Begoña Amunarriz. Parlamentari ohia: Emakumearen egoeran urrats oso positiboak eman dira, baina arlo batzuetan berdintasun faltsuan bizi gara

2008-03-28

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Euskonews & Media astekariak bere 10. urtemuga betetzen du 2008an. Hori dela eta, beste ekintzaren artean, hilean behin eta abendura arte, elkarrizketa berezi bat argitaratuko dugu gure herriko azken urteotako historiaren pertsonai adierazgarri batekin. Astero ditugun milaka irakurleei egin diezaiekegun oparirik onena delakoan gaude.

Begoña Amunarriz, feminista sutsua, Eusko Legebiltzarrean sartu zen lehen emakumea da. Zehazki, 1980ko hauteskundeen ostean hasi zen han. Borrokalari nekaezina izanik, Euskal gizarteko eremu guztietan defendatu izan ditu emakumeen eskubideak. Bestalde, gaian aditua denez, genero-berdintasunaren mugimenduan erreferente bihurtu da.

Bizitza politikoan lehen urratsak Donostiako Udalean eman zenituen, 1979an...

Jarduera instituzionalari dagokionez bai. Baina askoz lehenago hasi nuen nik politika-jarduna, familia-inguruko gauza izan zela uste dut. Familia abertzalean sortu nintzen, aita gudaria izan zen, beranduago Frantzian egon zen erbesteratuta eta azkenik Espainiako kontzentrazio-esparru batean izan zen. Amak bi urte eta erdi eman zituen espetxean gerra-garaian. Beraz, errepresio handiko garaian jaio eta zaildu nintzen. Abertzaleok proskribatuta geunden, publikoki jarduteko inongo aukerarik gabe, eta ondorioz, erresistentzia-kulturan egin behar izan genuen aurrera.

Aktibismo politikoan lehen pausoak ikastetxean bertan eman nituen. Ikastetxe horretan ez zen euskal andereñorik izan 60ko hamarkadaren erdira arte, bertoko irakasleak beste zonalde batzuetara bidali eta kanpokoak ekartzen baitzituzten. Kanpotik zetozen andereño haiek ez zekiten ezertxo ere gure kulturaz, izaeraz etab., are gehiago, euskal kutsua zuen ororen kontra zeuden. Ni neu ere zigortu ninduten, eskolan jolas-orduan ikaskide batekin euskaraz hitz egitearren. Fraga Iribarne ministro zela Francok erreferenduma deitu zuenekoa beste etapa bat izan zen. Propaganda banatu eta antzeko ekintzak ere egin nituen, eta Aberri Egunaren ospakizunetan atxilotu egin ninduten, Iruñean. Manifestazioetara joan nintzen, torturak zirela-eta Poliziaren aurkako epaiketetan izan nintzen, etab.

Nola pasatu zinen klandestinitatetik jardun-publikora? Zergatik eman zenuen urrats hori?

Testuingurua asko aldatu zen 1975ean. Franco hil ostean egoera aldatzen hasi zen. Erregimenak iraun egin nahi zuen, baina gehienok bagenekien ezin izango ziola eutsi. CIA ere iritzi berekoa zen eta agenteak bidali zituen Euskadira erregimenaren aurkako kolektiboen egoera aztertzera. Nik neuk –orduan ezer ez nekiela– itzultzaile-lanak egin nituen agente haietako batentzat. Gernikako bonbardaketan naziek erabilitako gerra-materialari buruzko lekukotasunak biltzen ari zen idazlearentzat lanean ari nintzela uste nuen. Gerora jakin nuen bere helburua oso bestelakoa zela.

Azkenean demokrazia hurbiltzen ari zen eta aldi berean bestelako aldaketak ere gertatzen ari ziren, nigan, emakume izanik, eragin handia zutenak. 1975. urtean NBEk Emakumearen Nazioarteko Urtea antolatu zuen Mexiko Hirian. Emakumeon egoerak aldaketa sakonak eta premiazkoak behar zituen mundu osoan, baina hemen bereziki, 40 urteko frankismoaren eta nazionalkatolizismoaren ondoren, gure egoera penagarria zen.

NBEk, auziaren tamaina ikusita, hamarkada bateko epea finkatu zuen hainbat alderditan lan egiteko. Espainiak Konstituzio berria landu behar zuenez, une egokia zen emakumearen status juridikoa sakonki aldatzeko. Garai hartan aktibismoa bi frontetan eraman nuen aurrera, batetik abertzale gisa Autonomia Estatutuaren alde, eta bestetik feminista gisa emakumeari begira aurrerakoia izango zen legediaren alde. Izan ere, lege frankisten arabera emakumea ezindua eta gizonezkoaren menpekoa zen.

Trantsizioaren lehen etapan EAJn afiliatu nintzen, pentsatu nuelako alderdi politikoen bidez zuzenago eta eraginkorrago aritzeko aukera izango genuela.

Nola gogoratzen dituzu Donostiako Udaleko garai haiek?

Udal Kudeaketa-batzordean hartu nuen parte, eta hura oso gertakari garrantzitsua izan zen, oso hunkigarria. Gure karguak hartu genituen saioa Gernikako Arbola abestuz amaitu genuen. Gogoangarria!

Baina Batzordean sartzea ez zen batere erraza izan. 1977ko hauteskunde orokorren ondoren, Donostian oraindik ere azken alkate frankista zegoen alkatetzan, eta ez zuen kargua uzteko asmorik. Alderdiok presio egiten genion joan zedin, herritarrek euren borondate politikoa erakutsi zutela eta. Baina Otazu alkateak ez zuen dimisiorik aurkezten, eta Historia gertatu moduan kontatu behar denez, ba horrela izan zen: ETAk lehergailua jarri zion etxeko atarian, beldurtu eta alde egin zuen.

1977an lortutako botoen arabera sartu ginen Udalean eta Udal Kudeaketa-batzordea jarri genuen martxan, PSOEko Ramon Jauregi buru zela. Garai horretan zinegotzi izan nintzen, eta gure gestio-aldiaren azken fasean alkateorde.

Ahalegin handiz aurrera atera ahal izan nituen bi helburu azpimarratuko nituzke garai horretatik, batetik emakumeak udaltzaingoan sartzea eta bestetik Familia-plangintzako zentroa zabaltzea.

Gaur egun sinesgaitza badirudi ere, lorpen horien kontura pertsonalki oso faktura handiak ordaindu behar izan nituen.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 1980ko martxoan egin ziren. Hautatu zintuzten eta lehenengo emakume parlamentaria izan zinen...

Bai, 1980an jarri zen abian Euskadiren historiako lehen Legebiltzarra. Beste lau emakumerekin batera hautatu ninduten, baina guztien artean ni nintzen zerrendan postu altuenean zegoena. Bosgarrena nintzen Gipuzkoatik, Carlos Garaikoetxea buru zuen zerrendan. Eserlekua lortu genuen bost emakumeetatik hiru gipuzkoarrak ginen (EAJko bi eta HBko bat, Ganberara joango ez zena), bat bizkaitarra eta bestea arabarra.

Orduan 31 urte nituen eta 7 eta 4 urteko seme-alabak. Ganberako parlamentaririk gazteena nintzen.

