Asier Altuna eta Telmo Esnal. Zinemagileak: Euskaraz lan egitea naturala da guretzat

2005-09-16

SALA, Teresa

Patricio Etxebeste txapelak egiten dituen lantegi baten jabea da. Herrian oso gizon garrantzitsua, eta datozen hauteskundeetan alkatetzarako hautagaia izango da. Inork ez daki bere enpresak porrot egin duenik eta urtero bezala oporretara joateko dirurik gabe geratu denik. Ordura arte erakutsitako irudia gorde nahian, oporretara joan diren itxura egingo dute Etxebestetarrek. Etxean geldituko dira, ordea. Hau da “Aupa Etxebeste!”-k, Asier Altunak eta Telmo Esnalek, “Txotx” (1997) eta “40 ezetz” (1999) laburmetraien egileek, zuzendutako pelikulak, kontatzen digun istorioa. Berlangaren zantzuak dituen komedia beltza da eta Ramon Agirre, Elena Irureta eta Paco Sagarzazu ditu aktore taldeko buru. Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko 53.edizioan ikusiko du argia eta azken hamahiru urteetan filmatutako euskarazko lehen luzemetraia dugu, zuzendarien esanetan, “oso umore onarekin egindako pelikula”.

Egun batzuk barru “Aupa Etxebeste!” filma aurkeztuko duzue Donostiako Zinemaldian. Altadis Zuzendari Berrien Sariaren bila, Zabaltegi Sailan, 18 herrialdeetako 24 pelikula ezberdinekin batera. Non dago horrelako ekimen baten egotearen zentzua? Zer suposatzen du?

Asier Altuna: Luxu bat da, noski. Eta luxu bat izango litzateke Donostiako Zinemaldiak kanpora eramateko aukera eskaintzea, beste herrialde batzuetan erakusteko parada edukitzea. Telmo Esnal eta Asier Altuna pelikularen filmaketan.

Telmo Esnal: Guk beti ulertzen dugu Donostiako Zinemaldia hemengo jaialdi bat bezala, oso gertukoa delako, baina ez gara ohartzen daukan oihartzunaz. “Aupa Etxebeste!” euskarazko pelikula Iraneko edo Txinako filmekin egotea oso interesgarria da eta, batez ere, oso aberasgarria. Zinemaldi Donostiarra hasiera da, pelikula beste zinemaldi batzuetara eramatea gustatuko litzaiguke eta hori mugitzen ari gara orain. Ateak zabalduko dizkigulakoan gaude. Guretzat Donostian egoteak izugarrizko arrakasta suposatzen du. Ikusiko dugu nora eramaten gaituzten “Etxebestetarrak”.

“Aupa Etxebeste!” azken 13 urteetan euskaraz idatzi eta ekoiztutako film luze bakarra da. Nolako eragina izan du ezaugarri honek pelikula egiterakoan?

A. A.: Plazer bat izan da pelikula euskaraz aurkezteko aukera izatea. Pelikula, hasieratik euskaraz pentsatuta zegoelako, ez genuelako beste modu batean ulertzen. Eta zaila izan da, besteak beste, ekoizpena euskaraz egiteak ez duelako inongo erraztasunik suposatzen. Erronka film luzea egitea izan da.

T. E.: Guretzat euskaraz egitea ez da helburu nagusia izan. Garrantzitsuena pelikula bera da eta ez zein hizkuntzatan ekoiztuta dagoen. Ohore handia da “Aupa Etxebeste!” Zinemaldiko Zabaltegi Sailan egotea, ez euskarazko pelikula delako, gure pelikula delako baizik. Euskaraz lan egitea naturala da guretzat, euskarazko laburmetraiak egiten hasi ginen eta ondoren film luzea egin dugu. Euskaraz, noski. Anekdotikoa da guretzat hizkuntzarena. Garrantzitsuena, nahi genuen istorioa nahi genuen moduan kontatzeko aukera izan dugula da. Asier Altuna.

Zein erantzun espero duzue ikuslegoaren aldetik?

