuta. Maiteminduta bere profesioarekin, oreka igartzen zaio bere iritzietan, historia ongi aztertu duten adituek bakarrik eman dezaketen modura.

Pozik agertzen da EHU-UPVko Historia Fakultatean ikasleen kopuruak gora egin duelako. Berak dioenez, ezinbestekoa da noizean behin iraganari begiradatxo bat botatzea, aurrean zer aurki genezakeen antzeman ahal izateko. Eta garbi dauka, Erdi Aroak oraindik ere balio asko eskaintzen duela euskal gizartearen eguneroko bizimoduan. Eta begiak eszenategi politiko, ekonomiko, sozial desberdin batean eduki behar diren arren izanari eutsi behar zaionaren iritzikoa da, iragana gure izanaren muina baita, aberastasun eta ondare pertsonal zein kolektiboa egituratzen duena.

Rosa Ayerberen ustez, beren kulturan buru belarri sartuta ari diren gizabanakoen ekintzen ondorioa da historia. Eta gure kultura ikasteko euskal gizartearen bilakaeraren prozesua ezagutu beharko ote litzatekeen galdetzen zaionean, argi asko erantzuten du:

“Oinarrizkoa da klabe eta informazio horiek edukitzea. Ezingo dugu dibertsitatea ulertu, gure aurrekoen bizimodua, eta gure herriak mendetan zehar buruturiko ahalegin eta saiakerak ezagutu gabe. Egun krisi handi batean gaude sartuta baina ez dugu pentsatu behar bakarra izan denik. Euskal gizarteak oso une ilunak eman ditu, gose gorria pairatu du. Gerrek biztanlegoa murriztu zuten, errege eta jauntxoen aintzarako. Errealistak izan behar dugu gure aldarrikapenetan, eta uko ezin dakiokeen iraganak babestu beharko gintuzke. Gizarte berdinaren garapen integralerako partaide direnen elkarrekiko ezagutzak eskainiko du pertsona desberdinen arteko kohesioa. Horrek ahalbidetuko ditu ekintza amankomunak, egunero datorkigun etorkizunari aurre egiteko”

Ayerberen esanetan, identitate komuna sortzen egundoko garrantzia daukate gizakien arteko harremanek. Eta lurra edota hizkuntza nortasunaren berezko elementuak badira ere, zuzenbideak zeinu berezia eskaintzen dio herriaren esentziari, batez ere ohituran oinarritutakoa. Berak dioen moduan, behetik –herriaren praktikatik- gora igotzen den zuzenbideak karakteristika apartak sortzen ditu giza kolektiboan, honek inoiz ezabatuko ez dituenak, bere nortasunaren ezinbesteko zutabeak dituelako.

Rosa Ayerberi, bestalde, ez zaio hain egiaztapen borobil denik gizakia bere historiaren protagonista dela. Gizartea konplikatzen doan neurrian, eta ideia zein borondate komunak egituratzeko aukerak zailtzen doazenean, hiritarraren protagonismo historikoa gero eta urrutiago geratzen dela uste du Ayerbe irakasleak.

“Kanpo eraginak hain indartsuak dira non derrigorrez hausnartu behar dugun gure historiaren protagonistak garen ala ez. Oso baldintzatuta bizi gara. Dena den, azkenik gu geu izango gara hartzen ditugun eta hartzen ez ditugun erabakien erantzuleak, gugan eta gure ondorengoengan eragina duten neurrian. Beraz, halako kontrazentzu batean gaude murgilduta: erantzuleak izango gara, baina askatasunik gabe. Beraz, ba al gara protagonista?”

Ayerberen esanetan, identitate komuna sortzen egundoko garrantzia daukate gizakien arteko harremanek.

Ayerberen eskema etikoan ez dira sartzen egun hainbat arlo publiko eta pribatutan ikusten diren tropeliak. Garbi dauka historiak ikasgai ederrak eman litzakeela, ezer ez baita inbentatu behar politikan zein administrazioan gehiegikerien kontrako kontrolak ezartzeko. Horretan ere Erdi Aroa maisu argitzaile izan daitekeelakoan dago. “Erresidentziako Epaiketak” “Inkonpatibilitateak” edo “Fidantzak” gure aurrekoek kargu publikoen balizko desbideraketak ekiditeko lanabes interesgarritzat jotzen ditu. Funtzio publikoa haize freskoarekin berriztatu behar dela dio.

Rosa Ayerbek apustua egiten du Unibertsitatean zientzia aplikatuak ezagutza humanistikoarekin aberasteko. Gure iraganean edan behar dela dio, aurrera begira aritu ahal izateko. Osterantzean, amaiera gabeko ihesean erortzeko arriskuan gaudela baieztatzen du.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Manu Marañón Uriarte. Komunikazioa Coach-a: Komunikatzen dakien pertsonak autonomia eta independentzia handiagoak lortzen ditu

 

Irakurri

Mirentxu Oyarzabal Irigoyen. Pediatra eta endokrinologoa: Inoiz ez nituzke zientzia eta ideologia politikoa nahastuko, baina zenbaitetan batak bestea osatzen du

 

Irakurri

Ramuntxo Kanblong. Euskaltzalea: Unibertsitateak asko lagun lezake Ipar Euskal Herriko garapena

 

Irakurri

Iñaki Martinez de Luna. Soziolinguista: Garaia iritsi zaigu kuotak ezartzeko euskararekin

 

Irakurri

Gregorio Díaz Ereño. Jorge Oteiza Museo Fundazioaren zuzendaria: Funtsezkoa gertatzen da Jorge Oteizaren hausnarketetan sartzea bere idazkien bitartez

 

Irakurri