Teresa del Valle. Eusko Ikaskuntzaren XVII. Kongresuko Lehendakaria: Eusko Ikaskuntzaren XVII Kongresua orainaldian lan egitea da etorkizunera begira jardunbideak abiatzeko

2009-11-13

SILLERO ALFARO, Maider

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Gizarte Aurrerapen Iraunkorrerako Berrikuntza gaiari helduko dio Eusko Ikaskuntzak XVII. Kongresuan. Berrikuntza, Gizarte Solidarioa, Justizia, Genero Sistema, Globalizazioa, Guztionari Balio Handiagoa Ematea, Bizi Kalitatea, Gizarte Memoria eta Gizarte Tentsioa izango dira jardunaldion ardatzak, hiru egunetan jorratuko direnak: Azaroaren 18, 19 eta 20an, Gasteizko Europa Jauregian. Kongresua hasi baino egun batzuk lehenago bertan izango denaren berri eman digu Teresa del Valle ekitaldiko lehendakariak.

Eusko Ikaskuntzak XVII. Kongresua egingo du “Gizarte Aurrerapen Iraunkorrerako Berrikuntza” lelopean. Zer hartzen du bere baitan termino horrek?

Garaikidetasunaren ezaugarriak dituen aldaketa-ikuspegiarekin lotuta dago berrikuntza, eta globalizazioaren definizioan eta jardunean ematen da. Ikuspegi berri eta eraldatzailea eskaintzen du, egitura, balio eta jardunbide itxiak bertan behera utzi eta bestelako proposamenak bultzatzen dituena. Zerikusia du arlo ekonomikoaren, sozialaren, kulturalaren eta politikoaren mundu mailako hedapena eta interdependentzia onartzearekin.

Sortzea gauzak beste era batera egitea da, modu adostuan, komunitate edo giza talde batek dituen benetako arazoei aurre egiteko helburuarekin. Eraldatzeak esan nahi du gauzak egiteko modu berri horrek eragina duela komunitate edo taldearen bizi-kalitatean.

Kongresuak iraunkortasunaren ikuspegitik aztertuko du aurrerapena, eta beraz, gaien planteamenduaren azpian funtsezko galdera dago: Zer hausnarketa-ildo eta jardunbide eskainiko ditu Kongresuak honako xede hauek ahalbidetzeko?: hainbat adierazle zalantzan jarri eta beste batzuk birdefinitzea; azaltzen ari diren proposamen berritzaileak sartzea, aurrerapen-kontzeptuak eta -jardunbideak ebaluatzea ahalbidetuko dutenak, betiere aniztasuna kontuan hartu eta desberdintasunak zalantzan jartzen dituzten jarrera irekien ikuspegitik. Garrantzitsua da kontuan hartzea azaltzen ari diren proposamenen indarra sarritan ez dagoela kuantifikatua ez eta baloratua ere. Era berean, azaltzen joate hori sistemaren mugetan egon daitekeela pentsatu behar dugu.

Zergatik dira horren garrantzitsuak azaltzen ari diren proposamenak?

Azaltzen ari diren proposamenek batzuetan gutxi landutako ikuspegiak eskaintzen dituzte, beste batzuetan gizartean adostasun maila handiegirik izan ez duten ikuspegiak, edota gizarte-errealitatearen alor berritzaileak, batez ere bazterretan nabarmentzen ari zirenak.

Kongresuak hainbat ardatz izango ditu. Aipatuko al diguzu bakoitzaren ezaugarriren bat edo?

Bai, ardatz tematiko eta analitikoak dira, Eusko Ikaskuntzaren egituraren berezko ezaugarri den diziplinarteko hurbilketa ahalbidetzen dutenak. Era berean, askotariko lengoaietatik eta proposamen teorikoetatik hurbiltzeko aukera eskaintzen dute.

Horregatik, egunez egun jorratuko diren ardatzen ordena jarraituz, bakoitzaren ezaugarrietako batzuk aipatuko ditut.