A. A.: Gure helburua pelikula ahal den hobekien egitea izan da. Gustura gelditu gara lortu dugunarekin, kontent gaude. Pelikula ongi egin dugu eta kitto. Gertatzen dena zera da, horren inguruan eta atzean gauza gehiegi daudela. Merkaturatzea, adibidez, hain eskaintza oparoa egonik, oso zaila da, gurea aurrekontu txikiko ekimena delako. Uste dugu jendea gustura geldituko dela, baina horretarako zinera joan behar da eta pelikulak aste batzuk behintzat iraun beharko du karteleran. Alde horretatik erantzun ona espero dugu.

T. E.: Lagunen artean erakutsi dugu pelikula, eta oso harrera ona izan du. Nik uste dut joaten direnek asko gozatuko dutela. Beste erronka bat da jendea zine aretotara joanaraztea, eta hori gure eskuetatik pixka bat aldentzen da. Egia da jendeak ez daukala zinera euskarazko pelikulak ikustera joateko ohiturarik. Beraz, gureak berrikuntza hori dakar. Horren publizitatea nola egin beste kontu bat da. Hemen aurkeztu izan diren pelikula guztiak gaztelerazko ekoizpenak izan dira eta jendea horietara ohituta dago, baina hau berria da eta zer gertatuko den ez dakigu. Ez dakigu euskaldun jendea pelikula hori ikustera animatzeko gai izango garen edo ez.

Non aurkitu duzue pelikulak kontatzen duen istorioaren inspirazioa?

A. A.: Kalean dauden horietako istorio bat besterik ez da gure pelikulan kontatzen duguna. Ni gogoratzen naiz lagunarteko elkarrizketa batean atera zela. Nik aitari kontatu nion eta aitak esan zidan istorio hori Oñatiko famili bati gertatu zitzaiola. Oñatin, aldiz, sendi bergarar baten bizipena izan zela diote. Azken finean, itxurakeriaren inguruko istorioa da eta hori asko ematen da Euskal Herriko herri txikietan. Ramon Agirre eta Elena Irureta.

Nolakoa izan zen Etxebestetarren istorioaren erditzea?

A. A.: Duela urte pila zirriborro bat egiten hasi nintzen, hamaika buelta eman nizkion eta aldatzen joan zen. Denbora luzea eman genuen zirriborroekin aurrera eta atzera. Ikusi genuenean pelikula egitea posible zela ganorarekin hasi ginen Telmo, Pablo Bueno eta ni gidoian lanean

T. E.: Gidoiak bertsio asko ezagutu ditu, hirurok elkartu ginenetik hiru urte pasa dira gutxi gora behera. Beste lan batzuetan aritzen ginen baina denbora eskaintzen genion pelikularen gidoiari.

Zer suposatu du zuentzat film luze bat egiteak? Nolakoa izan da film laburretik luzera egin duzuen jauzia?

A. A.: Zailtasunak eta oztopokoak aurkitu ditugu, baina oso esperientzia polita izan da, berria izan delako. Pila bat ikasi dugu eta hori beti da aberasgarria. Istorioak berak film luzea izatea eskatzen zigun. Azken finean, istorio bakoitzak bere neurria dauka eta bere neurria eskatzen du.

T. E.: Jauzia handia izan da, batez ere narrazioan, istorioa kontatzeko eran. Film labur batean hamabost minututan gertatzen da guztia. Pelikula luzean, aldiz, istorio paraleloak edo azpiko korapiloak suertatzen dira. Nekez lortzen da guztia erraztasunez kontrolpean izatea. Globalki dena ikustea zaila egin zaigu. Hamabost minututako film batean, aldiz, guztia askoz errazago aztertu daiteke. Baina ordu eta erdiko pelikula baten guztia etengabe aztertu beharra daukazu. Ramon Agirre.

Asier Altuna eta Telmo Esnal, biak ala biak, maiz egin duzue lan batera. Zein da zuen harremanaren historia?

A. A.: Gu lanean ezagutu ginen. Telmo zuzendari laguntzaile gisa zebilenean eta nik argiztapen lanak egiten nituenean. Sarritan komentatzen genuen elkarrekin zerbait egitearen posibilitateaz eta horrela hasi ginen batera lanean. Egia esan, oso gustura gabiltza, bide polita egin dugu eta kontent gaude lortu dugunarekin.

