Áurea Díaz de Guereñu. Gerrako umea: Ez dut izenik gogoratzen, ezta leku eta data askorik ere, baina estualdia bai. Hori, oraindik ere sentitzen dut

2006-03-24

SILLERO ALFARO, Maider

GARMENDIA IARTZA, Koro

Espainiako Gerra Zibilaren 70. urteurrena betetzen denean, Áurea Díaz de Guereñurekin (Pasai Antxo,1926) bildu gara. Bederatzi urte zituenean sendia agurtu behar izan zuen emakume honek, etxetik urrun igarotako urte haiek nolakoak izan ziren azaldu digu. Gerra batetik ihes eginez iritsi zen Áurea Sobiet Batasunera, eta han beste borroka batekin egin zuen topo: Bigarren Mundu Gerrarekin. Hogei urte geroago itzuli zen handik, oroitzapen eta istorioz gainezka. Xehetasun asko ahaztuta dauzkala esan digu: “bizitzen ari nintzena Historiaren zati bat zela jakin izan banu, arreta gehiago jarriko nukeen”.

Gerra Zibila piztean, haur asko Euskal Herritik kanpora bidaltzea erabaki zuten...

1936ko ekainean, hain zuzen ere. Nik bederatzi urte inguru neuzkan, eta bi ahizpekin bidali ninduten; bata zaharragoa, eta bestea gazteagoa. Gurasoek Frantziara joateko apuntatu gintuzten, baina, kupoa beteta zegoenez, eta, beraz, guretzat lekurik ez, Sobiet Batasuneraino joan behar izan genuen.

Urte dezente igaro diren arren, gogoratzen al duzu bidaia hura?

Bai. Gurasoek Santurtzira eraman gintuzten, handik baitzen irtetekoa Frantziarako itsasontzia, La Habana izenekoa. Egia esan, egundoko bidaia izan zen. Frantzian, haur batzuk lehorreratu egin ziren, eta inbidia handia izan genuen, ahaideak haien bila joan zirela ikustean. Artean ez genekien gurekin zer gertatuko zen.

Beste bidaia bati ekin zenioten: Frantziatik Errusiara bitartekoari.

Bai. Itsasontziak Sontai izena zuela uste dut. Karga ontzi bat zen. Bidaia oso txarra izan zen. La Habana ontzian zer edo zer jan genuen, baina beste honetan deus ere ez. Ezertxo ere jan gabe egin genuen zeharkaldi osoa, bidaia guztian zehar botaka... Ezin duzu imajinatu ere egin. Beraz, txoritxo batzuk emango genuen Leningradora iritsi ginenean (gaur egungo San Petersburgo).

Zain izan al zenuten jendea, Frantzian lehorreratutako haurrek bezala?

Bai, zain geneuzkan. Iritsi ginenean, etxe erraldoi batera eraman gintuzten, Haur Espainiarrentzako Etxe batera. Guk "haurren etxea” deitzen genion. Bitxia izan zen, zeren eta “gau zurien” aroa zen orduan, gaua izan arren oraindik iluntzen ez denekoa. Keinuen bidez, lotara joan behar genuela esaten ziguten, baina guk, oraindik egun argia zela ikusita, ez genuen deus ere ulertzen. Zeinen jende arraroa!, pentsatzen nuen neure artean.

Zenbat denbora eman zenuten "haurren etxe" hartan?

Ez dut oso ondo gogoratzen. Dakidana da handik Krimeara eraman gintuztela. Tamalgarria izan zen bidaia hura. Mutilek bakarrik jaten zuten, handiek, indarra zeukatenek. Janari guztia haientzat hartzen zuten. Eskerrak ez dudan oso ondo gogoratzen, oso oroitzapen txarrak direlako.

Hiru ahizpak elkarrekin egon zineten?

37tik 41era bitartean bai, "haurren etxean" bizi ginen bitartean. Han ondo ematen ziguten jaten, ondo zaintzen gintuzten, uniformez jantzita ibiltzen ginen... Oso ona izan zen garai hura. Oso ondo gogoratzen dut. Eta oroitzapen atseginak ditut gainera. Oso hezkuntza ona jaso genuen han, baina...

Zer gertatu zen gero?

Gerra hasi zela. 41eko ekainean. Handik gutxira, ez dut oroitzen zehazki noiz, handik atera behar genuela erabaki zuten. Orduan hasi zen okerrena, batetik bestera joan beharra. Ikaragarria izan zen. Tren batean sartu gintuzten denok; baina ez zen bidaiariena, baizik eta abereak eramatekoa. Amaiezina iruditu zitzaigun bidaia hura, pixka bat aurreratu orduko gelditu egiten ginelako, tropei pasatzen uzteko. Oker ez banago, bidaia hartan hil egin ziren trenean gurekin zetozen haur batzuk.