Nolakoa izan zen Legebiltzarrera sartze hura?

Nire bizitza politikoa oso zaila izan da beti, eta garai hartan gainera emakumeentzako eskubide-berdintasunari buruzko kontzientzia hutsaren hurrengoa zen. Emakume aurrerakoi gisa egiten nituen planteamenduengatik sarritan tira-birak izan nituen gizarteko eta baita ere nire alderdiko sektore kontserbadoreenekin. Hainbat gai datozkit gogora, hala nola dibortzioa, emakumeak goi-mailako karguetan izateko aukera, emakumeak Ertzaintzan sartzea, aurrerago abortua zigor-gabetzea, etab.

Bereziki harro nago Legebiltzarraren egoitza berrian –Bizkaiko eta Arabako diputazioak izan genituen behin behineko egoitza– egin nuen hitzaldiaz. Osoko bilkurako eztabaidagaiari heldu baino lehen, tribunatik adierazi nuen etorkizunean egun hartako saioan baino emakume gehiago bilduko zirela bertan, hori zen nire desioa eta ziurtasuna. Hitz hunkigarriak izan ziren.

Legebiltzarreko lehen etapa honetan bi gertakari nabarmendu nahi ditut, oso garrantzitsuak izan baitziren, lehenengoa Euskal Herriarentzat eta bigarrena Estatu osoarentzat: Nervaceroko langileek parlamentariak bahitu zituztenekoa –egunen batean agian oso interesgarria izango litzateke nola gertatu zen argitzea– eta otsailaren 23a.

Bi gertakariek, maila berekoak izan ez arren, gure erakundeen sendotasuna probatzea izan zuten helburu.

Nondik datorkizu hezkuntza feminista?

Amaren figura indartsuak haurtzarotik baldintzatu zuen emakumeei buruz dudan iritzia, hau da, gaitasun handiko pertsona gisa ikusten ditut, borrokalariak, gogorrak eta kementsuak. Garai hartan amak bere lanbidea zuen, familiaren zaintzarekin bateratzen zuena. Feminismoaren planteamendu teorikorik ez bazuen ere, praktikan fazeta askotan ildo horri jarraitzen zion, eta beraz, urrun zegoen bere garaiko emakumeen estereotipotik.

Bestalde, moja-ikastetxean luzaroan izateak –ia monopolizatuta zeukaten garaiko hezkuntza-sistema– “maskulinoari” eta “femeninoari” buruzko irakaspenak sakonki arbuiatzera eraman ninduen. Kontzeptuok gizonezkoen “autoritateari” eta emakumezkoen “obedientziari” lotuta zeuden beti. Behin eta berriro azpimarratzen ziguten ikur maskulinoekin adierazitako Jainkoaren eta Amabirjinaren arteko distantzia infinitua. Amabirjina hura, beti burumakur, “hona hemen Jainkoaren mirabea” lema ospetsua errepikatzen zuena.

Generoen gaineko ideologia hori guztia suspergarri izan zen niretzat nerabezaroan.

Gainera, oso liburuzalea nintzen eta horrek ehun mila ate zabaldu zizkidan, bestela niretzat itxita egongo zirenak.

Garai hartan ezohikoa zen beste datu bat. Oso gaztetatik atzerrira joan nintzen ikastera –Ingalaterra, Belgika, Irlanda–. “Askeak” ziren herrialdeetan “arnasa hartzeaz” gain, mundu osoko gazteekin batera izaten nintzen, oso bestelako kulturetatik zetozenak eta bizitzan gure giroan pentsaezinak ziren helburuak zituztenak. Esperientzia praktiko guztiak emakume-izaerari buruzko ikasketa gero eta sakonagoekin bateratzen nituen. Arlo publikoan emakumerik apenas ez izatea ia-ia obsesio bilakatu zen niretzat. Zergatik gertatzen zen? Zein zen egoera horren sustraia? Egia bilatzeko bide bikoitzari eutsi diot ordutik, hau da, batetik bizitako esperientziek eta bestetik Historian, Erlijioetan, Literaturan, Zientzian, Psikologian... jasotako datuek osatzen duten bide bikoitzari.

28 urteko aldearekin begiratuta, Legebiltzarrean sartu zen lehen emakumea izatetik... alde handia dago, ezta?

Aldea handia da, bai, baina ez da nahikoa eta datuak apur bat iruzurtiak dira. Gure Legebiltzarrari dagokionez, gu sartu ginenean % 5a ginen, eta azken legegintzaldian gorakada izugarria izan da kuantitatiboki begiratuta. Baina zenbakia datu bat besterik ez da, emakumeen kokapena eta benetako boterea beste gauza bat dira. Gaur egungo mundu politikoan emakumeak alderdietan eta erakundeetan integratzearen gaia gizonek kudeatzen dute. Gizarteko lau botereen artean (politikoa, finantzarioa, militarra eta erlijioari lotutakoa) politikoan bakarrik sartu ahal izan gara maila ertainean, gainontzekoetan ia-ia tokirik ez dugu.

Erlijiosoan egia da eliza kristau batzuetan, anglikanoan esaterako, emakumeak apaiz egiten direla. AEBetako eta Europako iparraldean emakumezko gotzainak era badira. Baina Eliza Katolikoak askoz kide gehiago ditu eta emakumearekiko jarrera itxiari eusten dio. Islamak, Europan gero eta gehiago hedatzen ari denak, gure aurrerapausoetan atzera egitea dakar.

Politikan, botoak erakarri nahiak bultzatu du emakumeen sarrera, batez ere gizartearen babes handia –eta beraz botoak– behar duten ordezkaritza-karguen kasuan. Marketingak garrantzi handia du hauteskundeetan, baina ondoren errealitatea ez da horren bikaina izaten. Garai batean, hautatuak izateko aukerarik ez izan arren emakumeak hauteskunde-karteletan azaltzen ziren. Garai hura gainditu dugu, egia da. Badirudi emakumeek jada ez dituztela irudi-joko horiek “irensten”.

Baina alderdien eta Erakundeen erabakiguneak aztertzen baditugu, ia emakumerik ez dagoela ikusiko dugu. Sarritan gertatzen da kargu batean emakumea egotea, baina izena besterik ez da. Izan ere, kargu berean gizonezkoa dagoenean eskumen gehiago izaten ditu. Eta Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, onartu behar da hobera egin dugula, batez ere Ganbera Legegileetan, baina Gobernuetan ez da oraindik emakumezko Diputatu Nagusirik hautatu, ez Lehendakaririk, ez eta Alkaterik hiru hiriburuetako udaletan. (Bitxia bada ere, Bilboko emakumezko alkate bakarra Pilar Careaga frankista izan da).

Demokrazian eta integrazioaren aldeko borrokan horrenbeste urte pasa ondoren uste dut emaitzak ez direla nahikoak.

Etsigarria al da?

Emakume eta feminista naizen aldetik bestelako errealitatea nahiko nuke. Eta ez bakarrik hemen. Munduan gertatzen dena zorroztasunez aztertzen badugu ikusiko dugu oraindik orain politika askotan beharrezkoa dela familia-loturak izatea boterera iristeko. Ameriketan, adibidez, Cristina Fernandez dugu Argentinan, Kichner senarraren ostean iritsi dena Lehendakaritzara. Txileko Bachelet lehendakaria, berriz, Pinocheten diktaduran eraildako jeneralaren alaba da. Eta AEBetan Clinton lehendakari ohiaren emaztea da Hillary.