T. E.: Elkarrekin lan egiten dugunean bakarrik aritzen garenean baino lan gehiago egiten dugula iruditzen zaigu. Beti lankidea konbentzitu behar dugulako. Biok kontent gelditzeko lan bikoitza egin behar dugu, eta horrek guztia landuagoa izatea dakar. Emaitza ere orraztuagoa gelditzen da.

A. A.: Okerrena da lan bikoitza egiten dugula erdia kobratzeko. Hori bai, askoz ere dibertigarriagoa da eta erronka bera aurrean izanik eskertzekoak dira bestearen babesa eta elkartasuna.

Lantaldearentzat ere lagungarria izan daitekeela uste duzue?

A. A.: Guk aurretik gauzetaz asko eta sakon hitz egiteko ohitura daukagu. Hala, filmatze garaian ez dago kontraesanik. Telmo da filmatze garaian aktoreekin hitz egiten duena. Ezinezkoa da filmaketa batean eztabaida izatea. "Aupa Etxebeste!" pelikulako aktore taldea.

Zenbat denbora eman duzue filmatzen?

T. E.: Zazpi aste inguru.

Anekdota aipagarririk bizitu duzue?

A. A.: Bergaran egin genuen filmaketa gehiena eta San Martin Eguneko jaia aprobetxatu genuen eszena batzuk filmatzeko. Txosna bat hartu genuen, garagardoa eta gazta debalde eskaini genituen eta oso giro polita sortu zen. Nik uste dut inkontzienteki Bergara herriarentzat eginiko istorioa zela hasieratik.

T. E.: Herritar andana elkartu zen eta haiei esker dauka pelikulak daukan zentzua. Pelikula gehiena Bergaran egin dugu, baina ez da herriaren izena aipatzen. Herri dotore bat behar genuen eta Bergara aukeratu dugu. Idazteko ere bertan elkartzen ginen. Hilabete inguru eman genuen herrian eta maiz kaleetara edo plazara ateratzen ginen kokaleku ezberdinen bila.

Bizi daiteke zinema egiteaz herri honetan?

A. A.: Gu zinemaz bizi izan gara azken hamar urte hauetan. Baina ez zuzendari bezala. Tekniko gisa, zuzendari laguntzaile moduan, gidoilari bezala. Alta, gehienetan kanpora joan behar izaten gara, Madrilera.

T. E.: Lau urte eman ditugu gidoia idazten baina hori ez da gure lanbidea. Noizean behin elkartzen ginen. Tekniko bezala, Euskal Herrian baino gehiago nik kanpoan egiten dut lan. Badirudi orain boom antzeko bat ematen ari dela Euskal Herrian, dirulaguntzak eskaintzen dituzte eta industria indarberrituta datorrela dirudi. Uda honetan bost pelikula inguru egin dira hemen eta hori ez da normala. Zine industria gehiena Madrilen dago eta Madril euskaldunez beteta dago. Hemen, gurean, azkenaldian ikusitako politikari heltzen badiote agian bultzada emango zaio euskal zinemari. Pelikularen filmaketa momentu bat.

Zuei, zinema egiteaz bizitzea gustatuko litzaizueke?

A. A.: Hori izango litzateke hoberena, zinema egiteaz ongi bizitzea. Oso zaila da pelikulak zuzentzeaz bizitzea. Pelikula egiteak dakarren denboran beste lantxo batzuk egitea beharrezkoa da aurrera egin ahal izateko.

Euskal gaiak jorratu izan dituzue beti.

A. A.: Bai, egia da. “Aupa Etxebeste!” azkenean herri txiki bateko isla da. Errealitate txiki batetik atera den istorioa da kontatzen duguna. Herri eta nekazal giroa ezagutzen ditugu eta errealitate hauetatik ateratako egiazko istorioak kontatzen saiatzen gara. Gertu sentitzen dugun pertsona eta istorioekin hasten gara baina hori gero urrutira eramatea ere gustatzen zaigu. Unibertsaltasunera. Italiar batek “Aupa Etxebeste!” ikusiko balu modu batean edo bestean istorioaren esparruren batekin bat egitea gustatuko litzaiguke. Nik uste dut hori dela interesgarria.