Norantz zindoazten?

Ui! Ez genekien. Ez ziguten ezer esaten. Denbora joan, denbora etorri, urtarrila iritsi zen. Dena elurtuta zegoen, eta guk bagoi hartan jarraitzen genuen, zer jan eta zer jantzi ez geneukala. Ogi pusketa bat baino ez ziguten ematen. Urik edan nahi izanez gero, trena gelditzeko zain egon behar genuen, jaisteko. Baina ez ginen jaistera ausartzen, trena edozein unetan has zitekeelako martxan, eta gu han gelditu, bakar-bakarrik.

Non eman zenituzten Bigarren Mundu Gerrako urteak?

Saratov izeneko herri batean. Zeinen gogorra izan zen hura... Beste "haurren etxe" batean. Jantokira joateko, kalera atera beharra zegoen, baina oinetakorik ere ez geneukan. Eta ahi nazkagarri bat ematen ziguten gosaltzeko.

Izan al zenuten ikasketarik egiteko aukerarik?

Batzuek bai, eta beste batzuek ez. Gerrako urteetan, gizonek borrokara joan behar izan zutenez, lantegietara bidali zituzten ni baino pixka bat zaharragoak ziren haurrak -nire ahizpa adibidez, nik baino bi urte gehiago zituela-, gerrara joandako gizonen lanak egitera. Beharra zegoela badakit, baina hori sekulako gehiegikeria izan zen. Oso gogorra izan zen. Gerra urteak batez ere. Oso esperientzia gogor eta estugarria. Ez dut izenik gogoratzen, ezta leku eta data askorik ere, baina estualdia bai. Hori, oso ondo gogoratzen dut. Eta oraindik ere sentitzen dut.

Zer gertatu zen 1945ean gerra amaitutakoan?

Moskura eraman gintuzten gutako asko. Karrera bat egiteko garaia zen. Nik Medikuntza ikasi nahi nuen, baina lekurik ez zegoenez, Kimika ikastera joan behar izan nuen. Moskutik kilometro batzuetara zegoen ikastetxea. Karrera amaitu nuenean, hantxe gelditu nintzen lanean, laborategi batean. Handik bi urtera, emakume batek berarekin Uraletara joateko proposatu zidan, eta baiezkoa eman nion. Nire ahizpa Carmen ezkonduta zegoen eta Moskun bizi zen, eta beste ahizpa, Tbilisin ibili zena, Biologia ikasten ari zen.

Bizitza aurrera zihoan, eta lanean jarraitu beharra zegoen...

Bai ba. Hiru urte eman nituen Uraletan, 53tik 56ra. Behin, ahizparekin telefonoz ari nintzela, Espainiara itzultzeko jendearen izenak hartzen ari zirela esan zidan, eta nire izena eman zutela. Nik ezezko biribila eman nion. Ez nuela itzuli nahi. A zer nolako nahigabea eman nion ahizpari!

Hainbeste denbora igaro ostean, ez al zenuen zure sendiarengana itzultzeko beharrik sentitzen?

Lagun onak egin nituen, laborategian gustuko lana neukan, miseria aldiak joanak ziren... Egonkortuta nengoen erabat. Nik ez nuen itzuli nahi, baina paper guztiak prestatu zizkidatenez, ez nuen beste aukerarik izan.

Euskal Herrira itzuli zinenean, dena berria irudituko zitzaizun. Zaila egin al zitzaizun egokitzea?

Bai, oso. Oso zaila. Gainera, ahaztu egin zitzaidan gaztelaniaz hitz egiten. Hasieran, hitz egiten ez nekienez, barre besterik ez nuen egiten. Ahizpa guztien artean alaiena nintzela esaten zuten!

Inoiz sentitu al duzu Errusiara itzultzeko beharrik?

Bai. Hara itzultzeko eskaera eta guzti egin nuen. Horrenbestekoa izan zen jasotako kolpea, hain handia... Hona itzuli nintzenerako, emakumetua nengoen. 28 urte neuzkan, ikasketak. Nire ahizpak ezkonduta zeuden ordurako, egina zeukaten beren bizitza. Baina nik... Gainera, zaila zen gure arteko elkarbizitza. Oso herrialde ezberdin batetik nentorren, eta hemen ez nintzen eroso sentitzen. Nik beste ohitura batzuk neuzkan. Harrigarria iruditu zitzaidan, adibidez, nire soldata etxean eman beharra. Dirudienez, hemen ohitura hori zegoen.

Gezurra dirudi zenbat urte behar izan ziren gerra amaitu zenetik Gurutze Gorria lehen itzulketak egiten hasi zen arte, 1956an.