Nikaraguan gauza bera gertatu zen Violeta Chamorrorekin eta beste kontinente batzuetara begiratuta hor dugu Macapagal Filipinetan, edo Segolene Royale Frantzian, Pakistanen hil berri duten Benazir Buhto (Ali Buthoren alaba), eta lehenago Bandaranaike Sri Lankan, Indira Gandhi Indian (Nerhuren alaba), Cory Aquino Filipinetan...

Badira gutxi batzuk “familia-makulurik” gabe iritsi direnak, hala nola M.Thatcher (Bretainia Handia), Gro Harlem (Norvegia) Finnbogadotir (Islandia), Golda Meir (Israel) eta orain Angela Merkel (Alemania) eta agian Julia Timoshenko (Ukrainia), Irlanda eta Finlandiako lehendakariak... baina oso gutxi dira XXI. mendeko argazkia izateko.

Esperanza Aguirre edota Palaciotarrak ez dituzu aipatu...

Ez da gauza bera goi-karguduna izatea edo buruzagia edo liderra izatea. Palacio ahizpak, Ana eta Loyola, goi-karguetan izan ziren, Ana Kanpo Arazoetarako ministro izan zen (lehena Espainiako Historian) eta Loyola ministro eta Europako Batzordekide.

Esperanza Aguirre ere goi-karguduna da, Madrilgo Erkidegoko lehendakaria denez, eta gainera PPko buruzagia.

Baina lidergoa beste gauza bat da.

Idoia Zenarruzabeitia...

Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea da, eta goi-kargu oso garrantzitsua da. Aurrerapausoa izan da emakumea kargu horretarako hautatzea. Baina hala ere, oso interesgarria da halako “bigarren” izate horiek aztertzea, boterean sexuen araberako hierarkizazioaren ikuspegitik. Euskal Herrian hor ditugu baita ere Izaskun Bilbao Legebiltzarreko lehendakaria eta baita Begoña Errasti ere, oraintsu arte EAko lehendakari izan dena, gurean alderdi politiko bateko agintari gorena izan den emakume bakarra.

Esparru abertzaletik kanpo ere aipatu beharrekoak dira Maria San Gil, EAEko PPko lehendakaria, Rosa Diez, PSOEtik alde egin ondoren alderdi berria abian jarri duena, edota Michelle-Alliot-Marie Iparraldean, Donibane Lohitzuneko alkate izan dena, Defentsa-ministro Chirac-ekin eta egun Barne-ministro Sarkozyrekin.

Jarri dituzun adibideei erreparatuta badirudi emakume-lider gehiago izan direla eskuineko erregimenetan...

Galdera oso iradokitzailea da, oso datu kontraesankorrak baitaude garai historikoen eta herrialdeen arabera. Bretainia Handiko eta AEBetako mugimenduak aztertzen hasten bagara, hau da, emakumeek euren eskubideen alde gehien borrokatu diren herrialdeetako mugimenduak, ikusiko dugu borrokak kasu gehienetan ez duela eskuin edo ezkerreko etiketarik izan, hortik kanpo eraman baita aurrera. Dena den, beti egon da ezkerrari lotuago “Establishment” delakoaren kontrako guztia.

XVII. mendeko Ingalaterrako “The levellers” haiek eta XIX. mendeko sufragismoak ez dute ohiko etiketarik onartzen. XVIII. mendeko Frantzia iraultzailera jotzen badugu Olympe de Gouge-ekin egingo dugu topo. Berak “Emakumeen eskubideen Deklarazioa” eskatu zuen “Gizonaren eskubideen Deklarazioarekin” batera. Baina iraultza hartan emakumeen eskakizunek ez zuten tokirik eta burua moztu zioten gillotinan.

Hala ere, beste gertakari hura –New Yorkeko Cotton enpresan 1908ko martxoaren 8an gertatutakoa, non 10 orduko lanaldia eskatzen zuten 129 emakume erreta hil ziren– Internazional Sozialistak bere banderatzat hartu zuen eta data hori mundu osoan ospatzea lortu zuen, emakumeen borrokaren ikur bilakatu baitzuen. Dena den, beste herrialde batzuetan feminismoa goi burgesiaren eskutik sartu zen, eta batzuetan baita aristokraziaren bidez ere, hein handi batean haiek zirelako kultura eskura zuten emakume bakarrak eta gizarte aurreratuagoekin harremanak zituztelako.

Marxismoaren munduan ere emakume garrantzitsuak izan ziren, besteak beste, Rosa Luxemburgo, Clara Zetkin edota Alexandra Kollontai, baina orokorrean ideologia dogmatikoegia zen feminismoaren berezitasunek behar zuten autonomiarentzat. Hemen Euskadin Dolores Ibarruri “Pasionaria” dugu horren adibide garbia. Emakume marxistek aurrera eraman zuten aktibismo politikoa argi eta garbi erakusten du berak: langile-mugimendua izan zuten ardatz eta propio emakumeena den borrokarekin harreman gutxi izan zuten.

Egia da, halaber, geroago, eta ildo ideologiko horretan, teoria feministaren arloko pertsona garrantzitsuak agertu zirela, hala nola, Simone de Beauvoir (Frantzian) eta Lidia Falcón (Espainian).

Orainago, Frantzian Marie France Garuad dugu (eskuinekoa), hainbatetan Lehendakari izateko hautagai gisa aurkeztu zena, bere lekukotza uzteko, bederen. Frantzian bertan eta eskuinetik atera gabe, Simona Veil-ek emakumearen aldeko lan bikaina burutu zuen. AEBetan Geraldine Ferraro daukagu (New Yorkeko aberatsa), Mondalekin batera demokraten hautagai izan zena.

Espainian, trantsizio-garaian feminismoak gora egin bazuen ere, eskuineko ideologiadun emakumeek ez zuten ia parte hartu prozesuan, ez zuten protagonismorik izan, baina boterera iristean –bitxia bada ere– emakume batzuk aukeratu zituzten ardura garrantzitsuetarako. Garai hartakoak dira Soledad Becerril (Kultura ministroa), Rosa Posadas (UCDren gobernuko bozeramailea), etab. Hau da, errebindikazioen esparruan borrokatu ez baziren ere, gero kargu esanguratsuak eskuratu zituzten, irudi aldetik aldaketa, modernitatea eta aurrerakoitasuna iradoki zezaketenak. Berandu eta azken emaitzetara iritsi arren, horien guztien izendapenak oso positiboak izan ziren.

Legebiltzarrera iritsita, zeintzuk izan ziren zure eginkizunak?

Batzordeei dagokienez, hiru alorretan egin nuen lan: 1) Ekonomia, Ogasuna eta Aurrekontuak, 2) Kultura eta 3) Giza Eskubideak. Gainera, Lurralde Historikoen Legeari begira sortu zen batzorde bereziko kide izan nintzen, horrek bi urte iraun zituen eta eragin handia izan zuen EAJ astindu zuen katarsian, zatiketan eta EAren sorreran.