Euskalduna ez den ikuslego batek pelikula gozatuko duela uste duzue?

A. A.: Bai. Nik uste dut hemengo jendeak oso gertu sentituko duela istorioa. Ez dago inongo artifiziorik, gauzak diren bezala erakusten saiatu gara. Kanpoan ere uste dugu ez dela istorioa bera ulertzeko arazorik egongo.

Euskaldunok gure buruaz barre egiteko gai garela uste duzue?

A. A.: Bai noski, eta oso umore onarekin gainera. Guk barre asko egiten dugu gure kontura. Filmaren sekuentzia bat.

T. E. : Egia esan guk asko gozatu dugu pelikula. Barre asko egin dugu eta abestu ere pila abestu dugu jendea animatzeko. Umore onarekin egin dugu pelikula eta hori emaitzan antzemango delakoan gaude.

Etorkizun hurbilera begira, proiekturik bai?

A. A.: Pelikula bat egitea oso zaila da. Hortaz ohartu gara. Diru asko behar da pelikula bat egiteko, prozesu luzea da. Dirua eskaintzen badigute egingo ditugu pelikula gehiago.

T. E.: Eta aukera eskaintzen ez badigute ere agian gure kabuz ere saiatuko gara zerbait egiten.

Zein da zinema egitearen plazer handiena?

A. A.: Prozesu askotan gozatzen duzu: Gidoia idazten den garaian, pelikula bera muntatzen denean... Gidoia bera irudietara pasatzea, adibidez, oso gozagarria da. Irudi horiek muntatzen direnean ere pila bat gozatzen da. Prozesu horretan oso momentu pozgarriak daude, eta baita frustranteak edo gogorrak ere. T. E.: Gidoia idaztea prozesuaren parte bat da, zerbait bizia da gauzak aldatzen direlako, filmaketan gidoiak aldatzen dira eta muntaketan filmaketan eginiko gauzak aldatzen dira. Pelikula batek uneoro bizirik dagoen prozesu baten pean dago. Badirudi beti zaudela gauza bera egiten baina ez da horrela, gauzak beti dira ezberdinak. Emaitza espero ez duzuna denean oso gogorra da. Asier Altuna Iza (Bergara 1966) 2001- 2004 Euskal Telebistako “Sorginen Laratza” programan gidoilari moduan. 2000 • “Carne de gallina” luzemetraian, Ultimo Pase-k ekoitzia, elektrikari buru lana. • “Lucia y el sexo” luzemetraian, Alicia Rodando-k ekoitzia, elektrikari buru lana. 1999 • “Yoyes” luzemetraian, elektrikari lana. • “Un paseo por el parque” luzemetraian, Vinci P.C.-k ekoitzia, elektrikari buru lana. 1998 • “Atilano presidente” luzemetraian, “Jose Mª Lara P.C.”-k ekoitzia, elektrikari lana. • “Si quiero” luzemetraian, “Igeldo Komunikazioa”-k ekoitzia, elektrikari lana. 1997 • “Carreteras secundarias” luzemetraian, “Trueba-Sogecine Kaplan”-ek ekoitzia, elektrikari lana. 1996 Ondorengo ekoizpenetan elektrikari lana: • “La fabulosa historia de Diego Mar?n” luzemetraia, “J.M. Lara P.C.”-k ekoitzia. • “Todo esta oscuro” luzemetraia, “Igeldo Komunikazioa”-k ekoitzia. • “Cuestión de suerte” luzemetraia, “Mate Producciones”ek ekoitzia. • “A ciegas” luzemetraia, “Starline” produktorak ekoitzia. 1995 Ondorengo ekoizpenetan elektrikari lana: • “Matias juez de linea” luzemetraian, “Iberoamericana”-k ekoitzia. • Publizitate arloan hainbat lan. 1994 Ondorengo ekoizpenetan elektrikari lana: • “Alsasua 1936” erdimetraia, “J.M. Lara P.C.”-k ekoitzia. • “Justino un asesino de la tercera edad” luzemetraia, “J.M. Lara P.C.”-k ekoitzia. • “Salto al vacío” luzemetraia, “Daniel Calparsoro S.L.”-k ekoitzia. 1993 • Donostiako “Argilun” argiztatze enpresarekin elektrikari eta makinista lanak. • Spot-ak, Bideo-klip-ak eta baita pelikula bat ere. • “Despues de tantos años” luzemetraian, “Aiete-Ariane films”-ek ekoitzia, elektrikari lana. 1992 Venezuela-ko bi telebistetan hainbat programa dramatikotan, publizitatean eta “Vidas paralelas” Kubatar luzemetraian makinista lanak. 1991 Bergarako udaletxeko bideo zerbitzuko koordinatzaile Telmo Esnal Illarramendi (Zarautz 1967)