Bai. Gurasoak urte luzez ibili ziren gure bila. Erreklamazioak egin zituzten Frantziatik, Ingalaterratik eta Belgikatik. Baina alferrik. Aitak diru asko xahutu zuen gu itzularazteko asmoz. Nire bi ahizpa Ingalaterra joan ziren, baina urtebete baino lehen itzuli ziren.

Beraz, 1936tik 1956ra bitartean egon zinen etxetik kanpo, ia 20 urtez. Inork ez zuen pentsatuko horrenbeste denborako kontua izango zenik...

Hiru hilabeterako gindoazela esan zieten nire gurasoei, pentsa. Hainbeste denborarako joango ginela jakin izan balute, hobeto pentsatuko zuketen gu itsasontzi hartan sartu baino lehen.

Áurea, ba al duzu harremanik errusiarrekin, hizkuntzarekin...?

Bai. Hona itzuli nintzenean, han ezagututako lagunekin eta hara joandako beste batzuekin bildu nintzen. Eta, elkartzen ginenean, errusieraz mintzatzen ginen beti. Nik oso ondo egiten dut errusiera, errusiarren artean hezia naizelako, baita lanean ere. Ez dut ezertxo ere galdu, aukera daukadan guztietan hitz egiten dudalako. Oso ondo hitz egiten dudala esaten didate errusiarrek.

Izan al duzu bertara itzultzeko aukerarik?

Bai. Francoren garaian, senarrarekin batera ikustaldi bat egitera joan nahi izan nuen, baina astuna zen paperak bete eta baimena lortzea. 85ean itzuli nintzen Sobiet Batasunera. Aurten ere joatekoa naiz. Baina uda partean, ez baitaukat hotzak ibiltzeko batere gogorik!

Aipatu diguzun lekuetakoren bat ikustera joango al zara? Orain egingo dudan bidaian, ez dut uste. Nahiago dut ezagutzen ez ditudan lekuetan ibili. Hiriburua behintzat ikusi nahiko nuke, ezagutzen dudan arren asko aldatu dela esan didatelako, eta inguruak ere bai. Erdi Aroko hiriak, adibidez. Áurea Díaz de Guereñu (Pasai Antxo, 1926) Josefa Áurea Díaz de Guereñu Pasai Antxon jaio zen, 1926ko azaroan. Artean hamar urte ez zeuzkala, Sobietar Batasunera joan zen, eta 20 urte beranduagora arte ez zen handik itzuliko. Kimika ikasketak egin zituen, eta laborategi batean aritu da lanean, erretiroa hartu duen arte. Emakume goxoa da, itxaropentsua, istorio asko dituena, nahiz eta gertatutakoaren zati txiki bat baino ez duela gogoratzen aitortzen digun. Bitxikeria modura, esan dezagun etxera itzuli zen arte, 28 urterekin, ez zuela bere benetako izena eta jaioteguna zeintzuk ziren jakiterik izan. Jasotzen zituen gutun apurretan, “Aurita” deitzen zioten, eta berak Aurora izenaren txikigarria zela pentsatzen zuen. Bere lagunek "Aurita" izendatzen dute oraindik. Bidaiatzea atsegin du. Orain, astia daukanez, ingelesa ikasten eta hiriak ezagutzen ibiltzen da. Azkenaldian, Praga, Viena, Budapest, Mallorca eta Ibizan izan da. Hurrengo bidaia, berriz, Errusiara egingo du. Baina, oraingo honetan, egun batzuetarako baino ez.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Estefanía Reina Pancha eta Sandra Feng. Donostiako Peñaflorida Institutuko ikasleak: Ez dugu egokitzeko arazorik izan, haurrak ginela etorri ginen eta

 

Irakurri

Jesús Luna Agurrea. Lux Zinemaren sortzailea eta “La otra gran prueba”ren egilea: Zineak entretenitzeko elementua izan behar du, baina baita heztekoa ere

 

Irakurri

Mikel Aranburu Urtasun. Zuzenbidean eta Enpresa Zientzietan lizentziatua: Kontzertu Ekonomikoari, Erkidegoko finantza sostengatzen duen eskubide historikoa izanik, egunero eskaini behar zaio arreta, etengabe

 

Irakurri

Clotilde Olaran. Bizkaiko Foru Liburutegiko arduraduna: Digitalizazioaren abantaila nagusia, hedabide bezala duen indarra da, munduko edozein txokora berehala iristeko aukera ematen baitu

 

Irakurri

Lourdes Fernández Fernández. ARCOko zuzendaria: Hiru anai-arreben artean, ni nintzen uzkurrena artearekiko

 

Irakurri