Beraz, protagonista gisa bizi izan nituen urteko aurrekontu-legeak, egungo funtzionamendu ekonomikoaren oinarria izan direnak. Kulturan, gurekin sortu ziren EITB, Euskadiko Orkestra, Euskararen Legea, HABE, etab. Aurretik Gasteiz aukeratu genuen EAEko hiriburu izateko. Giza Eskubideen batzordean ere egin nuen lan, eta ildo horretan bi lorpen oso garrantzitsu aipatuko nituzke, batetik Euskadin Emakumeak bizi zuen egoerari buruzko Liburu Zuria, eta bestetik, EAEn kokatutako espetxeei buruzko txostena.

Lehenari dagokionez, gure erkidegoko datu guztiak eskura izateak oso zerbitzu garrantzitsua ahalbideratu zuen: Europako estandarretara hurbiltzeko beharrezkoak eta premiazkoak ziren aldaketak egiteko neurriak bideratzeko aukera eskaini zuen. 1981ean eskatu genuen Liburu Zuria egitea, eta hurrengo urtean argitaratu genuen.

Espetxeen gaineko txostenari dagokionez, aitortu behar dut sekulako eragina izan zutela nigan kartzeletara egindako bisitek. Esperientzia horrek biziki hunkitu ninduen eta hausnarketa egitera bultzatu ninduen, gizartea orokorrean eta politikariak bereziki errealitate horri bizkar emanda bizi baikara. Eta ez naiz preso politikoen egoeraz bakarrik ari, orokorrean preso guztiei buruz baizik.

Era berean, Giza Eskubideen batzorde horretan nintzela ETAk bahitutakoen familiak bisitatu nituen, eta ildo horretan oso egoera gogorrak eta hunkigarriak bizi izan nituen. Biolentzia handiko garaia zen, eta halako uneetan sistema demokratikoak bizi dituen tirabirek eta kontraesanek batzuetan ia ezinezko egiten dute herritar guztientzat bidezkoa eta onargarria den eran jardutea.

Landu duzun gaiarekiko sentsibilitate handiagoa eta txikiagoa erakutsi duten politikariak aurkituko zenituen zure ibilbidean zehar.

Historikoki ere gertatu da hori. Bi pertsonaia aipatuko ditut adibide gisa, gehiago ere badiren arren. Betidanik errespetu handia izan diet Condorcet-i Frantzian eta Stuart Mill-i Ingalaterran, gizonak izan arren emakumeen alde borrokatu baitziren. Beraz, badira gizonak emakumeei benetan lagundu dietenak euren eskubideen defentsan, eta aitortu behar dugu badirela emakume asko halakorik egin ez dutenak eta arraren eta bere sistema patrialkalaren konplize hutsak izan direnak.

Penagarria da onartzea, baina feminismoaren alorreko emakume errebindikatzaileak beti izan dira deserosoak, batez ere alderdietako buruzagientzat; lehenik eta behin emakumeek karguak eskuratzeko aukera baldin badute euretako batzuk kanpoan geldituko direlako, eta bestetik, ez dutelako nahi emakumeen beharrak eta eskariak euren jardueren helburuen artean sartzea. Hau da, ez dute emakumea nahi ekintza politikoko subjektu gisa ez eta objektu gisa ere. Dosi txikietan bakarrik nahi dute, aurrerakoiaren irudia izateko beste. Nire ibilbide pertsonalean –lehen esan dudanez oso gogorra izan dena– bereziki gizon bat nabarmendu nahiko nuke, ez da bakarra izan, baina elkarrekin lan egin genuen bitartean beti erakutsi zidan laguntasun leiala, arrakalarik gabekoa: Gurutz Ansola da bera, Gipuzkoako parlamentaria, Legebiltzarreko Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontuen batzordeko Lehendakaria eta aurrerago Gipuzkoako Batzar Nagusietako Lehendakari izan zena. Niretzat guztiz aurkakoa izan zirenen izenik ez gogoratzea nahiago dut.

Emakumeen izen batzuk aipatu dituzu. Ez dakit horiek eredugarriak diren zuretzat politika-mailan eta emakumearen borrokaren alorrean...

Beti miretsi izan ditut publikoki onartuak izan ez diren borrokalariak, heroi anonimoak, besteei bidea zabaltzeko izotza apurtzen lan egin dutenak. Emakumeen artean mendeetan zehar bidegabekerien eta pairatzen zituzten klixeen aurka altxatu direnak aipatu ditzaket. Eurek, ausardiaz, bideak markatu dituzte eta egungo eta etorkizuneko lorpenak ahalbideratu dituzte. Prozesua kate-begiz kate-begi osatzen da eta hori bera izan beharko genuke helburu, kate-begi bat gehiago izatea. Erabateko errespetua diet guztiei.

Izen batzuk eman ditzakegu, hori bai. Adibidez Hatshepsut, Historian oso atzetik hasita. Duela urte asko Egipton Erregeen Harana bisitatu nuenean tenplu bat deigarria iruditu zitzaidan, gainontzekoen aldean bestelakoa zena, eta horrela aurkitu nuen Antzinako Egiptoko emakume Faraoi bakarra. Pertsonaia oso erakargarria iruditu zitzaidan eta bere gainean ikertu nuen; martxoaren 8 batean prentsa-artikulua argitaratu nuen bere ausardiaren omenez.

Kretan ere, mendi arteko herrixka batean, bertoko emakume heroiaren hilobia aurkitu nuen, Greziako independentziaren aldeko gerran aritu zena. Gisa bereko beste horrenbeste emakume heroien istorioak ditut jasota. Egia da, ia-ia ziurtatu egin dezakegu zibilizazio, garai eta testuinguru guztietan egon direla profil hori izan duten emakumeak. Baina gugandik hurbilago daudenez nabarmenduko ditut lehen ere aipatu ditudan “The Levellers” haiek, AEBetan XIX. mendean eta inork halakorik egiten ez zuenean eskubide politikoak errebindikatu zituen emakumeen kolektiboa, emakumeen botoaren alde Seneca Fall-eko deklarazioa lortu zutenak, eta sufragista britainiarrak, kementsuak eta miresgarriak, hala nola Pankhurst-tarrak (ama eta hiru alabak) edota Emily Davidson, bere burua Galeseko Printzearen zaldiaren hanketara bota zuena. Eta Virginia Wolf...

Espainian Clara Campoamor bere alderdiaren aurka altxatu zen Gorteetan emakumeen boto-eskubidearen aurka azaldu zelako.

Eta Flora Tristan, frantziar-perutar feminista, emakumearen eta zapalduen alde lan handia egin zuena. Hala ere, askok, bera aipatzean, Gauguin margolariaren amona zela besterik ez dute gogoratzen.

Eta hemen Euskadin EABko emakumeak (Emakume Abertzale Batza) aipatu behar ditugu. Emakumearen eskubideen alde ez ziren hain errebindikatiboak izan, baina soilik esparru pribatuan aritzearen rol estua nolabait apurtu egin zuten eta euskal abertzaletasunean bidea zabaldu zioten emakumeen aktibismo politikoari.