• “Entre Bateas” luzemetraian zuzendari laguntzaile 2001. • “El regalo de Silvia” luzemetraian zuzendari laguntzailea. • “800 balas” luzemetraian zuzendari laguntzailea. • “La Comunidad” luzemetraian zuzendari laguntzailea. • “Un buen novio” luzemetraian zuzendari laguntzailea. • “Cuestión de suerte” luzemetraian bigarren zuzendari laguntzailea, “Mate Producciones”ek ekoitzia. • “La Fabulosa Historia de Diego Marín” luzemetraian zuzendari laguntzailea, “J. M. Lara PC”-k ekoitzia. • “Matías Juez de Línea” luzemetraian bigarren zuzendari laguntzailea, “Lola Films”-ek ekoitzia. • “Cachito” luzemetraian bigarren zuzendari laguntzailea, “Orígenes”-ek ekoitzia • “Hola, ¿Estás sola?” luzemetraian bigarren zuzendari laguntzailea, “Fernando Colomo PC”-ek ekoitzia. • “Justino...” luzemetraian bigarren zuzendari laguntzailea, “J.M. Lara PC”-k ekoitzia. • “Alsasua, 1936” erdimetraian zuzndari laguntzailea, “Igeldo Films”-ek ekoitzia. • “Maité” luzemetraian produkziozko laguntzailea, “Igeldo Films”-ek ekoitzia. • “Los baúles del retorno” luzemetraian bigarren zuzendari laguntzailea, “Figaro Films”-ek ekoitzia. • “Los años oscuros” luzemetraian produkzio laguntzailea, “J.M. Lara PC”-ek ekoitzia. • “La vida de sor corazón” erdimetraian produkzio laguntzailea. • “Invierno en Lisboa” luzemetraian produkzio laguntzailea, “Igeldo Films”-ek ekoitzia. • “El Cura Santa Cruz” luzemetraian produkzio laguntzailea, “Zauli Films”-ek ekoitzia. • “El Anónimo” luzemetraian produkzio meritorio gisa, “Sagutxo Films”-ek ekoitzia. • ETB-ko hainbat programa eta telesailetan produkzio laguntzailea: “Entre amigos”, “Hau da hau”, “Bi eta bat”, “Balinda”... Asier Altunak eta Telmo Esnalek batera eginiko zine lanak

2002 urtean “Topeka” ekoizketa, gidoia eta zuzendaritza. Topeka laburmetraiak orain arte mundu osoko hainbat lehiaketetan parte hartu du, oso harrera ona izan du eta hainbat sari lortu ditu. • Bilboko zine dokumental eta laburmetraien lehiaketan euskal laburmetrai onenaren saria. • Granada-ko 2003ko errealizadore gazteen astean lehen saria. • Hueskako laburmetrai festibalean laburmetrai onenaren saria. • Benicassin-eko zine festibalean bigarren saria. • El mundo sarietan euskal laburmetrai onenaren saria. • Irungo 2. gazteen zine eta bideo bileran laburmetrai onenaren saria. • Euskal filmotekak 1997ko laburmetrai onenari emandako saria. • Malagako 1° zine lehiaketan laburmetraietan bigarren saria. • 35 mm-tan eginiko «40 ezetz» laburmetraiaren gidoia eta zuzendaritza. • “korrika 2001” bideo klip promozionalaren gidoia eta zuzendaritza. • 35 mm.tan eginiko «txotx» laburmetraiaren gidoia eta zuzendaritza (1996an euskal mediaren dirulaguntzaz produzitua). • Txotx laburmetraiak orain arte mundu osoko hainbat lehiaketetan parte hartu du,oso harrera ona izan du eta hainbat sari lortu ditu. • Bilboko 39. zine dokumental eta laburmetraien lehiaketan euskal laburmetrai onenaren saria. • Aguilar de Campo-ko 7. zine astean laburmetrai onenaren saria. AUPA ETXEBESTE!