Berrikuntza

Berrikuntza gai gisa landuko da, baina baita dinamika modura ere ardatz bakoitzaren azalpena lantzeko orduan. Horren erakusgarri dira artisten erakusketak, tailerrak, ikerketa-proiektuen inguruko sinposioak, “Hiriko Banaketak” argazki-lehiaketa eta “Sareak Garatzen” ekintza.

Justizia

Administrazioak herritarren eskariei ematen dien erantzuna ebaluatzeko gakoak izango dira mintzagai: edozein Administrazio publikotara jotzeko herritarren eskura jartzen diren baliabideak; erantzuteko epeak; hizkuntza ulergarria; hizkuntza-koofizialtasuna zertan den. Era berean, arau-hauste fenomenoen aurrean erakundeen erantzuna ebaluatu nahi dugu; arau-hausteen aurrean erantzun polizialaren egokitasuna neurtu; herritarren eskarien aurrean Administrazioaren erantzunaren kalitatea ebaluatu, eta auzibidea ez den bestelako aukerak aztertu: Bitartekaritza eta Arartekoa.

Gizarte Solidarioa

Gizarte solidarioaz ari garela, kontuan hartu behar da globalizazioak zabaldu egiten duela pertsona, kolektibo, hizkuntza, balio, sineskera edota jardunbideen aniztasunari buruz dugun ezagutza, baina ezin gara ezagutza hutsean gelditu. Orokorrean, gizarte solidarioak gizarte eta ekonomia mailako aldeak murriztea du helburu, eta gure kongresuaren kasuan, euskal gizartearen barruko gizarte mailako aldeak. Ondasun komunak eta gizarte-laguntzak banatzeko irizpideekin lotuta dago, eta baita norbanakoen eskubideen, eskubide sozialen eta erantzukizun politikoen definizio artikulatuarekin ere.

Globalizazioa

Globalizazioak zabaldu egiten du pertsona, kolektibo, hizkuntza, balio, sineskera edota jardunbideen aniztasunari buruz dugun ezagutza, baina ezin gara ezagutza hutsean gelditu. Euskal gizartearen barruan gizarte eta ekonomia mailako aldeak murriztea du helburu gizarte solidarioak. Ondasun komunak eta gizarte-laguntzak banatzeko irizpideekin lotuta dago, eta baita norbanakoen eskubideen, eskubide sozialen eta erantzukizunen definizio artikulatuarekin ere.

Mundu mailan egoera hobean diren gizarteei globalizazioak ekartzen dien onura kontuan hartuta, gizarte horien ardura da eragin kaltegarria nozitzen duten gizarteekiko dituzten betebeharrak onartzea. Ardura horri muzin egin zaio globalizazio-prozesua giza erabakiekiko autonomoa eta independentea delakoan. Horrela, Kongresuan euskal gizarteak globalizazioaren aurrean duen jarreraren inguruko hausnarketa egingo da. Izan ere, gaur egun ez dago gizarterik globalizaziotik kanpo gera daitekeenik.

Guztionari Balio Handiagoa Ematea

Guztiona dena, publikoa, ondasun materialen eta ez-materialen multzoa da, eta horien gaineko jabetza, ardura eta erabilera hiritar guztiei dagokie. Pertsonen eta euren gaitasunen garapenerako ezinbesteko gunea da, ondasun komun gisa zaindu eta errespetatu behar dena. Partekatutako ardura azaltzen ari den balio berritzat hartzen du. Horregatik oso garrantzitsua da pertsonak euren nortasun bikoitzean sentsibilizatzea, hau da, indibidualki eta era kolektiboan. Modu horretan herri-ondasuntzat hartuko dira herritarren partaidetzatik abiatuta eta horren bidez sortutako gizarte-indarrak. Publikoa denaren kudeaketa egokiaren bidez nortasun kolektiboaren malgutasuna sendotuko da, euskal gizartearen aurrerapen benetakoa eta iraunkorra ziurtatzeko.