Emakume horiek eredugarri dira niretzat, azken finean gauzak aldatzeko borrokatu eta ahalegindu diren guztiak. Euretako inori ez diote monumentu handirik eskaini, eta ez dute historialari gehienen errekonozimendurik ere jaso. Gizarteak, oraindik ere, ez ditu bere emakumeak behar den moduan omentzen. Umiltasuna, batzuetan, ez da gure bertutea, inposatu egiten diguten zerbait baizik.

Esku artean erabili dituzun hainbat lanez mintzatu zara lehen. Batzuk bukatu eta emaitza eman zuten. Baina egongo dira egin nahi zenituen eta oraindik lortzeke dauden beste batzuk ere...

Lan horien artean, Emakumeen aldeko Hamarkadaren amaierako jardunaldietan parte hartu ondoren egindakoa azpimarratuko nuke, besteak beste. NBEk Nairobin antolatu zituen 1985ean, eta Eusko Jaurlaritzak ordezkari bidali ninduen. Jardunaldietan bildutako material guztiekin txostena idatzi nuen. Oso material interesgarriak ziren benetan, munduko herrialde guztietako eta emakumeengan eragina duten gai guztietako xehetasunak jasotzen baitziren. Nik neuk politikari eta erakundeei buruzko txostenetan hartu nuen parte nagusiki, baina txostenean beste hainbat gai ere jorratu nituen osagarri gisa: hezkuntza, osasuna, kultura, etab. Bitxikeria bat dut gogoan: saio baten sarreran Betty Friedan feminista iparramerikar ospetsuarekin egin nuen topo.

Nairobiko beste oroitzapen oso interesgarri bat dut, egungo egoerarekin lotuta dagoena. Alderdi Demokratikoko emakume-talde iparramerikar batekin izandako elkarrizketetan jasotako pronostikoaz ari naiz. Emakume horiek ziurtasun osoz esan zidaten Ameriketako Estatu Batuek lehenago izango zutela lehendakari beltza lehendakari emakumea baino. Uste dut iritzi hori oso kontuan hartzekoa dela egungo hauteskunde-prozesuan, Hillary eta Obamaren arteko lehían.

Gerora Emakunde izan zena sustatzeari ekin zion taldeko kideetariko bat ere izan nintzen. Emakume talde txiki bat ginen –batzuk EE alderditik zetozen–, eta halako batean bilera bat egitea bururatu zitzaigun, besterik gabe. Zarautzen egin genuen bat-bateko bilera hura. Emakumearen alorrari lotutako tresna instituzionala abiarazteko proposamena aztertzea eta prestatzea zen gure asmoa. Ordurako ia Europa osoan zeuden horrelako erakundeak, eta haien lanaren emaitzak, nahiz eta artean mugatuak izan, behar-beharrezkoak ziren.

Ekarpen haien ondoriozko gai batzuk martxan daude jadanik, eta hainbat helburu lortu ditugu, baina beste asko eta asko lortzeke daude, mamitzeko garai hobeak noiz helduko zain.

Ba al dago ahalegindu arren lortu ez duzun zerbait? Politika-bizitzan, jakina, emakume moduan... Zerbait martxan jartzen saiatu eta oztopoak aurkitu dituzu?

Egia esan, ez dut nahien eta ezinen zerrenda aipatzen hasteko gogo handirik, baina nire politika-bizitzako azken atalean, nire alderdiko GBBko (lurralde-exekutiba) eta EBBko (exekutiba nazionala) kide nintzen garaian, izan nuen porrot baten berri emango dizut.

Alderdia Batzar Nagusia zihoan antolatzera, eta nik Emakumeen Biltzarra antolatu nuen. Emakume guztion artean gai bati buruzko ondorioak ateratzea zen nire helburua, ondorio horiek gero Batzarraren erabakien artean sarbidea izan zezaten. Horra zein zen gaia: bai barne-karguetarako bai erakundeetarako hautagai-zerrendetan askoz ere emakume gehiago egotea. Bide berritzailea eta praktikoa zen hura, emakumeari protagonismo aktibo handiagoa emateko maila guztietako jardun politikoan. Bada emakumeen Biltzarrak onartu egin zuen hori guztia, baina Batzar Nagusiak ez. Ez zuen ez aurkeztu, ez bozkatu. Baliogabetu egin zuten.

Ederki asko oroitzen naiz Donostiako azken bilera prestatzeko urratsez. Eskatu zidaten Euskadiko Batzoki guztietara joan nintzen nire proposamena azaltzera. Erantzuna bikaina izan zen oro har, baina saio batzuetan tira-birak sortu ziren. Lehen esan dizudan bezala, azkenean ez zituzten proposamenak onartu, baina bete-betean sinesten dut horrenbeste tokitan azaldu nituen ideia, datu, iradokizun, kritika, proposamen,... guztiek eman eta emango dituztela emaitzak.

Aurrerago aipatu dudanez, iragana eta etorkizuna lotuko dituen katea luzearen kate-begi izan behar dugu. Katea horretan onera egingo dugu beti: iragana oraina baino txarragoa izango da, eta etorkizuna oraina baino hobea.

Genero Berdintasunaren Legea...

Oso asmo handiko enuntziatua du Legeak. Hitz gutxi batzuen bidez, gizon-emakumeen arteko harremanak errotik aldatzeko oinarriak finkatzen ditu, harreman horiek orain arte sexuen arteko desberdintasuna, hierarkizazioa eta banaketa izan baitituzte ezaugarri. Lege-neurri moduan oso positiboa da, baina auskalo zenbateraino beteko den. Herrialde batzuetan, alderdiek nahiago izan dute isunak ordaintzea legea betetzea baino. Beste batzuek betetzerik ez dutela diote, zuritzeko. Zorionez, hor daude Ipar Europako herrialdeak, aitzindariak horrelako gaietan. Arazoak arazo, legearen betetze-maila handia da herrialde haietan, eta erreferente bihurtu dira gainerakoentzat, ez baitaude hain kontzientziatuta horrelako politiketan.

Goi-kargu batzuk betetzeko emakume hautagaiak aurkitzerik ez dagoela esatea oso erraza da. Izan ere, ezin dugu ahaztu ez dituztela aurreko mailetan sustatzen, eta ez dela bizitza publikoa eta pribatua bateratzeko neurririk hartzen. Benetako berdintasuna lortzeko, borondate garbia eduki behar da, duda-mudatan ibili gabe; bestela, aitzakiak eta zurikeriak ez dira inoiz amaituko.

Egia da gure eskubideak “betearazten” dituzten lege horiek emakume askorentzat oso desatseginak direla. Baina errealitateak erakutsi duenez, horrelakoak aplikatu diren lurraldeetan soilik lortu dituzte emaitza onak. Kontu horretan, beste hainbatetan bezala, perfektua onaren etsaia da.

Hala ere, kontuan izan behar dugu halako legeek Alderdi Feministei –zenbait lurraldetako hauteskundeetan parte hartzen baitute– ateak ixten dizkietela. Izan ere, alderdi horiek euren zerrendetan emakumeak besterik ez dituzte sartzen, gizonen “filtroak” eragozteko.

Gaur egungo gazteek badute irabazitakoaren kontzientzia...