FICHA TÉCNICA / FITXA TEKNIKOA / CREW Dirección / Zuzendaritza / Direction - Telmo Esnal - Asier Altuna Guión / Gidoia / Sreenplay- Telmo Esnal, Asier Altuna, Pablo Bueno Música / Musika / Music – Javi Pez Director de Fotografía / Argazki Zuzendaria / Director of Photography – Javi Aguirre Dirección de Producción / Produkzio burua / Production Manager - Ander Sistiaga Ayudante de Dirección / Zuzendari-laguntzaile / Assistant Director – Aitor Vitoria Montaje / Editorea / Editor – Pite Piñas Sonido directo / Soinu teknikaria / Sound Recordist - Pablo Bueno Montaje de sonido / Soinu editorea / Sound Editor– Imanol Alberdi Dirección Artística / Zuzendaritza Artistikoa / Art Director – Pello Villalva Maquillaje / Makillajea / Make-up – Lola López Peluquería / Ile apaintzea / Hair Stylist - Itziar Arrieta Vestuario / Jantziteria / Costume Designer – Nagore Aranburu Producción Ejecutiva / Ekoizle eragileak / Executive Producers - Jose Maria Lara - Iñaki Gomez Productoras / Ekoizleak / Producers – ALOKATU – IRUSOIN Con la participación de EUSKAL TELEBISTA – SOGECABLE CANAL PLUSen partaidetzarekin. Con ayuda de / Babesleak – ICAA - ICO - Gobierno Vasco/Eusko Jaurlaritza DATOS TÉCNICOS / DATU TEKNIKOAK / TECHNICAL DATA Duración / Iraupena / Running time: 90 min Formato / Formatua / Format: Color – 35 mm Proyección / Proiekzioa / Screen ratio: 1:1,85 Sonido / Soinua / Sound: Dolby Digital Metraje / Metrajea / Length in meters: 2.500 m Año de producción / Ekoizpen urtea / Production year: 2005 Versión Original / Jatorrizko Bertsioa / Original Version: Basque Versión Original Subtitulada a Castellano Versión Doblada a Castellano FICHA ARTÍSTICA / FITXA ARTISTIKOA / CAST Patricio Etxebeste - Ramon Agirre Maria Luisa - Elena Irureta Luziano - Paco Sagarzazu Iñaki - Iban Garate Axun - Iñake Irastorza Exenarro - Patxi Gonzalez Julian - Jose Mari Agirretxe Juan Kruz - Felipe Barandiaran Maite - Ane Sanchez Lapurra-1 - Guillermo Toledo Lapurra-2 - Luis Tosar Udaltzaina - Anjel Alkain
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Iñaki Igon Garitaonaindia Murgiondo “Gari”. Musikagilea eta Hertzainak taldearen abeslari ohia: Dena galtzear egon naiz

 

Irakurri

Bernhard Franz Hurch. Hizkuntzalaritza Orokor eta Aplikatuan katedraduna: Hizkuntzalari espainiarrek oso interes txikia agertu dute euskararen inguruan

 

Irakurri

Belen Greaves. Bizkaiko Kultur Foru Alduna: Ez digu ezertarako balio barrualdea guztiz modu zoragarrian berriztatu duten elizak edukitzeak, eliza horiek beti itxita badaude

 

Irakurri

Igor Yebra. Dantzaria: Antzeztokian egotea adrenalina betekada da, emozio guztiak maila gorenera eramatea

 

Irakurri

Maitena Burundarena. Umorista: Garrantzitsuena, nor bere modura bizitzea eta gauzak beldurrik gabe esatea da. Beste modu batean pentsatzearen eta polemika sortzearen beldur ez izatea

 

Irakurri