Genero Sistema

Emakumeak eta gizonak bereiztea baino konplexuagoa da. Botere-harremanek osatzen duten prozesua da, non diferentziak desberdintasun eta zapalketa-egoera bilakatzen diren. Genero-indarkerian islatzen da, esaterako. Baina agerikoa da jardun eraikitzaileak aldaketa eragiten duela, eta beraz, gizarte berdinzaleagoa eratzea, non lanetan eta arduretan ematen den harremanak herritar zoli eta sentikorrak ekarriko dituen. Eta horren guztiaren gaineko hausnarketa euskal testuingurura ekarriko dugu.

Aurrerapenaren adibide negatiboak aurki ditzakegu, esaterako, zaintzeko ardurei lotutako lanak sexuaren arabera banatzeko joeran edo bizitza pertsonala, soziala eta lanekoa bateragarri egiteko zailtasunetan.

Bizi Kalitatea

Alde indibidualaren eta kolektiboaren bat-egitea hartu behar da kontuan. Alde soziala funtsezkoa da, izan ere, hori lortzeko ezinbestekoa da kolektiboarekin eta inguruarekin feedbacka izatea, kalitateari begiratuta positiboa izan beharko litzatekeena. Bizi Kalitatea, bidezkoa den gizarteak ahalbidetzen duen gaitasunen garapenarekin lor daitekeen pertsonen ongizatea da, alde biologikoa, psikikoa, soziala eta politikoa hartzen dituena. Bizi-kalitatean bat egiten dute motibazio eta interes indibidualek eta kolektiboek. Bien arteko oreka, errespetua eta onarpena lortzea gizarte-erronka da.

Gizarte Tentsioa

Gizarte Tentsioa indar kontrajarriek sorrarazten duten energia da, gizarteak berezko duena. Tirabira-kategoriak izan litezkeenen artean honako hauek nabarmentzen dira: negatiboa, suntsitzailea, positiboa, kritikoa eta sortzailea.

Indarkeria politikoak eta generoaren ingurukoak gizarte-inpaktu suntsitzaile handia dute, aztertu beharrekoa, eta konponbideak bilatu behar dira. Baina, era berean, garrantzitsua da zenbait gizarte-indarrek tirabira negatiboak eta suntsitzaileak birbideratzeko duten gaitasun eraldatzailea aztertzea. Tentsio moten eta horiei aurre egiteko moduen arabera, euskal testuinguruarekin lotura zuzena duten gaiak aztertuko ditugu.

Gizarte Memoria

Herrialde baten aurrerapen maila aztertzearen barruan sartzen da bere oroimenaren kudeaketa ere, etengabe eguneratzen doan ondare anitza den aldetik. Bada gizarte-memoriaren dimentsio bat, zeinak bere baitan hartzen dituen gizarte batek hurrengo belaunaldiei transmititzea garrantzitsutzat jotzen dituen jakintzak, eta horiekin batera etorkizunean txertatu nahi dituen pertsonak, gertakariak, tokiak eta garaiak. Etengabe landu eta birlandu behar da. Bazterretako memoria eta isiluneen tratamendua ere hartzen du bere baitan.

Nortzuk izango dira hizlari azaroaren 18, 19 eta 20an Gasteizen? Aurreratuko al dizkiguzu izen batzuk eta horiei buruzko datu esanguratsuenak?