Ezetz uste dut, baina beharbada hori beti gertatu izan da historian zehar. Iritsitako lorpenen kontzientzia izateko bi gauza behar dira: egungo egoera baloratzen jakitea eta aurreko egoerak ezagutzea. Bigarrenerako gu gaude, iraganeko gertaeren protagonistak, eta gure esperientzia, gure datuak eta gure ezagutza transmititzeko gauza izan behar dugu. Onartu behar dut nik neuk gogoeta egiten dudala askotan nire nerabezaro eta gaztaroko testuinguruaren eta oraingoaren arteko desberdintasun ikaragarriei buruz. Zenbait kontutan, errealitateak guztiz antagonikoak dira. Adibide konkretu bat jartzearren, “gure garaiko” errepresioaren eta askatasunik ezaren eta egungo gehiegizko tolerantziaren artean.

Gaur egungo komunikabideen protagonismoa ere kontuan izan behar dugu, izenburuetan oinarritutako albiste-bonbardaketaren bidez informazio handia baina oso formazio txikia ematen baitigute. Hau da, arazoak, gatazkak, hondamendiak, gerrak, aldaketak eta abarrekoak azaletik aipatzen dituzte baina ez dute sakontzen, ezagutzen eta aztertzen, eta ondorioz, oso ondorio gutxi atera ditzakegu. Dena geratzen da azalean eta, nahiz eta aurrerapen teknologiko itzelak gure jakintza eta errealitatearen gaineko ulermena handitzeko aukera eman, teknologikoki aurreratutako ezjakinak baino ez gara.

Eta ez al duzu uste egungo gazteek, genero batekoek zein bestekoek, etorkizunari begira egindako presioa askoz txikiagoa dela zuek egindakoa baino? Ez al dago errebindikazioaren hutsaltasunerako joera?

Testuingurua hain desberdina da!... Neurri handi batean, guztiok gara bizi behar ditugun zirkunstantzien emaitza eta, aurreko galderari erantzutean azaldu dudan bezala, zirkunstantzia horiek errotik aldatu dira.

Txikia nintzenean, adibidez, emakumeek ezin zuten lan egin bankuetan, aurrezki-kutxetan eta abarretan. Lan egin zezaketen enpresetan, ezkontzen zirenean, dote bat ordaindu eta etxera bidaltzen zituzten. Ikastetxeak ere neskentzat soilik izaten ziren, irakasleak emakumezkoak ziren eta gizonezko bakarra ikastetxeko apaiza zen, batxilergoko goiko kurtsoetan erlijioa ematen baitzuen. Gure irakasle laiko bakarrak Sección Femeninakoak ziren, batzuek gimnastika-klaseak ematen zizkiguten eta besteek Falangea erakusten ziguten, hura derrigorrezko irakasgaia baitzen eta hurrengo ikasturtera igarotzeko gainditu beharra baitzegoen.

Hirurogeiko hamarkadan, frankismo berantiarrean, enpresa batzuek neskei “portaera oneko egiaztagiria” eskatu ohi zieten, eta parrokiako apaizak eman behar zuen agiri hori. Ezkontza elizatik egin behar zen derrigorrez, eta bizitza osorako gainera, ez baitzegoen dibortziorik. Antisorgailuak debekatuta zeuden. Emakumeak aitaren tutoretzatik senarrarenera igaro ohi ziren, bitartekorik gabe, eta pelikula guztiek bukaera “zoriontsua” izaten zuten, hau da, ezkontzarekin bukatu ohi ziren.

Bizi izan genuen testuinguruaren zertzelada batzuk besterik ez dira aipatutakoak, oharkabean esandakoak. Ez da harritzekoa giro hark protestara, errebindikaziora, aldaketaren aldeko borrokara eta politizazio izugarrira eramatea. Politikari buruz hitz egin eta eztabaidatzea liluragarria izaten zen guretzat, eta gure ideologiarekin bat zetozen taldeetan antzeko nahiak eta ilusioak genituen guztiok.

Gaur egun, eta hori gazteekin lan egiten duten guztiek egiaztatuko dute, nahiz eta gazte horiek unibertsitarioak izan, politikari buruz ia ez dute hitz egiten, gai deseroso eta aspergarria iruditzen zaie. Izan ere, dirudienez, haien errebindikazio bakarrak mila euroko soldatak eta etxebizitza dira. Horrek esan nahi du gaur egungo gazteak pragmatikoegiak direla eta beste maila bateko errebindikazioekin ez dutela ezer jakin nahi? Edo, agian, gurea baino askoz gizarte libre eta demokratikoagoan bizi izanda, ez dutela sentitzen gu gauzak aldatzera bultzatzen gintuen itolarri hura?

Bi belaunaldien arteko desberdintasunak aipatzean, beste datu garrantzitsu bat ere hartu behar dugu kontuan. Gure garaian, gazteok oso portzentaje handia osatzen genuen gizarte osoaren barruan –baby-boomeko gazteak ginen–. Gaur egun, ordea, jaiotzek behera egin dutela eta, gazteek pisu soziala galdu dute eta, beraz, protagonista nagusiak izateko indarra ere bai. AEBetako eta beste lurralde batzuetako unibertsitateetako matxinada haiek eta, batez ere, Frantziako 68ko maiatzekoa ez ziren posible izango gazteen ehunekoa hain handia izan ez balitz.

Eta hori ez ote da izango emakumeen errebindikazioaren aurkako nolabaiteko oztopoa?

Emakumeen egoeran urrats positiboak eman ditugu baina, zenbait kontutan, gezurrezko berdintasunean bizi gara. Gaur egungo arrazoibide teorikoak ez du batere akatsik kasu gehienetan –politikoki zuzenaren garaian bizi gara–, baina errealitatea oso bestelakoa izan ohi da. Egia da gaur egun emakumeak ez duela zertan gizonez mozorrotu Unibertsitatean sartzeko, Concepcion Arenalek egin zuen bezala, baina estatistikek argi uzten dute emakumezko katedradunen eta errektoreen kopurua oso txikia dela. Ate asko irekita dauzkagu, baina sabaiak kristalezkoak dira. Aski ezagunak dira emakumeen langabeziaren datuak, emakumeen diru-sarrera apalagoak, enpresetako goi-karguetan emakumeen portzentaia txikia, alargunen pentsio lotsagarriak, anorexiaren diktadura gazteen artean, genero-indarkeriaren inguruko datu beldurgarriak, are larriagoak emakumeek euren erasotzaileengandik banatzeko autonomia lortu dutenetik... Eta, batez ere, emakume ia guztiak kezkatzen dituen arazoetako bat: amatasuna eta lanbide-bizitza bateratzeko zailtasuna. Izan ere, eremu publiko guztia gizonek diseinaturiko eskemen barruan gauzatzen da, eremu pribatuari inolako jaramonik egin gabe, eta funtzionamendu horrek erabat oztopatzen du emakumeen lanbidearen garapena. Hori dela eta, goi-karguetara, adibidez kargu politikoetara iristen diren emakume gehienak ezkongabeak, banatuak, dibortziatuak edo oso seme-alaba gutxiren amak izaten dira.

Gauzak horrela, ezinbestekoa da emakumeek presioa egitea eta gizarte-ohiturak berrantolatzeko ekinean jardutea. Bestela, emakumeen alderdi bikoitzeko sindrome hori, amatasunari eta lanbideari dagozkien betebeharretara ezin iritsita ibiltzea, gaixotasun kroniko bilakatu daiteke eta haren tratamendu bakarra sendagai aringarriak ematea izango da.

Ondo legoke, arazo horren aurrean indar politikoek neurri garrantzitsuak hartuko balituzte luzatu gabe: beste herrialde batzuk neurriak hartu dituzte, eta baita emaitza oso onak jaso ere. Hemen, Euskadin, jaiotze-tasaren jaitsiera larria da, eta Herri txikia garenez, oso kontuan hartu beharko genuke datu hori, bestela gure Herriaren etorkizuna jarriko baitugu kolokan.

Egoera horretan, hain zuzen arazo hori hautematen dutenean, emakume askok euren “desberdintasunaren” kontzientzia hartu ohi dute eta euren arazoetarako irtenbide feministak eskatzen dituzte. Nire belaunaldian, emakumeok oso gazterik sumatu ohi genituen geure “berezitasunak”. Gaur egun, berdintasunaren amarrua urte batzuk geroago geratzen da agerian.

Beraz, kontzientziazioa denboran atzeratu da...

Denboran atzeratu da aurreko erantzunean azaldu ditudan arrazoiengatik eta emakumeak, gaur egun, hainbat arrazoi direla eta, askoz beranduago hasten direlako bikotean bizitzen eta ama izaten. Horrez gain, egoera eta bizipenak oso desberdinak dira eta, garai batean garrantzi handia zuten fenomenoek, “etxekoandrearen sindromeak” esate baterako, gaur egun ia ez daukate garrantzi sozialik. Hala ere, beste fenomeno batzuk agertu dira, adibidez “anorexia” (batez ere gazteen artean), “kristalezko sabaia” (profesionalen eta politikoen artean) eta, batez ere, “superwoman” sindromea, hau da, ama eta profesionalaren zeregin bikoitzaren zama bere bizkarrean eramaten saiatzen diren emakume kariatide horiek. Gehienetan, arrakasta baino frustrazio gehiago jasotzen dute.

Hagaxka magiko bat edukiko bazenu, zer aldatuko zenuke?

Nire izaeragatik eta adinagatik, ez dut hagaxka magikoetan sinesten. Nire izaera, balioak eta esperientzia direla eta, borrokan eta lanean sinesten dut, nahi duguna lortzeko bideari eutsi eta inoiz ez amore ematean. Asmo oneko diskurtso etikoak gorabehera, mundua interesen arabera mugitzen da, eta emakumeak oso ausarta izan behar du lortutakoari eutsi eta lortzeke dagoena erdietsi nahi badu. Emakumeok argi eduki behar dugu, geure eskubide asko erabiltzen ditugun heinean, gizonek beti izandako pribilegio asko galdu egingo dituztela. Beraz, aldaketa horiek sorrarazi ditzaketen erreakzioei aurre egiteko prest egon behar dugu.

Non jarriko zenuke inflexio-puntua emakumearen errebindikazio-borrokan?

Nire ustez, puntu hori “autoestimuan” dago, bai norberarenean bai kolektiboan. Emakumeak askoz balio handiagoa eman behar dio egin duenari, egiten duenari eta egin dezakeenari. Badakigu nork eta nola idatzi duen historia: gizonezko historialariek. Horiek gizartearen bilakaera idatzi dute gizateriaren erdiak soilik parte hartu izan balu bezala. Gizateriari eutsi eta aurrera ateratzeko balio izan duten ekarpenei baino askoz balio handiagoa eman diete gerrei, suntsipenei eta boterea lortzeko borrokei, nahiz eta lehenengoak, egunerokotasunaren alderdirik, esker txarrekoenak izan. Bestalde, literaturan, pinturan, eskulturan, musikan, erlijioan, zientzian eta beste hainbat alorretan ez dute emakumeen protagonismoa aintzat hartu.

Egia da emakumeak eremu publikoan parte hartzeko aukera gutxi izan duela, lehenago esan dugun bezala. Hala ere, milioika emakumeren lana ostentzeko erabilitako “isiltasunezko estalkia” guztiz bidegabea da.

Horretaz ari garela, sinetsi al duzu inoiz euskal matriarkatuan?

Matriarkatuak esan nahi du, funtsean, emakumeak gizartea antolatzeko boterea duela, gizonaren kaltetan. Hainbat antropologok ziurtzat ematen dute zenbait gizartetan sistema hori egon dela eta beste batzuek diotenez, berriz, ez da inongo gizartetan egon. Baina egia da emakumearen eginkizuna ez dela berdina izan gizarte guztietan. Euskal Herriari buruzko galderara mugatuz, nire erantzuna argi dago: ez. Hemen zera egon da, familia eredu “matrifokala”, non amaren figurak garrantzi handia zuen, pisu handia, baina jakina, eremu pribatuaren barruan. Amaren figura indartsuaren ezaugarriak ondorio positiboak eta beste batzuk ez hain positiboak ekarri ditu, eta berariazko egoerak sortu, adibidez, amen eta semeen arteko harremanetan, psikologiaren eta psikiatriaren alorretatik aztertzeko oso interesgarriak.

Orduan zergatik elikatu zen mito hori?

Errealitaterik ez dagoenean, kondaira edo mitoa eratzen da. Mitoak gabeziak betetzeko sortzen dira. Herri bakoitzak bere mitologia dauka eta Euskal Herriak ere izan du berea.

Emakumea eta eliza aipagai izan ditugu lehen, azaletik. Emakumeak erlijioan eta eliza katolikoan duen eginkizunaz hitz egin genezake...

Aurreko erantzunean aipatu dudanez, eliza katolikoak erabateko hermetismoa izan du emakumearen integrazioari buruz, baita oinarrizko apaizgoan ere. Baina hierarkia ez da emakumea eliza katolikoan menderatzen duen kontu bakarra. Sustraia askoz sakonagoa da, emakumea gizonaren azpitik dagoelako ustea gizakiaren sorrera azaltzeko dotrinan bertan jasota dagoelako. Horren arabera, Jainkoak bere irudi eta antzera sortu zuen gizona eta, horren saihets batetik, emakumea sortu zuen, gizonak laguna izan zezan. Sexu bati bestearen aldean lehentasuna emateko kontzeptu hori delitua da eskubide zibilen eremuan. Interpretazio horrek garrantzi itzela izan du mendez mende gure ingurune historikoan. Izan ere, Judaismoak, Kristautasunak eta Islamak “Liburuko” hiru erlijioen multzoa osatzen dute, hau da, Testamentu Zaharrean oinarritutako erlijioak dira.

Bestalde, egia da ekialdeko erlijioek ere, hala nola Budismoak, Hinduismoak, Shintoismoak, Konfuzionismoak, Taoismoak eta abarrek, antzeko moduan hierarkizatuta definitzen dituztela sexuak. Beraz, erlijioen azterketa konparatiboa eginda, ondorio hau atera genezake: erlijio horien guztien hitzak gizonaren eskuak idatzi dituela.