Ardatz bakoitzari buruz osoko hitzaldia eskainiko duten espezialistak aukeratu ditugu. Frantzia, Mexiko, Israel eta Espainiako estatuko hainbat unibertsitateetatik etorriko dira. Lehen egunean Flora Bernard izango dugu gure artean, BeCitizen erakundeko zuzendari elkartua. Ingurumen-bikaintasunean oinarritutako diru-sarrera eta balio berriak sortzeko aholkularitza estrategikoa eskaintzen die enpresei. Gainera, Positive Factory™ kontzeptuaren sortzaile eta sustatzailea da. Justiziaren ardatza jorratzeko Carlos Jiménez Villarejo etorriko zaigu, Fiskal-lanetan Giza eskubideen aldeko konpromisoagatik nabarmendu dena. Bartzelonako Unibertsitatean Zuzenbide Naturala eta Zuzenbidearen Filosofia ikasgaien irakasle izan da, eta aholkulari esanguratsua 52/2007 Legearen tramitazioan (Memoria Historikoaren legea). Alfonso Dubois ere lehen egunean ariko da. Euskal Herriko Unibertsitatean Nazioarteko Ekonomia eta Garapeneko Ekonomia ikasgaietako irakasle titularra da. Bere lana Garapenaren aldeko nazioarteko lankidetzara lotuta egon da. Ikerlanetan eta argitaratutako lanetan pobrezia, garapenerako lankidetza, garapen-teoriak eta desberdintasunak jorratu ditu.

Bigarren eguneko ardatzei heltzeko, gurekin izango dugu Javier de Lucas, Zuzenbidean Doktore eta Zuzenbidearen Filosofian Katedraduna Valentziako Unibertsitatean. Guztionari Balio Handiagoa Ematea deritzon ardatzari heltzeko Adela Cortina izango dugu hizlari, Etika eta Filosofia Politikoan katedraduna Valentziako Unibertsitatean, eta 2008tik Zientzia Moral eta Politikoen Errege Akademiako kidea. Erakunde horren sorreratik (1857) kide hautatu duten lehen emakumea izan da. Genero Sistemari buruz arituko da Virginia Maquieira, Gizarte Antropologiako irakasle titularra Madrilgo Unibertsitate Autonomoan, Menéndez Pelayo Nazioarteko Unibertsitateko Errektoreordea, aditua, eta Genero Sistemen, Giza Eskubideen eta Globalizazioaren teoria eta metodologiaren inguruan egile eta editorea.

Hirugarren egunean Carlos Romeo Casabonak helduko dio Bizi Kalitatearen ardatzari. Zigor Zuzenbideko katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean eta Zuzenbidea eta Giza Genomaren Unibertsitatearteko BBVA Fundazioa–Bizkaiko Foru Aldundia Katedrako zuzendaria. Michael Warschawski etorriko da Gizarte Tentsioaren ardatzari ekiteko. Israelgo ekintzaile beteranoa okupazioaren aurkako eta bidezko bakearen aldeko mugimenduko kide da 1967tik. Hainbat ekimen eraman ditu aurrera, besteak beste, Alternative Information Centre-AIC (informazio alternatiboaren zentroa) sortu zuen Jerusalemen 1984an. Anjel Lertxundik eskainiko du Gizarte Memoriaren ardatzari dagokion osoko hitzaldia. Euskal Idazleen Elkarteko sortzaileetakoa da, erakundearen lehen lehendakaria. Euskaltzain urgazlea eta euskarazko hainbat literatur lanen egile. Bere liburuak hizkuntza askotara itzuli dituzte eta sari ugari irabazi ditu.

Emakumeen eta gizonen arteko paritate-irizpidea erabili dugu 14 laguneko batzorde zientifikoan, osoko hitzaldietan, ardatzen koordinazioan eta mahai gonbidatuetan. Hau da, irizpide berritzailea erabili dugu.

Nola dago egitaratuta Kongresua?

Egun bakoitzean hiru ardatz landuko dira aldi berean. Beraz, partaideak bakarra aukeratu eta eskaintzen dituen dinamiketan parte har dezake, edo ardatz bakoitzetik interesgarriena deritzona aukera dezake. Egunero ardatz bakoitzari dagokion osoko saioa egingo da, eta hori izango da batzarkide guztiek bat egiteko unea. Osoko hitzaldi bakoitza aditu batek eskainiko du, eta gaiaren inguruko azalpen orokorra egingo du. Gainera, parte hartzeko aukera ugari izango da: ikerketen emaitzei buruzko hausnarketak azaltzeko saioak, eztabaidarako aukera ematen duten mahai-inguruak, ideia eta jardunbide berritzaileak azaltzea ahalbidetzen duten tailerrak, instalazio artistikoak, film laburrak eta dokumentalak, era plastikoan ideiak jasotzen dituzten posterrak edota 2007 eta 2009 artean argitaratutako liburuen aurkezpenak.

Gainera, udalei bideratutako atala ere izango du Kongresuak, Eusko Ikaskuntzaren lanarekin lotura duena. Izan ere, lan horren inguruan dagoeneko 100 udal baino gehiagok sinatu dute hitzarmena. Herritarren partaidetzarako metodologiari buruzko tailerra eskainiko da, eta aldi berean udalek euren esperientzien emaitzak adieraziko dituzte euren lanetik hurbilen dauden ardatzen inguruan: Gizarte Memoria, Genero Sistema, Guztionari Balio Handiagoa Ematea, etab.

Parte hartzeko beste modu batzuk izango dira World Kafea edota foroak, hala nola Gazte Foroa, gazte jendeari bideratuta dagoena. Kongresuan modu aktiboan parte hartzeko eta ideiak eta esperientziak eskaintzeko aukera ugari dago, beraz.

Zer jende motari bideratuta dago?

Eusko Ikaskuntzako bazkideei, erakundeei, ardatzen edukiekin lotutako arazoak aztertzen dituztenei, gure gizartearen diagnostikoak ezagutu eta beste gizarte batzuen adibideak eta ekarpenak jaso nahi dituztenei. Eusko Ikaskuntzak erakunde artikulatzaile gisa dituen ezaugarriei esker udalek edota fundazioek hartuko dute parte, eta horrek zabaltasuna eta aberastasuna ematen dio ekimenari, gizarte dinamikaren erakusle egiten du.

Kongresuan parte-hartzerik ba al dago?

Hainbat biltzarkidek euren komunikazioak azalduko dituzte, badira gai jakinen inguruko sinposioetan eztabaidatuko dutenak, euren interpretazio artistikoak ekarriko dituztenak, liburuak aurkeztuko dituztenak, baita dokumentalak ere, eta ikerketara hurbilduko direnak euren proiektuen aurkezpenetan. Tailerretan parte hartzeko aukera badago.

Udalek “Herritarren partaidetzarako” tailerrak izango dituzte, adituek zuzendutakoak, eta gainera, udal dinamiken barruan garatutako proiektuen emaitzak aurkeztuko dituzten tailerretan har dezakete parte.

Kongresuko jardunaren gaineko interesa duen edonork har dezake parte. Egun bakoitzean eta ardatz bakoitzaren inguruan antolatuta dauden jarduerak aukeratu ahal izango ditu Kongresuaren webgunean azaltzen den egitarauan. Garrantzitsua da ikus-entzuleak hurbiltzea. Izan ere, Kongresuak aukera ematen du hitzaldiak entzuteko, mahai-inguruetan izateko, Europa Jauregian handik hona ibiltzeko, dokumentalak edo instalazio artistikoak ikusteko, tailerrak nola egiten diren bertatik bertara ezagutzeko, liburu berriei begiratua emateko, aurkezpenetara joateko... Webgunearen bidez ere eman daiteke izena biltzarkide izateko.

Era berean, herritar guztiei eta, kasu honetan, batez ere gasteiztarrei irekita egongo diren ekitaldiak izango dira Kongresuan. Horien artean dago Musikene Ganbera Orkestraren kontzertua, egoitza izango dugun Europa Jauregitik hurbil dagoen “Jesus Guridi” kontserbatorioan egingo dena.

Azaroaren 18an eta 19an, 15.00etatik 19.30era aukera izango da instalazio artistikoak bisitatzeko eta dokumentalak edota eta poster-erakusketak ikusteko. Osoko saioak biharamunean ikusi ahal izango dira. Erica Ruiz de la Torrek diseinatutako “Hiriko Banaketak” argazki-lehiaketa ere jarduera irekia izango da.