Oraintxe esan dudana argi eta garbi erakusten duen anekdota bat aipatuko dut. Ekialde Urruneko tenplu budista batean egindako bisitaldian, monje budista bat Budaren berraragipenari buruz ematen ari zen azalpen luze eta xehetasunez josiaren aurrean, ausartu nintzen galdetzera ea berraragipen horietako batean Buda emakumea izan ote zen... Penagarria da monje horren aurpegi ikaratua argazki batean erakusterik ez izatea!

Mitoak mito dira, argi dago, baina emakumeak Elizan parte hartzeko irtenbiderik ikusten duzu?

Emakumeak Elizan parte hartzea, beste esparru askotan bezala, emakumeek berek horren alde borrokatzeko izango duten gaitasunaren araberakoa izango da. Borroka horrek zailtasun bereziak izango ditu, izan ere, Eliza erakunde demokratikoa ez izanik, parte hartzeko bideak konplikatuagoak baitira. Egia esan, historian zehar saiatu diren emakumeak asko izan dira. Azken garai honetan, batez ere, emakumezko teologo batzuk izan dira, baina, Erdi Aroan eta ondorengo garaietan ere, komentu batzuetako abadesak saiatu ziren, euren idazkien eta obren bidez, maila handiagoa lortzen Elizaren egituraren barruan. Emakume horiek ez zituzten euren helburuak lortu. Hala ere, gaur egun indarrean daudenak beste kongregazio batzuk dira, oso izen esanguratsuak dituztenak, hala nola “Esklabuak” eta “Zerbitzariak”. Adibide horiek ikusita, argi dago zein diren eliza ofizialak onartutako jarrerak eta kontzeptuak eta zein gaitzesten eta aintzat hartzen ez dituenak.

Beste kontu batean, berriz, Elizaz kanpotik jardun daiteke, barruan eragina izateko: Vatikano Estatuarekiko tratamenduan. Izan ere, estatu hori NBEko “begiralea” da eta, bitxia bada ere, hango erakundeak ezin dira gainerako estatuetakoekin parekatu, ez dira demokratikoak, ez dute inolako kontrolik eta gizonezkoek baino ez dituzte zuzentzen. Esaten dudan bezala, litekeena da kanpotik jardun eta zenbait aldaketa eragitea. Horrela, Elizaren barrutik aldaketa sakonak –batez ere emakumearen eginkizunari lotutakoak– gauzatu nahi dituztenei lagundu geniezaieke.

Nora bideratu behar ditu urratsak euskal gizarteak emakumeentzako eskubide guztiak lortzeko?

Aurreko kasuan bezala, gure esku egongo da batez ere, eta horrez gain, gizonezko lagunengandik esparru publikoa eta pribatua partekatzeko jasoko dugun elkartasunaren esku. Gainera, lan eskerga dugu aurretik, behin betiko ezabatu nahi baditugu aurreiritziak, topikoak, kontzeptu zaharkituak, interes jakinen arabera landutako teoriak, eta hartzailea gizonezkoa ala emakumezkoa izan egindako balorazio desberdinak.

Europako Batasunaren barruan sartuta egotea berme bat da gure etorkizunerako, izan ere, Ipar Europa beti egon da abangoardian emakumezkoen lorpenen aldetik eta lurralderik uzkurrenak atoian eramaten ditu atzetik. Europak kohesioa behar du gai horretan eta emakumeen berdintasuna defenditu behar du, eta bere nortasunaren ezaugarri utziezina izan behar du horrek. Izan ere, gertaera batzuk etorriko dira, hala nola Islama Europako lurralde askotan zabaltzea eta Turkia (islamiar herrialdea eta 70 milioi biztanle baino gehiago dituena) Europako Batasunean sartzeko aukera gero eta hurbilagoa. Gertaera horiek erronka berriak ekarriko dituzte sexuen arteko berdintasunaren politikarekin aurrera jarraitzeko.

Beste gauza bat ere komenigarria izango da gure lurraldean, orain eta etorkizunean: gero eta asmo handiagoko helburuak planteatzea eta gizarte-eragileei helburu horiek lortzeko presioa egitea, baita eremu instituzionaletik kanpo ere. Izan ere, garatutako politikak trabarik eta morrontzarik gabe aztertu eta baloratzeko autonomia handia behar da. Funtzionamendu horrek, gainera, oso dinamika interesgarria eragingo du, ikuspegi desberdinetatik eta jarrera ideologiko desberdinetatik datozen pertsonekin lan egiteko aukera emango baitu. Beharbada, iraganaren ezagutza oinarri hartuta baina etorkizunari begirako jarraibideekin lan eginda, emakumezkoen eta gizonezkoen nortasunak berreraikiko ditugu, baina ez hierarkizazioaren bidez, baizik eta berdintasunean eta elkarrekiko errespetuan oinarrituta, gizakiak garen aldetik horixe merezi baitugu. Miren Begoña Amunarriz Olano (Donostia, 1948) Donostian jaio zen, ezkondua dago eta bi seme eta biloba bat ditu. Goi Batxilergoa egin zuen Zientzietan. Ondoren, Goi-mailako Administrazio Ikasketak egin zituen Nafarroako Unibertsitatean, eta hizkuntza, arte eta literatura frantsesa eta ingelesa Bruselan, Londresen eta Dublinen. Proficiency titulua lortu zuen Cambridge-ko Unibertsitatean eta Donostiako Kontserbatorioan musika klaseak hartu ditu. 4 hizkuntz hitz egiten ditu: euskara, espainiera, frantsesa eta ingelesa. Enpresa pribatuan eta irakaskuntzan lan egin du, eta politika-alorrari dagokionez, (EAJ-PNV) alderdian honako kargu hauek bete ditu: . Barne-karguak: Udal Batzordeko kidea, Gipuzku Buru Batzarreko kidea, Euskadi Buru Batzarreko kidea. . Erakundeetako karguak: Udal Gestorako kidea (Donostiako udala), Gasteizko Legebiltzarreko kidea, EITBko Administrazio Kontseiluko kidea. Besteak beste, EITBko mahai-inguruetan hartzen du parte eta artikulugile espezializatua da. Honako gai politiko hauen inguruan idatzi ditu artikuluak: bi Mundu-gerrak, Maiatzaren 68a, Quebec, Terrorismoa, Baltikoko Herrialdeak, Balkanak, Islama, Iran, Juduen afera, Euskal Nazionalismoa eta, batez ere, “Emakumea”.
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Juan Ignacio Lasagabaster. Santa María Katedrala Fundazioaren gerentea: Katedrala kultur-gune bezala erabiltzen hasteko garaia da

 

Irakurri

Jone Miren Hernández eta Teresa del Valle. Ikertzaileak: Andresare proposamena eta erantzuna da, jarraitasun-bokazioa duen proiektu berritzailea

 

Irakurri

Vicente Zaragüeta Laffite. Gipuzkoako Elkarte Ozeanografikoko Presidentea: Aquariumean garrantzitsuagoa da ikusten ez den lana jendaurrean agertzen dena baino

 

Irakurri

Enrique Zuazua Iriondo. Matematikaria: Matematika jarduera intelektuala ez ezik, humanistikoa ere bada

 

Irakurri

Carlos Garaikoetxea. Politikaria: Paktismoak, benetakoa bada, berdinen artekoa izan behar du, eta hemen, orokorrean, paktismoa desberdinen arteko borrokaren emaitza izan da

 

Irakurri