Partaidetza-dinamika horren barruan, zertan dira “World Kafe” ekimena eta “Sareak Garatzen” jarduera artistikoa?

World Kafea partaidetza-teknika bat da. Mónica Moso eta María Cristina Koury D’Arce adituek zuzenduko dute jarduera, eta haiek planteatuko duten galderaren inguruan eztabaidatuko dute partaideek talde txikietan, eta ekarpen bakoitza “polinizatuko” da. Horrela, hasieran taldeka eztabaidatuko dena partaideen artean zabalduko da eta ekarpen indibidualen aberastasuna bilduko da. Prozesu kolektibo horretan, hasierako galderatik abiatuta jasotako erantzunen aberastasuna erakusten du emaitzak.

“Sareak Garatzen” ekimena Luz Darriba artista galiziarrak eramango du aurrera. Kolore askotako oihala jendaurrean egitearen esperientzia indibidualaren bidez gizarte-sareak irudikatuko ditu. Andresare proiektutik sortutako kontzeptua izan da ekimenaren abiapuntua: emakumeek eta euren ekarpenek osatutako sareen garrantzia. Kontzeptua eta jardunbidea, azken hori beste dimentsio batzuetan ere erabiltzen da, hala nola, feminismotik sortutako ezagutzan eta irakasteko eta ikertzeko gaitasunean. Eta kontzeptu eta jardunbide horien inguruan beste sare batzuekin lotzen da, adibidez Eusko Ikaskuntzakoekin, edota informazioa, ezagutza eta beste mundu, egoera eta ezagutzekiko sentsibilitateak daramatzaten sare birtualekin. Luz Darribak nazioarteko ibilbide artistikoa egin du, eta bere lanek interes handia piztu dute. Horregatik, Kongresuan parte hartzeko gonbita onartu izana partaidetza-une bilakatuko da, eta biltzarkide guztiak eta interesa duten herritarrak daude bertara gonbidatuta. Sarea Europa Jauregiaren sarreretako batean jarriko da, sareek duten gaitasunaren adierazgarri. Aldi berean, bat egingo du Kongresuaren egoitza izango den eraikinaren 20. urteurreneko adierazpide grafikoekin.

Gazteentzako gunea ere izango da: Gazte Foroa.

Aurreko kongresuan jarri zen abian ekimena, eta oraingo honetan garrantzi handia hartu du. Izan ere, Eusko Ikaskuntzaren Gazteria izeneko egitarau esanguratsuaren bidez eman zaio tarte garrantzitsu hori.

Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko hainbat unibertsitateetako irakasleen eta ikasleen laguntzarekin diseinatu da ekimena. Beraz, partaidetza maila oso handia izan du. Ardatzen eta horiek sortuko dituzten eztabaiden inguruan egindako lanak erakusgai jarriko dira. Era berean, partaidetza-bikaintasuna sarituko da komunikazio, poster eta dokumental mailetan. Sariak itxiera-ekitaldian banatuko dira, “Hiriko Banaketak” argazki-lehiaketako sariarekin batera.

Zer helburu lortu nahi du Eusko Ikaskuntzak Kongresu honekin?

Kongresuaren helburu orokorretako bat da kideen arteko partaidetza zabala eta anitza sustatzea. Dinamika hori ikerketa indibidualen edota kolektiboen emaitzetan ikusiko da, edota mahai-inguruetako azalpen eta eztabaida horizontalean. Era berean, tailerrek ideia eta jardunbide berritzaileak azaltzea ahalbidetuko dute.

Jarduera sortaren bidez aldaketarako eta berrikuntzarako kontzientzia sortzea da kongresuak eskaintzen duen aukeretako bat. Jarduerok gizarte-dimentsioa duten gaien inguruko aurkezpenak, eztabaidak eta ikuspegiak alderatzea ahalbidetzen dute. Kongresuak hausnarketarako eta jarduteko ildoak ekar ditzake, eta hortik abiatuta hainbat adierazle zalantzan jarri eta beste batzuk birdefinitzea; azaltzen ari diren proposamen berritzaileak sar ditzake, aurrerapen-kontzeptuak eta -jardunbideak ebaluatzea ahalbidetuko dutenak, betiere aniztasuna kontuan hartu eta desberdintasunak zalantzan jartzen dituzten jarrera irekien ikuspegitik. Jardueren laburpenak jasoko ditugu, haien inguruan hausnarketa egingo dugu eta modu erakargarrian plazaratuko ditugu, ez bakarrik Eusko Ikaskuntzako bazkideei bideratuta, gizarte osoarentzat baizik. Lehen ondorioak Kongresuaren itxiera-ekitaldian aurkeztuko ditugu.

Eusko Ikaskuntzaren XVII. Kongresua da. Zergatik jarraitzen du halako biltzarrak antolatzen? Zein garrantzi dute gizartean?

Lau urtean behin Kongresua hausnarketarako une esanguratsua izaten da. Bere genealogia kontuan hartuta, orainaldian lan egiten da etorkizunera begira jardunbideak abiatzeko. Partaidetzarako gunea diseinatzen da, eta bertan alde indibidualaren eta alde kolektiboaren arteko elkarrekintza gauzatzen da. Elkarrekintza horretan ezagutza teorikoa eta esperientziak azaldu, eztabaidatu, alderatu eta etorkizunera begira jartzen dira, ekimen berriak abiatzeko eta jada abian direnen garrantziaz hausnarketa egiteko xedearekin. Hitzaldi orokorretako ponentziak

Egitaraua - 2009ko azaroak 18, asteazkena - Berrikuntza: Flora BERNARD. BeCitizen Justizia: Carlos JIMÉNEZ VILLAREJO El valor constitucional Justicia, ¿En crisis? (Derechos humanos & Mercado) Gizarte Solidarioa: Alfonso DUBOIS. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea Pensar un futuro para nuestra sociedad desde la solidaridad creativa. La fraternidad local y global como referencia - 2009ko azaroak 19, osteguna - Globalizazioa: Javier de Lucas Guztionari balio handiagoa ematea: Adela CORTINA. Universitat de València La dimensión pública de la sociedad civil Genero sistema: Virginia MAQUIEIRA. Universidad Autónoma de Madrid Sistema de Género: innovación del conocimiento para el progreso en igualdad

- 2009ko azaroak 20, ostirala - Bizi kalitatea: Carlos Romeo CASABONA. Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea Los adelantos científicos y tecnológicos, motores de la calidad de vida en las sociedades modernas: la doble cara de Jano

Gizarte Tensioa: Michael WARSCHAWSKI. Alternative Information Centre – AIC Palestine as the barometre of our world

Gizarte Memoria: Anjel LERTXUNDI Memoria, ganbara hustu ezina
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Giuseppe Traverso. Euskadiko Biodibertsitatearen Zentroko zuzendaria: Dugun aberastasunik handiena ekosistemak ematen dizkigun zerbitzuak dira, izan ere jarduera guztietarako elikatze-iturri dira

 

Irakurri

Iñaki Martinez de Luna Perez de Arriba. Soziolinguista: Hizkuntza berdintasunaz gehiegi hitz egiten da, horrekin euskara ez dela gazteleraren aurretik lehenetsi behar adierazi nahirik

 

Irakurri

Rosa Ayerbe Iribar. Historialaria: Denborak ez du guztia sendatzen, eta arazoak betikotu egin daitezke

 

Irakurri

Óscar Álvarez Gila eta Ana Isabel Ugalde. Euskal Herria Mugaz Gaindi: Izugarrizko eragina du Euskal Herriko kanpoko proiekzioak Euskal Herriko historian

 

Irakurri

Itziar Eizagirre Irureta. Ingurumen aholkularia eta Mugikortasun Iraunkorreko Kudeatzailea: Gaur egungo garraio-ereduarentzako alternatibak gure pentsaera-aldaketatik datoz lehenik

 

Irakurri